Iņigo Txintxurreta
Legazpiko mendietan gentilen lekukotasuna aurki dezakegu, Neolitikoko eta Brontze Garaiko tumulu eta trikuharrien bidez, baita gentiletxe edo gentilola izena duten Erdi Aroko eraikuntzen bidez ere, zeren jakina denez, soilik gentilek zekiten burdina lantzeko teknikaren sekretua.
1.200. urtean Gipuzkoa Nafarroako Erresuma zaharretik atera ondoren, Legazpiko lurrak muga izanik, bi herrialdeen liskarrak pairatu zituen herriak, nafartarren lapurketak eta erasoak batez ere. Arazo hauek zirela medio, Legazpik babesa eskatu zion Segurari, herri honek harresia eta armada zituelako eta modu horretan 1384.ean Segurarekin bat egin zuen. Hala ere, legazpiarrak berehala konturatu ziren tratua ez zela hoberako izango, Segurak sekulako zergak eta debekuak ezarri zizkielako, herri honen kontrako auzietan eroriz etengabe. Harreman kaxkar eta giro txar honek Seguratik banatzeko gogoa piztu zuen, saiakera luzeen ondoren 1608an lortu zena.
Burdinaren lanketa eta horren inguruan mendetan zehar sortutako ekonomia eta industria motek markatu dituzte bailara honen historia eta bizitza. Bailarako lehenengo biztanleak olagizonak ziren, Antzin eta Erdi Aroko mendeetan zehar burdinolaz lan egiten zutenak. Hasieran haizeoletan eta XIV. mendetik aurrera, uraren indarra erabiliz, ibaiaren ondoan kokatu ziren burdinola modernoetan, Mirandaola kasu. XV. mendean Legazpin martxan zeuden 20 burdinoletatik, 200 urte geroago laupabost besterik ez ziren gelditzen, XIX.ean azken burdinola itxi zelarik. Europatik zetorren burdinaren kalitatea eta prezio onaren ondorioz burdingintzaren industriaren gainbehera gertatu zen. Legazpi gainera fisikoki baztertuta gelditu zen Madril-Irun errepidea bertatik igaroko ez zela erabaki ondoren, baina burdinaren industrian izandako garrantzia berriro berreskuratu zuen XX. mendearen hasieran Norteko trenbidearen eraikuntzarekin batera.
Patricio Echeverriaren garaia da. 1908.ean 12 langilerekin enpresa bat sortu zuen eta herriko industria garrantzitsuena bilakatu zen, Gipuzkoan langile gehien izan dituen enpresetako bat izan da. Fabrika honek Legazpiko paisaia eta bizitza aldatu zuen, kanpotik etorritako langile etorkin andana bat erakarri zuelako, Legazpiren garapena eta hazkundea bultzatuz.
Beste Jarduerak
Orain arte aipatutako ibilbideaz aparte Legazpik beste hainbat eskaintza gordetzen du bisitariarentzat. Aizkorriko maldetako bere kokapen bereziarengatik, era guztietako mendi ibilaldiak egiteko toki aproposa da, Aizkorri aldeko ibilbide gogorretatik Gorostiaga edo Oamendi aldeko txango lasaiagoetara.
Ibilaldi hauetan baso sakonak zeharkatuko ditugu eta mendien gainaldetan antzinako artzainen hilobiak topatuko ditugu bideen alboetan, Neolitiko eta Brontze Garaietako trikuharri eta tumulu erraldoiak alegia, gaur egun harripileta besterik ez direnak eta aurri egoeran tamalgarrian daudenak. Hala ere, iaz Aranzadi zientzi elkarteak udalerriko megalito guztiak seinalizatu zituen bisitari mendizaleak bereiz ditzan. Monumentu hauek Arrolamendi-Gorostiaga mendilerroan, Barrendiola urtegiaren inguruko muinoetan eta Oamendi-Irumugarrieta aldean kokatzen dira.
Praktika daitekeen beste kirola mendi bizikleta da. Horretarako oso aproposak dira Gorostiaga mendiko antenaraino igotzen den pista edota Kimu Berri aterpetik pasa ondoren Arrolamendi aldera doana. Gain horietatik ikuspegi aparta izango dugu Aizkorriko mendizerraren gain.
Legazpik Gabiriarekin muga egiten duen Aztiria izeneko auzoa ibilaldi lasaien abiapuntua izaten da, bai oinez, bizikletaz edota zaldiz ere. Auzo hau asteburuetan oso girotua egoten da eta bertako entsaladak famatuak dira inguru honetan, hornitzen dituzten tomateen kalitatearengatik.
Barrendiolako urtegiari txango lasaian buelta ematea merezi du, bertako amuarrain irrikatuak harrapatzeko asmoz joandako arrantzaleen trebeziaren lekuko bilakatzen garen bitartean.
Barrendiola Aizkorriko malda igotzera ausartuko diren mendizaleen abiapuntua izaten da. Bizkorniako lepoa iragan ondoren Arantzazu, Urbia edo Aizkorri bera izango dute helburu.
Legazpiko punturik garaiena den Burrunkurutze izeneko gandorrari dagokionez, ez dago adostasunik bere benetako altuerari buruz, mapek 1.433 metro ematen baitiote eta mendiko buzoiak 1.300 metro markatzen ditu eta