Iņigo Txintxurreta2003-04-06 |
Legazpiko mendietan gentilen lekukotasuna aurki dezakegu, Neolitikoko eta Brontze Garaiko tumulu eta trikuharrien bidez, baita gentiletxe edo gentilola izena duten Erdi Aroko eraikuntzen bidez ere, zeren jakina denez, soilik gentilek zekiten burdina lantzeko teknikaren sekretua.
Beste Jarduerak
50eko hamarkadako langile bizitza eta giroa erakutsiko dizkigun ibilbide hau 15 puntu interesgarriz osatuta dago, herrian barna 50 minututako txango lasaia oinez egiteko modukoa eskainiz, puntu bakoitzaren azalpenak espreski prestatutako paneletan jarraitzen ditugun bitartean.
Ibilaldia Azpiko-Etxean abiatzen da, lehengo paper fabrika eta Legazpiko industrializazioaren hasieraren adibide gisa har daitekeena. XIX. mendeko paper, zemento edo teilen fabrika hauek aurreko burdinolen eta XX. mendeko fabrika handien tarteko espazioa bete zuten.
Urola kaletik jarraituz Echeverria-Aguirre etxearen aurretik pasako gara, Patricio Echeverria bizi zen etxea, 1924an eraiki zena.
Metro batzuk aurrerago Economatoarekin topo egingo dugu, 1939an irekitakoa. Bertan etxeko andreek ilara luzeak egiten zituzten eguneroko elikagaiak berreskuratzeko kartillen bidez. Zigilua eraman zuen azkeneko kartilla 1991koa da.
Economatoaren ondoan Etxe-Alai dago, 1922an eraikita kanpotik etorritako langileei aterpea emateko.
Hurrengo puntua fabrika bera da, Patricio Echeverria S.A., 1908an fundatua eta edozein lanbidetarako tresnak egiten zituena. 1931. urtean bere altzairu propioa ekoizten hasi zen, tresnen ekoizle integrala bilakatuz. Barruak Fritz Langen ŦMetropolisŧ filman irudikatutako paisaia ematen zuen, hiri handi bat bezala, tren batek zeharkatutako kaleekin, autobusen barne zerbitzuekin eta bizikleta horiz gora eta behera zebiltzan langileekin.
Lanaren hiribidetik gora Santa Krutz pentsioa topatuko dugu, langile ezkongabeei aterpe emateko sortutakoa. Gehiago igoz, langileen auzoetara iritsiko gara, 20ko eta 40ko hamarkada bitartean Legazpira iritsi ziren langileen familiei etxebizitza emateko xedez eraiki zirenak. Garai hartan Legazpiko populazioa % 48 inguruan igo zen. San Inazio auzoan langileen etxebizitza bat barrutik ezagutzeko parada izango dugu, 50eko hamarkadako dekorazio guztiarekin: sukaldea, apopiloen gela, komuna eta abar.
San Inazio auzotik apur bat gorago Santa Teresa de Jesus ikastetxea dago, enpresak berak sortutakoa. Jaitsiera hasiz eta San Inazio kaletik, Kaperauaren etxera iritsiko gara. Zonalde honetan bilduta ibilaldiko beste eraikin batzuk badaude, Mediku kontsultategia adibidez, Patricio Echeverriak eraikitako izaera soziala zuen lehenengo zerbitzua. Kalearen bestaldean Ostatua dago, fabrika bisitatzen zuten kanpoko pertsonalitateentzat hotel partikular bezala asmatua. Santa Krutz kaletik segituz, Kapera aurkituko dugu, honen jarraian Buen Pastor ikastetxea eta azkenik Legazpi herria bera, hemen eliza, udala eta Bikuņa jauregi ederrarekin. Jauregia XVII. mendeko oinplano karratuko oinetxea da. Zurezko galeria bikaina dauka aldeetako batean eta gainontzekoa harrizkoa eta adreiluzkoa da. Bertan, bikuņatarren leinu ospetsua bizi zen.
Legazpi igaro ondoren Oņatirako bidean berehala aurkituko dugu ezkerrean Mirandaolako parkea, bisitariak une atsegina pasa dezan osagai guztiekin: turismo bulegoa, ikus-entzunezko zerbitzua eta Mirandaolako burdinola arlo didaktikoaren aldetik eta denda, kafetegia, frontoia, erretegiak eta haur parkea arlo ludikoaren aldetik. Dena ingurune lasai eta paregabean kokaturik.
Ikus-entzunezko zerbitzuan Legazpiko haraneko burdinaren bilakabidea erakusten zaigu, mendiko aztarna arkeologikoetatik hasi eta gaurko garairaino.
Aurrera jarraituz, Mirandaolako burdinolarekin eta ondoan dagoen ermitarekin egingo dugu topo.
Mirandaola burdinolaren erreprodukzio zuzena da, burdina lortzeko fabrika, alegia. 1400. urtean dagoeneko abian zegoen burdinola honek 400 urtean zehar ekoitzi zuen burdina. Gertakari ospetsua eta xelebrea ere gertatu zen: Mirandaolako miraria. 1580. urteko maiatzean olagizon batzuk lanean ari ziren igandean. Labean 250 kiloko galdaketa egiteko adina mineral eta ikatz sartu ondoren eta bost orduz lan egin ondoren, sei kiloko burdina zati bat baino ez zuten atera, gurutze formakoa. 1633an Iruņeko gotzainak gertaera miraria izan zela adierazi zuen.
Gertaera honen oroitzapen gisa Patricio Echeverriak Mirandaola berreraiki zuen 1952an.
Gaur egun, XIV. mendean burdina lantzen zen modua zuzenean jarraitzeko aukera eskaintzen da burdinola honetan, horretarako garai hartako olagizonek artisau lan hutsean egin ohi zuten moduan prestatutako erakustaldiaren bidez.
Mirandaolatik aurrera jarrituz gero Oņati aldera Telleriarte eta Brinkola auzoetara iritsiko gara. Hemen igartzen da industrializazio aurreko garaian Legazpi nolakoa zen, auzo hauen giroa guztiz baserritarra baita.
Telleriarten, Urola ibaian prestatutako ur jauzi eta presa baten ondoan Elorregi Jauregia ikus dezakegu eta apur bat aurrerago jarraituz, Igaraldeko errotara iritsiko gara.
Oņatirako bidetik Barrendiolako urtegira doana hartuko dugu, horrela Brinkolara iritsiz. Aterpetxeaz aparte, Legazpiko auzo honetan beste bi toki guztiz interesgarriak aurkituko ditugu bisitatzeko moduan: Ogiaren Txokoa eta Artzaintzaren Ekomuseoa.
Lehenengoa Igaralde-Goena baserrian kokatzen da, baserri honetan gaur egun ogia artisau eran egiten baita. Txokoak ogia egiten ikas eta ikus dezagun eskaintzen digu, baita jaki honi lotutako alderdi mitologiko eta erlijiosoei buruzko erakusketa finkoa.
Artzaintzaren Ekomuseoa aldiz, Erraizabal baserrian topatuko dugu. Bertan, Idiazabal gazta artisau erara egiteaz aparte, ikus-entzunezko baten bidez eta erakusketa finkoan, artzaintzaren inguruko alor guztiak biltzen dira: paisaia, abereen zainketa, larre aldatzea, bizilekuak, ardien arrazak, hots, mendetan zehar Euskal Herrian guztiz garrantzitsua izan den lanbide eta bizimodu bati buruzko informazio guztia.
NON LO EGIN:
- Hotel Mauleon 943 73 08 70
- Brinkolako Aterpea (Brinkola)
943 73 04 28
NON JAN:
- Aitxuri 943 73 06 00
- Azpikoetxea 943 73 13 87
- Latxartegi 943 73 04 94
- Goiko Izarra 943 73 36 48
- Goiherri 943 73 00 39
- Lau Bide 943 73 12 49
- Mauleon 943 73 08 70
TURISMO BULEGOA:
- Urola Garaia Eskualdeko Turismo Bulegoa. (Mirandaola Parkea) 943 73 04 28