Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-04-06 -- 1894.zenb

OBABATIKO TRANBIA

Iban Zaldua
ALBERDANIA

92 orrialde
8 euro



AZKEN ALDIKO EUSKAL LITERATURA HIZPIDE

Alberdania argitaletxearen «Zerberri» sailak plazaratutako Iban Zalduaren lan kritiko bezain umoretsu honen izenburu zehatza «Obabatiko tranbia. Zenbait gogoeta azken aldiko euskal literaturaz 1989-2001» da. Zenbaiten ustez, euskal literatura une ezin hobean badago ere, Iban Zalduaren ustez literatura garaikide guztien gauza on eta gauza txar guztiak ditu gureak, bat gehitu behar zaion arren: hizkuntza txiki eta gutxitu batena izateak eransten dizkion ajeak (eta ez omen dira gutxi) eta abantailak (horiek oraindik oso argi ez baditu ere, Ramon Saizarbitoria behin baino gehiagotan azaltzen saiatu den arren). Eta hain zuzen horrexek bultzatu du, hein handi batean, bere gogoeta hauek idaztera Iban Zaldua. Onartzen du euskal literaturak urrats garrantzitsuak eman dituela unibertsala izatera iristeko bidean 60ko hamarkadatik hona, baina unibertsaltasun horretara iristeko modu bat baino gehiago daudelakoan dago, eta ziurrenik guztiak ez direla egokienak izango da bere susmoa. Hara zergatik saiatu den azaltzen bere irakurle ikuspegitik prozesu horrek azken urteotan sortu dizkion kezkak eta baita eman dizkion pozak ere.

DENBORAREN IZERDIA
Xabier Montoia
ELKAR
221 orrialde
14,30 euro


LAGUN MINA ARERIO BILAKATZEN DENEAN

Traizioaz eta adiskidetasunaz, garaipenaz eta porrotaz dihardu, besteak beste, Xabier Montoiaren «Denboraren izerdia» nobelak. Haizea aldeko duela haizea dirudi, hasieran, bere protagonistak, garai batean ETA (p-m)ko partaide izatetik Madrilen komeni zaizkionekin lerratu eta zinema produktore ospetsu izatera igaro denak. Baina gutxien espero duenean, esne-mamitako amets hori zapuztu egingo zaio, bere iraganeko oihartzun ozenak dakartzan erreportaje bat dela bide. Orduan, bere amari ebakuntza larri bat egin beharko diotenez, Gasteiza itzuliko da gizona, eta han ezker abertzaleko partaide den bere emazte ohiarekin eta espetxean urte mordoa iragan ondoren oso gaixo dagoelako aske utzi duten bere gaztaroko adiskide minarekin egingo du topo.

OSTIRALEKO KRONIKA.
SEGURA IRRATIAN I (1988-1992), II (1993-1997)
Inozentzio Olea
SENDOA
433 + 429 orrialde
Bakoitzak 19,23 euro


INOZENTZIO OLEAREN IRRATI KRONIKAK

Joxe Mari Iriondok «Auspoa»n kaleratzeko prestatu dituen hauexek, Inozentzio Oleak ostiralero ordubata inguruan Segura Irratian ematen dituen kronikak dira. Bi tomotan daude jasorik. Lehenengoan, 1988ko urtarrilaren 1etik hasi eta 1992ko abenduaren 28raino eman zituenak daude, eta, bigarrengoan, 1993ko urtarrilaren 1etik 1997ko abenduaren 26rainokoak. Inozentzio Olearen kronikak entzuleari irribarre gozoa eginarazteko edota zer pentsatua emateko daude osatuak, beti ere bertso batzuk amaieran dituztela. Gaiak, berriz, oso ugariak dira: egilea apur bat izutzen duen emakumearen gorakada, lehengo eta oraingo bikoteen arteko harremanak, urtean zeharreko ospakizunak...

BRUNEIKO KANARIOA
Daniel Nesquens
IBAIZABAL
86 orrialde
8,21 euro



KANARIO BAT EPELTASUN ESKE

Diruzalekeriak ondorio on gutxi ekarri ohi du. Bada hori uste duenik behintzat, eta ez da oso oker ibiliko, Edurne Otaegik euskaratu duen Daniel Nesquensen kontakizun honek dioenaren arabera. «Bruneiko kanarioa» goiz jaiki behar ez duenez berandu arte lo egitea erabakitzen duen mutiko batek bere loa uxatzera datorren txoria ezagutzen duenean hasten da. Hotzez akabatzen dago kanariotxo hori, eta mutikoa bihotz onekoa denez, bere etxeko epelean babestu nahiko du. Baina amak ezetz esango dio, arreba ere ez zaio alde jarriko, eta aitak, egunkariko iragarki bat irakurri ondoren, txori hori margotu eta Bruneiko sultanaren semeak galdu duen kanariotzat aurkeztu nahiko du, bestearengatik eskaintzen duten sariaz jabetzeko.

URETAN IDATZIAK
Patxi Salaberri Muñoa
KUTXA FUNDAZIOA
75 orrialde
3,50 euro



2002KO IRUN HIRIKO OLERKI SARIA

Patxi Salaberri Muñoaren «Uretan idatziak» poema bilduma gertatu zen garaile 2002ko Irun Hiriko Kutxa Literatur lehiaketaren Olerki sailean. Eta izenburuak adierazten duen bezala, ura du euskarria Amilbideetako ibiltari agrafoei eskainia dagoen poema sorta honek, olerkariak irakurleari ohartarazten dienaren arabera. «Bakargune urratuak» izenburu nagusiak ematen dio hasiera bestenaz hiru ataletan eta epilogoan banaturik dagoen olerki lanari. «Ene ordurik isilena» deritza lehenak, eta «Zalantzak», «Aitorra» edota «Folosofo urtetsuaren bizi guztiko hausnarketaren ondoko emaitza» bezalako hemeretzi poema batzen ditu. «Botila hustuaren begiradapean» atalean, berriz, hamaika poema daude bildurik, eta «Azaletik daridan elurra (obituarioa)»n, zortzi.

ZESTOAKO HERRI KROSA
25. URTEURRENA
Jone Irureta,
Onintza Irureta
ZESTOAKO ATLETISMO TALDEA
55 orrialde
7 euro


ZESTOAKO HERRI KROSAK 25 URTE

Zestoako Atletismo Taldeak kaleratu du «Zestoako Herri Krosa. 25. urteurrena. Herriko korrikalariak lehen eta orain» liburua, hain zuzen ere aurten betetzen direlako 25 urte ekitaldi herrikoi honi hasiera eman ziotenetik, 1979ko maiatzaren 6an Zestoako Lehen Herri Maratoia martxan jarriz. Geroztik urtez urte antolatu diren hogeita lau herri krosetan egindako ibilbidearen berri ematen du, argazki gogoangarriz lagundurik. Baina korrikarako zaletasuna ez zen 1979an hasi Zestoan, askoz lehenago baizik, 1930eko hamarkadan hain sonatua izan zen «Aizarnako Txikia» bezalakoak dira lekuko. Eta haien guztien inguruan ere mintzo da liburua, «Mende bateko zestoar korrikalariak» atalean. Liburua Zestoako salmenta gunetan dago eskuragai edo 943147558 telefono zenbakian.

BAT SOZIOLINGUISTI-KA ALDIZKARIA

Batzuen artean
SEI
135 orrialde
6,01 euro




EUROPAKO BATASUNA ETA HIZKUNTZAK

Bat» deritzan soziolinguistika aldizkariaren 45. zenbakian Europako Batasunaren geroa dute beren gogoeten iturri, baina hori aztertzerakoan, hizkuntza gutxituen egoeraren inguruan dihardute, Europako hizkuntzak zenbakitan, haiei buruzko hizkuntza politikaren oinarri orokorrak, hizkuntz aniztasunerako neurriak, hizkuntz alorreko proposamenak Europaren etorkizunarentzat, Eskualdetako edo Gutxitutako Hizkuntzen Europako Gutunaren garrantzi politikoa, eta Europako eremu urriko hizkuntzak eta bere partaidetza Europako Batasuneko egitasmoetan bezalako gaiak hizpide izanik. Bestalde, Euskal Herrian ematen diren hizkuntza politika eta plangintzak ere aztertzen dituzte, horretarako beti ere iturri ezberdinetara joz.

IMANOL URBIETA ETA BERE KANTUAK


BIRI-BIRI

Imanol Urbieta
IBAIZABAL
45 kanta
25 euro


Makina bat ahalegin egina da Imanol Urbieta euskal neska-mutikoekin musikaren arloan, eta horren berrogeita bost adibide daude jasorik Ibaizabalek plazaratutako hiru CD hauetan. «Xirula Mirula kantak», «Jolaserako kantak» eta «Gabonetako kantak» CDetako abestiak Jaione Eskudero, Larraitz Zubeldia, Imanol Urbieta, Natalia Intxauspe, Olatz San Miguel, Julia Urreaga, Mendigaña Gorostiaga eta Zarautz abesbatzako kantarien ahotsak osatuak daude. Bertan entzun daitezke, besteak beste, «Leihotik begira», «Biri-biri», «Gailurrez gailur», «Uda bukatu zaigu», «Artista izan nahi duena», «Txoria nintzela», «Txiki, txiki, txikia», «Goazen denok batera», «Alaken!», «Txamarra txartxo», «Haurtxo bat jaio da», «Kunkun lolo», «Ijitoen astoa» eta «Horra! Horra!» kantuak.

hemeroteka

1893. zenbakia | 2003-03-30
1892. zenbakia | 2003-03-23
1891. zenbakia | 2003-03-16
1890. zenbakia | 2003-03-09
1889. zenbakia | 2003-03-02

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan