Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-03-30 -- 1893.zenb

artikulu nagusira itzuli
Richard Irazusta: "Benetako debatea"


Nahiz eta testuak Iparraldeari buruz gutxi jaso, bere garaian Lizarrako akordioak bezalaxe, Euskal Herriaren egoera globalean aztertzeko eta baterako perspektiba batean lanean hasteko aukera ematen du Ibarretxeren Planak. Bestalde, Iparraldeko euskalduna edo besterik izan, gaur egun badira esateko eta egiteko gauzak, ez da isiltzeko garaia, ezta inmobilismorakoa ere. Nahiz eta, eta neurri batean normala denez, egilearen konpetentzia instituzionaleko lurraldeaz aritu funtsean, plan horrek abertzale bakar batek ere saihestu ezin duen debatea zabaltzen du. Jokoan dagoenaren garrantziari begira, ez da ona bakoitza bere lur-zatira konfinatzea eta planak gurekin ikustekorik ez duela sinestaraztea. Hala da, eta nahiz eta lehendakariak hemen ez gobernatu, nahiz eta haren proposamenak hemen ez aplikatu, ezin dugu baztertu hark bultzatu duen gogoeta, ezin dugu zokoratu haren proposamena, aurrez sakondu gabe. Ezin diogu, besterik gabe, Hegoaldeko eguneroko errealitateari bizkarra eman, edota ezin gara, besterik gabe, borrokekin diren-direnean alineatu. Saia gaitezen, bada, balioko ekarpenen bat proposatzen.


Plan horrek hartzen gaitu Iparraldeko biztanleak, abertzaleok bereziki, eta zehazki mintzagai gaitueneko lerro batzuek baino beteagoan gainera. Jakina, Hegoaldean gertatzen denak badu eragina gurean, hala arlo ekonomikoan, sozialean eta politikoan, nola kulturalean. Hegoaldeko aktualitateak badu nolabaiteko oihartzuna gurean, eta Hegoaldean bizi diren tentsioek eragiten dute Iparraldean. Arazoa da gizakiak gainerakoa baino aiseago jasotzen duela gogorra, bortitza, mingarria edo desatsegina den hura. Iparraldeko biztanleek Hegoaldeaz dakitena printzipio horretan funtsatzen da, eta printzipio horrek ez du inor akuilatzen gehiago jakitera. Zeinahi joera politikotakoa izanik ere, eta Hegoaldeaz gutxi jakinda ere, Iparraldeko biztanleak ez ditu ezerk bultzatzen gehiago jakitera. Beraz, arras interesgarria da guretzat, Iparraldeko militante abertzaleontzat, sentsibilitate oro nahasian, Ibarretxeren Planak gauzak berriro zertxobait bere lekuan jartzea.


Aurkeztu zenetik aurrera, Ibarretxeren Planak aldatu egin du erlazioa euskal politikan, eta hiru paradoxatan oinarritzen den egitatea da:

- Planean, esaterako, ebidentziak enuntziatzen dira, aplikatzeko zailtasunak hobeto azpimarratzeko.

- Planean berrikuntza ausartak proposatzen dira, baina betiere, zuhurtziaz, indarrean dauden testuen mugen barruan.

- Plana lehen planoan jartzen da, eta berez, modu arriskutsuan orokortua dagoen gatazka esparru instituzional eta demokratiko estuago batean.

Hiru adibide eta beste horrenbeste paradoxa, testua aberats egiten dutenak eta, pasioak saihestuz, euskal gatazkak bere konplexutasunera bihurtzen dituztenak. Hegoaldean termino zehatzetan berdefinitu den debate politikoak, zeinek egutegi bat, metodo bat, adostasuna eta adierazpen demokratikoa baititu oinarri, irabazia bakarrik ekarriko dio Iparraldeari. Hainbat eta hainbat urtetan, Iparraldean pasiozkoak edo karikaturazkoak izan dira usu Hegoaldeari buruzko debateak, eta horretatik gauzen deformatzea segitu da; muinetik edo funtsetik aldentzea eta anekdota balioztatzea.


Oro har, oinarrietara itzultzen da Ibarretxeren plana. Lizarra-Garaziko itunak bezala, gogoan izatea komeni den ebidentziak enuntziatzen ditu. Lehenik eta behin, herri batek eta estatu batek elkar ezagutzean datza euskal gatazka. Bigarren, gatazkak izaera politikoa du. Alde batetik eta bestetik sortutako pasioek eta minek ez dute ezkutatu behar oinarrizko arazoa. Azkenik, konpon daitekeen arazoa da. Aterabidea faseka iritsiko da, eta presentzia duten alderdi guztiek negoziatu eta onartu behar dituzte.

Autonomia Erkidegoko maila instituzional gorenetik hiru ebidentzia horien deia egiteak izango du oihartzuna Iparraldean ere, denbora baten buruan. Debatea arrazionalizatuz, ebidentziak agerian ipiniz eta kontuak bere lekuan jarriz, Lehendakariak ulertzeko eta errespetatzeko moduko plana aurkeztu du, eta kontuan hartzen ditu edukiarekin bat ez datozenak ere. Hegoaldeari buruzko beste irudi bat izaten laguntzen die Iparraldetik obserbatzen dutenei, ezein joera politiko dutela edo ez dutela ere.


Horrenbestez, bada, Hegoaldeko probintziek eta aktualitateak emandako irudia alde batera utzita, abertzaletasunaren irudia da oro har, baina zertxobait aldatua eta hobetua. Eta, horretan datza hain zuzen Iparraldeak afera honetan duen interes handia, eta, berriro diot, mintzagai deneko lerro batzuetan baino askoz larriagoa. Baldin Hegoaldeko aktualitate politikoa ulertzeko modukoa bada eta baldin Espainiako Estatuarekiko konfrontazio-mailak identifikatzeko modukoak badira, eta, ondorioz, defendatzen ez dituztenek errespetatzekoak eta konprenitzekoak, orduan Hegoaldearen irudia onartzen hasiko da Iparraldeko populazioa. Orduan, halaber, beldur gutxiago emango du Euskal Herriaren osagai guztiak hurbiltzearen alde egiten duen proiektu abertzaleak, eta izan daiteke aditua, baita, gerora beharbada, defendatua ere. Hegoaldeko tentsioak, hango pasioak... ez dira lagungarri Iparraldean abertzaletasuna indartzeko. Bestalde, galdetzekoa da, berebat, Hegoaldeko abertzaletasuna sendotzeko balio ote duten, baina horretan beste debate bat ageri zaigu.


Orain, dena dela, komeni da irudi-aldaketa horretatik aurrerago jotzea. Iparraldeko abertzale orok dugu Hegoaldeko hiru probintziak onuratzen dituen autonomiaz gehiago informatzeko interesa. Guk guztiok dugu ispilu moduan balio izateko interesa, euskaldunek, instituzio modernoen eta biztanleetatik gertukoen bidez, beren eguneroko bizimodua gobernatzeko duten gaitasunaren erakusle izatekoa. Baldin Iparraldeko biztanleak errepublika jakobinoaren eta zentralizatuaren eskemetara ohiturik badaude, gerta liteke autonomia erkideagoaren adibideak hainbat aztura eta pentsamolde arkaiko zapuzten laguntzea. Nolanahi ere, indarrean dagoen autonomiaren aipuak aipu, bidezkoa izan daiteke haren eguneroko gestioko zenbait alderdiz, ihes egiten dioten konpetentziez edota Espainiako legediarekiko joeraz kritiko izatea. Hala eta guztiz, euskal autonomia zer den azaltzeko edo proiektu abertzalea aurkezteko, ezinbestekoa da entzuleak izatea eta entzuleek aditzeko gogoa izatea, eta egitate hori kondizio minimoak betetzen direnean bakarrik gertatuko da. Konbikzio abertzaleek besterenak errespetatzen dituztenak izan behar dute, eta arau pedagogiko minimoen agindura egon behar dute, ulertuak izateko. Ibarretxeren Planak meritu horiek bederen baditu.



Horixe da benetakoa Iparralderako, eta gainerakoentzat ere horixe da benetakoa, apika. Euskal kausak komunikazio-defizit izugarria dauka, zeren karikaturizatu egiten baitute etsaiek, eta agian gaizki defendatzen dute militante propioek. Orobat, berreskuratu egin behar da euskal kausaren aldeko babes internazionala, zeren gaur egun ebidentzia latza da joan deneko hainbat urtetan falta zaigula.

Behin harriduraren efektua igarota, euskaldun askok arindu bat hartu balute bezala erreakzionatu dute Ibarretxeren Planaren aurrean. Tentsioek eta nahi antzuek markatzen duten testuinguru politikoan, lehendakariaren iniziatibak goititu egin du berriro debatea, eta horixe zen anitzen desira. Zeinahi direla ere mamiari buruzko analisiak, proiektua gauzakizun izatearen gaineko zalantzak edo bukaeraraino iristeko borondatearen dagozkionak, testua egitate politiko funtsezkoa da guztiz.


Oraingoan, bada, lehendakaria ez da zaldi gainean abiatu. Bere diskurtsoa oposizioko alderdi abertzale batena dela esango genuke, baldin oposizioak bere lana ongi egingo balu. Halaxe da, hain alderdi inobadoreak ditu proposizio horrek, hain itxaropentsuak, hain konplexuak lekua egiteko, hain zailak solaskide askorengana iristarazteko, non pentsa baitaiteke gauzarazteko kezka gutxiko politikoek idatzi dutela. Dena dela, honako hau da testuaren alderdi harrigarriena eta aldi berean funtsezkoena: agintean dagoen gobernuburu batek proposatu du, eta, gainera, urrun ditu oraindik erretiroko urteak. Garbi dago, Ibarretxek izango dituenez gero hitzordu gehiago bere herriarekin, bere hautesleei dagokie erne egotea, beren memoriari eustea eta beren iritzia ematea. Planaren aurkezpen hutsaren garaia pasatu dela ikusitakoan, irudikatu ahalko dugu, baldin egunen batean aplikatzen hasten bada, nabarmen aldatuko direla gauzak Euskal Herrian.


Nonalanahi ere, honetan datza arazoa gaur egun: ordua edo garaia ez dago balantzan. Gaur gaurkoz, iritzi posible bakarrak testuari buruzkoak dira, aurkeztu deneko testuinguruaren gainekoak edota egileak eman dion formari buruzkoak; ebentualki, sortu dituen erreakzioei buruzkoak, baina besterik ez. Izaera horretako dokumentu bat ezin da hipotesien gainean aztertu. Hegoaldean bezala gainerako lekuetan, baina besteetan baino areago bertan, gauza zehatzetan epaitzea komeni da, ez suposizioetan. Ez ditzagun aurreratu etorkizun dauden faseak, ez ditzagun aurrez epaitu lehendakariaren edo EAJren intentzio isil-gordeak. Ez gaitezen ezkuta berriro aurreko diskurtso itxaropentsuetan, sorburuko kanpaina elektoralen biharamunean ahantzi diren haietan. Denok sentitu izan dugu nola zenbait ideia eder formulatu ondoren ito diren, eta konprenitu dugu boluntarismo gehiegiaz ezin dugula besterik ito.

Hegoaldeko Euskal Herria zer-nolako inpasean dagoen ikusita, beharbada abertzaleen multzoak planteatu behar du proposamen horren aldaketa, zeren inoiz ezin zaio ihes egiten utzi benetako debatea izateko paradari.


Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan