Debagoieneko Udaletako Euskara Zerbitzuek «Idatziak» liburuxka osatu dute. Helburua honakoa da: edonork idatzizko zerbait sortzeko mementoan, gonbiten, zorion agurren, oharren eta abarren ereduak izatea da. Liburua doan banatuko da Debagoieneko udaletan, guztira 10.600 ale.
HIZKUNTZA POLITIKA KUDEATZEKO
Baionako suprefetak, Michel Druvetek adierazi duenez, Frantziako Gobernuak Interes Orokorreko Talde baten sorrera sustatu nahi du Iparraldeko hizkuntza politika kudeatzeko asmoz. Talde hori Frantziako Estatuko, Akitaniako, Pirinio Atlantiko departamenduko eta Hautetsien Kontseiluko ordezkari iraunkorrek osatuko dute. Taldeak, halaber, bere aurrekontu propioa izango du. Horrekin batera, Jaurlaritzarekin elkarlanerako batzorde bat osatuko dute.
KARRIKIRI ZINEMALDIA ESKAINI EZINIK
Duela bost urte abiatu zen Iruñeko Zinemaldia. Iruñeko Udalaren eskaria izan zen euskarazko zikloa eta egindako hitzarmenaren arabera, Udala arlo ekonomikoaz arduratuko zen eta Karrikiri elkartea kudeaketa eta promozio lanaz. Iaz gauzak okertzen hasi ziren baina aurrera egin zuen Zinemaldiak. Orain Udalak aurtengo zinemaldia antolatzeko lehiaketa publikoa egiteko asmoa duela adierazi du eta Karrikirik Zinemaldiarekin aurrera egiteko dirurik ez duenez bertan behera utziko du. Hala ere, euskarazko filmen promozioa egiteko ardura hartuko dutela jakinarazi dute.
OSAKIDETZA EUSKARA PLANETIK GERTUAGO
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko dekretua onartu du. Dekretua indarrean jarri aurretik, sindikatuekin bilduko dira adostasun zabala lortzearren eta Osakidetzako Administrazio Kontseiluak onartu behar du. Sei urteko iraupena izango du planak eta hirugarren urtean lehen ebaluazioa egingo da. Lehentasun nagusia kejen mailako artatzea izango da: pediatria zerbitzuak, bezeroak hartzeko eremuak, medikuntza orokorra, erizaintza, larrialdietarako unitateak... 9 milioi euro baliatuko dituzte plana abian jartzeko.
EUSKAL FONETIKAREN ATARIA
FonAtari (www.fonatari.org) sareratu berri du Deustuko Unibertsitateak. Berau euskal fonetikari buruzko lehen ataria da. Bertan euskalki ezberdinetako grabazioak jaso dituzte. Unibertsitateko Fonetika Laborategia arduratu da ataria egiteaz eta euskaraz eta ingelesez kontsulta daiteke.
AURREIRITZIEZ GAINDI
Literatura normalizatuetan gertatzen ez den fenomenoa gertatzen da gurean. Euskal argitaletxeek oso itzulpen gutxi kaleratzen dituzte Literatura unibertsaleko bildumatik kanpo. Aurreiritzi asko dagoela dio Karlos del Olmo Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteko (EIZIE) lehendakari berriak. Irakasleek eurek ere nahiago izaten dutela jatorrizko liburuak gomendatzea, itzulitakoak baino. Hori dela eta EIZIEk aspalditik xede zuen itzulpen literarioa bultzatzeko fundazioa jarriko du abian. Fundazio honek itzultzaileei beren gustuko liburuak itzultzeko lana baldintzarik onenetan egiteko aukera eskainiko lieke. Horretarako, erakundeengandik finantzazioa eskuratu beharko lukeelarik, itzulpenak lan-sarien bidez bideratzeko.
EUSKARAZ ARGITARATUAK
EUSKADIKO Editoreen Elkarteak jakitera eman duenez, 2001ean Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian argitaratu ziren 7 milioi liburuetatik %66 euskaraz plazaratu ziren. Aurreko urtean euskaraz argitaratu zirenak baino gehiago diren arren, Elkartearen ordezkariek diotenez, testu liburuen eskakizunaren hazkundeari zor zaio hori. Bestela, euskarazko liburuen tirada gaztelaniazkoa baino txikiagoa izango litzateke. Guztira, 2001ean 2.800 liburu ezberdin kaleratu ziren, 2000n 3.066 argitaratu ziren bitartean. Eta hala ere, 2001ean diru sarrerak handiagoak izan ziren 2000n baino.
