Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-03-30 -- 1893.zenb

- Iñaki Uria, æEuskaldunon EgunkariaÆko kontseilari ordezkariak Aranjuezeko espetxetik «Egunero»ri erantzundako elkarrizketan esandakoa: «Zuhurtzia eta ardura behar dira erakundeetan agintzeko, baina Espainiari eta Correo taldeari beti men egitea ez da zuhurra, ez arduratsua. Operazio honekin erakutsi digute hurrengoa Euskaltzaindia edo Eusko Jaurlaritza bera izan daitezkeela. Hori da beldurra sartzeko mezua. Zuhurra hori gainditzea da».
- Xabier Arzalluzek «Egunero»n «Egunkaria» auzian izandako tortura salaketei buruz: «Hemen guardia zibilak aspalditik dabiltza. Mila bider ezagutu dugu kuarteletan zer gertatzen den. Ez da nobedadea baten batek tratu txarra edo tortura jasotzen badu. Bigarrenez, nik sinesten dut Otamendik eta besteek esandakoa. Torrealdai ez da ume bat eta auzmendi eta horiek ez dira kale borrokatik datozen gazteak edozein moduz erabil daitezkeenak. Jende tajuzkoa da eta konfiantza merezi dutenak. Haiek esaten dutena sinesten dut eta Acebes ministroari ez diot sinesten».

Iñaki Irazabalbeitia izango da Gipuzkoako Diputazioko ahaldun nagusia izateko Aralar alderdiaren hautagaia. Irazabalbeitia Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia da eta euskal kulturaren eremuan ezaguna da bere zientzia lanak eta euskalgintzan duen ibilbideagatik. Bestetik, Aralar, Batzarre eta Zutikek hauteskundeetara koalizioan ez direla batera joango iragarri dute.

Bautista Barandalla eta Koldo Kareagaren egoera salatu eta beren baldintzapeko askatasuna eskatzeko, hilaren 29an manifestazio deia egin du Etxeratek Iruñean «Mendeku eta gorroto politikarik ez. Heriotza zigorrari ez» lelopean. Barandallari espetxe zaintzako epaileak 92. artikuluaren aplikazioa atzera botatzeaz gain, Iruñekoak baino baldintza egokiagoak dituen beste espetxe batera eraman dezaten eskaera egin du. Kareagari tumore erasokor bat aurkitu diote duela gutxi eta gaur egun Soriako espetxean dago.

Angel Yañez Tolosako udaleko PPko zinegotziak 40 orduko baraualdia egin zuen joan den asteburuan udal hauteskundeetan Tolosako hogei pertsona PPren zerrendetan joan daitezen eskatzeko. Sei pertsonak behintzat lortu ditu.

Jakoba Errekondo

Miarritzeko Txokolatearen Museoa urrutitxo duzula iruditzen al zaizu? Edota hura gozatzeko betarik hartu ezinik al zabiltza? Hala bada eta txokolatezale amorratuen zerrenda itzelekoa, harengatik intzirika aritzen direnetakoa bazara, edo noiznahi haren gozagarria eskuera izan nahi baduzu, torizu errezeta: gramo bat bera ere gerriratzeko beldurrik gabe landare hauek ingurura ekarri.

Txokolate lorea (Cosmos atrosanguineus) da egokiena, lorearen koloreak eta batez ere usain finak hura gogora eta sudur-sabaira ekarriko dizu. Landare gogorra da, baina babes pixka bat izango duen tokian jarri eta arratsean, ilunabarrean osatuko du bere inguruko airea usain ederraz. Lurpean garatzen dituen erreboila koskorrak banatuz ugaltzen da.
Berlandiera lyrata deiturikoak ere asebeteko zaitu. Usain nabarmenagoa du, eguzkizale porrokatua da eta tximeletak erakartzen ditu, hauek ere amorratuak nonbait...
Bainilladun txokolatea atsegin baduzu, Akebia quinnata igokaria da zeurea. Azkar hazten da eta udaberrian zabaltzen dituen loreen usainak txoratuko zaitu, lehenaz gain

Jabier Agirre

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako minbizi gaixoen bizi itxaropena Espainiako erkidegoetakoa baino handiagoa da. EAEn itxaron zerrendak murritzagoak direnez, tumore baten presentzia lehenago detektatzen da, eta horrek modu egokian tratatzeko aukera ematen du. Gurutzetako Ospitaleko Onkologiako zerbitzuburua den Guillermo López Vivanco doktoreak esan duenez, "hiru herrialde horietan, 30 urtetik 74 urte bitarteko hiritarren heriotza arrazoi nagusia minbizia da oraindik", baina gaitz honen tratamenduari eta detekzio goiztiarrari buruzko ikerketak aurrera doazen neurrian, "bizi itxaropena haziz doa pixkanaka eta une hauetan, sendatze tasa %50 inguruan dabil".

EAEko Minbizien Erregistroan bildutako datuek portaera diferentea erakusten digute tumore mota batetik bestera, hasi 90eko hamarkadaren hasierako urteetatik eta gaur egun arte, bizi ohituretan emandako aldaketak batetik eta aurrerapen zientifikoak bestetik direla medio. Hala ere, "pertsonetan tumoreak agertzeko arrazoi nagusia bizi-azturak eta ohiturak dira", Vivancoren hitzetan, eta hori argitzeko zera dio: "erretzeari uztearekin soilik %50-60 murriztuko litzateke minbiziaren agerpena".
Gurutzetako Onkologiako buruak esan duenez, azken urteotan nabarmen jaitsi omen dira urdail edo laringeko minbiziek eragindako heriotzak, baina gora egin dute, ordea, biriketako minbiziak (erretzearekin lotuak), eta baita ondeste eta kolonekoak, maskuri, aho-barrunbe eta pankreakoak. Urdailekoa jaistearen arrazoia janarien kontserbazio hobearekin lotu du Vivanco doktoreak


LEGEZ KANPO

Pentsatzen zen bezala, Batasuna legez kanpo utzi du Espainiako Auzitegi Gorenak, noiz eta Auzitegi Konstituzionalak Alderdien Legea Konstituzioarekin bat datorrela esan eta egun gutxira. Juridikoki Europako bide luzea bakarrik geratzen da. Politikoki Euskal Herrian egin daiteekena geratzen da, onartezina baita Madrilen hala erabakitzen delako Batasuna eta honen atzean dagoen gizarte esparru zabala joko politikotik ezabatu nahi izatea. Zer egin, ordea? Hori korapilotsuagoa da, baina aurrera begira ezer gertatuko ez balitz bezala luzaroan aritzea larria litzateke euskal gizarteko gainerako eragile politiko eta sozialentzat.



IRAKEKO INBASIOAREN AURKA

AMERIKETAKO Estatu Batuek eta bere aliatuek Irak inbaditzeari ekin ziotenetik, euskal gizartean berriz ikusi da argi eta garbi iritzi publikoa eraso horren aurka dagoela. PPko politikarien ahotik ez bada zaila da gerra hau defendatuko duen ahotsik entzutea. Berriz ere, manifestazio jendetsuak egin dira hiriburu guztietan eta han eta hemen egiten diren bilkura eta ekitaldiak etengabekoak dira.


FISKALTZAK BEGIZ JOTA DU AuB

ESPAINIAKO Fiskaltza Nagusiak begiz jota du AuB eta bere suspentsio eta ilegalizazio eskaera aztertzen ari dela zabaldu du. Eskaera eta informazioak ez du inor ezustean harrapatu eta, gainera, berretsi du beste susmoetakoa, ezker abertzaleko herrietako plataforma batzuk ere hauteskundeetatik kanpo utz ditzakeela. Zabaldutako zenbait informazioren arabera, hilaren 31n Jesus Cardenal Estatuko Fiskal Nagusia Euskal Herriko hegoaldeko lau herrialdetako fiskalekin bilduko da eman beharreko urratsak koordinatzeko. «El Mundo» egunkariari Ramon Jauregi buruzagi sozialistak emandako elkarrizketa batean, bestalde, honek dio ezin dela debekatu Batasunaren ideiak defenditzen dituzten elkargo desberdinak hauteskundeetara aurkeztea.


TORTURA SALAKETAK MEDIO, URQUIJOREN GALDERA BALZARI

ERTZAINTZAK egindako atxiloketetan beren senitartekoak torturak jasan izana salatu zuten hainbat familik otsailaren 18an. Hori dela eta, Carlos Urquijo PPko parlamentariak Javier Balza herrizaingo sailburuari galdetu dio ea zein datarekin zabaldu duen aipatu salaketak ikertzeko txostena. Urquijoren esanetan, berak ez du Ertzaintzarekiko inongo zalantzarik, baina gorputzak eskatzen dio halako galderarik egitea, ikusita «Egunkaria»ren kasuan Lakuak tortura salaketei buruzko ikerketa eskaera egiteaz gain, Espainiako Gobernuak tortura salatzaileen aurkako kereilak kritikatu dituela.


OMAKO BASOA BERRIZ ERASOTU DIOTE IBARROLA ESKULTOREARI

AGUSTIN Ibarrolaren Omako basoa hirugarrenez erasotu dute azken hiru urteetan. Hogeitamarren bat pinu pintura zuriz pintatu zituzten eta beste larogeitamarren batetan ETA goraipatzen zuten pintaketak egin ziren. Eraso egileek «Ibarrola español, ETA mátalo» ere idatzi zuten basoaren sarrera iragartzen duen panel batean.


EAJ-REN ENTZUKETA SALAKETAK

ESPAINIAKO Diputatuen Kongresuko EAJren taldeak telefono entzuketak salatu ditu Iñaki Anasagastiren ahotik. Honen esanetan, taldeko idazkariak zarata ezohiko ugari entzun dituzte zenbait egunetan eta hilaren 12an aurreko egunen batean izandako telefono elkarrizketa bat entzun zuten telefonoa hartzean. Luisa Fernanda Rudi Diputatuen Kongresuko lehendakariak ustezko entzuketak ikertuko dituela jakinarazi du.


CiU-REN ESTATUTU BERRIA

CiU-K Kataluniarako autonomia estatutu berri baten proposamena egin du, zenbait alorretan Ibarretxeren planean finkatzen diren irizpide berdintsuak bereganatuz. Besteak beste, Kataluniak Espainiarekin elkartze librean oinarritutako itun bat egitea proposatzen du, autodeterminazio eskubidea onartzea, katalana eta gazteleraren ezagutza beharrezkoa izatea eta zerga mailako eskumen osoa eskuratzea. Estatutu berriaren zirriborroa, 2002ko abenduan Kataluniako Legebiltzarrak autogobernua handitzeko egindako eskaerari erantzuten dio. ERC eta beste alderdi nazionalista batzuen esanetan, hauteskundeei begira egindako keinua da, beren ustez PPrekiko duen menpekotasunak oso deseroso baitauzka CiUren baseak.

EA-KO GAZTEEN XV. URTEURRENA.

GAZTE Abertzaleek XV. urteurrena ospatuko dute Tolosan datorren asteburu honetan, 28tik 30era «Ezker gaztea aberrigintzan» lelopean. Ekitaldi politikoak, kontzertuak, mendi martxa eta hitzaldiak izango dira, besteak beste.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan