Daniel Udalaitz
Apirilaren 16an, beste gailur bat izango da Atenasen. Bilera horretan, Europako Batasuneko oraingo 15 kideez gainera, ondoko beste hamar herrialde hauek hartuko dute parte: Hungariak, Poloniak, Txekiar Errepublikak, Eslovakiak, Esloveniak, Lituaniak, Letoniak, Estoniak, Txiprek eta Maltak. Dagoeneko herrialde bakoitzak berresteko prozesua gainditua duenez gero, oraingo gailur honetan Atxikitzeko Ituna izenpetuko dute oraingo hamabost kideek eta hamar kide berriek Atenaseko Akropolian, eta horrelaxe gauzatuko da 25 herrialdeko Europako Batasuna, zein 2004ko maiatzaren batean jarriko baita legez indarrean. Gerora, 2005ean segituko dute handitzeko prozesuarekin, eta, aurreikusitakoaren arabera, Bulgaria eta Errumania sartuko dira Europako Batasunean fase horretan. Gaur gaurkoz, zehaztu gabe dago Turkia noiz egingo den kide.
Hautagai ziren hamar herrialdeekin negoziazio prozesu luzea izan ondoren, 2001eko otsailaren 28an izenpetu zen Nizako Ituna, eta, ondoren, abenduaren 13an, Kopenhageko Gailurrean berretsi zen, han izenpetu baitzuten lehen aipatu hamar herrialdeek atxikitzeko ituna. Joan den otsailaren 1ean sartu zen indarrean Nizako Ituna, eta funtsezko urratsa izan da Europako Batasuna sortu zenez geroztiko bosgarren handitzea, orain arteko garrantzizkoena, izango den honetan. Oraingo hedatze hau dela medio, 25 herrialde edo gehiago izango ditu Europako Batasunak, eta berarekin ekarriko du 500 milioi kontsumitzaile baino gehiagoko barne-merkatua. Itun horretan, bestalde, Europako Batasun handituak funtzionatzeko beharrezko diren aldaketak eta oinarri instituzionalak ezarri ditu. Hala ere, adituen esanetan, Itun honek bi abiadurako Europa babesten du: zentroa periferiaren aurrean.
EBko kide izango diren hamar herrialde horiek hasi dira jada Europako Batasunera atxikitzea berresteko barruko erreferendumak egiten. Joan den hilabetean, martxoan, Maltak eta Esloveniak ireki zuten bidea; hil honetan bertan, egin berri dute Hungarian; maiatzean, Eslovakian eta Lituanian egingo dute bana; ekainean, Polonian eta Txekiar Errepublikan; irailean, berriz, Letonian eta Estonian.
500 MILIOI KONTSUMITZAILEKO BARNE MERKATUA.
Gertaera historiko gisa kalifikatu dute Europako Batasunaren oraingo handitze hau, eta, era berean, erronka handienetako bat izan dela diote, bi arrazoirengatik: alde batetik, beste 75 milioi kontsumitzaile edo 105 (Europa 27koa izanez gero) gehitzen direlako eta 500 milioi kontsumitzaile baino gehiagoko barne-merkatua osatzen delako. Kontua horrela izanik, munduko merkatu handiena osatzen da, Estatu Batuetako, Japoniako eta Kanadako merkatuen baturaren baliokidea izango litzatekeena. Bestetik, handitze honek oraingo EB indartzea dakar nazioarteko testuinguru ekonomikoan, eta, oso bereziki, zonako ekonomiaren eta politikaren egonkortasuna oinarritzen du. Europako Batasunak aski izango du ahots bakarra eta indartsuagoa munduko gainerakoekin mintzatzeko, zeren herrialde kide askoren babesa baitu.
Hain aldeko iritzia ez dutenak ere badiren arren, Europako Batasuneko adituek, oro har, abantailen, erronken eta aukeren bilduma gisa katalogatu dituzte hedatze honen efektuak, hala dagoeneko kide direnentzat, nola hautagai direnentzat. Abantailei dagokienez, izaera makroekonomikokoak izango lirateke batetik: Europako ekonomiak sendoago konkurrituko luke nazioartean, hautagai diren herrialde horiek EBean sartzeak berak ekonomia dinamizatzeko eta hazteko efektua izango lukeenez gero, gertaera bera izango litzateke motor. Bestetik, berriz, abantaila mikroekonomikoak lortuko lirateke, zeren enpresek zuzen-zuzenean ezagutuko lukete handitzearen onura, truke komertzialen eta inbertsioen garapen biziagoaren kariaz.
Oraingo hedatze hau apustu handia da gaur egungo Europako Batasunarentzat, instituzioak berritzeko prozesua aurrera ateratzeaz gainera, hedatzearen aurrekontuko kostuari ere erantzun beharra baitauka. Era berean, erronka izugarria da kide berrientzat. Izan ere, batetik, eta nahitaez, modernizatu eta internazionalizatu egin beharko dituzte beren ekonomiak eta azpiegiturak; bestetik, berriz, barne erreformen prozesu konplexu bat gauzatu beharko dute beren legediak egokitzeko eta lehenbiziko egunetik ezarri beharko duten arau multzo komunitarioa betetzeko.
KOLOKAN OTE EGUNGO EB-KO ENPLEGUA?
Begiraleek diotenez, aukera iturri paregabea izango da denontzat Europako Batasunaren handitzea, eta arlo orotan gainera: komertzialean, inbertsioetakoan, lanekoan eta abar. Zenbaiten iritziz, dena dela, aukera horiek egia izan arren, gerta liteke hedatzeak luze gabe egun kide diren herrialdeetako enpleguari erasatea, handitzeak berekin ekarriko baitu lan mugikortasuna.
Arlo komertzialean, beste merkatu batzuk irekitzetik etorriko dira aukerak. Izan ere, kendu egingo dituzte mugetako kontrolak (aduana batasuna), legedia komunitarioa aplikatuko dute kontsumoaren babesaren eta konkurritzeko eskubidearen alorretan, liberalizatu egingo dute laborantzako produktuen komertzioa eta abar. Bestalde, herrialde hautagaiak modernizatzeko eta internazionalizatzeko lanean ari dira eta produkzioko kostu arras konpetitiboak eta azpiegitura maila aski egokia dituzte gaur egun. Alderdi horretatik, bada, inbertitzeko eta enpresen artean kooperatzeko modua ikusten da, eta dagoeneko interes handia dago leku horietan inbertitzeko, batik bat ondoko sektore hauetan: eraikuntzan, garraioan, ibilgailuen industrian, ingurumenean, berrizta daitezkeen energietan (zentral nuklearren deuseztatzea), turistikoan eta finantzarioan.
Horrenbestez, ez da batere harritzekoa Europako multinazionalek eta haien lo- bbyek (presio taldeak) Europako Batasunaren oraingo hedatze hau eskatu eta landu izana. Bistan denez, Europa osoan aplikatu nahi dute beren filosofia liberal kapitalista, beren negozioak errentagarriago egiteko eta beren emaitzen kontuak gizentzeko. Ondorioz, Europako Batasunaren hedatzea lan mugikortasunaren aplikatzea ere izango da, posible izango baita eskulan kualifikatu eta konpetitiboa merkeago lortzea. Horregatik, litekeena da, epe laburrera bederen, gaur egungo herrialde kideetako enpleguan erasana izatea. Herrialde hautagaietan, aldiz, izugarrizko espektatiba sortu du hedatzeak, inkestek diotenaren arabera. Onuren artean, honako hauek ikusten dituzte, besteak beste: Europako Batasuneko merkatuetara errazago iristeko modua; Europaren konkurrentzialtasun handiagoa merkatu nazionalean; atzerriko inbertsio zuzenen ugaltzea eta aiseago konkurritzeko moduko baldintzak, kapital berria eta informazioaren teknologia eskuratzeko garaian.
Arantxa Iturbe
Oso euskal idazle gutxik esan dezake lanbidez idazlea denik. Euskal Idazleen Elkartean izena emanda daudenen artean begirada azkar bat botaz gero, irakasle dezente ikusten da, administrazioan ari da multzo handi bat, badira kazetari, itzultzaile eta editoreak, eta baita apez eta politikoak ere. Dozena batek ez du gaur egun lanbiderik: erretiroa hartuta daudelako, alegia. Ez idaztetik, ordea. Izan ere, idazteak nekez ziurta dezake bizibidea. Beraz, are gutxiago erretiroa. Hala ere, aurki litezke idaztetik bizitzeko erabakia hartu duten idazleak. Zer idaztetik argitu beharko da.
Letren mundu erakargarrian murgildu baino lehen, kontuak ateratzeko ariketa txiki bat. Eman dezagun badela liburu bat liburu dendan 6 euroren truke eros litekeena. Sei euro horiek askoren artean partitzeko dira: BEZ zerga salneurrian joango da, eta gainera, saltzailearen, banatzailearen, argitaletxearen eta azkenean, egilearen artean egin beharko da partiketa. Gutxi gorabehera erdia argitaletxearentzat izaten da, eta beste erdia banatzaile-saltzaileentzat. Argitaletxeari diruaren zatirik handiena liburua egiten joaten zaio (inprenta, fotokonposizioaą), ehuneko hamarra kontatzen du bere irabazietarako, eta beste ehuneko hamarra, idazlearentzat izaten da. Saldutako liburu bakoitzaren balioaren ehuneko hamar ordaintzen zaio idazleari egile eskubideengatik. Zenbait argitaletxek ehuneko hamabia ere ordaintzen du kopuru jakin batetik gora salduz gero. Eta dirutza horretatik kendu behar da PEFZri dagokiona ere. Atera kontuak sei euroko zenbat liburu saldu beharko lituzkeen idazle batek urte osoko (bakarrerako) bizibidea izateko. Eta kontuak borobiltzeko, ez ahaztu, liburu gehienek oso biziraupen laburra izaten dutela liburu dendetan (hiruzpalau hilabetekoa, batez beste). Eta hau guztia, kontuak legez egiten dituzten argitaletxeen kasuan.
Kontuak ateratzeko lana hartu duenak erraz ulertuko du idaztea lana izan badela, baina lanbidea apenas. Kontuak ateratzeko lana hartu duenak segituan ulertuko du arrazoi ekonomikoa ez dela idazlea idaztera bultzatzen duena. Kontuak ateratzeko lana hartu duena konturatu izango da honezkero idazleen bizimodua mitifikatzeko joera dutenek ez dutela konturik ateratzen eta kontutik bizitzea ez dela posible. Kontuak ateratzeko lana hartu duena jabetuko zen idaztea oso aberasgarria izan arren, ez dela inondik ere aberasteko bidea.
Hala ere, badira idaztetik bizi diren idazleak. Ez asko, baina izan badira. Adibidez, Aitor Arana idazlea da eta idaztetik bizi da. Harro esaten du hori, berea kosta bazaio ere. "Zorionekoa sentitzen naiz, oso bokazio handia dudalako". Eta behar ere bai zenbait egoeratan.
Aitorrek hamazazpi-hamazortzi urte ingururekin sentitu zuen bokazioa bete-betean. Hogeita hemeretzi ditu orain. Berak idazle izan nahi zuen, idatzi egin nahi zuen, eta hogeita bat urteren bueltan, argitaratzen hasi zenean, erabaki zuen idaztetik bizi nahi zuela. Bi lan eskaintza izan zituen, baina idaztetik apartatuko zutela jabetu zenean, ezezkoa eman zien. "Nire bokazioari heltzea erabaki nuen, eta oso urte txarrak pasa nituen". Txarrak, ekonomikoki, alegia.
Ingurukoen babesa beti sentitu bazuen ere, aitortu digu etxea ordaindu beharrik izan ez zuelako atera zela aurrera. Araotzko abade-etxean bizi izan zen urte haietan eta horri esker eutsi izan zion bere gogoari.
Harkaitz Cano da idaztetik bizi den beste idazleetako bat. Zuzenbidea ikasi eta denbora librean idazteko aholkua eman zioten. Berak justu kontrakoa egin zuen, eta gaur egun, zuzenbidean lizentziatua den arren, idaztetik bizi da. Hemeretzi urterekin hartu zuen erabakia.
PRODUKZIOA.
Zorionekoa sentitzen da Aitor. Badira urte batzuk eroso samar bizitzen hasi zela. Sekretua? Produkzioa, bere hitzetan. "Honetatik bizi nahi bada, produkzio handiko idazlea izan beharra dago. Argitaratzetik bakarrik bizi nahi izatera liburu asko eduki beharra dago merkatuan". Berak 45etik gora ditu. Horien artean, "estu-estuan literatura direnez gain, euskalkigintzarekin zerikusia dutenak ere bai". Orain bi urte bost liburu kaleratu zituen, iaz beste hainbeste eta aurten zazpi dauzka bere asmoen artean. Une honetan bertan argitaratzear ditu Txalaparta eta Ibaizabalekin haur literaturako liburu bana.
Bere idazle lana hitzaldiekin tartekatzen du. Eta sariekin. Diru iturri garrantzitsua berarentzat idaztetik bizitzen jarraitzeko. Horixe erantzuten die ea gazteei tokia uzteko asmorik ez ote duen galdetzen diotenei.
Harkaitz Canok berriz, bizibidea enkarguzko gauzak idaztetik ateratzen du: telesaioetarako gidoiak, irratirako moldaketak, beldurrezko istorioak, zenbait egunkaritan zutabeaką Saiatzen da oreka aurkitzen, baina badu kezka enkarguz idazteak ez ote duen bere proiektuak aurrera ateratzeko gogoa desaktibatzen. Horregatik ulertzen ditu idaztearekin zerikusirik ez daukan lanbidea izatea komenigarriagoa dela defendatzen duten idazleak. Baina berak beste bidea aukeratu zuen eta alde on asko ikusten dizkio: "Ikasketa bat da azken batean: gidoigintzan elkarrizketaren sekretuak ikasi ditut, nola laburtu, soberako hitzak nola kendu; zutabegintzak gauzak azkar egiten erakutsi dit, epe baten barruan lan egiten; idazteko muskuloa egiten ari naiz; sinetsi nahi dut entrenamendua dela".
Ez zaio lanik falta, eta baldintza ekonomikoak beti onak ez izan arren, askatasunaren kontrapartida du berak egin duen aukerak: "Nahi dudan ordutegia dut, oso bizitza librea, jeferik gabe, irakurtzeko denborarekiną".
Garbi dauka hala ere, beste bide batzuk ere jorratu litezkeela eta akaso jorratuko dituela. Itzulpenarena, adibidez.
Bere hogeita zazpi urterekin ez du erretiroan eta gauza horietan pentsatzen. Bere etorkizuna urtebetean kabitzen da: "Kontu korrontean urtebete lanik egin gabe bizitzeko adina edukitzea", etorkizuna ziurtatua edukitzea adina da Harkaitzentzat.
Aitor Aranak hasierako urte haietan ere apenas pentsatzen zuen etorkizunean. Orain, urteak aurrera joan ahala, gehiago. Horregatik -eta orain modua duelako- kotizatzen du autonomoetan. Eta pozik dago. Sortzen. "Zenbat eta gehiago sortu, orduan eta gehiago argitaratzen duzu; idaztetik bizi naiz; iritsi behar zuen eta iritsi da".
Arantxa Urretabizkaia ez dago idaztetik soilik bizi diren idazleen artean. Literatura propina bezala definitzen du berak. Eta hala ere, luxu handi bat da idaztea, bere hitzetan. Azken hogeita bost-hogeita zortzi urteotan idaztetik eta komunikabideetatik bizi izan da. Bitan banatuta dauka bizibidea.
Lanbidez erizaina izan zen zortzi urtez, "instrumentista bezala aritzen nintzen kirofano batean". Gero Historia ikasketak egin eta irakasle aritu zen. Beraz, inoiz ez du bizibidea idaztetik atera.
"Behin saldu nituen, adibidez, antzerki obra baterako eskubideak; ordaindu zidatenarekin begiz jota neukan txaketoi bat erosi nuen, larruzkoa; propina horiek dira literatura, niretzat".
Arantxak behin baino gehiagotan pentsatu izan du erretiroa hartzeko garaiarekin. Eta bere bi lanbideak berak aukeratu dituen arren, badaki bere lanak bukaerarik ez duela izango. "Ahal dudan bitartean jarraitu egin beharko dut lanean". Badakielako lanik egin gabe ez duela diru sarrerarik izango.
Eta hala ere, ez dago bere bi lanbideak aldatzeko. Ezta bien artean bakarra aukeratzeko ere. Oso seguru esaten du norbaitek eskainiko balio idazteagatik ordaintzea, idaztetik bizi ahal izatea, gainontzeko guztia uztera behartuko balu, ez lukeela onartuko. Idazle badelako, "baina hori behar dut nire barrura begira lan egiteko, eta komunikabideak behar ditut kanpora begira, jendearekin harremanetan aritzeko". Eta biak nahi ditu. Beraz, idazle izateak ez dakar ezinbestean idaztetik bizi nahia. Ez idazle guztientzat, behintzat. Batzuek ezingo lukete, baina beste batzuek, ahal izanda ere, ez lukete nahiko
Auria Etxeandia
Beti esan ohi da Internet, liburutegi erraldoi bat dela, behar duguna nahi dugunean aurki dezakegula bertan, beste modu batera ezin eskura daitekeen informazio asko sarean dagoela, eta gainera doan.
Baina gauzak aldatzen ari dira azken urteetatik hona eta askoz ere gehiago aldatuko direnaren susmoa ere badugu. Izan ere, Internet komunikazioaren iraultza izan bazen, edukiak eskaintzeagatik kobratzearen auzia hautsak astindu dituen erreboluzioa izango da. Hango eta hemengo komunikabide digitalak hasi dira edukiengatik kobratzen eta polemikaz beterik iritsi da gure artera erabaki hori. Iaz, punto.com eta publizitatearen krisia izan bazen protagonista, aurten edukiak kobratzearen fenomenoa da protagonista nagusia.
Interneten sorreran, komunikabide tradizionalek ere ez zuten zalantzan jarri Interneten egoteko beharra eta garrantzia. Egunkari, aldizkari, telebista eta irratiek berehala sortu zuten euren komunikabideen klon bat Interneten. Orduz geroztik, batzuek klon izaten jarraitu dute eta beste batzuek Interneteko baliabideak erabiliz, komunikazio bide ezberdinak jorratu dituzte beraien web guneetan. Horrek guztiak sortutako gastuak neurri handi batean publizitatearen bidez estaltzeko asmoa zuten, baina badirudi publizitatetik etekin ekonomikoa ateratzeko saiakerek ez dutela espero bezainbesteko etekinik ekarri. Publizitatetik ustez etorriko ziren sarrerak ez dira iritsi eta enpresek mantendu ezin dituzten azpiegiturak sortu dituzte. Honen aurrean, komunikabideetako enpresariek paperezko egunkariekin egin ohi den bezala, edukietan ikusi dute diru iturri indartsu eta emankorra.
Komunikazio talde handiek edukiak kobratzeaz gain, jabetza eskubideen gestiorako elkarte baten sorrera dute gogoan, horrela, beraien egunkarietan agertutako informazioa erabiltzeagatik kanon bat ordaindu beharko genuke guztiek. Hau da, ez da soilik beraien web gunean irakurtzeagatik ordaindu beharko, beraien edukiak aipatu eta lotura jartzeagatik ere ordaindu beharko genuke.
Zergatik ordaindu?
Gune batzuetan sartu eta informazioa irakurtzeagatik ordaindu behar dugula ikustean, pentsatzen dugun lehen gauza zera da: Zergatik ordaindu, orain arte doan izan baldin bada? Erabiltzaileak prest al gaude orain arte doan izandako zerbaitengatik ordaintzeko? Badirudi errazago ohitzen garela prezio garestitzeetara, orain arte doan edukitako zerbaitegatik ordaintzera baino. Jupiter Research enpresak egindako inkesta baten arabera, europarren %41a ez dago edukiengatik ordaintzeko prest. Iaz, % 47a zen ordaintzearen aurka agertzen zen portzentaia.
Publizitatean sinesten jarraitzen duten medioak existitzen diren bitartean, kobratzen dutenek zaila izango dute hauekin lehiatzea, irakurleak klik bat haratago antzeko informazioa doan aurki dezakeela uste badu. Kobratzea erabaki dutenek doako web guneetatik bereiztea lortu behar dute, eskaintzen dituzten edukiek nolabaiteko balore erantsia, esklusibitatea edota originaltasuna izatea beharrezkoa izango da.
Bestalde, kobratzeko bidea aukeratu duten guztiek ez dute formula berdina erabiltzen. Batzuek guneko eduki guztietarako sarrerak itxi dituzte, baita orain arte doan zirenetara ere. Beste batzuek web guneko eduki konkretu batzuetara sarrera ixtea erabaki dute, nolabaiteko balio erantsia duten edukiengatik kobratzen dute, gainerako edukiak guztiontzat eskuragarri mantenduz. Beste batzuetan, ez da zuzenean dirutan kobratzen, baina edukietara sartu ahal izateko, harpidetza egin behar da, hainbat datu pertsonal eskatuz. Horiekin datu baseak sortzen dituzte. Gero datu horiek saldu daitezke eta bestelako produktuak saltzeko ere erabili daitezke, bezeroaren perfila ondo ezagutzen baitute.
Aipatu dugu edukiez gain, aipamenei eta loturei ere prezioa ipintzeko saiakera egiten ari direla komunikazio talde handiak eta honek ere badu noski, bere eragina. Neurri honek mugak ipintzen dizkie esaterako, prentsa buletinei, gehienetan, beste medioetan agertutako berri eta loturez baliatzen baitira. Baina kaltea ez da bakarrik informazioa "lapurtzen" dutenentzat. Izan ere, edukia aipatu, lotura ipini edo erreferentzia egiteagatik ordaindu behar bada, geroz eta gune gutxiagotan agertuko da ordainpeko gune hauen erreferentzia, eta Interneten markak eta erreferentziek badute bere balioa. Zenbat eta gune gehiagotan agertu beste web gune baterako lotura edo aipamena, hobeto izango da, trafikoa bideratzen duelako, bilatzaileetan posizio hobean agertzen delako... azken finean erabiltzaileak bideratzen dituelako.
Filosofiaren defendatzaileak.
Komunikabide handiek Interneten negozioa ikusi bazuten beste batzuek komunikazio tresna paregabea ikusi zuten: Internet doakoa izatea eta informazioa herritarren esku egotea aldarrikatzen zuten. Ordaintzearen filosofia Interneten filosofiaren aurkakoa denaren ustea zabalduta dago askoren artean. Juan Etxenike Indymediako kideak ez dio zentzu handiegirik ikusten kobratzeari. Internet beraren filosofiaren aurkako neurria dela dio. "Guk ez dugu kobratzen eta ez dugu sekula kobratuko" gaineratu du. Indymediako eduki guztiek copylefta babestuta daude, hau da, "bere edukiak zabaldu, aipatu eta hitzez hitz kopiatu daitezke, osorik zein zatika, edozein medio erabiliz eta edozein helburu lortzeko, ohar hau mantentzen eta jatorria aipatzen den bitartean". Indymedia bezalako web guneetan, "ez gara profesionalak, euskara maila ez da ARGIA edo «Egunero»k duena, baina guretzako balio handiagoa du euskaldun zahar batek bizkaieraz idaztea, profesional batek idaztea baino".
Informazioa guztiona dela uste eta praktikan jartzen duen beste web gune bat PeriodistaDigital dugu. Gune hau beste komunikabideetatik jasotako albisteek osatzen dute besteak beste. Beraien esanetan, "irakurleen esku doan jarriko ditugu prentsan argitaratu diren artikulu, erreportaje eta iritziak beren interesagatik erreproduzitzea merezi badute behintzat". Hau justifikatzeko eta dokumentatzeko, Espainiako Konstituzioak jasotzen duen Informaziorako eskubidea eta aipamenerako eskubidea aipatzen ditu.
Etorkizunean elkarbizitza da seguruenik gertatuko dena. Mundu birtualean ere, fisikoan bezala, botere eta talde handien esku egongo da komunikazioa eta hauekin batera, komunikazioa lantzen saiatuko diren gero eta ugariagoak diren arrasto txikiak ere hor izango ditugu sarean