SEI HILABETE BETE DITU LEHENDAKARIAREN PROPOSAMENAK
Joxemari Agirre
Aste honetan bete ditu sei hilabete Ibarretxe lehendakariak, Eusko Legebiltzarrean, ezagutzera eman zuen proposamenak, bakerako eta normalkuntzarako proposamenak. Indarkeriaren, bazterkeriaren eta agintekeriaren tunel beltzetik irteteko, iraganera garamatzan bidea alde batera utzi eta aurrera begira burututako egitasmo bezala aurkeztu zuen lehendakariak bere proposamena. Gainera, eta hala zioen lehendakariak proposamenaren sarreran, konponbide eta irtenbideen egarriz dago euskal gizartea, proposamen eta alternatiba zain dago, indarkeriaren zama eta alderdi politiko batzuen ezetz sistematikoa gainditu nahian. Konponbideak nahi ditu euskal gizarteak, aurrera begiratu nahi du herriak, lehenari uko egin gabe, noski, baina aurrera egin nahi du eta zurrunbilo noragabe honetatik atera.
Orduan bezala gaur ere, nahiz eta sei hilabete pasatu diren, egoera berdintsuan aurkitzen garela esan daiteke, edota gaiztotu egin dela esateko arrazoiak ere atzeman daitezke. «Euskaldunon Egunkaria» ixtea eta Batasunaren ilegalizazioa, besteak beste, giroa zapuztu eta aldrebestearen lekuko. Abertzaletasun izpirik sumatzen zaion guztia susmagarri egiterainoko erasoa antolatu dute indarkeriaren aitzakian, abertzaletasun kutsua duen ororen aurka dena baleko izango balitz bezala.
EGOERA larri eta erasotzaile honen aitzinean entzun dira ahotsak, han eta hemen, Euskal Herriaren nortasuna eta euskal hiritarren borondatea errespetatzen dutenen artean, politika bide bateratu bat, gutxieneko baldintzetan oinarritutako estrategia komun bat adosteko eta gauzatzeko. Bestela gureak egin du edo Euskal Herriak jai du, zioten ahots horietako batzuek. Kanpoko erasoek gutxi edo gehiago bateratzen gaituzte, erreakzio gaitasun hori gordetzen dugu, baina hori bakarrik ez da nahikoa, planteamendu propio eta iraunkor bat beharrezkoa zaigu aurrera egin nahi badugu.
Eta nire ustez, planteamendu propio eta eraginkor bat egiteko garaian, lehen baino are gaurkotasun eta eduki gehiago hartzen du lehendakariaren proposamenak. Dagoeneko erreferente bihurtu delako gure gizartearentzat eta, bestalde, ekarpen berriak, iritzi gehigarriak jasotzeko egina dagoelako. Tamalez errazagoa da, nonbait, proposamenaren edukia puntuz puntu aztertu eta hobetu ordez, osotasunean deskalifikatzea, erokeria bat edo iruzur bat dela esanaz, ezetzaren pulpitu batetik edo bestetik. Edozein proposamenaren antzera, Ibarretxe lehendakariarena ere eztabaidagarria eta osagarria da, baina ez litzateke egokia eta zuzena goitik behera, oso-osorik arbuiatzea.
LEHENDAKARIAREN proposamena bi habe nagusitan oinarritzen da eta horien gainean eraikitzen da. Lehenengo, Euskal Herriaren nortasun propioa hartzen du abiapuntutzat eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereak osatzen dutela aitortzen, gaur egun hiru eremu juridiko-administratiboetan eta bi estatutan zatiturik badaude ere. Beraz herri baten errekonozimendua, Euskal Herriarena, jartzen du oinarri. Bigarrena, bere etorkizuna aukeratzeko eta erabakitzeko eskubidea duela, hau da, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko garaian galdetua, kontsultatua izateko eskubidea duela esan nahi du. Eta bi zimentarri hauen gainean garatzen da «Atxikimendu libreko statusa», Euskal Autonomia Erkidegoko bilakaera eta ezaugarriak zehazten dituena.
Azken bolada honetako erasoak ikusi ondoren, badirudi lehendakariaren proposamena blokeatzen eta betoak jartzen saiatuko direla konstituzioa eta estatutua fetitxe bihurtu nahi dituztenek, baina orduan, berak adierazi berri duen bezala, herri kontsultaren bidea erabili beharko du zuzenean. Eta gerta daiteke proposamenaren zilegitasuna, herriak eman diezaiokeena, legezkotasunaren aurretik etortzea. Orduan, gutxienez, erreferente bikain bat izango dugu etxerako eta kredentzial ezin hobeago bat kanporako. Baina hiritarren hitza etxekoek, bertakoek errespetatu beharko dugu lehendabizi, kanpokoen errespetua eskatu eta irabazi nahi badugu
*Jose Mari Agirre Udalbiltzaren zuzendaritzako kidea da.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.