ORAINDIK INKOGNITA HUTSA DA IBERDROLAREN GEROA
Daniel Udalaitz
Litekeena da artikulu hau argitaratzen denerako egoera aldatzen hasi izana eta egoitza soziala Bilbon daukan Iberdrola euskal enpresa elektrikoaren geroa zertxobait argitu izana. Jakina denez, Gas Natural enpresak Neguriko Ińigo Oriol jauna buru deneko sozietate osoaren kontra egin zuen akzioak erosteko eskaintza publiko (EEP) etsaitasunezkoa, hots, aurrez ados jarri gabe eta jakinaren gainean izan gabe, eta, baldin bi enpresen fusioa gauzatuko balitz, Europako enpresa energetikoetan hirugarrena sortuko litzaiguke, ENEL italiarraren eta E.ON alemanaren ondotik. Bezeroak eta burtsako kapitalizazioa kontuan hartuta, berriz, bosgarrena izango genuke munduko sailkapenean. Dena dela, baldin Balio Merkatuen Batzorde Nazionalak (CNMV) operazioa onesten badu, litekeena da Gas Natural enpresak EEPa alde batera uztea, baita euskal enpresak berak edota Europako beste talderen batek, Iberdrolarekin bat, kontrako EEP bat egitea.
Nahiz eta Iberdrolako Administrazio Kontseiluak eta Iberdrolako akzionista garrantzitsu zenbaitek, hala nola Gas Natural enpresak berak, BBK-k, Repsolek eta BBVAk EEPa baztertu egin duten, aurrera segituko du prozesuak. Merkatu kapitalistan, merkatu librea eta haren legeak dira jaun eta jabe. Axola gutxiko gorabeherak dira gizarteko, lurraldeko eta abarretako ondorioak. Iberdrolaren kasuan, Hego Amerikakoak barne hartuta, 11.000 lagunetik gora enplegatzen dira enpresan, eta 2.500 inguru aritzen dira Hego Euskal Herriko zentroetan. Horrez gainera, gogora dezagun Bilbon kokatua dagoela Iberdrolaren egoitza soziala, eta horretatik dirua iristen dela hornikuntzako enpresetara nahiz instituzio foraletako kutxetara.
Bien bitartean, bada arras ardurako beste datu bat. Honako hauxe, hain zuzen: Eusko Jaurlaritza enpresa pribatu bat hautatzeko zorian dago, Naturcorp euskal holdingaren kontrola har dezan. Diotenez, prozesuan ez du izango ikustekorik, baina ez da erraza hori sinestea. Hautatzeko enpresen artean, Iberdrola, Enel Taldea, Gas Natural eta Hidrocantábrico ageri dira, eta, begirale batzuen iritziz, orain artean Iberdrolak zeukan aldeko gehien.
OPERAZIOAREN GILTZARRIAK
Lehenik eta behin, eta laburbilduz, Gas Natural enpresaren eskaintza da, zeinek EEP etsaitasunezko baten bidez erdietsi nahi baitu Iberdrolaren kontrola. Gas Natural enpresak 15.384 milioi euroko balioa izendatzen dio Iberdrolari. Hau da, 17 euro akzioko. Kontuak aterata, bada, Gas Natural enpresak 340 euro eta 29 akzio berri gehiago pagatuko lizkieke akziodunei, Iberdrolako 50 akzioren trukean. Bestela esanda, 6,8 euro dirutan eta Gas Naturalen 0,58 akzio, Iberdrolaren titulu bakoitzeko. Trukeak, hots, %40 dirutan eta %60 paperean, kapitala 521 milioi akzio berrirekin handitzera behartuko luke Gas Natural enpresa. Beraz, 17 euroko balioa ematen zaio Iberdrolaren akzio bakoitzari eta %0ko prima lortutako kotizazioaren gainean. Bestalde, baldin operazioa benetan gauzatuko balitz, hiru egoitza izango lituzke Gas Natural-Iberdrola enpresa berriak: Generazio Elektrikoa Bilbon, Gasa Madrilen eta sareak kudeatzeko holdinga Bartzelonan.
Bigarren alderdia, eta axolakoena beharbada, Gas Naturalen helburua da: Nolatan ekin dio era horretako operazio bat aurrera ateratzeari? Hasiera batean bederen, korapilatsua ematen du, operazioa etsaitasunezkoa baita izatez eta kontra baititu Iberdrola eta bertako akzionista garrantzizkoenetako batzuk. Ezbairik gabe, berebiziko negozioa egitea da xedea, zeren gaur gaurkoz hala dela diote gasarekin elektrizitatea produzitzea. Antza denez, Gas Natural enpresak integratu egin nahi ditu gasaren negozioa (dagoeneko merkatuaren %70etik gora du) eta elektrizitatearena (Iberdrolak merkatuaren %40 du), barruko merkatuan nahiz nazioartekoan arrakastaz konpetitzeko.
Erraldoi berriak Gas Naturalek merkatu elektrikoan duen posizioa aprobetxatuko luke (kuotaren %4 eskasa) eta Iberdrolak gasaren merkatuan duena (%7,2); 20.705 milioi euroko balioa izango luke merkatuan eta 33.301 milioi euroko balioa izango lukete aktiboek. Guztira, 24,3 milioi bezero izango lituzke: 13,4 milioi Espainiako Estatuan eta 10,9 milioi Hego Amerikan. Funtsean, bada, generazioko eta banaketako jarduerak integratu nahi ditu Gas Natural enpresak: generazioan, ziklo konbinatuko zentralak baliatuko lituzke; banaketan, berriz, gasa eta elektrizitatea eskaintzeari emango lioke lehentasuna, beste zerbitzu batzuekin batera.
Honetan guztian, gogoan izan behar dugu Espainiako Estatuan erruz hazi dela gas naturalaren kontsumoa: 1985ean, 23 milioi termia edo megakaloria kontsumitu ziren; hamar urte geroago, 150 milioi termiatik gorakoa zen eskaria. Ziklo konbinatuko teknologia hobetu ahala, zeinetan gasa baliatzen baita elektrizitatea generatzeko, ikatza alde batera geratzen ari da energia primario gisa. Errendimendu handikoa da ziklo konbinatuko planten eraikuntza, mozkin handiak ematen baititu epe laburrean. Izan ere, oso neurrikoak dira instalazioaren kostuak: 350.000 eta 500.000 euro artean, plantak produzi dezakeen megawatt bakoitzeko. Hamar aldiz gehiago kostatzen da planta nuklear bat eraikitzea, eta, energia eolikoari dagokionez, gutxitan jaisten da milioi eurotik produzitutako megawatt bakoitzeko.
EEP-REN FASEAK
Gas Naturalek aurkeztutako EPPak prozesu korapilatsu bat zabaldu du, eta oraingoz inork ez daki zein izango den azken ondorioa. Balio Merkatuen Batzorde Nazionalak (CNMV) hamabost eguneko epea izaten du dokumentazio guztia jasotzen duenetik ebazpena eman bitartean, eta egun hauetan-edo bukatuko da aldi hori. Baldin CNMV erakundeak EEPa onartzen badu, posible da kontrako beste bat planteatzea, hau da, lehen iragarki ofiziala prentsan iragartzen denetik hamabost eguneko epean lehiatzeko beste EPP bat egitea. Prezioak %5ean gainditu behar du gutxienez hasierako eskaintza.
Eskaintzaileak izendatzen du akzionista interesdunek EEPra aurkezteko izango duten epea, baina, dena dela, ezin da hilabetez beherakoa izan, ezta bi hilabetez gorakoa ere, lehen iragarki ofiziala prentsan atera den eguna kontuan hartuta. Bestalde, Gas Naturalek konbokatu egin behar ditu bere akzionistak, erosketa finantzatzeko kapitalaren handitzea onar dezaten.
Azkenik, Gas Naturalek kontzentrazioko txostena aurkeztu behar du Ekonomiako Ministerioko Konkurrentziaren Defentsako Zerbitzuan, eta departamentu horrek hilabeteko epea izango du EEPari eragozpenik jartzen dion adierazteko. Erantzungo ez balu, legez ez legoke arazorik operazioarekin aurrera egiteko. Nolanahi ere, ematen du organismo horrek Defentsako Auzitegira bidaliko duela heldu zaion txostena. Horrela balitz, erakunde horrek bi hilabete izango lituzke txostenaren gaineko txostena egiteko, eta hura Ministroen Kontseiluak onartu beharko luke azkenean. Prozesu guztiak, bada, lau bat hilabeteko iraupena izango luke
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.