Larrabetzuko Kriketa serigrafia enpresaren web gunearekin egin dugu topo sarean (www.kriketa.com). Bertan 1993an sortutako enpresaren informazioa, haren helburuak egiten dituzten jantzien modeloak... bildu dituzte euskara txukunean eta gaztelaniaz dagoen gunean.
ZERTARAKO?
Betikoa da. 1961ean ospatu zen lehen aldiz Antzerkiaren Nazioarteko Eguna. Ordutik, urtero, martxoaren 27an, hainbat ekitaldi antolatzen dira. Euskal Herrian ere berdin. Aurten ohi dena baino eskaintza zabalagoa prestatu da. Eta gainera, irudi berezi bat eskaini digu: izan ere, sektore horretan lanean dabiltzan hainbat kolektibo eta erakundetako ordezkari batera agertu dira prentsaren aurrean. Ez da gutxi. Baina betikoa gertatzen da. Ekitaldiak eta prentsaren aurreko agerraldiak dira egun honetako ezaugarriak. Ez da hori antzerkiak urtean zehar bizi duen egoera. Betikoa, urte osoan eskaintza segurtatuko duen programazioa eta aktoreak Euskal Herrian formatu eta gera daitezen segurtatzeko eskola falta dira. Urtero kontu bera.
JAIALDIAK BATERATZEKO ASMOZ
GASTEIZEN egiten diren ikus-entzunezko eta zinema jaialdiak bateratzeko asmoa agertu du Udalak. Orain arte, Laburmetraien Cortada Jaialdia, Euskal Zinemaren Astea, Ikus-entzunezko Jaialdia eta Zuzendari Berrien Jaialdia egiten ziren Gasteizen. Udaleko Kultura zinegotziak esan duenez, datorren urtetik aurrera hauek guztiak bateratzen saiatuko dira. Bien bitartean, Gasteizko Nazioarteko Zinema Jaialdia aurkeztu dute dagoeneko. Maiatzaren 6tik 10era burutuko da. Sail ofiziala oraindik itxi gabe dagoen arren, jakin badakigu, unibertsitarioei eskainitako hiru mahai-inguru egingo direla «Zinema eta plazerra» izenburupean, eta haurrentzako goizeko saioak egingo direla. Bestalde, Pilar Bardem izango da Jaialdi honetan ohorezko saria jasoko duena. Eta Michael Nyman piano jole ezagunak kontzertua eskainiko du aurkezpen egunean.
70EKO FOLK-ROCKA BINILOAN
LLEIDAKO Guerssen diskoetxe eta banatzaileak 70eko hamarkadan rock eta folk progresiboa landu zuten euskal taldeen hogei disko berrargitaratuko ditu binilo formatuan eta jatorrizko diseinuarekin. Besteak beste, Itoizen lehen hiru diskoak, Errobirenak, Izukaitzen biak edota Liskerren disko bakarra plazaratuko ditu. Horretarako, Elkar diskoetxerekin akordioa lortu du Kataluniako diskoetxeak. Bostehun aleko tiradak egingo ditu eta kopuru handienak Korea, Japonia, Herbehereak, Alemania eta Estatu Batuetako merkatuetara bideratuko ditu. Izan ere, Antoni Gorgues berrargitalpenen arduradunak dioenez, bildumazaleen nazioarteko azoketan, bereziki Asian, euskal rock progresibo eta folk taldeen diskoen harrera oso ona da.
ERROMANIZAZIOAREN PROIEKTUA
JARRI dute dagoeneko Irunen egingo den Erromanizazioaren Museoaren lehen harria. Ekaina eta uztaila bitartean jarriko ditu ikusgai Arkeolan Elkarte Arkeologikoak Erromanizazioaren Museoa egingo den lekuaren ondoan topatu ziren termak. Terma hauek 1996an aurkitu zituzten, baina iaz eginiko lanetan ezagutarazi zen I.go eta II. mendeetako terma hauen garrantzia. Horren ondorioz, Erromanizazioaren Museoaren diseinua moldatu behar izan zen terma hauek bertan integratu ahal izateko. Eta horrek aurrekontua 300.0000 eurotan handitu du. Diotenez, Museoak 2004an zabalduko ditu ateak.
ANTZEZTEKO MODU BERRIAK
DATORREN hiruhilekorako antolatutako egitarauaren baitan, Iruñeko Gaiarre Antzokiak antzerkia egiteko modu berriei eskainiko die «Beste begirada batzuk, beste eszena batzuk» izeneko zikloa. Guztira, bost ikuskizun prestatu dituzte. Lehena, apirilaren 30ean egingo du Teatro de la Abadíak. Hain zuzen ere, Shakespeareren «El Rey Lear» lanaren interpretazio berezia egingo du; maiatzaren 4an Rita Siriaka aktore brasildarrak «La mujer invisible» bakarrizketa taularatuko du inmigrazioaren gaia jorratuz; hil horren 8an, Juan Echanovek Borgesen hainbat ipuin taularatuko ditu «Alrededor de Borges» izenburupean; La Zaranda talde andaluziarrak egingo du laugarren lana maiatzaren 13an «Ni sombra de lo que fuimos» izenekoa; eta azkenik, hilaren 20an La Carnicería taldeak «Compré una pala en Ikea para cavar mi tumba» antzeztuko du. Obra hauez gain, Nafarroako Antzerki Eskolak bost hitzaldi eskainiko ditu, besteak beste, antzerki garaikidea, honek gizartearekin duen harremana eta antzerki generoak ez diren lanen taularatzea aztertuz.
HARPEEN ALTXORRA
BERROGEITA hamar urte pasa dira Isturitze eta Donamartiri artean dauden Isturitzeko eta Otsozelaiko harpeak elkarri lotu eta Monumentu Historiko izendatu zituztenetik. Mende erdi hori ospatu nahi dute aurten. Eta hori dela eta, esaterako, irailean, perkusioari eta harpeen barneko soinuari asteburu bat eskainiko zaio. Harpeen barnean, aberastasun arkeologiko izaugarria dago. Besteak beste, hamar bat flauta eta zenbait margolan topatu dituzte arkeologoek.
- Unai Elorriagak honakoa zioen «El Pais»en eginiko elkarrizketan: «Nobela luzeak idaztea irakurlea gaizki tratatzea dela uste dut. Nobela luze oso onak daude, baina nobela horiexek orrialde gutxiago izan balute, askoz hobeak izango lirateke».
- Ismael Manterolak zera idatzi zuen «Gara»n: «Publizitateari lotutako masa medioek ez diote arteari garrantzi gehiegirik ematen, arteak ez duelako saltzen. Munduko egunkari guztiek, arteari buruzko berriekin batera, iritziak argitaratzen dituzte kritika moduan (...) ».
- Urtzi Urrutikoetxeak egunkari berean: «Literaturak ez du zertan konprometitua izan. (...) Ez du zertan iraultzarik egin. Baina literatura izan daiteke konprometitua. Idazlea busti daiteke, zikin ditzake eskuak. Eta ez du horregatik bere talentua ezeren menpe jarriko».
- Esteban Montorio diseinatzaileak «Txalaparta» aldizkarian: «Teknologia berriak erremintak besterik ez dira, hobeak eta azkarragoak, baina gure lana errazten duten erremintak azken finean. Hala ere, sormen prozesua aspaldiko erreminta batekin egiten dugu: garunarekin».
Continental-Auto Espainiako autobus konpainiaren bidai-txartel bat eskuratu dugu eta euskarazko testuak topatu ditugu bertan. Ez dira oso txukunak ordea. Hona adibide bat: «Autobusa irten aurretiko 2 ordu tarte horretakoa eskatzen badu anulazioa, ordea, Enpresak ez dio dirukopururik itzulico».
Antton Lukuk zuzenduko du hilaren 3an eta 4an Izpuran Donibane Garaziko lizeoko ikasleek taularatuko duten «Mini Mario» antzezlana. Taularatzen duten euskarazko bederatzigarren lana da.
Kepa Sojok amaitu du «Cuando puedas» film laburraren grabazioa Laudion. «Looking for Chencho»rekin eskuratutako sariari esker grabatu du eta ekainean estreinatuko da Peñiscolan.
Juanjo Menak Bilbao Orkestra Sinfonikoan jarraituko duela esan du. Horrela, Espainiako Orkestra Nazionaleko zuzendari izendatuko zutela zioten zurrumurruak gezurtatu ditu.
Ados Teatroak irabazi du Donostia Antzerki saria «John Wayneren laguna» obrarengatik. 9.000 euro eta hurrengo obraren estreinaldia egiteko aukera irabazi du.
Jose Mari Satrustegi euskaltzain osoa zendu zen lehengo astean, berriki izandako burmuineko odol isurketaren ondorioz. Historian, etnologian, antropologian eta hizkuntzalaritzan hainbat lan eginak zituen Satrustegik.
Aitor Mazok honakoa adierazi zuen «Zabalik»en egin zioten elkarrizketan aktoreen egoerari buruz:
« (...) Telesailak primerako eskolak dira aktoreentzat. Egunero sekuentzia ugari grabatzen direnez, asko ikasten da. Inprobisatzen ikasten duzu eta ezustekoei aurre egiteko zentzu berezi bat garatzen duzu. Telebistan, antzerkia edota zinemaren aldean desberdina denez, gauza ugari ikasteko aukera paregabea ematen dizu. Aktore berriei aukera bat eskaintzen die, eta beteranoek, ostera, gauza berriak ikas ditzakete. Horrez gain, beste edozein lan bezalakoa da soldata eskuratzeari dagokionez.
(...) Egia da, bai, bolada txarra pasatzen ari direla aktoreak. Antzerki taldeek diru-laguntza gero eta apalagoak jasotzen dituzte, gure gizartean beste lehentasun batzuk baitaude. Ez dut ulertzen Bizkaiko Foru Aldundiak Athletici 6 milioi euroko diru-laguntza ematea eta bere gitarrarekin emanaldia eskaini nahi duen musikariarentzat lekurik nahiz diru-laguntzarik ez egotea. Lotsagarria da, benetan. Euren burua zuritzeko, futbol taldeak Bilboren izen ona mantentzen duela diote. Eta zer gertatzen da gure lanarekin? Aktoreok eta artistok ez al dugu euskaldunon izen ona zabaltzen? Nik dakidala, behintzat, Estatuan antolatzen diren sariak irabazi ditugu euskal aktore eta artista askok».
EHE OSAKIDETZARAKO DEKRETUAZ
Osakidetzarako Eusko Jaurlaritzak onartutako euskara dekretua kritikatu du Euskal Herrian Euskaraz taldeak. «Ez du hasieratik euskara osoki normalizatzeko helburua ezartzen eta zein epetan egin behar den finkatzen», adierazi du EHEk. Taldearen ustez, Osakidetzak herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu behar ditu eta euskara lan hizkuntza bilakatzea izan behar du helburu.
NAFAR EUSKALDUNEN BILAKAERA HISTORIAN
1553 eta 1936 artean Nafarroako euskaldunek izandako bilakaera aztertu du Zaragozako Unibertsitateko irakasle Fernando Mikelarenak. «Fontes linguae vasconum» agerkariaren azken alean argitaratutako azterlanak dioenez, 1587 urtean 97.000 euskaldun zeuden Nafarroan eta 1778an 121.000. Hortik aurrera behera egin zuen euskaldunen kopuruak. Hala, 1863an 90.000 pertsonak egiten zuten euskaraz, biztanleen heren batek ia eta 1936an 61.000 pertsonak.
ETORKIZUNERAKO PRESTATZEN
Euskara Elkarteen Federazioak, Topaguneak, urteko batzar nagusia egin berri du. Bertan lau urterako Epe Ertainerako Plana aurkeztu dute, honako bi ardatz hauek dituena: bazkideen jarduera sustatzea eta eurentzako zerbitzuak antolatzea. Aipatzekoa da 2001etik 2002ra %20 hazi dela Topagunearen gastu aurrekontua. Egitasmo berriak ere aurkeztu ditu: gazteentzako ikastaro eta tailerren Asteburuetan.com, euskal zinemagileen laburmetraien zikloa eta euskal antzerki amateur zikloa. Aipatzekoa da 69 euskara elkarte biltzen dituela Topaguneak, iaz baino 8 gehiago.
INFORMATIKARI EUSKALDUNEN TOPAKETAK
Apirilaren 4an Informatikari Euskaldunen IV. Bilkura egingo dute Donostiako Miramar Jauregian, UEUko Informatika Sailaren eskutik. Aurtengoan «Informatikaria gizarte elektronikoan» izango da mintzagai nagusia. Egun osoan zehar software erakusketa izango da, azken aldian euskaraz ekoiztu diren programekin. Hizlarien artean Luis Fernández, Cristina Perfecto eta Xabier Erauskin izango dira.