Pilar Iparragirre
"Jentilen kronikak" liburua argitaratzeko arazoak izan omen dituzu. Zergatik?
Izan nituen, bai, eta eskerrak eman behar dizkiet Dakitekoei saileko lehenengo liburu hau kaleratzeagatik, Euskal Herriko beste zenbait argitaletxek ezezkoa eman zidalako. Batzuek zioten gai fantastikoak ez zituztela lantzen, eta beste batzuek ez zuten egoki ikusi argitaratzea. Beste hizkuntzetan modan dagoen generoa da oinarri mitologikoa eta fantastikoa daukana, eta zabalkunde handiagoa du gurean baino.
Zeintzuk dira sail magiko horretarako dituzun asmoak?
Proiektu handinahitsu bat da nirea. Eta hor, euskal mitologiaren aberastasun handian han-hemenka munduan bildu ditudan beste ikur folkloriko batzuk txertatu nahi nituzke, lotura zuzena daukatelako. Izan ere, euskal mitologiako kontakizunak eta munduan zehar agertzen diren beste kontakizun batzuk oso antzekoak dira. Baina horrez gain badut beste asmo txiki bat, eta da euskalkien ekarria erakartzea euskara batura. Eta hirugarren maila bat ere zaindu nahi nuke sailean: alde iniziatikoarena.
Nola egiten da hori?
Horrelako literaturan oso ohikoa den bidaiaren bidez. Inork ez daki norainokoa den bidaia hori, liburuan amaitzen ez delako. Etengabeko bilaketa bat du bere oinarrian, eta alde horretatik Ekialdeko kulturetara egin dut nik, txinatarrek igarkizunak egiteko erabiltzen duten liburu batera joz. Liburu hori ez dago debekatuta guretzat, baina eurek diotenez mendebaldarrok ezin dugu ulertu eta ez genuke gure esku izan behar gainera. Nolanahi ere, liburu horretako zenbait pasartek balio izan didate niri kontatzen dudan istorioari filosofiaren jakintza gehitzeko.
Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre
Bizitza bera bezain atsegina den kantari hau entzuteko, apirilaren 25ean Gasteizen eta uztailaren 13an Donostian duzu aukera.
guztia irakurri
Pilar Iparragirre
Gizakiak asmatu zuen hizkuntza, bere senak eta inguruak agintzen ziotenaren arabera barruan zeramana besteei adierazi ahal izateko. Anitzak izaki munduko bazterrak, ugariak izan ziren ere Lurra deritzan planetan sortu ziren mintzairak. 5.000 baino gehiagok bizirik diraute oraindik, baina epe laburrerako, neurriak hartu ezean, urtero bataz beste 25 hizkuntza galtzen omen direlako betirako, eta martxa honetan XXI. mende bukaerarako 2.500 baino gutxiago geldituko omen zaizkigu, globalizazioaren eraginak gehiagoren desagerpena eragiten ez badu bederen. Hala ziurtatzen du Maitena Etxebarria EHUko Hizkuntzalaritzako katedradunak "La diversidad de las lenguas en España" izenburuko lanean.
Hain larria al da egoera?
Bai. Hizkuntzarena eskubide ukiezina da, giza eskubideen artean garrantzitsuenetarikoa, hizkuntzak gizateria osoaren ondare direlako, eta mundu guztiak ahalegindu beharko luke gal ez daitezen. Baina hondamen izugarri hori gertatzen ari da, eta badirudi inori ez zaiola axola. 5.000-6.000 hizkuntzek diraute bizirik gaur egun munduan zehar, baina 400era ez dira iristen ohiz idazkera erabiltzen dutenak, ezta 600era 100.000 hiztun baino gehiago dauzkatenak. Hau da, 4.000 baino gehiago dira 10.000 hiztun baino gutxiago dituzten hizkuntzak. Baina horietariko bakoitzak dauka gure hizkuntzak bezain egitura konplexua, gurearengandik bereizten duen mundua ulertzeko modua, eta bakoitza da bere giza taldearen nortasun etniko eta kulturalaren adierazpena. Beraz, horietariko bakoitzak du bizirik iraun eta bere giza taldearen kultura eta bizitzeko eraren adierazpena izaten jarraitzeko eskubidea. Eta inork ez dauka eskubiderik hizkuntza bati egoera diglosikoa ezartzea erabakitzeko, nahiz zoritxarrez hori egunero egiten den eta ia mundu osoan.
Zer azaldu nahi izan duzu "La diversidad de las lenguas en España" liburuan?
Hiru helburu nagusi izan ditut lan hau egiterakoan. Batetik, munduan bizirik dauden hizkuntzen aniztasuna nabarmendu nahi nuen, eta bide batez, hizkuntza aniztasuna eta giza dibertsitatea gauza bera direla agerian jarri. Bestetik, komunitate baten eta bere ama hizkuntzaren arteko berberatasuna azpimarratu nahi izan dut, alegia herrien historia eta haien hizkuntzen historia berbera direla. Horregatik, hain zuzen, bat egin beharko genuke guztiok hizkuntzak iraunarazteko zereginean, hizkuntza horiek jakin ala ez haiek bizirik jarraitzea guztiontzat delako garrantzitsu, guztion ondarea direlako eta haiek galtzen uztea eromena litzatekeelako. Eta hizkuntza politika neurri egokiak hartuz guztien biziraupena ziurta daiteke.
Horrela esanik, lor daitekeela ematen duà
Lor genezakeen horretara jarriko bagina. Nolanahi ere, nire lan honekin azpimarratu nahi izan dudan beste gauza hauxe izan da: gizarte bat hizkuntza anitza izatea -hau da, komunitate berberean bi hizkuntza edo gehiago mintzatzea- egoerarik naturalena dela; naturala ez dena beste egoera baita, eta beti ere lurralde horretan aurretik egondakoen hizkuntzak galarazi dituztela pentsatzera derrigortzen zaitu.
Gauzak horrela, garbi gera bedi behingoz ez garela gu, elebidunok edota egoera elebidun batean bizi garenok, bitxiak, hizkuntza bakarraren aldekoek sarritan arraro sentiarazi nahi izan bagaituzte ere. Eta beste gauza bat: hizkuntza aniztasuna ez da, berez, hizkuntza gatazkaren baliokide derrigorrezkoa. Gertatzen dena da agintean daudenak beti saiatzen direla beren hizkuntza inposatzenà
EUSKARAREN EGOERAREKIN, ADI IBILI BEHAR
Euskarari dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoko egoera, Nafarroakoa eta Iparraldekoa bereizi dituzu. Nola ikusten duzu gure hizkuntza bakoitzean?
Hasteko Euskal Herri osoko datuak eman ditut, gero erkidego bakoitzaren egoera soziolinguistikoa aztertzeko. EAEn, hobera egin dugu azken hogeitaka urteotan; euskara berreskuratzeko prozesua eraman da aurrera, hizkuntza politika neurri nahiko egokiak hartuz -zenbait gauza beste era batera egitea zegoen, jakina, baina tira!-, eta horren guztiaren ondorioz aurrerakada nabarmendu da. Elebidunen kopurua gehitu da, bataz beste EAEko biztanleriaren %28-30a da elebidun gaur egun; baina Bizkaian %21 inguru da bakarrik elebidun, Gipuzkoan %42a den bitartean, eta Araban, berriz, ez da %14ra iristen. Eta beste arazo bat ere badaukagu: haurrak euskaldunak dira, eskolan euskaraz ari dira, baina gero esango nuke jolastokian ere ez dutela beraien artean euskaraz egiten. Batzuetan euskara eskola hizkuntza gisa hartzen dutelako, eta aisialdietarako erdara nahiago izaten dutelako gertatzen da hori. Baina ez badira esparru guztietan euskararen erabilera bultzatzeko neurriak hartzen -eta ez da batere erraza erabilera bultzatzea-, adi ibil gintezke! EAEn ondo samar goaz, baina ezin gara arduragabetu.
Nafarroan eta Iparraldean arazoa areagotuko da, noski?
Bai. Nafarroako Foru Erkidegoan euskal hiztunak galtzen jarraitzen dugu oraindik, ez da galera hori gelditu ahal izan. Eta Iparraldean, 10.000-13.000 euskaldun galtzen ditugu urtero. Ikastolen mugimendua hor dago, eta eskola elebidunak bultza nahian dabiltzanak ere bai, baina agintarien aldetik ez da galera hori eragotziko duen inongo hizkuntz politika neurririk hartu.
Baikor ala ezkor zara etorkizunari begira?
Beldur naiz, eta ez bakarrik Iparraldea edo Nafarroari dagokionean. Oro har, erabileraren eskasia ikusten dut arazo. Izan ere, jakingo bagenu 30 urte inguru duen jende horrek, bere heziketa euskaraz izan dutenak edozein izanda ere beren ama hizkuntza, beren seme-alabei ama hizkuntza gisa euskara irakatsiko dietela, urrats izugarria izango genuke ziurtaturik. Baina nola jakin hori horrela izango dela? Erabilerak du hor zerikusi handia, eta euskara behar baino gutxiago erabiltzen da. Beraz erabilera areagotzen ahalegindu beharko genuke, baina ez da zeregin erraza hiztunaren kontzientzia tartean dagoelako. Gobernutik lagun daiteke horretan, baina baita kalte izugarria egin ere, Nafarroan ikusi izan dugun bezala. Dena den, EAEn ere -eta ez nioke inori presa sartu nahi edota inor kritikatu nahi honekin-, nire ustez heldu da gogoeta egiten hasteko unea, erabakitzeko iritsi den ala ez zenbait gauza aldatzeko ordua.
Zer aldatuko zenuke zuk?
Beharbada ez nituzke A, B eta D ereduak orain dauden bezala utziko. A eredua ikasleak elebidun bihurtzeko jarri zen martxan, baina oso garbi ikusi da eredu horrek ez dituela elebidunak sortzen; agian birmoldatu beharko zen. Eta B ereduarekin ere, ikastetxe batzuetan elebidun osoak lortzen dituzte, baina beste batzuetan ezà
D eredua kolokan jartzen duenik ere bada. Zuk zer diozu hartaz?
Egia da horrek ere badituela bere arazoak, baina momentuz -eta urte batzuetan ere bai- beharrezkotzat jotzen dut
Mikel Asurmendi
Unibertsitateko hainbat sektore eta eragile -irakasleak, ikasleak eta langileak oro har- hizpide harturik hasi dugu Anjeles Iztueta sailburuarekin gure jarduna. Sailaren ardura hartu zuenetik sektore hauekin izandako harremanen balorazioa eskatu diogu:«Sektore hauek oso gertu izan ditut betidanik, mundu horretan lan egina naizelako. Badakite haiengandik gertu egon naizela denbora honetan, eta ematen ari garen pausoak haien aldekoak direla. Batzutan pauso horiek ez dira berehala antzematen, baina gerorako irekitzen ari garen bideek izugarrizko garrantzia izango dute. Garrantzitsuena nora goazen jakitea da eta orain badakigu nora goazen».
Bestalde, EHUko errektoretzarekin -Manu Montero errektorea buru izaki- izandako gorabeheraz ere mintzatu gara. Garai batean «Unibertsitateek zeukaten baino diru gehiago gastatu zutela» esan zuen Eusko Jaurlaritzako Anjeles Iztueta sailburuak. EHUko errektoretzako kideak, berriz, haiek deskalifikatu nahi izanaz kexatu ziren:«Euskal Herriko Kontu Epaitegi Gorenak diktamen bat atera berri du. Honen arabera, EHUk datozen urteetarako konpromisoak hartu zituen dirurik izan gabe. Irakasleei diru-plusak ematen hasi ziren, adibidez. Areago, guk desegokitzat jo genuen baino are gauza gehiago deuseztatu du epai honek. Beraz, ez da Hezkuntza Sailak dioen kontu bat, Epaitegi Gorenak dioena baizik», adierazi digu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak.
Espainiako Gobernuak LOU (Unibertsitate Lege Organikoa) onartu zuen abenduan. Nola gauzatuko du berau zure sailak EAEn?
Legea Eusko Legebiltzarrean uda aurretik onartzea nahi dugu. Lege hau bost puntutan gauzatuko da eta aurrerapauso izugarriak ekarriko ditu hezkuntza sisteman. Lehena: legeak euskal unibertsitate sistema Europan kokatzen du aurreneko aldiz. Irakasle eta ikasleen trukaketa eta mugikortasuna ahalbidetuko ditu. Bigarrena: euskal unibertsitate sistema gauzatzen du. Sistema publiko barruan dauden unibertsitateak euskaraz -edo Euskal Herriko kultura lantzen -ari diren beste unibertsitateekin lotzen ditu. Alegia, lege honek lurraldetasunari bidea irekitzen dio, baita munduan euskaraz ari diren beste unibertsitateekin lotu ere. Hirugarrena: eleaniztasuna kontuan hartzen du. Legeak euskara gure hizkuntza propioa dela dio. Euskara hizkuntza unibertsitario gisa garatu behar dela dio legeak, egundo ez baita horrela garatu izan. Beste hizkuntzek ere -gaztelania edo ingelesa, kasu- leku izan behar dutela dio. Laugarrena: kontratazioak egiteko malgutasuna eskaintzen du. Bide berri bat ireki du irakasleen kontratuak egiteko, funtzionarioen maila berdina eta mugikortasuna bermatuz. Bostgarrena: kalitatearen puntua da. Bide eta printzipio bat da. Kalitatearen irizpidea lantzen du kudeaketan, irakaskuntzan eta ikerkuntzan.
n Euskal Adarreko kideek LOUren aurkako kritikak egin dituzte. Esaterako, legeak 150 «aditu»ren iritziak jasoko omen ditu, baina egunero lanean ari den eragileekin kontatu gabe.
Unibertsitatearen sistemaren beharrak aztertu ondoren hiru unibertsitateei (EAEko hiru campusak), hiru gizarte kontseiluei eta hainbat eragile eta sindikaturi emendakinak eskatu dizkiegu. Emendakin hauek jaso ondoren itxi dugu aurreproiektu hau. Oso lege gutxi egin dira horrenbesteko adostasunarekin. 150 aditu horien artean arlo guztietakoak daude: irakasleak, ikasleak eta arlo guztietako arduradunak orobat. Sindikatu guztiek eta Euskal Adarrekoek ere parte hartu dute. Kanpotik ikusita kritika asko jaso dituela dirudi, baina katalanek onartutako legeak kontrako jarrera askoz gehiago izan zuen eta Espainiako legeak zer esanik ez.
Legeak euskara espainolaren pare jartzen omen du.
Euskara gaztelaniaren azpian dago gizartean, zoritxarrez. Gure legeak, hala ere, euskarari trataera berezia emango dio. Hizkuntza propio gisa hartua izango da, neurri bereziak hartuko ditugu eta diskriminazio positiboa garatuko dugu euskararen alde. Zoritxarrez, zientzia, ikerketa eta hainbat gairen ezagutza maila ez daukagu nahiko garatuta euskaraz. Horregatik bultzada hori emango diogu.
Legeak ez duela Euskal Herria osoa kontuan hartzen esaten da, bestalde.
Hasteko, esan dezadan Euskal Herriak ez duela hau bezalako lege bat mahai gainean eduki sekula. Legerik aterako ez bagenu, Espainiako Legea izango genuke indarrean. Beraz, non egongo ginateke? Lege hau ateratzeak duen garrantziaz ohartu behar dugu. Euskarak, Euskal Herriak eta gure unibertsitateak ez du egundo halakorik izan. Lege honek irakasle propioaren aldarrikapenari heldu dio lehen aldiz. Irakasle kontratatuak eta funtzionarioak pare jartzen ditu. Aurreneko aldiz hogei urteetan, euskarak bere tokia izango du legez, irakasle propioak kontratatu ahalko dira euskaraz eta Euskal Herriko kulturaz ari diren beste unibertsitateekin harremana lantzeko aukera izango dugu. Ez bagara lege hau erabiltzeko gai Espainiako legea izango dugu mahai gainean, eta hori guztion ardura izango da. Gauzak pausoka egin behar dira, esparru honetan ere guztia nahi duenak ezer gabe gelditzeko pausoa emango du. Beharbada, batzuek nahiago dute Espainiako Legea indarrean izatea, nik ez. Guk nahiago dugu gure lege propioa indarrean izatea. Hau da, euskal unibertsitate sistemarako legea. Gure legeak ez du zer ikusirik Espainiako legearekin, lege hau ez dago besteari lotuta.
n Alabaina, EHUko irakasle errepresaliatu gisa agertzen den kolektiboak, kasu, lege aurreproiektu hau LOU delakoaren albokoa dela dio finean.
Gezur borobila da hori. Irakasle hauek badakite aurreneko aldiz kontratazio bidea irekiko dela gure unibertsitatean, eskubide berdinekin ireki ere. Orduan, berriz diot, lege berriak gauzak aldatu eta hobetzeko aukerak ematen ditu. Bestela Espainiako legea besterik ez dago.
Bestalde, EHUko zenbait sektoreren iritziz, Arrasate eta Deustuko unibertsitate pribatuetako arazoez arduratuago zaude haien arazoez baino.
Gure sisteman diru iturri gehienak unibertsitate publikoentzako dira. Legeak, ordea, proiektu estrategikoak dituztenentzako ateak irekitzen ditu, Arrasate eta Deustuko unibertsitateentzako, adibidez. Zergatik ez diegu dirua eman behar unibertsitate hauei, euskarari edo Euskal Herriari buruzko proiektuetan ari badira? Edota munduko beste edozein unibertsitateri? EHUk Europako beste unibertsitateko proiektuetan parte hartzen du, eta horretarako dirua den bezala badago ere berrikuntza eta ikerketarako sarearentzako. Sare horretan edozein eta edonongo ikerketa talde batek -publikokoa nahiz pribatukoa- parte har dezake eta horretarako diru publikoa jartzen da. Nolanahi den ere, diru gehiena unibertsitate publikoak erabiltzen du, baina ez da ahaztu behar pribatuak ere gure sistema barruan daudela.
Abenduan UEUko II. Kongresua burutu zen, euskal unibertsitate propioa eratzeko bidean. Zer iritzi duzu ekimen honetaz?
Herri ekimen guztietan printzipio positibo asko dago eta guk gure lege hau egiteko horiek ere kontuan hartzen ditugu. Ekimen horretan ari diren askok parte hartu du lege hau egiteko. Uniekimena delakoan dauden printzipio asko oso baliotsuak dira eta kontuan hartu ditugu.
Beste maila batera etorriz, LOCE (Hezkuntzaren Antolamendu Orokorrerako Legea ) atera zen abenduan, DBH eta batxilergoaren erreforma ekarri duena. Zein da zure iritzia?
Kalitateko legea deitzen dioten lege hau atzerakoia da, ezberdintasuna bateratzeko asmoz egina da, Aznarren gobernuak beste gaietan erabiltzen dituen irizpide berberak erabili ditu gai honetan ere. Guk, esaterako, LOGSE zelakoa, Espainiako Legea izan arren, onartu genuen, lege aurrerakoia zelako, ezberdintasun eta aniztasunari trataera ona ematen ziolako.
Nola jokatuko duzue kasu honetan?
Aniztasunerako programa bat lantzen ari gara, behar berezietako ikasleak integratzeko programak dauzkagu eta ez dugu aldatzeko asmorik. Eta ez, nik, Hezkuntza sailburuak diodalako, baizik hezkuntza sisteman ari direnek ez dutelako nahi. Funtzionatzen duten arloak ez ditugu desmuntatuko. Berezitasun bezala, gainera, guk, aurreneko aldiz, batxilergoetan Euskal Herriaren historia ikasgai hautazko bezala jarri dugu. Espainiako Hezkuntza Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak ez dute begi onez ikusi eta gure kontra sartu dira, baina guk aurrera egingo dugu. Azken 20 urteetan batxilergoan ez da dekretu legez hau bezalako ikasgai bat onartu.
Ez al duzue, LOU delakoaren kasuan bezala, lege bat atera behar?
Ez gaude horretara behartuak. LOCE delakoak ez gaitu bere ildoak garatzera berehalakoan behartzen. Guk geure arautegia aterako dugu, ikastetxearen autonomia indartuko duen arautegia gauzatzea pentsatzen ari gara. Ikastetxeen autonomia bermatzeko ikastetxeko arautegia edo lege propioa deitu daitekeena. Denbora daukagu eta ondo funtzionatzen ari dena ez dugu guk deuseztatuko, nahiz eta Madrilek horretara behartu nahiko gaituen.
«Oinarrizko lege hauek gainean jartzen badizkigute eta gure Estatutuarekin bat ez badatoz, guk gurea egin beharko dugu» esan zenuen behin.
Gurea egite horretan funtzionatzen duten gauzak utzi eta hobetu behar ditugun gauzak aldatuko ditugula ulertu behar da. Horregatik, ikastetxe bakoitzeko arautegia lantzea da gure asmoa, gure arautegiaren arabera legea gure beharretara egokitu nahi dugu oraingoz. Eta beharrezkoa balitz beste lege bat osatuko genuke. Historia ikasgaiarena adibide bat da. Nahiz eta Madriletik interpelatuak izan garen, guk Madrileko Gobernuari erantzuten diogu hautazko ikasgai bat dela. Legez ezin dute deuseztatu aukera hori, eta gainera, beste ikasgaiak bezala berau curriculumerako baliagarria da
Mikel Asurmendi
Eskola publikoetako lehen gela elebiduna 1983an ireki zen, Sara herrian. 1982an, François Mitterrand lehendakaria hautatua izan ondoren, Frantziako Gobernuaren Pierre Mauroy lehen ministroak eskola publikoetan euskaraz irakasteko baimena ahalbidetu zuen. Garai hura gogoan, Sarako eskolako lehen gela elebidunaren Añamari Kurutxet andereñoa izan zenarekin mintzatu gara. Irakasle hau makearra da sortzez, Parisen bizi zen orduan, eta hamabi urte zeramatzan irakaskuntzan. 32 urte zituela itzuli zen Ipar Euskal Herrira eskola elebidunean aritzeko. Egun Luhuson bizi da eta Heletako eskola publikoan jarraitzen du lanean.
Nola gogoratzen duzu hastapen hura?
1982an, Hezkunde Nazionaleko Alain Savary ministroak Frantziako eskola publikoetan hizkuntza gutxituen zabaltzea erabaki zuen, eta hurrengo urtean, euskara -euskaraz irakasteko gisan- erabiltzea baimendu zuen. Ondorioz, bospasei herrietan gela elebidun bat muntatzeko proiektuak hasi ziren. Sara izan zen proiektua edo gela zabaldu zuen herri bakarra. Hasteko, eskolako irakasle taldearen adostasuna eta haur multzo gutxieneko bat behar ziren. Halaber, Herriko Etxearen adostasuna behar zen, eta azkenik, irakasle boluntario bat, hautazkoa. Euskal Herrian ez zuten inor hatzematen, ordea. Ni orduan Parisen nengoen, irakasle lanetan ari nintzen. Euskal Etxean euskara erakusten nuen bestalde. Alta, Euskal Herrira jautsi nintzen postu hori hartzeko.
Irakaskuntza garatzeko zein bitarteko aurkitu zenituen orduan?
Ordurako irakaskuntzan esperientzia banuen. Haurrak ttipiak ziren, bost urtetakoak, beraz, ez zen hain zaila izan. 1983ko apirilean hasi ginen, Ama Eskolan, 18 haurrekin: 3 ordu euskaraz eta 3 frantsesez. Hurrengo ikasturtean, irailean, ikasle horietatik 6k lehen mailan (CP) segitu zuten. Matematika, zientziak eta euskara ematen nituen. Lehen Mailako irakaskuntza lehenagotik ezagutzen nuen eta franko erraz aritu ginen. Hezkunde Akademiako Lichau inspektore anderearekin aritzen ginen, haurren ikaspenen segimendu zehatza egiten genuen berarekin. Konparazione, matematika landu zuen inspektore horren metodoa euskaratua izan zen beranduago, Ikas-Bi elkarteak argitaratua.
Nola bizi izan duzu irakaskuntza elebidunaren garapena?
Saran hogei urte eman nituen, eta anartean gauza frango egin genuen. Bizitoki egokia da, euskal kontzientzia dago, gurasoek gogoz atxikitzen dute euskara, baita Herriko Etxeak ere. Eskolan, berriz, ohiko ikasgaiez gain, bost antzerki sortu eta taularatu genituen. Kantu eta bertsu jaialdiak eta ateraldi franko egin genituen, Nafarroako Bakaiku eta Arantza herrietara, kasu. Sarako Jean Battitte Elizanbururi egindako omenaldia eta berari eskainitako liburuxka ditut gogoan. Bestalde, irakaskuntzako hiru sareetako irakasleekin osatu genuen talde batek euskarari buruzko egindako liburua ere estimu handiko lana daukat. Elkarlanean egindako lan hori izugarria iruditzen zait. Halaber, orain dela hamar urte Mari Karmen Garmendia EAEko Kultura Sailburuak egin zigun bisita ere oroitzen dut. Gure liburutegia hornitzen eta antolatzen biziki lagundu zigun, baikortasun izugarria transmititu zigun, eta hori beti eragingarria izan da Hegoaldeko eskolekin harremanetan segitzeko.
Gela elebidunak sortu zirelarik Seaskako irakaskuntza geldiarazteko gisan abiatu ote ziren zurrumurrua zabaldu zen. Nola gogoratzen duzu hura?
Baiki, zurrumurru hori han-hemenka ibili zen. Irakaskuntza elebiduna ikastolen aurka sortu zela? Nik ez dut horrelakorik sekula pentsatu. Arrunt sistema ezberdinean ari gara, eta gainera, denentzako tokia dago. Euskaraz zerbait egiten dugularik tokia badago denentzat. Gure sareetan ari diren haurrak ez dira ikastolara joanen, eta beraz, irakaskuntza elebiduna eskaintzen bazaie, hobe nik uste. Adibidez, Sarako eskolak Hegoaldeko beste eskola publikoetako gurasoekin batera parte hartzen du tokian tokiko festetan, eta guretako askok Herri Urrats festan ere parte hartzen dugu.
Eskola publikoen inguruan Ikas-Bi eta Ikas-Bi Gurasoak elkarteak ari dira. Egun, irudiz, tirabirak dituzte.
Ni ez naiz afera horietan sartzen, Sarako gurasoak, kasu, ez daude Ikas-Bi elkartean. Ikas-Bi eskola publikoetan ari diren guraso batzuen elkarteak dira, 1986an sortuak. Ordurako gela elebidunak abiatuak ziren. Konparazione, gela elebidunak Ikas-Bi elkartearen gelak deituak izan dira, baina funtsean eskola publikoko gela elebidunak dira, batzutan nahasketa izan da jendearen artean. Elkarte hauetan ez dago gurasoen gehiengoa gainera. Haien artean eman diren eztabaidak penagarriak dira. Gutxi gara eta elkarren aurka jartzen bagara indarrak alferrik xahutzen ditugu. Zernahi gisaz, egoera honek ez du apaltzen beren lanaren garrantzia. Elkarte honetan ikusmolde ezberdinak dituzten gurasoak daude, gure lana biziki bultzatu dutenak. Material didaktikoa prestatzen lan izugarri egin dute. Eta hori egiteko diru parte handia Hegoaldean erdietsi dute, handik heldu diren diru laguntzak ere eskertu behar dira, nik uste.
Nola ikusten dituzu eskola elebidunak gaur egun?
Asko aitzinatu da, dudarik gabe. Orain hogei urte 18 haurrekin abiatu ginen, eta egun 3.000 haur baino gehiago eta 100 irakasle inguru ari gara gela elebidunetan. Sarako kasua, adibidez, biziki onuragarria da. CP mailan ari ziren 14 ikasleetatik 6 elebidunetan hasi ziren. Egun, berriz, Ama Eskola guztia elebiduna da, baita Lehen Mailako CP, CE eta CE2 gelak ere. Haur hauetatik batzuek euskal fakultatean segitu dituzte beren ikasketak eta hori biziki inportantea da. Zerbait erein genuen eta orain fruituak biltzen ari gara, hori zinez baikorra da. Saran parada ezin hobea izan genuen irakaskuntza garatzeko, herrian euskara erabiltzen zelako. Egun, euskararen transmisioa gero eta ahulagoa den arren, haurrak eta gazteak euskaraz aritzen dira. Eskola pribatua nahiz Ikastola ere badaude, bakoitzak badu bere tokia eta euskarak ere bai. Saran giro goxoa dago, familian eta etxeetan euskaraz egiten da. Herriko Etxeak ere euskara atxiki izan du eta niretzat plazer handia izan da han aritzea.
Egun zertan ari zara?
Iaz Heletara etorri nintzen. Heletan gela elebidun berri bat ireki da, indar guztiz bultzatzen duguna, nik nire esperientziaz laguntzen dut. Halaber, Iparraldean, eskolaz eskola ibili izan diren irakasle ibiltarien eredua berreskuratu dugu. Gurasoek hemengo herri txikietako eskoletan sistema hori atxikitzea galdetu dute eta euskarazko klaseak ematen dizkiet ikasle handiei