artikulu nagusira itzuli
ANTIGUAKO ERMITA ETA EZPATA DANTZA
Zumarragako Antiguako ermita, Loiolako San Inazioren Santutegiarekin eta Arantzazuko Andre Mariaren Santutegiarekin batera, Hiru Tenpluen Ibilbide ospetsuaren erregina, "euskal ermiten katedrala", Monumentu Historiko-Artistiko Nazionala izendatuta eta Gipuzkoako erromanikoaren adibide bakanetakoa, gure bisitaren puntu gorena izango da dudarik gabe. Beloki mendiaren magaleko kokapen zoragarriak eta ermita beraren ezaugarri aberatsek Urola Garaiko tokirik garrantzitsuenean gaudela adierazten digute. Antzina, inguruko herrietako biztanleentzat peregrinazio leku inportantea izan zen. Berau izan zen Zumarragako lehen parrokia, Gaztelako Enrike erregegaiak Lazkaoko jaunaren leialtasuna irabaztearren eskaini ziona. 1576. urtean Andre Mariaren Jasokundearen eliza herrian bertan eraiki bazen ere, ezerk ezin izan zion kendu mendetan zehar bertako biztanleek zioten debozioa.
Buruz behera jarritako itsasontzia ematen duen kanpoalde soilak harrituko bagaitu ere, ermitaren barnealdeak ahoa bete hortz utziko gaitu, barrualdean gordetzen baitu ikusgarritasun osoa.
Barne eremua hiru aldetan banatzen da eta harrizko sei zutabeek eusten dute liluratuko gaituen egurrezko sabai erraldoia. Ermitako zurezko lanean indoeuropar kutsuko tailak nabarmentzen dira, hala nola, biribilak, gamma gurutzeak, eguzkiaren eta suaren sinboloak... gure herriaren zeinu astrologikoak, azken finean.
Bestelako erliebe bitxiak ere ikusten dira; gizakiarenak, emakume zapidunenak eta dragoi batena, adibidez. Egurrezko bost irudik zaintzen dute ermita, XV., XVI. eta XVII. mendetako Andra Mariak nabarmentzen direlarik. Herrialde osoan izan zuten gurtza adierazten dute hauek.
Eszenategi paregabea da Euskal Herriko dantzarik zaharrenetako bat erakusteko. Halaxe gertatzen da urtero, ermitaren barruan uztailaren 2an, Zumarragako ezpata dantza egiten da. Jatorri ezezagunekoa da eta gaur egun, eliza barruan egiten den dantza bakarra da. Beraz, altxor etnografikotzat jo daiteke. Santa Isabel egun jendetsuan eta Ama Birjinaren ohorez, hamabi dantzarien taldeko lau kapitainek dantzatzen dute ermitaren barruan, honen ondoren, talde osoak aurreskua eskainiko duelarik kanpoaldean. Iluntze aldean, Antiguan bildutako lagun guztiek txistu eta trikitiaren soinuaz alaiturik "jaitsiera" famatua egingo dute.
Ermitaren inguruan hainbat ipuin eta legenda kontatzen da, jentilak protagonistak izanik eta leku zoragarri hau misterio eta magikotasun eder batez zipriztinduz.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.