DENA NAHASPILATZEN DA
Ricardo Ortega
Zaila gertatzen da honelako iritzi-artikulu baterako gaia aukeratzea: Irakeko «gerra» pil-pilean, Batasuna-EH-HB ilegalizatu berria, udal hauteskundeak ate joka, Iraken aurkako erasoari Aznarrek, bere gobernuak eta PP osoak emandako laguntzak eragindako krisia, gobernu batek bere herrialdeko iritzi publikoaren gehiengo ia osoaren kontra jokatzetik datorrenaà Dena nahaspilatzen da.
Lehenengo eta behin, Aznar, Espainiako Gobernua eta PPren jarrera eta jokaera salatu beharra dago. Batasuna ilegalizatzeko onartutako legeak PP ere legez kanpo jartzeko balio lezake: AEB eta Erresuma Batuko Gobernuak Iraken kontra burutzen ari diren erasoa guztiz ilegala, kriminala eta terrorista da, eta PPk ez du inolaz ere gaitzesten, baizik eta, beronen alde agertzen da eta laguntza morala eta logistikoa ematen dizkio. Legez kanpo ez bada ere, iritzi publikoaren «epaitegiak», gutxienez, zilegitasun eta etikaz kanpo jarri du. Eta gero eskandalizatu egiten dira hiltzaileak deitzen dietenean. Era berean, gerraren kontrako manifestazio baketsu eta jendetsuetan PPren egoitzaren baten kontra ekintza biolentoren bat gertatzen bada, bere adierazpen-eskubidea urratzen ari dela esaten dute. Eta arrazoi dute, baina, nik dakidala, ez dute erakutsi horrelako sentikortasun demokratikoa Batasuna ilegalizatzerakoan edo «Egunkaria» ixterakoan. Edo manifestari baketsuak arrazoirik gabe jipoitzen dituztenean. Edo torturak salatzeagatik, inongo ikerketarik gabe, salatzaileen kontrako kereilak jartzen dituztenean.
HAUEK guztiak dira PPren izaera demokratikoaren adierazgarri, eta ezin esan hauteskundeetarako aurkezpen tarjetarik hoberena direnik. Gerraren kontrako manifestazioak sekulakoak izaten ari dira eta PPren bakardade politikoa agerian uzten ari dira. Hauteskundeak bi hilabete barru dira eta urduri daude. Horregatik komunikabide publikoetan eta kontrolatzen dituzten pribatuetan gerraren kontrako mobilizazioei buruzko informazioa manipulatzen dute eta orden publikoaren arazo bihurtzen saiatzen dira. Esan ohi bezala, gerraren aurreneko biktima egia bera da.
PPren urduritasunerako beste motibo bat Kataluniatik dator. Ibarretxeren Plana, gezurrak erabiliz eta PSOEren laguntzaz, deskalifikatzea edo IUren proposamen federalaren aurrean ez entzunarena egitea nahiko erraza zuen PPk, baina orain CiUk edo Maragallek Kataluniako Estatutua aldatzeko azaldu dituzten proposamenen aurrean ETAren aitzakiak ez du balio. Agerian gelditzen da trantsizioan finkatutako eredu autonomikoa ez dela nahikoa, Euskadi eta Kataluniaren kasuetan behintzat, Estatuan nazio arazo batek dirauela, Konstituzioa norabide federal batean aldatu beharko litzatekeela nazio-aniztasuna eta autodeterminazio eskubidea onartuz.
Baina, aldi berean, eremu honetan hain zuzen ikusi du PPk bere aukera, Espainiaren batasunerako arriskuaren mamua agitatuz, PSOEri abertzaleekiko ekintza-batasuna egotziz eta beren burua Konstituzioaren eta Espainiaren batasunaren defendatzaile bakar gisa azalduz. Holako argudioetan mugitzen dira erosoen PPkoak hauteskundeen aurrean.
HAUTESKUNDEEN harira etorriz, ezer baino lehenago, Batasunak bere ilegalizazioaren aurrean zer taktika erabiliko duen argitu beharko luke. Ezker abertzalea hauteskunde hauetan presente egoteko lege-zirrikutu guztiak baliatzen saiatuko ote den edo abstentziorako deia egin behar ote duen. Estatuaren defizit demokratiko guztien adierazgarria den ilegalizazioari buruz -herri honen zati garrantzitsu bat ordezkaritza politikorik gabe uzten duen injustizia, eta PPk dioenaren kontra ETAri egin dakioken oparirik hoberena- zera esan beharra dago: euskaldunon, eta aldi berean Euskal Herria eta Estatuaren artean dagoen gatazkari irtenbide elkarrizketatu eta demokratikoa eman nahi diogunok ezin diezaiekegula toki librerik utzi «konponbide» militarrean sinesten dutenei. Zeren datozen udal hauteskundeetan libratuko den bataila hirukoitza izango baita, edo beste modu batera esanda, hiru mailatan eraginak izango baitituzte: gure herri eta hirien gobernuarena (eta hemen inolaz ere mespretxatu ezin daitezkeen etxebizitza, gizarte gai eta abarreko politikak sartzen dira), euskal gatazka politikoari dakizkiokeen irtenbidearena eta, azkenik, Estatuaren bilakaerarena, guri ere neurri handi batean dagokiguna eta gerraren kontuari oso lotua dagoena
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.