artikulu nagusira itzuli
Antton Karrera: "Ibarretxeren proposamena"
Hausnarketa politikorako garai ilunak omen dira. Giza eskubideen urraketa eguneroko kontua bilakatu zaigu eta inkomunikazio politikoa ustekabeko eremutara iristen ari da. Derrigorrezkoa zaigu ordea hausnarketari ekitea, eskuartean dugun krisi politiko etengabe hau bideratuko duen eztabaida areagotzeko. Hausnarketan sakontzearen behar horrexegatik ziurrenez, Ibarretxe lehendakariak irailean gizarteari egindako proposamena aurkeztu zigun. ARGIAk honi buruz aritzea eskatu dit eta gustura egingo dut, Ezker Batuaren balorazioa ez baitago komunikabideek gehien eskatzen dutenen artean.
Lehendakariak «Normalizazio Politiko eta Elkarbizitzarako Hitzarmena» aurkeztu zigunetik hilabete batzuk igaro dira beraz. Ezker Batuak hasiera-hasieratik positibotzat jo zuen, normalizazio politikoaren arazoan eztabaida eta hausnarketa plazaratzen zuelako hain zuzen. Bide horretan gara gaur ere; printzipioz, irtenbideen aldeko proposamen oro ongietorria da nire taldean. Aitzitik, guk ere geure hausnarketa egiten dugun neurrian, alde positiboak eta ez horren positiboak ikusten dizkiogu, jakina, proposamen guztiekin gertatzen den bezala. Hala beharko luke behintzat.
Lehenengoz, lehendakariaren proposamenak eztabaida sustatzen duela azpimarratu nahi nuke. Hori berez oso positiboa da hain kutsatua eta blokeatua dagoen euskal egoera politikoan, non krisiaren muturrek, Batasuna eta PP alegia, euskal gizartea eskatzen ari zaigun akordioa oztopatzen duten; Batasunaren kasuan, hala bizitza eta beste hainbat funtsezko eskubideekiko nola ETA berarekiko ere jokatzen duen paperaren bidez; PPri dagokionez, eskubide eta askatasun zibilekiko duen jarrera atzerakoi eta erasokorren bidez. Esaterako, «Egunkaria»ren itxierak suposatu duena har dezakegu honen adibidetzat.
Proposamenak, bestalde, Euskal Herriaren izaera berezia baieztatzen du, estatuko errealitate nazional ezberdinen atxikimendu askerako aukera legal bat eskainiz, erbeste politikotik eta urtetako bakardadean Ezker Batuak (IU) defendatukoari arrazoia emanez. Badirudi ez genbiltzala horren oker ezker federalistok. Atxikimendu askeak, euskal gizartearen erabakitze eskubidea aurreikusten du, hots, subjektu politiko gisa, euskal gizarteari bere borondatea adierazteko eta berau errespetatua izateko dagokion eskubide politikoa. Halaber, euskal gizartearen borondateari zor zaion errespetua, Estatuarekin batasunerako edo behin betiko banaketarako giltzarri izango da. Borondate hori oinarri izanik, Ibarretxeren proposamenak atxikimendu askea dakarkigu, euskal gizarteak Estatuarekin egun duen harreman politikoa hobetu eta sakondu nahian; gure errealitate politikoa Estatuko errealitate politikoan txertatu nahian alegia, elkarren arteko errespetuan. Hau guztia Ezker Batuak (IU) historikoki proposatu izan duen Estatu Federalaren egitasmoan biltzen da. Ibarretxeren proposamena beraz, atxikimendu askearen aldekoa den neurrian, Ezker Batuaren (IU) federalismoarekin «bateragarria» litzateke, egungo Estatu Autonomikoak dituen arazoei irtenbide bat eskainiz.
Baina lehendakariaren ekimenak badu aurkakorik. Politika mailan PP jakina, baita bere albotik aldendu ezinik dabilen PSE-EE ere, uneoro beldur eta menpeko. Protagonista bi hauen jarrera ikusirik, hausnarketa egin baino proposamena baztertu eta lurperatu asmotan dabiltzala esango nuke. Zilegizkoa agian, baina irtenbideak oztopatzeko biderik egokiena. Benetako erronka, indarrean dugun eta herri honen garapenerako horren onuragarria izan den marko politikoaren kontsentsuak handitzean datza. Kohesio eta kontsentsu sozialaren izenean, proposamenaren aspektuetan sakontzeko eta beharrezko aldaketak egiteko prest egon behar garela uste dugu. Ezker Batuak eginkizun horretan dihardu. Hau ahaztu barik, proposamenak gure autogobernuaren sakontzea dakarrela ez dago ukatzerik, baina Gernikako Estatutuak berak aurreikusten dituen potentzialitateei eusten dio bide batez. Honek ez du esan nahi indarrean dugun markoarekin hautsi nahi duenik, bertan baitu oinarri. Litekeena da legeak eraldatu edota proposamenaren hainbat aspektu zehaztu behar izatea, eta zergatik ez? Non dago arazoa? Markoak eta legeak ez lukete behin betiko molde hautsiezinak izan behar.
ETA, eztabaida politikoan ez sakontzeko aitzakia historikoa izan da. Egoera ulergarria alde batetik, ez omen da batere erraza eztabaidarako prest agertzea zure ideiengatik eraila izan zaitezkeen bitartean. Aitzitik, eztabaida sakonaren beharra dago. Badakigu (eta ulertzen dugu) ETAk gogor baldintzatzen duela premiazko ariketa hau, baina ezin diogu ETAri arazo politikoen konponbiderako protagonismo gehiagorik eman. Horrek ez du esan nahi ETAren txantajean erortzen ari garenik; arazo politikoez hitz egiteak ez du zerikusirik ETAren existentziak agerian uzten duen arazo etikoarekin. ETA zuzenbidezko benetako estatuaren aplikazio osoarekin soluzionatu beharreko traba da. Horrekin ez ginateke presio polizial soilari edota mehatxatuen babes politiko-instituzionalari mugatu behar; neurri politikoak ere bideratu beharko lirateke zuzenbidezko estatuaren baitan, distentsio politikoa ekarriko luketen neurriak alegia (eta ez alderantziz, Batasunaren ilegalizazioaren prozesua hasi denetik hona gertatu izan den bezala, adibidez).
Ez noa esatera eztabaida politikoak ETAren amaiera ekarriko duenik, azken batean, ETA beraren baitan baitago erokeriaren bidean jarraitu ala ez. Baina hausnarketa politikoa eta eztabaida derrigorrezkoak dira demokraziak oraindik konpondu ez duen arazo politiko bati aurre egiteko: Euskal Herriaren bideragarritasuna Espainiako Estatuaren errealitate politikoan.
Proposamenak badu zeresanik hau guztiari dagokionez. Eta hasieran eusten nion bezala, hausnarketa politikorako garai ilunak izanda ere, arazo konkretu hau konpontzeko gutxieneko komunikazioa behar-beharrezkoa da. Utz ditzagun monologoak behingoz. ETAk bere horretan dirauen bitartean ezin izango dugu bidezko konponbidea gauzatu, baina elkar hitz egiteaz baino ez naiz ari, konponbideak bilatzeaz alegia. Horretarako hausnarketa, eztabaida eta derrigorrezko elkarrizketa. Hori baino ez dakar lehendakariaren proposamenak. Edo hori guztia.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.