Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-17 12:24:53
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-04-06 -- 1894.zenb

BADOK HAMAIRU BADA EGITEKORIK

Aitziber Salaberria / Pilar Iparragirre

argazkia

Euskalduntze alfabetatzeak ez ditu garai onenak bizi eta AEKri berriz, Garzonek 18/98 sumarioan txertatu izanak itzal handia utzi dio.

Datozen egunetan, «AEKrekin herri bat geroa lantzen» goiburupean Euskal Herrian barrena igaroko da Korrikaren 13. edizioa. Apirilaren 4an Mauletik abiatu eta 2.150 kilometro egin ondoren, Iruñean amaituko da apirilaren 13an. Antolatzaileen esanetan, «etorkizuna orain astintzea» da gako nagusia. "Izan ere, euskal gizartea berpizkunde berri baten atarian jarri behar dugun honetan, euskalduntze alfabetatzeak oro har eta AEK-k dituzten beharrizanak bermatzea ezinbestekoa da" gaineratu dute.

Korrikaz korrika, euskararen aldarrikapena hedatzeko, aurreko edizioetan bezala, mezu bat zabaltzen du euskararen aldeko lasterketa herrikoiak. Aurtengoan Korrikak gogora ekarri nahi izan duen ideia honakoa da: Euskal Herriak bere hizkuntza eta kultura berreskuratzeko egindako lana ez dela gaurkoa. Izan ere, 60ko hamarkadaren bukaeran eta 70eko hamarkadaren hasieran berpizkunde ikaragarria gertatu baitzen arlo guztietan: kantagintzan, literaturan, arte plastikoetan, dantzan, zinean, gau eskola eta ikastolen sorreran, euskara batuaren hastapenetan...
Testuinguru horretan sortu zen Ez Dok Amairu, euskal kulturan hamairuaren adur gaiztoa hautsi eta pizkundeak aurrera joko zuela adierazi nahi zuten. Antolatzaileen esanetan egun, Korrikak gauza bera adierazi nahi dio gizarteari: ez dagoela hamairurik, ez dagoela malefiziorik, patua saihetsi daitekeela. Atzokoa abiapuntu harturik, geroa eraiki nahi du Korrika 13k. Baina ez da iraganaren mezua Korrikarena, etorkizunean oinarri hartzen duen mezua baizik. "Etorkizunak, AEKri dagokion alorrean behintzat, baditu berebiziko garrantzia hartu behar duten bi esparru; euskararen ofizialtasun erreala eta euskararen transmisioa ziurtatuko duen politika tinkoa bultzatzea" azaldu dute antolatzaileek.


EUSKARAREN OFIZIALTASUNA.

Korrikaren harira AEK-k zabaldu nahi duen mezuaren ardatzetako bat, euskararen ofizialtasuna da. Antolatzaileen esanetan, Euskal Herri osoan euskara ofiziala izatea aldarrikatuko dute lasterketan parte hartzen duten guztiek. "Gure hizkuntzaren biziraupena nahi dugu, beharrezkoa delako ofizialtasun erreal bat lurralde guztietan" gaineratu dute.
"Hala, Korrika 13ren hasiera Maulen izatea eta amaiera Iruñean, ez da kasualitate hutsa. Guztiok dakigu Iparraldean euskara ez dela ofiziala. Nafarroan, berriz, zati batean baino ez dauka ofizialtasuna, eta hor daude aspaldian jasotzen ari diren erasoak" adierazi dute.

Euskararen biziraupenerako ofizialtasunaren premia dagoela azaltzeaz gain, hizkuntzaren transmisioa ziurtatuko duen hizkuntza politika tinkoa bultzatzea ere beharrezkoa dela uste du Koordinakundeak. Horrela, helduen euskalduntzea atzerapausoka ari den honetan, helduak euskaldundu beharraren garrantzia azpimarratu nahi izan dute.
AEK-k bizi duen egoera ekonomiko gogorra gogora ekarriaz, "Korrika inoiz baino gehiago behar dugula", adierazi dute antolatzaileek. "Oraintxe da mementoa AEKri laguntza eta sostengua erakusteko. Horretarako modu egokiena Korrikan parte hartzea da" gaineratu dute antolatzaileek

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan