Beti esan ohi da Internet, liburutegi erraldoi bat dela, behar duguna nahi dugunean aurki dezakegula bertan, beste modu batera ezin eskura daitekeen informazio asko sarean dagoela, eta gainera doan.
Interneten sorreran, komunikabide tradizionalek ere ez zuten zalantzan jarri Interneten egoteko beharra eta garrantzia. Egunkari, aldizkari, telebista eta irratiek berehala sortu zuten euren komunikabideen klon bat Interneten. Orduz geroztik, batzuek klon izaten jarraitu dute eta beste batzuek Interneteko baliabideak erabiliz, komunikazio bide ezberdinak jorratu dituzte beraien web guneetan. Horrek guztiak sortutako gastuak neurri handi batean publizitatearen bidez estaltzeko asmoa zuten, baina badirudi publizitatetik etekin ekonomikoa ateratzeko saiakerek ez dutela espero bezainbesteko etekinik ekarri. Publizitatetik ustez etorriko ziren sarrerak ez dira iritsi eta enpresek mantendu ezin dituzten azpiegiturak sortu dituzte. Honen aurrean, komunikabideetako enpresariek paperezko egunkariekin egin ohi den bezala, edukietan ikusi dute diru iturri indartsu eta emankorra.
Komunikazio talde handiek edukiak kobratzeaz gain, jabetza eskubideen gestiorako elkarte baten sorrera dute gogoan, horrela, beraien egunkarietan agertutako informazioa erabiltzeagatik kanon bat ordaindu beharko genuke guztiek. Hau da, ez da soilik beraien web gunean irakurtzeagatik ordaindu beharko, beraien edukiak aipatu eta lotura jartzeagatik ere ordaindu beharko genuke.
Zergatik ordaindu?
Bestalde, kobratzeko bidea aukeratu duten guztiek ez dute formula berdina erabiltzen. Batzuek guneko eduki guztietarako sarrerak itxi dituzte, baita orain arte doan zirenetara ere. Beste batzuek web guneko eduki konkretu batzuetara sarrera ixtea erabaki dute, nolabaiteko balio erantsia duten edukiengatik kobratzen dute, gainerako edukiak guztiontzat eskuragarri mantenduz. Beste batzuetan, ez da zuzenean dirutan kobratzen, baina edukietara sartu ahal izateko, harpidetza egin behar da, hainbat datu pertsonal eskatuz. Horiekin datu baseak sortzen dituzte. Gero datu horiek saldu daitezke eta bestelako produktuak saltzeko ere erabili daitezke, bezeroaren perfila ondo ezagutzen baitute.
Aipatu dugu edukiez gain, aipamenei eta loturei ere prezioa ipintzeko saiakera egiten ari direla komunikazio talde handiak eta honek ere badu noski, bere eragina. Neurri honek mugak ipintzen dizkie esaterako, prentsa buletinei, gehienetan, beste medioetan agertutako berri eta loturez baliatzen baitira. Baina kaltea ez da bakarrik informazioa "lapurtzen" dutenentzat. Izan ere, edukia aipatu, lotura ipini edo erreferentzia egiteagatik ordaindu behar bada, geroz eta gune gutxiagotan agertuko da ordainpeko gune hauen erreferentzia, eta Interneten markak eta erreferentziek badute bere balioa. Zenbat eta gune gehiagotan agertu beste web gune baterako lotura edo aipamena, hobeto izango da, trafikoa bideratzen duelako, bilatzaileetan posizio hobean agertzen delako... azken finean erabiltzaileak bideratzen dituelako.
Filosofiaren defendatzaileak.
Informazioa guztiona dela uste eta praktikan jartzen duen beste web gune bat PeriodistaDigital dugu. Gune hau beste komunikabideetatik jasotako albisteek osatzen dute besteak beste. Beraien esanetan, "irakurleen esku doan jarriko ditugu prentsan argitaratu diren artikulu, erreportaje eta iritziak beren interesagatik erreproduzitzea merezi badute behintzat". Hau justifikatzeko eta dokumentatzeko, Espainiako Konstituzioak jasotzen duen Informaziorako eskubidea eta aipamenerako eskubidea aipatzen ditu.
Etorkizunean elkarbizitza da seguruenik gertatuko dena. Mundu birtualean ere, fisikoan bezala, botere eta talde handien esku egongo da komunikazioa eta hauekin batera, komunikazioa lantzen saiatuko diren gero eta ugariagoak diren arrasto txikiak ere hor izango ditugu sarean
Noiz eta zergatik erabaki zenuten edukiengatik kobratzen hastea?
2002. urteko martxoaren 25ean hasi ginen negozio bide berri honekin. Publizitatetik zetozen diru sarrerak ez ziren nahikoak gure web gunearen egitura mantentzeko eta bestelako diru sarrerak bilatzea beharrezkoa izan zen. Neurri hau Interneten filosofiaren aurkakoa zela komentatzen zen. Horregatik erabaki genuen prezio eskuragarri bat ipintzea, gauza batzuk guztientzat irekiak utzita eta beste batzuengatik kobratuz.
Zer eskaintzeagatik kobratzen duzue?
Bi mailako edukiak ditugu, lehen maila batean eduki "irekiak" daude, guztiontzat eskuragarri daudenak. Web gunera sartzen denak, ezer ordaindu gabe ikus ditzake, azken orduko berriak, titularrak, albiste bakoitzaren lehen parrafoa eta argazki bat erakusten dugu eta bigarren maila batean, albiste osoak eta nolabaiteko balore erantsia duten edukiak daude: hemeroteka, eskelak, titularren bidalketa...
Urtebete igaro da kobratzen hasi zinetenetik. Zein balorazio egin duzue?
Ekonomikoki lagundu du, ez dizkigu web gunearen egitura mantentzeko behar ditugun diru sarrera guztiak ekartzen baina laguntzen du. Eta jende aldetik ere erantzun ona izan dugu, erabiltzaile kopurua igo egin da pixkanaka. Foroekin berdina pasa zitzaigun, hasiera batean irekiak ziren eta memento batean moderatzea erabaki genuen. Hasieran jendeak gaizki hartu zuen, baina pixkanaka ohitu egin zen eta onartu zuen moderatzearena. Lehenengo Club Diario de Navarra sortu genuenean ere, iraultza txiki bat egon zen erabiltzaileen artean. Telefono dei eta e-posta piloa jaso genituen. Horiei guztiei erantzun zitzaien, gure arrazoiak azalduz. Asko zaindu genuen bezeroa eta kobratzeko arrazoiak zeintzuk ziren azaldu genizkion. Badirudi askok ulertu zutela, izan ere aurten prezioa pixka bat igo dugu, (50 euro urtean) eta erantzuna ona izan da, jendea ohitzen joan da eta ez du horrenbesteko iraultza eragin.
Etorkizunean zer gertatuko da doako eta ordainpeko web guneekin?
Elkarbizitza emango da, telebistekin gertatzen den bezala, batzuk doakoak izango dira eta beste batzuk ordainpekoak. Doakoak ere existitu behar dira, ezin baita Interneten filosofia galdu. Elkarbizitza hori web gune berean ere eman daiteke, eduki batzuk irekian utziz eta beste batzuk ordaintzen dutenentzat erreserbatu
Eva Fernandez Diariodenavarra.com-eko erredaktore burua da
Zeinek kobratzen du:
www.elpais.es
www.elmundo.es
www.wallstreetjournal.com
Informazio gehiago:
www.basque.indymedia.org
www.gnu.org
www.PeriodistaDigital.com
www.Jupiterresearch.com
![]() |
|
||||
1896 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa