Operaren Lagunen Bilboko elkarteak «Zigor» opera eskaini zuen apirilaren 5ean, elkartearen 50. urteurrena ospatzeko. Euskaraz operaz gozatzeko aukera gutxi izaten da eskertzen da OLBEren ahalegina. «Zigor» Bilboko Albia koliseoan estreinatu zen euskaraz 1967an.
KULTURARI AZTERKETA
Kultura ere aztertu daitekeela frogatu du Kursaal Fundazioak, Convention Bureauk, Musika Hamabostaldiak, Jazzaldiak eta Zinema Jaialdiak eskatuta Ikei kontsultorak eginiko ikerketak. Horren ondorioz jakin dugu 2002an Gipuzkoan egin ziren kongresu eta jaialdiek 44,9 milioi euro utzi dituztela. Halaber, eginiko ikerketak ondorioztatu du kongresu eta jaialdiek urte osoko 906 lanpostu sortu zituztela Donostian. Era berean, Donostiako Udalak erabaki du hirian kulturak bizi duen egoera ikertzea. San Telmo, Antzoki Zaharra edota Kultur Etxeen eskaintzak eta dituzten eskakizunak ikertzea da helburua. Ikerketari esker datozen urteetan hirian egingo diren proiektuak modu zehatz batean finkatu ahal izango dira.
NAZIOARTEKO GITARRA JAIALDIA
HONDARRIBIKO I.go Nazioarteko Gitarra Jaialdia burutuko da hil honen 30ean hasi eta maiatzaren 4a bitartean. Jaialdia Musica et Vinumek antolatu du eta musika eta sukaldaritza bateratuko ditu. Italia, Brasil, AEB edota Errusiatik etorritako gitarra joleek parte hartuko dute. Kontzertuak Koldo Mitxelena Kulturunean eta Hondarribiko Roteta jatetxean egingo dira.
EUSKAL MANTAREN TOP-A
TOP Manta azkenaldian modan jarri den fenomenoetako bat da. Pirateriak jarri du modan. Izan ere, manta horietan saltzen diren disko pirateatuei egiten die erreferentzia. Bitxia da «UK» aldizkariak argitaratu berri duen alean egin duen ikerketatxoa. Izan ere, orain gutxi ia ez zegoen euskarazko diskorik horrelakoetan. Orain ordea, saltzaile klandestinoek euren salmenta produktuen artean jarri dituzte. Eta hain zuzen ere, salduenen zerrendan daudenak dira gehien ageri direnak mantetan. Mikel Urdangarin, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Betizu, Gatibu, Betagarri, Xabier Montoia, EH Sukarra eta beste hainbat daude Top Manta euskaldunaren goi postuetan. Albistea talde eta bakarlari horientzat pozgarria den edo ez, beste kontu bat da.
DANTZAREN EGUNA
APIRILAREN 29a Dantzaren Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkarteak Dantzaren Hilabetea antolatu du. Azken zazpi urteetan egin duen bezala. Aurten ordea, badu berrikuntza bat. Izan ere, lehenengo aldiz Dantzaren Sariak emango dira Dantzaren egunean Donostiako Udaletxean. Sari hauekin pertsonek eta erakundeek dantzaren alde eginiko lana nabarmendu nahi dute. Horrez gain, urtero moduan, hilaren 13an, Tolosan Jaialdia egingo da euskal dantzarien partaidetzarekin.
EMAKUMEA ETA KANTUA
HAMALAUGARREN ekitaldia du aurten Xiru jaialdiak. Orain hamahiru urte sortu zen Gotainen, eta aurten Zuberoako beste hainbat herritara zabalduko da. Hilaren 12, 13 eta 14an zehar, Gotainen, Maulen eta Atharratzen egingo da hainbat ekitaldi. Gai nagusi baten ingurukoak izango dira denak ere: emakumeak eta kantua. Izan ere, azken urte hauetan neska gazteen talde ugari sortu dira Zuberoan. Horrez gain, urtero legez, aurtengo ekitaldiak nazioartean egiten dena eta lekuko sorkuntzaren arteko elkar trukaketa du helburu.
KALEKO ARTEA
GERO eta nabarmenagoa da kalean eskulturak kokatzeko joera. Azken adibidea, joan den astean Guggenheim Bilbao Museoa eta Euskalduna Jauregia elkartzen dituen Memoriaren Pasealekua. Bertan, 800 metroko luzeran, bost eskultura jarri dituzte: Eduardo Chillidaren Begirari IV; Markus Lüpertzen Judith; William Tucker-en Maia; Ulrich Rückriem-en granitozko hamaika pieza; Angel Garrazaren Sitios y lugares; eta Jose Zugastiren A la deriva. Guztiak kaleko galerian dira ikusgai.
AHATE ITSUSIA LAU HIZKUNTZATAN
IBBY haur eta gazte literaturaren aldeko nazioarteko elkartearen Espainiako elkartea da OEPLI. Joan den apirilaren 2an burutu zen Haur Liburuaren Nazioarteko Egunean zozketa bat egin zen. Zozketa horretan irabazle suertatzen diren idazle eta ilustratzaileak egin beharko dute OEPLIk datorren urtean kaleratuko duen «Ahate itsusia» ipuinaren euskarazko atala. Izan ere, liburuak ipuinaren bertsio berriak bilduko ditu euskaraz, galizieraz, katalanez eta gaztelaniaz.
- Hasier Etxeberriak honakoa zioen «Egunero»n: «Literatura aski geza egiten ari garela iruditzen zait, ezusteari, aurkikuntzari behar adina lekurik egiten ez diona».
- Unai Elorriagak zera esan zuen «UK» aldizkarian: «Literaturak obsesionatzen nauelako idazten dut».
- Haritz Zubillaga zinemagilearen aburuz, «beharrezkoa da legegileek, erakundeek eta ETBk errealizadore berriak inbertsioan, finantzazioan eta zabalkundean sustengatzea». Hitzok «Gara» egunkarian egindako elkarrizketan esan zituen.
- Amets Arzallusen hitzak dira hauek «Gara»n adieraziak: «Urtero txapelketa egiteak nekatu egin zaitzake».
- Kepa Junkerak honakoa adierazi zuen musikaren zabalkundeari buruz «Zabalik»en: «Azken fnean disko batek, berak bakarrik, ez du bide luzerik, emanaldiak eskaini behar dituzu eta ezagutu egin behar zaituzte, jendeak interesa eduki dezan zuk proposatzen diezun proiektu horretan».
Barakaldoko Ibaibe ikastetxeko eta Alkartu ikastolako gurasoen elkarteek herriko B eta D ereduko zentroetan lanean ari diren bedelek euskara ez dakitela salatu dute. Bedelen aukeraketaz Udala arduratzen da eta langileei dagokien perfila exijitzeko eskatu diote gurasoek.
Elias Kerejetak ekoiztutako zazpi film eskaini ziren lehengo astean Donostian. Atzerabegirako honek belaunaldi berriek ekoizlea ezagutu dezaten eta ezagutzen dutenek bere ibilaldia berrikusi dezaten balio izan du.
Eduardo Urculo margolari eta eskultore santurtziarra hil zen lehengo astean Madrilen bihotzeko baten ondorioz.
Anne Igartiburuk hilaren 25ean estreinatuko den Manuel Rivas galiziar idazlearen nobelan oinarritutako «El lápiz del carpintero» filman parte hartzen du. Izarne mojaren rola jokatzen du bertan, hain zuzen.
Zein? taldeak bere lehen diskoa argitaratuko du maiatzean Metaken eskutik. Taldea Ama Say taldearen errautsetatik sortua da.
Jokin Muńozek «Bizia lo» izeneko ipuin bilduma plazaratu berri du Alberdania argitaletxearen eskutik.
Deabru Beltzak antzerki taldeak munduan zehar bira bat egingo du «Lestambours de feu» ikuskizunarekin. Apirilean hasi eta abendura arte ehun bat emanaldi eskainiko ditu jaialdi eta ferietan.
Joxemari Carrerek «Aizu!» aldizkarian eginiko adierazpenak dira hauek:
« (...) Bertsolariek eutsi diote (ahozkotasunari), eta ez oso fama onarekin, gainera. Garai batean taberna-zuloetan ibiltzen ziren alprojak ziren bertsolariak. Gaur egun hori aldatu egin da; bertsolaritza artea da orain, baina kontalaritzak ez du halako errekonozimendurik lortu oraindik. Jende askorentzat ahozkotasuna ez da kultura; kultura da irakurtzen eta idazten jakitea, eta kontalaritzak ez du interes handirik piztu izan, analfabetoen edo eskolatu gabekoen gauza zelako. (...)
Sasikume asko dago Euskal Herrian kultura zuzentzen. Problema da kontuak egiten direla antzerkiarekin: zenbat publiko eta abar, baina ez dago antzerki kulturarik. Antzerkia programatzaileen eta instituzioen eskuetan dago, eta instituzio horiei bost axola zaie antzerkia. Ahalik eta jende gehien biltzea, horixe da irizpide bakarra. Eta horrela dago antzerkia. Itxuraz bai, bada, baina gero ez dago. Antzerki amateurra, esate baterako, non dago? (...)
Zoritxarrez, euskarak militantzia behar du oraindik. Euskaldun gara hala erabakitzen dugulako. (...) Euskaldun izateak eskatzen du kontzientzia handia, eta oso kondizio kaskarretan eta diru gutxiren truke lan egitea (...)».
EUSKALTEL EUSKALDUNTZEKO
Urtebeteko hizkuntz aholkularitzako hitzarmena sinatu dute Euskaltel operadoreak eta Elhuyar Fundazioak. Elhuyarrek itzulpen teknikoak egiten lagunduko dio Euskalteli eta terminologia finkatzeko eta egokitzeko aholkularitza eskainiko dio. Azkenik, Telekomunikazio Hiztegia osatuko du.
ASPALDIKO IRAKASLEENTZAT LAGUNTZAK
Ikastolak legez normalizatu aurretik EAEko ikastoletan irakasle ibili ziren irakasleentzako 1,8 milioi euroko diru saila bideratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak. Hala, ikastoletan 1867-68ko ikaskurtera arte irakasle aritu zirela egiaztatzen duten irakasleek izango dute dirua jasotzeko aukera. Duela 10 urte hasi zen andereńo talde bat ikastolak legeztatu aurretik egindako lanaren ordaina eskatzen.
NAFARROAKO GOBERNUAREN PLANAK
Nafarroako Gobernuak ingelesa duten bi hezkuntza eredu berri sartu nahi ditu hezkuntza sisteman: I eta J ereduak. Bi ereduotan ingelesez eta gaztelaniaz emango lituzkete irakasgaiak eta J ereduak euskara irakasgai gisa ere izango luke. Dekretuaren zirriborroa idatzita du jada Hezkuntza Departamentuak eta Eskola Kontseiluari bidali dio, oniritzia eman dezan. Haren iritzia aldekoa izatea ez da beharrezkoa, baina dekretuan agertu behar luke haren iritziak.
HIZKUNTZARI BURUZKO BESTE GUNE BAT
Azpeitiko Euskara Patronatuak www.erabili.com web gunea sareratu du. Hiru atal nagusi ditu: euskarari buruzko albisteen «Berri Berriak», «Iritzi-muinetik» iritzi bilgunea eta «Galdezka» galde-erantzun bidezko atala. Bestalde, hainbat tresna jarri du eskuragarri: hiztegiak, testu bildumak, bilatzaileen estekak...