Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-18 11:09:55
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • BLOKEO EGOERA IRAULI BEHARRA DAGO

2003-04-06 -- 1894.zenb

BLOKEO EGOERA IRAULI BEHARRA DAGO

Joxe Manuel Irigoien

argazkia

Eguneroko lanaren zurrunbilotik burua altxatu eta blokeo egoera ikusten dut, kanpoko eraso eta barneko ezintasunen ondorioz sortutako blokeo egoera. Nafarroako Gobernuaren erasoek ez dute atsedenik. Udal eta oro har gizarteko agintarientzat euskararen afera mahai gainean duten egitasmo guztien artean bertze puntu bat gehiago baino ez da. Azken hamarkada hauetan euskara dakitenen kopuruak gora egin arren, erabilerak eta euskarazko produktuen kontsumoak eta eskaintzak ez du horren araberako suspertzerik somatzen. Euskararen mundura hurbiltzen hasiak ziren jende batzuk orain urruntasunez begiratzen dute edota bizkar emana diote, neurri batean. «Egunkaria»ren itxierak berebiziko astinaldia eman dio euskal gizarteari eta eraso gehiago ere etor daitezkeela iragartzen dute batzuk. Azken finean, egoera politikoak, alderdikeriak eta biktimaren diskurtsoak inor guti motibatzen du, eta orain arte ikusitakoak ikusita, leihoak ireki eta motibazio-ilusio berriak formulatzen hasteko premia larria antzematen da.

Zentzu honetan, behin baino gehiagotan entzun eta irakurri dugu estrategia politikoen morroi dela euskara. Eta egia erran, halaxe iduritzen zait niri ere, zati batean bederen. Inguruko bertze lurraldeetan ez bezala, gure hizkuntza lotuegia dago jokamolde politikoei, eta horrek, behar-beharrezkoak diren indar metatzeak galgatu eta eremu berriak irabaztea oztopatu egiten du.
Bizi dugun blokeo egoera hau iraultzeko, ordea, eta azken urteotan ibilitakoari erreparatuz, aurrerantzean estrategia eta diskurtso berriak jarri beharko ditugu abian. Indar gehiegi xahutzen ari gara barneko lardaskerietan. Diskurtso eta jokamolde gastatuak alde batera utzi eta lankidetza marko berrietan ahalegindu beharko dugu, egoera politikoaren fustrazioak behingoz gaindituz eta oinarrizko adostasunak erdietsiz. Izan ere, etsipenari bueltaka ibiltzeak ez garamatza inora.

Biktimaren diskurtsoan errua beti bertze norbaitena da, eta gisa horretara, bakoitzak duen erantzunkizunari ihes egin nahi zaiola ematen du. Jakina, norbere jardueraren kritika egitea ez da saio erraza izaten. Lausengo-gosearengatik, noizean behin loreak entzutea mundu guztiak du atsegin, eta norbere egitasmoen inguruan sortzen diren ezintasunak ondokoari leporatzea ez da harritzekoa izaten. Hala ere, generalean aski naturala den behar horrek autokonplazentziara irristatzen gaitu oharkabean, eta autokonplazentziak ez du inoiz lagundu geldiunetik ateratzen. Bertzalde, gizarte erakundeen baliabide eta errekurtso ekonomikoen eskasiak, buruaskitasuna eta autonomia izateko oztopo handiak ekartzen ditu. Zati handi batean, euskalgintza subentzioen morroi ere bada. Administrazio publikoen titularitatea duten erakunde eta sozietate desberdinetatik aparte, ez dut ezagutzen euskara ardatz nagusitzat duen entitate bat bera ere, bere eguneroko jarduera gauzatzeko subentzioak eskatzera behartua ez dagoenik. Ikastolak, alfabetatze-euskalduntze erakundeak, euskarazko komunikabideak, euskara elkarteak, editore eta argitaletxeaką gehiago edo gutiago, subentzio-eskean ongi trebatuak daude gehienak.

Alabaina, jarduera horiek guztiak bakarrik autofinantziazioaren esku baleude, hainbat ez lirateke sekulan abian jarriko, edo errekurtsoen eskasiak, ez lieke biderik emanen "behar bezala" garatzeko. Eta era berean, gizartetik sortutako ekimen horiek guztiak gabe, euskararen mundua ere ez zen izanen gaur egun dena.
Kontuak horrela, beharrezkoa da administrazioek errekurtso ekonomikoak bideratzea gizarte-erakundeentzak, administrazioa bera kapable ez denean eginkizun horiek betetzeko. Izan ere, gure kultura eta gizartea inguruan ditugunetatik desberdin egiten duena euskara bera baldin bada, eta identitate horri identitate-bizidun moduan eutsi nahi baldin badiogu eta ez museoko ondare moduan, elkar hartu beharko dute era guztietako ekimenen bitartez gizartearen indarrak eta administrazio publikoen ahalak.

Zentzu honetan, gainditu gabeko koxka dugu euskalgintzako gizarte erakundeak eta administrazioen arteko lan dinamika egokiak sortzearena. Nafarroako kasuan azken hamarkadetan doi-doi abiatua zen gobernuaren hizkuntza politika inolako kupidarik gabe kontrakoa izatera bihurtu da azken urteotan. Bistan da horrek normalizazio lanak erabat oztopatzen dituela eta agintean dauden politikoen menpe jartzen duela Nafarroako euskalgintzatik sortu edota sortzen diren egitasmoen bilakaera. Nafarroako Gobernuko agintaritzan aldaketarik ez den bitartean horrek ez du bueltarik. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan egoera objetiboa hobea izan arren, ez dirudi hor ere lan giro hobea dagoenik hainbat kasutan bederen. Egoera politiko gatazkatsuak erabat nahasi eta lardaskatu egiten du lankidetza marko egokiak abiatzea, eta bidenabar, gizartea dinamizatuko duten diskurtso eta ilusio berririk sortzea oztopatu.
Zeren eta, nola hurbilduko dugu erdal mundua euskal mundura euskalgintza susmopean baldin badago; nola eginen dugu etorkizuneko gizartean euskaldunak euskaraz bizitzeko beharko dituen funtzio sozialez gure hizkuntza hornitzeko, lehenik, blokeo egoera honetatik ateratzen ez bagara eta dinamika bizigarriak adosten ez baditugu?

Eri dagoenarentzat gaixotasunaren kontzientzia hartzea da sendatze bidean jartzeko lehen urratsa. Horretan bat etorriko gara gehienak, seguruenik. Ikusi behar orain diagnosiarekin asmatzen dugun eta hortik sendagai egokiaren errezeta adosteko kapable garen

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan