Maider Zapirain
Donostiako Aquarium Itsas Museoak 75. urteurrena betetzen du aurten, 1928. urtean ireki baitzituen ateak. Eraikuntza zaharraren hormen artean, dirutan ordaindu ezin daitekeen dokumentazio baliotsua biltzen da, arrantza, ontzigintzaren historia eta orokorrean itsas zientzien inguruko arloak ikuskatzen dituena. Aquarium Itsas Museoaren hastapenak Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen ekimenari zor zaizkio, ikerketa ozeanografikoa bultzatzeko asmoa baitzuen elkarteak. Orduz geroztik 11 milioi pertsona baino gehiagok bisitatu du museoa. Espainian natur zientziei eskainitako lehenengo museoa izan zen. Aurten Aquariumaren inguruan egingo diren ekitaldi guztiek 75. urteurrena gogoratuko dute. Urte asko iraun izana ospatzeaz gain, proiektu berritzaileak landuko dituzte, teknologia berrien hariari jarraiki. Garai bateko nabigatzaile handien modura, itsaso berrietan bustitzeko asmo biziarekin abiatu dira, Elkanotarren grina eta ilusioak jarraituz. Helburu garrantzitsuak dituzte esku artean. Donostiako Aquariuma turismo erreferentzia bihurtzeaz gain, ikerketa bultzatu nahi dute eta heziketa oinarri izanik, itsas inguruneari buruzko ezagupenak hedatu nahi dituzte. Heziketa horretan, itsas ingurunearekiko errespetua sustatzea ukaezinezko eguneroko lana dela ziurtatu digute museoko arduradunek.
Donostiako Aquarium Itsas Museoa eduki aldetik atal nagusi bitan banatuta dago, museoko lehendakari Zaragüetak esaten duen bezala, batetik "atal bizia", hainbat akuariotan munduko arrain espezie ikusgarrienak biltzen dituena, eta "atal hila", itsasoarekin erlazionatutako gai asko biltzen dituena. Fosilek, maskorrek, eskeletoek... itsasoko biodibertsitatea erakutsi nahi digute. Gela nagusiaren erdi-erdian, bere handitasuna erakutsi nahirik, euskal balearen hezurdura dago. Hezurduraz gain, Euskal Herriko bale arrantzari buruzko informazio garrantzitsua aurkituko dugu, itsasontzien maketa ederrez lagundurik eta baita ontzigintzaren historiaren dokumentazio interesgarria ere. Arrantza teknikak gogorarazteko aukera ere badago: arraste sareak, amuak... teknika bakoitza portu bakoitzaren espezializazioaren araberakoa da.
Euskal balearen hezurdura ikusgai.
Donostiako Aquarium Itsas Museoan sartu orduko euskal balearen hezurdura ikus dezakegu, eta berehala oriotarrek akabatutako azken balearen bertso famatu horiek datozkigu gogora. Baina ez, bertan ikus dezakegun hezurdura 1878. urtean akabatutako baleari dagokio.
Balearen arrantzak gure historiaren orrialdeetan istorio garrantzitsuak utzi ditu. Garrantzia horretaz ohartuko gara kostako zenbait herritako armarriak edo udal zigiluak aztertuta. Jarduera honi dagozkion lehen aipuak XI. mendekoak dira. Geroztik mendeetan zehar mugagabeko bale arrantza burutu zen, ia iraungi zen arte. Izan ere, Erdi Aroan, arrantza teknikak hobetzearekin batera, balearen populazioen gainbehera etorri zen. Gainera, migratzaile handi honek gure kostara etortzeari utzi zion. Aldentze horren arrazoiak ez daude oso argi, batzuek diote jasandako jazarpenaren eraginez izan zela, eta beste batzuen ustez, uren tenperatura aldaketak zerikusia izan zezakeen.
Balea osoa aprobetxatzen zuten, baina bereziki hain preziatua zen koipea lortzen zuten. Bizarrak berriz, kortseak, aterkiak eta erratzak egiteko erabiltzen ziren. Balearen haragia ere oso preziatua zen sukaldean. Hezurdura altzarigintzan erabiltzen zuten.
Balearen industriak aberastasun garrantzitsua zekarren eta horregatik, XVI. mendearen inguruan, hainbat euskal marinel Groenlandia eta Ternuarako espedizio luzeetan abiatu zen. Euskaldun ausart haiek arpoilari bikainak ziren. Ospea Europako iparraldeko ontzi jabeen belarrietaraino iritsi zen eta diru askoren truke kontratatzen zituzten euskaldunak. Kontu handiz prestatzen zituzten espedizio arriskutsu haiek, bidaia luzea egiteko ondo hornitutako itsasontziak zituzten. Zaildutako marinel eta arpoilariak ere ez ziren faltako. Udaberria igaro orduko abiatzen ziren eta iritsi ostean bertan kokalekua finkatzen zuten. Arrantzan hasi aurretik koipea lortzeko labeak prestatzen zituzten. Espreski bale arrantzarako eraikitako txalupak erabiltzen zituzten. Bidaia luze hauei esker aurkitu ziren lehen bakailao bankuak eta honela, balearen arrantzak bide eman zion bakailao arrantzari.
Aquariuma.
Nahiz eta guk Aquarium eta Itsas Museo moduan izendatu, egin diren berrikuntzek eta datozen proiektuek akuarioaren atala indartu nahi dute, ikusgarritasuna nabarmenduz. 5.000 arrain baino gehiago daude akuarioetan, hiru milioi litro urez horniturik.
Ozeanarioa, Donostiako Aquariumaren elementu garrantzitsuena da eta bere hedadura handiak itsas ekosistema ozeaniko baten erreplika egiteko aukera ematen du. Ozeanarioa zeharkatzen du 360 graduko tunelak eta bisitariari ozeano barruan dagoenaren sentsazioa ematen dio. Ozeanarioak marrazo espezierik ikusgarrienaren alboan egoteko aukera eskaintzen du. Marrazoen bazkalorduan han egokitzen bazara, hantxe topatu ahal izango dituzu urpekari ausartak marrazoei arrain zatiak emateko saiakerak egiten. Txuri eta Urdin marrazoek astean sei kilo inguru irensten dute; sei kilo txitxarro, berdel, muxar edo dorada. Moko finekoak dira gero! Manta arrain itzelak ere inguruan izango dituzte urpekariek ustekabean galdutako arrain zatiak irensteko prest. Bertan, marrazoenganako inolako beldurrik erakutsi gabe, itsas dortokak igerian ibiltzen dira lasaitasun osoz, jakiak jasotzeko txanda errespetatuz.
Marrazo, dortoka eta manta arrainen akuarioaz gain, badago akuario berezi bat non bisitariak espezie batzuk ukitzeko aukera duen. Ikusteko eta ukitzeko moduan dira itsas trikuak, itsas izarrak, korrokoiak, kabuxak, muxarrak...
Lore Agirrezabal
Juliana Serrano Frias Ekuadorretik Euskal Herrira etorri zen duela sei bat urte. Sukaldaritza ikastea zen bere asmoa, baina horrez gain, hizkuntza berri bat ere ikasi du eta kultura berri batean murgildu da. Fikzioa eta errealitatea batu egin ditu HABEk etorkinei zuzendutako euskara ikastaroa antolatzeko; liburuetako protagonista da Juliana Serrano Frias eta bere antzera Euskal Herrira iristen ari diren etorkinei euskara eta euskal gizartea ezagutaraziko die. Julianak irudikatzen dituen egoerak edozein etorkinek bizitakoak dira, eta horiei euskaraz aurre egiten laguntzea da pertsonaiaren egitekoa. Zarauzko Udal Euskaltegian ari dira etorkinentzat egindako ikas-material berria frogatzen atzerritarrez osatutako bi taldeetan. Izan ere, Zarauzko Udalak, lehenengo aldiz, 120 orduko euskara ikastaroa antolatu du herrian bizi diren etorkinentzat. Helburua etorkinek euskara ezagutzea eta euskal gizartean txertatzen laguntzea da, eta eskuragarriago izan zezaten, 10 euroren truke eta ordutegi malguekin eskaini zitzaien. Ekimenak harrera ezin hobea izan zuen eta, dagoeneko, euskara eta euskal kultura ezagutzen hasiak dira 18 ikasle. Haiei zuzendutako ikas-materialari Aise izena eman dio HABEk. Horrekin hitz-jokoa egin nahi izan du India eta Maroko artean hain arrunta eta erabilia den Aisa izena eta "aise" hitza batuz. Izenak dioen bezala, euskara eta euskal kultura erraz ezagutzeko aukera emango du bereziki etorkinentzat prestatutako material horrek.
HABEk eskatuta, Zarautzen euskara zerbitzuak eskaintzen dituen Planiker Zerbitzuak ari da sortzen Aise. Irailerako lau testu-liburu eta hiztegi bat argitaratuko dituzte. Baina bitartean, Zarauzko Udalak etorkinei zuzendutako euskara ikastaroan hasi dira frogatzen. Aise sortzen ari diren Belen Benitezek eta Ainhoa Gaintzak azaldu digutenez, hirurogei orduko harrera ikastaro bat egiteko materiala eskatu zien HABEk, eta zero urratsaren aurrekoa litzatekeen materiala da sortzen ari direna: "Helburua xumea da: modu errazean elkarrizketa funtzionalak edo lagunartekoak ulertzeko gaitasun minimo bat lortzea. Baina gehiago ikasteko eta komunitate batekin harremanetan jartzeko bidea zabaltzea da xede nagusia". Harrera ikastaro bat denez, esamoldeak, ohar gisako kartelak, idatzi xeheak eta abar ulertzeko gaitasuna lortzea da asmoa, eta nondik datozen kontuan hartuta, hemengo gauzak hizkuntzaren bidez lantzea ere bai. "Kontua da Euskal Herrira etorri eta errealitate batean murgiltzen ari direla guztiak, eta euskal gizartean txertatzeko euskara oso tresna erabilgarria dela", adierazi digu Benitezek. Beraz, etorkinentzat erabilgarriak izango diren gauzak ikasiko dituzte: gehien erabiltzen diren egiturak, maiz entzuten diren elkarrizketa laburrak..."Material hori osatzeko, lau testu-liburu eta hiztegi bat egin ditugu gehien erabiltzen diren hitzekin; hitzok gaika daude sailkatuta eta ikas-materialarekin lotura dute. Gainera, bost hizkuntzatan argitaratuko da hiztegia: ingelesez, frantsesez, arabieraz, berberez eta gaztelaniaz".
Ikastaro aberasgarria.
Hamazortzi ikaslez osatutako bi talde hasi dira Zarauzko Udal Euskaltegian Aiserekin euskara ikasten, eta talde bateko irakasleak, Itziar Landak, adierazi digunez, "oso gustura" dabiltza: "Hemengo kultura ezagutzea eta hemengo berri izatea da ikastaroaren helburua, baina materiala bereziki etorkinentzat dago prestatuta eta beren kulturak gehiago hartzen dira kontuan. Horrez gain, hemengo bizimodua, geografia, hizkuntzak, dialektoak gehiago lantzen ditugu beste edozein taldetan baino".
Ikasle gehienak Hego Amerikatik etorritakoak direla esan digu irakasleak, baina badira marokoar batzuk, ingeles bat eta pare bat madrildar ere. Ia denak berrogei urtetik beherakoak dira. "Oso jarrera oneko jendea daukagu", esan digu Itziar Landak. "Beste taldeekiko dagoen ezberdintasuna da hauei kultura aldetik ezaugarri gehiago irakasten diegula. Era berean, guretzat ere oso aberasgarria da ikasleek gauza berri asko erakusten digutelako. Irakasleontzat aukera berria eta interesgarria da, lanerako oso motibagarria jende desberdina dagoelako talde bakoitzean, oso kultura desberdinekoak dira eta horrek nola erakutsi pentsarazten digu uneoro. Gainera gogo handia dute ikasteko".
Planiker ez da hutsetik hasi Aise ikas-materiala sortzen, Katalunian ere egon dira gisa horretako esperientziak, eta horrez gain, lehendik edonork euskara ikasteko eginda dauden metodoak ere hartu dituzte kontuan. Hala ere, planteamentuari buelta asko eman dizkiotela esan digute Benitezek eta Gaintzak: "Inon ikusi ez dugun egitura sortu dugu; beste materialetan, helburu komunikatiboa izan arren, kulturarekin zerikusia zuten gauza batzuk albo batera uzten dira, guk haiek denak batera jartzeko eskema berri bat egin dugu".
Kaixo, agur, eskerrik asko, ez horregatik... Gehien erabiltzen diren esamoldeak, egiturak eta elkarrizketa laburrak irakastea da etorkinei zuzendutako ikastaroaren helburua. Horrez gain, informazio erabilgarria ematen ere saiatu dira materialaren egileak. "Eguneroko eginbeharrei nola erantzun jakin dezaten lortu nahi da, baina era berean, etorkinak bete behar dituen inprimakiak nola eskatu, nola erroldatu eta abar ere sartu dugu zeharka", azaldu digu Ainhoa Gaintzak. Kulturartekotasuna ere oso aintzat hartu dute eta gertutasuna lortu nahian kultura desberdinetako ohiturek ere beren tartea dute liburuetan, baina adibideak kontu handiz erabili dituztela esan digute: "Ez dakigu zein jatorritako ikasleak egongo diren eta kontu handiz eta begirunez ari gara adibideetarako aurreikuspenak egiten, ez dugu ohiko topikoetan erori nahi".
Irakasleak eta liburuen egileak oso gustura daude egiten ari diren lanarekin. Guztien iritziz, beharrezkoak dira material hori eta ikastaro horiek. Hala ere, etorkinak gure gizartean integratzeko euskal komunitateak haien ahalegina eskertzen ere ikasi behar duela uste dute. Ainhoa Gaintzaren iritziz, "jatorri desberdinetako jendeak euskara ikasi eta maitatu dezakeela, hori zilegi dela, eta aukera eman behar diegula ulertu behar du euskaldunak. Batzuetan iruditzen zaigu atzerritar bati euskara eskatzea gehiegizkoa dela, baina ez da egia eta gu geu gara horrelako faltsukeriatan erortzen garenak"
Ainara Gurrutxaga
Una cosa tengo que desirte, los de Aranguren tienen fama de hablar serrao", esan zion taxi gidariak baserri parera ailegatu zirenean. Juan Martinek, hemeretzi urtez asfalto hutsean hazi ondoren, «Josechu el vasco» bihurtuta itzuli nahi zuen uda hartan Donostiara eta horrexegatik Alkizako barnetegian izena eman eta Tolosa inguruko baserri batera apopilo joatea erabaki zuen. Aranguren baserrira. Taxitik jaitsi eta sukaldera familia agurtzera sartu bezain pronto konturatu zen, ordea, ez zuela bere helburua berehalakoan lortuko. "Munzj galitxrop", esan zion aitak, eta "Txurriasko xertujg", ondoren amak. Juan Martinek, badaezpada, "Berdin!", erantzun zuen, nahiko estututa. Egia zen bai: "serrao" hitz egiten zuten.
Gorringo taldeak, Anjel Alkain aktorearen gidaritzapean, Joxean Sagastizabalen "Kutsidazu bidea, Ixabel" eleberria eszenaratzea erabaki zuen euren lehen muntaia egiteko. Zazpi urtez Hankagorri taldearekin haurrentzako antzerkian jardun ostean, helduei zuzendutako zerbait sortzeko gogoa piztu zitzaien. Idazle eibartarraren testua oso egokia iruditu zitzaien euren xederako: "Umorea egitea, euskal literatura taularatzea eta euskara herrikoia erabiltzea dira gure taldearen helburuak, eta eleberriak hiru ezaugarriak bete-betean ukitzen ditu", dio antzezlanean hainbat pertsonaia gorpuzten dituen Anjel Alkainek.
Gorringo taldekoek Anartz Zuazuari eskatu zioten lana zuzentzeko, lehendik ere harekin harremana izan baitzuten, "haurrentzako ikuskizun bat zuzendu nien", dio Zuazuak, "baina hura ez zen denok nahi bezain ondo atera eta bai Anjeli eta bai niri zapore nahiko garratza gelditu zitzaigun. Horregatik, nolabait, horri buelta emateko, elkarrekin berriro lan egiteko gogoa genuen".
Nagore Aranburuk egin duen antzerkirako egokitzapena eleberriarekiko oso fidela da. Pertsonaia batzuk kendu egin dituzte, eta liburuan ageri ez diren pasarte batzuk ere sartu dituzte. Horretarako Sagastizabal beraren laguntza izan dute. Azkenean eleberriak berak duen freskotasuna taula gainean islatzea lortu dute, ikusleen gozamenerako.
Gertuko pertsonaiak.
Mikel Sarriegik jokatzen du Juan Martin protagonistaren rola eta, Ainere Tolosak Ixabelena. Iñaki Agirrezabal, Egoitz Lasa, Anjel Alkain eta Ixabel Agirresarobe aktoreek, berriz, Aranguren baserriko familia hezur-haragizko bilakatu dute. Aktore gehienek pertsonaia bat baino gehiago landu dute, guztiak ere euskaldunoi oso gertuko zaizkigunak: "Baina ez dut uste estereotipoetan erori garenik", dio Alkainek, "Euskal Herrian baserritar klase asko dago. Entseguetan bakoitza berea lantzen saiatu gara". Zuzendaria ere ados agertu da horretan: "Egin duguna da pertsonaiak limitera eraman, antzerkia egitea hori baita, azken batean".
Protagonistak lehen istantetik konplize bihurtzen ditu ikusleak. Jatorrizko testuan bezalaxe, publikoari zuzentzen zaio lan guztian zehar, laugarren horma apurtuz. Era berean, baserritarrek swahiliera hitz egiten dutenean ere, ikusleak, Juan Martinek bezala, ez du ia ezer ulertzen. Ikuslea ere euskaldun berriaren azalean sartzen da ikuskizunak iraun bitartean.
Antzezlana baserri giroan kokatuta dago, eta hortaz, eszenografiak, eszenaren arabera, baserriko ukuilua, sukaldea, logela edo soroa irudikatzeko balio du. Batez ere argiztapenaren eta irudimenaren esku uzten da kokatze lan hori. Baserritik Alkizarako mendi bideak irudikatzen dituen maketa berde bat da dekoratuaren elementu bakarra. Eszenografia izan da, hain justu, prestaketa guztian arazo gehien sortu duena: "Nik orain arte eszenografo valentziar batekin egin izan dut lan. Baja hartu zuen, ordea, eta nora jo ez nekiela gelditu nintzen. Buelta asko emanda Anjelek ezagutzen zuen arkitektoen estudio batera joan eta bertan eskatu genuen eszenografia. Eta ez nuen nahi nuena berehalakoan lortu", dio Zuazuak. Azkenean, estreinaldirako, astebete gelditzen zela, talde guztiak hartu behar izan zuen parte eszenografiaren muntaian: "Egia esan, nahiz eta hasieratik okertu, esperientzia baikorra izan da azkenean. Taldeak elkarrekin egin baitu lan dena aurrera ateratzeko".
Barrea helburu.
Aitor Furundarenak espresuki antzezlan honetarako musika sortu izana ere luxu bat izan da taldeko kideentzat: "Niri Aitor oso tipo positiboa iruditzen zait", gaineratu du Alkainek, "umoretsua da eta soluzioak etengabe ematen dituena". Hala, antzezlanari erritmoa ematen laguntzen duten estilo anitzeko doinuak sortu ditu musikariak, horretarako euskal musika tresnak erabiliaz.
"Kutsidazu bidea, Ixabel" Euskal Herriko txoko askotan ikusteko parada izango da hemendik aurrera. Herri txikietara ailegatu asmoz, frontoietan eta halako lekuetan ere eskainiko dituzte emanaldiak.
Nahiz eta pertsonaiek erabiltzen duten hizkuntza Tolosa aldekoa izan, taldekoek ez dute uste edozein muturreko euskaldunak istorioa ulertzeko arazorik izango duenik: "Gipuzkera eta euskara batua ez dira hain ezberdinak. Bestela ere, saiatuko gara lekuaren arabera pittin bat hizkuntza egokitzen".
Komedia honen bidez antzerkira aspaldi joan ez den jendea ere erakarri nahi du Gorringo taldeak. Anartz Zuazuak garbi du zein den ikuskizunaren betebehar nagusia: "Batez ere dibertimendurako sortutako lana da"
Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre
Hogeita sei bertsolarik hartu du parte aurtengo Nafarroako eta Iparraldeko Txapelketan. Nafarroako hogeik, eta Iparraldeko seik. Aurten bigarren aldiz, liga jokatu zuten Nafarroako 20 bertsolarietatik Txapelketara zein 12 joango ziren erabakitzeko. Fitxaketa berriak ikusi dira bertan. Bi gazte eskolarteko mailatik nagusira pasatu dira, eta beste pare bat, etxean bere kasa ikasitakoak, oholtzara atera dira.
LIGAN, KIROLTASUNA NAGUSI.
Afalosteko giroan jokatu da liga. Kafearekin batera, libreko saioarekin ematen zitzaion hasiera, afaria girotzeko. Eta ondoren hasten zuten saio puntuagarria. Joxema Leitza antolatzaileak kontatzen duenez, «afari askotan, saio puntuagarria bukatu ostean ere, ordubetez luzatu dira bertsolariak kantuan, sekulako giroa sortu baita».
Erabat herrikoia izan da liga. Ez dute saioen berri zabaldu, eta horrela, herriko jendea da bildu dutena. Zaharrak, gazteak, denetik. Bertsolariek presiorik gabe kantatzeko aukera izan dute, beraz.
BERTSOAREKIN EUSKARA ZABALTZEN.
Nafarroako herri denetan izan duen harrerak ezusteko polita eman die antolatzaileei: «Gutunak bidali genituen herri gehienetara, 15 saio antolatzeko. Oso aldeko jarrera jaso dugu, eta 15 herri horiez gain, beste 6-7 herri eskaera egin, baina saiorik gabe geratu dira», dio Leitzak.
Dagoeneko bertsozale diren lurretatik haratago iritsi nahi izan dute ligarekin. Horregatik jo dute hegoalderago. Tuterara, esaterako: «Tuteran 65 lagun inguru bildu ziren. Urtean zehar euskarazko oso ekitaldi gutxi dituzten jende horiei, kultur eskaintza bat ematen die Txapelketak. Herri horietan bertsolariak ateratzea ez da hain erraza, baina euskararekin duten harremana sendotzen dugu», azpimarratzen du Leitzak.
ELKARLANA.
Txapelketaren bidez bertsolaritzaren inguruan mugitzen den jendea lanean jarri dute. Horrela lortu dute antolakuntza sendotzea. Fin aritu da bakoitza bere lanean. Gai-jartzaile taldea astero-astero bildu da, eta ligatik finala bitarteko gai denak eurek jarri dituzte. Joxema Leitza bera Txapelketarako sailkatuta zegoen arren, muzin egin dio aukera horri, antolakuntzaren alde egiteko: «Gustura egin dut bertsotan. Baina Txapelketa aurreko bi asteak eromena izaten dira. Ez nengoen ziur bertsotan nola erantzungo nuen, eta nahiago izan dut antolaketari bakarrik heltzea».
BALORAZIOA.
Bertsolariei trebatzeko aukera ematen die Txapelketak. Ordainetan, gustura dago Leitza: «Bertso maila beste urteetan baino altuagoa izan da», dio. Inoiz baino jende gehiagok jarraitu du Txapelketa. Horretan eragina izan du bertsolarien mailak eta bertso ligan herrietako jendearekin sortutako harremanak