Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-16 16:48:12
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2003-04-13 -- 1895.zenb

- Xabier Oleaga, «Egunkaria» auzia medio preso dagoen kazetariak «Deia»n Espainiako agintarien jarreraz eta euskal politikan dagoen erantzun ahalmen eskasaz: «Sarritan kostu eta kontsentsu handiz zoru demokratikoa, euskaltzalea, abertzalea... finkatzeko egindako ahalegin guztia haiek kiskaltzen duten bitartean, gainerakook ulergaitza den geldikortasunak jota bide gaude. Eta batek daki ez ote gabiltzan borrokan oharkabean atzera eginez, txikituak, desantolatuak, sakabanatuak, ilegalizatuak. Uste dut Pello Zubiriak hitz gutxitan esan zuela bere ongi etorrian (besarkada handi bat, Pello): æEdo zerbait egiten dugu eta oinarrizko edudi batzuetan ados jartzen gara, edo jango gaituzteÆ».
- Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak «El Correo»n Batunaren ilegalizazioak hauteskundeei begira ekarri dezakeenaz: «Baldin eta legezko bideetatik egiten bada, abstentzioa eskatzea zilegi eta demokratikoa da, nahiz eta kaltetu nagusia Aralar izango den. Onartuko ez duguna da, beldurra edo deslegitimazioa medio, hori beste aukera politiko batzuen aurkakoa bihurtzea».

Inaxio Agirre tolosarra eta euskaltzale ezaguna izango da Gipuzkoako Diputazioan ahaldun nagusi izateko AuBren hautagaia. Beste hiru hautes barrutietako hautagaiak honakodak dira: Mireia Unamuno Antzuolako alkatea, Juan Karlos Alduntzin zinegotzi pasaiarra eta Joxan Alustiza Biltzar Nagusiko batzarkidea.

Koldo Kareaga euskal presoa aske utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak honek duen gaitz larria dela medio. Duela aste batzuk hezurrei eragiten dien tumore prozesua aurkitu zioten 22 urte espetxean pasatu dituen preso dabatarrari.

Gorka Torre izango da Iparraldeko Hizkuntz Kontseiluko idazkari nagusia orain arte postu horretan aritu izan den Eguzki Urteaga ordezkatuz. Izendapena Hizkuntz Kontseiluko Administrazio Kontseiluak erabaki du eta erakundeko lehendakari den Erramun Baxocen dimisioa ekarri du. Torre demoen mugimendua aritzeagatik da ezaguna.

Jakoba Errekondo

Bizitzeko beste landare batzuen izerdia zurrupatu beste aukerarik ez duen Orobanche generoko landare jendearen lore zuztar dotoreek urteoro begiak kentzen dizkidate. Landare hauetako espezie bakoitza beste landare jakin baten bizkar bizi da: huntza, hirusta, gisatsa, otea, ezkaia...

Orobanche izena grekotik dator: ôrôbôs, zalke ala ilar-latz edo askol mota bat eta anche, itoaz hiltzen duena. Garai batean egun baino gehiago landu izan ziren lekadun hauen landareak itoko zituen eta handik sortuko zuten berarentzako izena.
Iruñean erabiltzen omen zen askola izena arabieratik ote datorren susmoa azaltzen du Lakoizketa botanikariak XIX. mendean. Orobanche-aren pagotxa den landare hau Lathyrus sativus da. Botanikari honek txabotxa edo pautxa bezala jaso zuen pagotxa bera ere nondik datorkigu? Irigaraik ere Nafarroan jaso zuen "baboxa"tik, gaztelerazko "fabucha"tik, Azkuek jaso zuen okzitanierako proventzera dialektoko "farouch"etik, ala nondik? Finean, landareak, hizkuntzak eta gu geu denak denon bizkarroi...
JAKOBA ERREKONDO

Jabier Agirre

Euskal Herriko Unibertsitatean egindako ikerketa batek agerian utzi duenez, minbiziak jota dauden haurren %85ak ahoan eta hortz-haginetan hainbat patologia izaten ditu, minbiziaren kontra jasotzen duten tratamenduaren ondorioz. Baina konplikazio horietako asko ahoko higiene egokiarekin desagertuko lirateke, egunero-egunero hortzak fluorrarekin eskuilatuz adibidez, eta aldian behin dentistarengana joanez.

Ikerketa hori Miren Alpont odontologoaren tesia izan da, eta lan horretan Gurutzetako ospitaleko haurren Onkologia zerbitzuak eta EHUko Estomatologia sailak ere hartu dute parte. Ikerketa horren emaitzak ikusita Osakidetzak bi protokolo landu eta jarri ditu martxan, aho-hortzetako prebentzioa ume onkologikoetan modurik eraginkorrenean egiteko.
Alpont doktoreak esan zuenez, tratamendu onkologikoa oso agresiboa da eta epe labur eta luzera konplikazioak dakartza umeetan. Horrela, kimioterapia edo erradioterapiarekin tratatzen dituzten umeen %71,5ak hortzoietako inflamazioak edukitzen ditu (gingibitisak), edo txantxarra, edo sustraietako malformazioak edo baita hortzen egitura alterazioak ere.
Protokolo bat gaixorik dauden ume horien familietara dago zuzendua. Bertan higiene neurriak gomendatzen dira: egunean bitan gutxienez hortz-haginak fluorrarekin eskuilatzea, eta dentistarengana joatea, eta gozoki gutxiago jatea (eta edatea). Bigarren protokoloa profesionalei dago zuzendua. Eta bertan haur horietan minbiziaren kontrako tratamendua (kimioterapia eta erradioterapia batez ere) nola aplikatu behar den adierazten da


AuB 50.000 SINADURAREN BILA

AuB-K ez du arazorik izango 50.000 sinadura egun gutxi batzutan lortzeko. Hori bakarrik babes sozial oso garrantzitsuaren adierazle da eta, gaur egun, zatitua ageri den ezker abertzalearen bilgune handiena izaten jarraitzen duela. Hori guztia, gainera, jakinik oso posible dela, posibleena, lurralde hautes barrutietan aurkezterakoan, AuBren zerrendak baliogabetuak izan daitezkeela. EAJ-EA ez dira ados egoera horrekin, baina hauteskunde hauei begira ez bide dute irtenbiderik ikusten eta, egoera den bezalakoa izanda, ez litzateke harrigarria ezker abertzaleko bozkaren ehuneko bat xurgatzea. Aralarri, aldiz, ez dirudi egoerak batere onik egingo dionik, batez ere ezker abertzaleko herrietako plataforma ugari legez kanpo geratzen bada.


SINDIKATUEN EKIMENA BERRIZ

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU eta ELBk aniztasun politikoa eta herritarrek bizitza politikoan parte hartzeko duten eskubidea azpimarratu dute agiri bateratu baten bidez. Batasunaren aipamen zehatza egiten dute, baina euren helburu orokorra gatazkari irtenbide bat ematea dela azpimarratzen dute. Beren ustez, «arazoa konpontzeko modua ez da gizartearen atal batzuk adierazpide politikorik gabe uztea, ez eta herritar edo taldeen aurka jotzea ere, hauen parte-hartze politikoa mugatu edo galarazte aldera. Aitzitik, uste dugu herritar guztiei -salbuespenik gabe- bermatu behar zaizkiela ordezkaritza eta parte-hartze politikorako eskubideak».


EGUNKARIA AUZIA NBE-RA

NAZIO Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak jadanik jaso du «Egunkaria»ren itxieraren berri eta datozen egun edo asteotan auziari buruzko azalpenak eskatuko dizkio Espainiari. Azalpenak ematen dituen estatua ez dago beste ezertara behartua eta auzia hor geratuko da seguruenik, baina gutxienez gaiaren ezagutzak beste urrats bat emango du nazioarteko erakundeetan. Asko dira kezka agertu dutenak nazioarte mailako erakundeetan «Egunkaria»ren itxierak izan duen zabalkunde txikiaz eta, besteak beste, hori dela eta EBLUL Europako Hizkuntza Gutxituen Bulegoko idazkari nagusi Markus Warasinek gutun bat igorri zion NBEk Genevan duen Giza Eskubideen Batzordeari.


CESID-EKO MANGLANO ETA CALDERON ZIGORTUAK

EMILIO Alonso Manglano eta Javier Calderon Cesideko zuzendariei hiru urteko espetxe zigorra ezarri die Arabako Auzitegi Nagusiak HBko Gasteizko egoitzan egindako legez kanpoko entzuketen auziagatik. Mario Cantero eta Francisco Bujan Cesideko kide eta guardia zibilei, aldiz, bi urte eta erdiko zigorra jarri zaie entzuketaren egile zuzenak izanagatik. Auzitegiaren ustez, Manglanok entzuketak egiteko material guztia jarri zuen guardia zibilen esku eta Calderonek, entzuketan egiten ari ziren garaian Cesideko zuzendari izendatua, bazuen entzuketen berri. Auzitegiak, halaber, Estatuari egotzi dio erantzukizun zibila eta salaketa jarri zuten hiru pertsonetako bakoitzari sei mila euroko kalteordaina ordaintzera zigortu du.


AZNARREN AGINDUA LAKUARI

JOSE MARIA Aznarrek berea esan du: Auzitegi Gorenaren epaia bete egin behar da eta Batasunaren herriko tabernak itxi egin behar dira; hori Auzitegiaren agindu bat da eta instituzio guztiek bete behar dute, baita euskal instituzioek ere. Aznarrek pilota berriz jarri du Jaurlaritzaren teilatuan.


ILUSIOA ETA DESILUSIOA

Egia da Rafa Larreina eta Arnaldo Otegiren arteko proposamen trukatzeak ilusio handia sortu duela jende askorengan. Ez da berria abertzaleen arteko elkarlana ilusio iturri dela; alderantzizko egoera, akordio eza, etsipen iturri den gisan. Arrazoiak eta argudioak era batekoak edo bestelakoak izan, argi ibili beharko lukete alderdi eta politikariek herritarren ilusioarekin jolasean aritzeko. Herritar abertzaleen artean bederen, gero eta gehiago zabaltzen ari da Madrilen jarduera erasokorraren aurkako jarrera; baina baita honen aurrean erantzun bateratu, arrazional eta eraginkorra gauzatzeko gai ez den mugimendu abertzale eta aurrerakoiaren ezintasuna.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan