2003-04-06 -- 1894.zenb
50eko hamarkadako langile bizitza eta giroa erakutsiko dizkigun ibilbide hau 15 puntu interesgarriz osatuta dago, herrian barna 50 minututako txango lasaia oinez egiteko modukoa eskainiz, puntu bakoitzaren azalpenak espreski prestatutako paneletan jarraitzen ditugun bitartean.
Ibilaldia Azpiko-Etxean abiatzen da, lehengo paper fabrika eta Legazpiko industrializazioaren hasieraren adibide gisa har daitekeena. XIX. mendeko paper, zemento edo teilen fabrika hauek aurreko burdinolen eta XX. mendeko fabrika handien tarteko espazioa bete zuten.
Urola kaletik jarraituz Echeverria-Aguirre etxearen aurretik pasako gara, Patricio Echeverria bizi zen etxea, 1924an eraiki zena.
Metro batzuk aurrerago Economatoarekin topo egingo dugu, 1939an irekitakoa. Bertan etxeko andreek ilara luzeak egiten zituzten eguneroko elikagaiak berreskuratzeko kartillen bidez. Zigilua eraman zuen azkeneko kartilla 1991koa da.
Economatoaren ondoan Etxe-Alai dago, 1922an eraikita kanpotik etorritako langileei aterpea emateko.
Hurrengo puntua fabrika bera da, Patricio Echeverria S.A., 1908an fundatua eta edozein lanbidetarako tresnak egiten zituena. 1931. urtean bere altzairu propioa ekoizten hasi zen, tresnen ekoizle integrala bilakatuz. Barruak Fritz Langen «Metropolis» filman irudikatutako paisaia ematen zuen, hiri handi bat bezala, tren batek zeharkatutako kaleekin, autobusen barne zerbitzuekin eta bizikleta horiz gora eta behera zebiltzan langileekin.
Lanaren hiribidetik gora Santa Krutz pentsioa topatuko dugu, langile ezkongabeei aterpe emateko sortutakoa. Gehiago igoz, langileen auzoetara iritsiko gara, 20ko eta 40ko hamarkada bitartean Legazpira iritsi ziren langileen familiei etxebizitza emateko xedez eraiki zirenak. Garai hartan Legazpiko populazioa % 48 inguruan igo zen. San Inazio auzoan langileen etxebizitza bat barrutik ezagutzeko parada izango dugu, 50eko hamarkadako dekorazio guztiarekin: sukaldea, apopiloen gela, komuna eta abar.
San Inazio auzotik apur bat gorago Santa Teresa de Jesus ikastetxea dago, enpresak berak sortutakoa. Jaitsiera hasiz eta San Inazio kaletik, Kaperauaren etxera iritsiko gara. Zonalde honetan bilduta ibilaldiko beste eraikin batzuk badaude, Mediku kontsultategia adibidez, Patricio Echeverriak eraikitako izaera soziala zuen lehenengo zerbitzua. Kalearen bestaldean Ostatua dago, fabrika bisitatzen zuten kanpoko pertsonalitateentzat hotel partikular bezala asmatua. Santa Krutz kaletik segituz, Kapera aurkituko dugu, honen jarraian Buen Pastor ikastetxea eta azkenik Legazpi herria bera, hemen eliza, udala eta Bikuña jauregi ederrarekin. Jauregia XVII. mendeko oinplano karratuko oinetxea da. Zurezko galeria bikaina dauka aldeetako batean eta gainontzekoa harrizkoa eta adreiluzkoa da. Bertan, bikuñatarren leinu ospetsua bizi zen.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa