Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 12:10:21
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-03-30 -- 1893.zenb

HARRY POTTER ETA SUAREN KOPA

J. K. Rowling
ELKAR

664 orrialde
16,50 euro


HARRY POTTER-I BURUZKO LAUGARREN NOBELA

Iñaki Mendigurenek euskaratutako Harry Potter mutiko ingelesa protagonista duen laugarren nobela da «Harry Potter eta Suaren kopa». 2002ko Euskadi Saria eskuratu zuen Iñaki Mendigurenek «Harry Potter eta sekretuen ganbera» liburuaren itzulpenagatik, eta aipamen berezia lortu zuen ere «Harry Potter eta Azkabango presoa»ren itzulpen lanagatik. J. K. Rowlingen laugarren nobela hau oso luzea da -672 orrialde ditu-, baina erraz irakurtzen da, abenturaz betea dagoelako eta aurreko istorioak bezain bizia delako. Jadanik hamalau bat urte ditu Harry Potterrek bertan, eta Hogwartseko Azti eta Sorgin Eskolan laugarren ikasturtea hasteko falta zaizkion egunak zenbatzen ari da, ez baitaki oraindik ezer han zain dauzkan ustekabeko arriskuez. Nobelaren ardatza, aldian behin aztien munduan egiten den Hiru Aztien Torneoa da. Europan zehar dauden azti eta sorginentzako eskolen artean egiten den lehiaketa horretan, eskola bakoitzetik ordezkari batek baino ezin har dezake parte. Hasiera batean Harry Potter ez dago aukeraturik, baina norbaiten esku hartze maltzurraren ondorioz, derrigorturik aurkituko da parte hartzera.

EUSKAL HERRIKO PERTSONAIAK
Erlantz Urtasun Antzano
GAIAK
185 orrialde
12,50 euro


ITZAL HANDIKO PERTSONEN BIOGRAFIAK

Gure herriaren historian nabarmendu diren pertsonen biografiaz osatua dago Erlantz Urtasun Antzanok eginiko liburu hau. «Euskal Herriko pertsonaiak» dira, dudarik gabe, Antoine Abbadiatik hasi eta Tomas Zumalakarregirekin amaituz, hurrenez hurren, agertzen diren ehun eta hemezortziak. Itzal handiko pertsonak guztiak, nor bere alorrean. Adibide batzuk eskaintzeagatik, Joxemiel Barandiaran, Sebero Altube, Luis Arana Goiri, Argala, Axular, Azkue, Elhuyar, Etxepare, Madi Heguy, Matalas, Aingeru Irigarai, Arturo Kanpion, Federiko Krutwig, Txomin Iturbe, Patxi Larrainzar, Lauaxeta, Felix Likiniano, Joannes Leizarraga, Marie Urtubi, Tomas Meabe, Jon Mirande, Pedro Mari Otaño, Monzon, Jabier Ziga, Txirrita, Inazio Zuloaga...

TUNDRA
Igor Estankona
SUSA
82 orrialde
10 euro


IGOR ESTANKONAREN POEMA BILDUMA

Joseba Jaka III. Literatur Beka eskuratu zuen Igor Estankona idazle gazteak «Tundra» deritzan bere bigarren olerki bilduma honekin. Lehen poema liburua 1998an argitara eman zuen «Anemometroa» izan zen. Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak eta Susa argitaletxeak batera argitaratu zuten «Tundra» poema bilduma, berriz, hiru atal nagusitan dago banatuta. «Inork ez du txoririk ikusi zerua zeharkatzen. Txori horiekin hasten da liburu hau», ohartarazten du Igor Estankonak lehenean. «Itxi egin da dena / demokrazia baten antzera», adierazten du bigarrenean. Eta «Eguzkia ezkutatu denean / dantzari bat ikusi dute hankak apurtuta», hirugarrenean.

URTEGIJAUNA
Aingeru Epaltza
PAMIELA
157 orrialde
7,50 euro



GAZTETXOEI ZUZENDURIKO NARRAZIOA

Aingeru Epaltzak gazteentzat idatzi duen hirugarren nobela dugu «Urtegijauna», eta gogoz kontra udaleku batera doan mutiko bati bizitzea egokitzen zaizkion abenturak kontatzen dira bertan. «Sorginkerien liburua» eta «Baloika» liburuak irakurri zituenari oso ezagunak egingo zaizkio hemen agertzen diren protagonista batzuk, berdinak baitira, Miguel Corella politikari ustela, adibidez. Edota Mikeltxo bera, hasiera batean udalekuan zeharo atsekabeturik dagoen mutikoa. Gurasoak kanpoan dituela jakinik, arrebari idatzi eta idatzi ari zaio, bere bila etor daitezen eskatuz, harik eta Maddalen neskatila eta Teodoro mutilzaharra ezagutzen dituen arte. Hortik aurrera sekulako abentura bizitzea egokituko zaio, lagun eta etsai zahar eta berriekin.

HAGINKADAKA

Andoni Urzelai
KUTXA FUNDAZIOA

105 orrialde


2002KO IRUN HIRIKO KUTXA SARIA

Andoni Urzelaik idatzitako lehen eleberri honek eskuratu zuen 2002ko Irun Hiriko Kutxa Literatur saria. Beltz kutxu nabarmena du «Haginkada»k, protagonista dauzkan polizia ustelak eta guzti. Euskal Herriko bazter batean gertatzen da, eta bere pertsonaiak gazteak dira bereziki: hiesa duen ala ez jakiteko zain izuturik dabilen gaztea, bere amets guztiak pikutara doazela ikusita dagoen laguna eta bizitzeko grina asetzeko ahaleginetan dabilen neska. Asteburu oro beren ametsak bete nahiz murgiltzen dira gaueko eta goizaldeko zurrunbiloan, musikak, drogak eta aldian aldiko sexu harremanak bete dezaketelakoan bakoitzak barruan daraman hutsunea. Baina maiz frustrazioa izango da beren ibilaldi frenetiko horren ondorioa.

TXINPARTAREN IZAKIAK
Pello Añorga
ELKAR
59 orrialde
5,40 euro



MUNDU OSOA PIZTEA LORTU ZENEKOA

Hamar urtetik aurrerakoei zuzendurik dago Jokin Mitxelenaren marrazki irudimentsuz horniturik plazaratu den Pello Añorgaren «Txinpartaren izakiak». Mundua erabat ilun zegoen garaira garamatza egileak. Halako batean, Sugetzarra piztu zen, eta argia egiteari ekin zion, izarrak eta izatasuna duen guztia txinpartak jaurtikiz piztuz. Geroztik, egunak joan eta gauak etorri, poz-pozik zebiltzan denak, harik eta Sugetzarrak sua piztu zuen arte. Egundoko sua zen hura, erre egiten zuen, eta izaki gehientsuenak izutu egin ziren, erreka salbu. Alderantziz, errekak kontra egin baitzion suari eta baita itzali ere. Hura lasaitasuna hartu zutena izakiek! Eta Sugetzarra madarikatu eta mundutik bidaltzea erabaki zuten. Baina orduan izarrak desagertu ziren.

EL MUNDO DE LOS PIRINEOS

Batzuen artean
SUA

130 orrialde
5 euro



NAFARROAKO MENDI BIDEETAN BARNA

Sua argitaletxeak bihilabetero kaleratzen duen «El mundo de los Pirineos» aldizkariaren azken zenbakian, besteak beste, Nafarroako mendi bideen sekretu guztiak azaltzen saiatu dira, kartografo eta militarrak arrazoi profesionalengatik eginiko lehen mapa haietatik hasi eta geroztik sortu direnak kontuan hartuz. Nafarroako Pirinioek mendizalea erakartzeko makina bat bazter eta gailur zoragarri dituzte, eta sei ibilbide luzeren nondik norakoak eta arriskuak eskaintzen dira aldizkarian -Zumalakarregik bere garaian egin ohi zuena, adibidez-, kilometro asko oinez egiteko beldur ez den mendizaleari begira. Baina, lasai, bestelako ibilbideak egiteko zehaztasunak ere ez dituzte ahaztu-eta. Beraietako bat aipatzearren, Leitzatik Kornietara doana, kasu.

MARIO ANGEL MARRODANEN POEMAK


FOTOPOEMAK

Joseba Gotzon
JOSEBA GOTZON, JOSE LUIS CANAL
10 kanta
14 euro


Joseba Gotzonen «Fotopoemak» honekin, bai kantautoreak, bai Marrodan Olerki Elkarteak omenaldi bat eskaini nahi izan diote Portugaleten sortutako Mario Angel Marrodan poetari. Izan ere, hirurehun bat poema liburu plazaratu baititu Marrodanek olerkigintzan daramatzan berrogeita hamar urteotan. «Fotopoemak» diskoan, Joseba Gotzonek -Blas Fernandez, Carlos Gracia «Tato», Jose Luis Canal, Luis Alberto Requejo, Iñaki Portilla, Alvaro Gomez, Iñigo Ranedo, Lazaro Torralba eta Jose Lastraren laguntzaz- honoko olerkiak musikatu ditu: «Nire itsasoa», «Olerkari txikiaren leloa», «Kantu lurtarra», «Maitasun sonatua», «Nire ideala», CDari izenburua ematen dion «Fotopoemak», «Otsaila», «Bi olerki txapelari», «Elementuak» eta «Harriz harri».

hemeroteka

1892. zenbakia | 2003-03-23
1891. zenbakia | 2003-03-16
1890. zenbakia | 2003-03-09
1889. zenbakia | 2003-03-02
1888. zenbakia | 2003-02-23

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan