BOTEREA GIZARTE HOMERIKOAN
Ander Iturriotz
U. VASCONIAE
326 orrialde
22 euro
HOMEROK AZALDUTAKO BOTEREAREN IKERKETA
Utrisque Vasconiae argitaletxearen eskutik Ander Iturriotz Lauzirikak plazaratu duen «Boterea gizarte homerikoan» lanean, helendarren epika zaharrean agertzen den gizarte aristokratikoaren nondik-norakoak bildu ditu eta haietan kokatu du ikerlariak bere hausnarketa, boterea aztertu ahal izateko, ikusiz nola lehiatzen ziren elite politikoak hura lortzeko eta zer nolako teknikak erabiltzen zituzten herria limurtzeko eta beraien interesen alde jar zedin. Mezu politikoa ikuskizun bilakatzen da gaur egun, baina Ander Iturriotzek aztertutakoaren arabera, hain berria iruditu dakigukeen teknika limurtzaile bera erabiltzen omen zen gizarte homerikoan ere, eta, hain zuzen Homerok oso ondo erakusten omen du aristokrata akeoek herritarrak limurtzeko nolako trebezia zeukaten. Nolanahi ere, antzekotasunak antzekotasun, ezberdintasunik ere aurkitu du ikerlariak orduko eta gaurko egoeren artean: orain herriak geroz eta protagonismo txikiagoa duela, gizarte aristrokratiko eta gerrari hartan garrantzia handia zuen bitartean. Adibidez, boterearen jabe ziren erregeek ezin omen zuten inongo erabakirik hartu herriari kontsulta egin gabe.
VAN'T HOFFEN ILEA
Unai Elorriaga
ELKAR
218 orrialde
14,30 euro
UNAI ELORRIAGAREN BIGARREN ELEBERRIA
Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko IV. Igartza saria irabazi zuen Unai Elorriagak «VanĆt Hoffen ilea» lanarekin. Bere estilo bereziaz idatzi du «SPrako tranbia»ren egileak bigarren eleberri samur hau ere, gauzak erdizka esanez, eta testuan irakurlea txundi dezaketen txinpartak etengabe bilatuz. Itsasertzeko herri batera lan bat egiteko asmotan iristen den Ministerioko funtzionario bat da protagonista nagusia, nahiz istorio nagusi horretan zehar tartekatzen diren istorio anitzetan beste pertsonaia bitxi asko ageri diren, funtzionario hori etxez etxe ibiliko baita, ustez herriko pertsonaia berezienen bizitzako pasarteak jasotzen, baina ageriko asmo horren atzean beste helburu bat ezkutatzen du.
ARGISENTIKO IPUINAK
Jose Mari Satrustegi
IBAIZABAL
55 orrialde
7,12 euro
HAURRENTZAT IPUIN LILURAGARRIAK
Duela hain gutxi betirako joan zaigun Jose Mari Satrustegi makina bat lan egina da euskalgintzan. Horien artean, haurrentzat idatzita utzi zizkigun ipuin liluragarriak daude. Ibaizabal argitaletxearen eskutik plazaratu zuen «Argisentiko ipuinak» bildumatxoan jasota dauden hauexek, adibidez. Aitziber Alonsok eginiko marrazki politez horniturik ageri dira, eta basoko animalia kankailuen hanka azpian zikin-zikin gelditu zen Ilargiaren iturriari eta hura hainbeste maite zuten erleei gertatutakoa agertzen da batean; erbikume batek nola lortu zuen bizirik irautea, bestean; erleek irabazi zuten gerra bat, hurrengoan; goroldio mutuarena, gero; eta Ilargian bizi den gizonarena, azkenik.
ELEGIA A UN MUCHACHO VASCO MUERTO EN INGLATERRA (1938)
Luis Cernuda
OLERTI ETXEA
11 orrialde
CERNUDA HUNKITU ZUEN EUSKAL MUTIKOA
Poesiaren Nazioarteko Egunaren oroigarri gisa plazaratu du Zarauzko Olerti Etxeak Luis Cernuda poetak Londresko atzerrian idatzi zuen «Elegía a un muchacho vasco muerto en Inglaterra (1938)» liburuxka, saltzeko ez den edizioan. Bereak eta bost pasa behar izan zituen Luis Cernudak ere, antza denez, 1938an gerratik ihesi Ingalaterrara alde egin zuenean. Ez lanik eta ez dirurik, Basque Children Committee delakoak gerra anker haren ondorioetatik libratzeko atzerrira ekarritako euskal haurrak zaintzeko egin zion eskaera onartu zuen. Eta ume haien artean ezagutu zuen Jose Sobrino, leuzemia zeukan mutikoa, heriotzetik gertu zegoela eman nahi zizkioten arimarentzako laguntzei uko egin eta Cernudari poema bat errezitatzeko eskatu ziona.
DULCINEA EN MANHATTAN
Verónica Pedemonte
KUTXA FUNDAZIOA
61 orrialde
3,50 euro
2002KO IRUN HIRIKO OLERKI SARIA
Veronica Pedemontek aurkeztutako «Dulcinea en Manhattan» poesia bilduma suertatu zen garaile 2002ko Irun Hiriko Kutxa Literatur sariaren Olerki sailean, lehiaketa honek gaztelerazko lanentzat duen alorrean. Montevideon jaio da olerkari hau, egun Cadizgo Puerto de Santa Maria herrian bizi den arren. Bere lan honetan, Kixote Mantxakoak hainbeste maite zuen emakumea XXI. mendean kokatu du eta diruak baino agintzen ez duen eszenatokira bidali, bertan aurkitzen diren eskale eta behartsu guztiak gertutik ezagutu ditzan. Amets iraultzaile guztien heriotza aurreikusia dagoela dirudien garai honetan, txikano zaurituekin eta Bronx auzunean bizirik irauteko ahaleginetan diharduten errusiarrekin aurkituko da Dulcinea. Eta Kixoterik gabe.
EMAKUMEAK XX. MENDEKO HISTORIAN
Alizia Stürtze,
Maria Colera
GAIAK
213 orrialde
13 euro
EMAKUNDE SARIA HEZKUNTZA ARLOAN
Emakunde saria Hezkuntza arloan eskuratu zuen Alizia Stürtzek eta Maria Colerak osatutako «Emakumeak XX. mendeko historian (Pertsonaiak, gaiak, gertaerak)» izenburuko lan honek. Hiru atal nagusitan dago banaturik joan den mendean emakumeek beren askatasuna lortzeko emandako aurrerapauso izugarriak -eta baita atzerapauso batzuk ere- azaltzen dituen liburu hau. Lehenengoan, XX. mendeko emakumeen historia eskaintzen da, urtez urteko berri esanguratsu batzuen bidez: «1900: Eskolatu behar al dira neskatoak?» izenekoa, kasu. Bigarren atalean, ematea lortutako aurrerapauso ugariak eta zenbait atzerapauso ere bai. Eta hirugarrengoan, igaro berri den mende horren historian protagonista izan ziren emakumeen biografia laburrak agertzen dira.
EL LIBRO DE EMMA
Marie-Célie Agnant
TXALAPARTA
155 orrialde
12,50 euro
EMAKUME BELTZEN PATU GORRIA
Esklabotzak emakume beltzen artean utzitako aztarna ankerra ageri da sortzez haitiarra den Marie-Célie Agnant idazlearen «El libro de Emma» nobelan. Eta Haiti izan zitekeen uharte batean igaro behar izan zuen bere haurtzaro latza liburuko protagonistak ere, behin psikiatrikoan dagoela azalduko duen bezala. Biziki maite zuen txikitan berak ama, kanela koloreko emakume eder bat, jakinik ere hark begien aurrean ikusi ere ezin zuela egin azalez erabat beltza eta une desegokian jaio zitzaion alaba. Eta lehenbailehen norbaitekin ezkondu eta bere albotik uxatzeko asmotan, sorgin batengana eraman zuen oraindik haurra baino ez zenean, ablazioa egin ziezaion. Eta orduan bakarrik erabakiko zuen Emmak ama uztea eta etxetik ihes egitea.
GAUA IRISTEN DEN MOMENTUAN
Ambulance
OIHUKA
10 kanta
13,90 euro
POP-A MAITE DUEN TALDEAREN DOINUAK
Kantu samurrak dira Lakuntzako talde honen lehen CDan agertzen direnak, Patxi Razkinen ahots eztiaren bidez, beti ere Sergio Goikoetxearen baxua, Mikel Gońiren teklatua eta gitarra akustikoa, Ricardo Aretaren bateria eta Ismael Jimenez «Kata»ren gitarra elektrikoa eta akustikoa lagun dituela. Beraiek dira Ambulance, pop doinuen maitaleak, eta «Ez nazazu begira», «Sortuko dira kantuak», «Bapatean», «Urtaro hau (iheitza)», «Beirut-eko txakurrak», «Lurra eta armak», «Zure bila», «Hemen ez du euririk egiten», «Ama Lurra» eta «Estaltzen zaituen ehuna» taldearen abestiak. Mikel Gońik osatu ditu gehienen musika eta hitzak, Sergio Goikoetxearen «Ama Lurra» eta Juanjo Olasagarreren «Gaupasa» poesia liburutik hartutako bi olerkiak ez beste guztiak.