IDAZLEEN ELKARTEKO BERRIAK
EUSKAL Idazleen Elkarteak web gunea berritu du. Idazle bazkideei buruzko informazioa, bibliografia eta argazkiak, elkartearen jarduna, bere programa eta argitalpenak, hala nola, «Hegats» eta «Kalegats» agerkariak, literatura lehiaketen agenda edota eginiko biltzarren datuak eta txostenak jarri dituzte bertan. Bestalde Idazleen Elkarteak antolatuko du datorren udazkenean Gernikan «Historia eta oroimena» izenburupean egingo den Galeusca.
ARTE ETA KULTURA JARDUNALDIA
IAZ 17 ikastaro eskaini bazituen ere, aurtengo ekainaren 30ean hasi eta uztailaren 30ean amaituko diren Arte eta Kultura IV. Topaketek 27 ikastaroz osatutako eskaintza burutu dute. Apirilaren 1etik aurrera eman daiteke izena horietan parte hartzeko. Kultur arloko ikastaroei dagokienez, aipatzekoak dira dantza eta kantuari dagozkionak, izan ere, Ygor Yebra edo Keiko Wataya bezalakoak izango baitira hauetako batzuetan irakasle. Baina badira bestelako ikastaroak: museoak, erakusketak eta erakusketa hizkuntzak izenekoa; literatur kritikaren joera berriak jorratuko dituena; Antzerkia eta generoaz mintzatuko dena; edota kultura eta edizioan sakontzeari ekingo diona.
OLBE-REN OSPAKIZUNA
APIRILAREN 9an ospatuko du Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak bere 50. urteurrena. Egun horretan aurkeztuko dute Euskalduna Jauregian Carlos Bacigalupek idatzi duen eta Elkartearen historia biltzen duen liburua. Egun berean, «Zigor» obra taularatuko dute. OLBEk 500 ikuskizun baino gehiago antolatu ditu jaio zenetik.
INAUGURAZIOAK
AZKENALDIAN ohitzen ari gara kultur zentroak inauguratzean zalapartak entzutera. Nafarroan, Barañaingo Auditorioa ireki zuten lehengo astean. 90eko hamarkadan jarri zen martxan 680 pertsona hartzeko gaitasuna izango duen areto honen proiektua. Nazioarte mailako kultur ikuskizunentzako gune izateaz gain, ikastaroak eta mintegiak emateko helburua du. Auditorioak ordea, polemika handiak izan ditu atzean. Izan ere, kultur zentroaren eraikitze lanak zirela-eta herriko alkatea kargua betetzeko gaitasunik gabe utzi zuten. Ondoren etorri da lehen Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen guneko arduraduna zen eta egun Auditorioko gerente den Enrique Santiagoren inguruko zalaparta.
Bestalde, Oteiza Fundazioko Patronatuan Oteizaren ingurukoak diren lau kidek apirilaren 18an Museoa inauguratzea erabaki «presazkoa eta elektoralista» dela esan dute. Diotenez, ez dago proiektua garatu duen profesional talderik ezta museorako plan konkreturik ere.
- Juan Kruz Igerabidek honakoa adierazi zuen «Gara»n: «Uste dut idazleak, idazten duen mementotik, zer esaterik baduela; esaten ari den mementotik, ezin ditu begiak itxi, ikusten ari da, bizitzen ari da. Kontua da berak zer gaitasun duen horren aurrean zerbait esateko; batek gaitasun soziologiko handia badu, alde horretatik helduko dio gaiari. Ni ez naiz iaioa filosofia eta politikaren aldetik; zer esan dezaket, orduan, nik? Beharbada poesia eta sentimenduen ikuspegitik, zenbait gauza pertsonal eta nire ikuspegia eman ditzaket; horretan saiatu naiz».
- Urtzi Urkizuk «Hika» aldizkarian: «Entretenitu, informatu eta hazi omen ziren telebistaren helburuak. (...) Ikusi dugunez, sistema mantentzeko joko guztiekin esango dute informatzen gaituztela. Bitartean edozein saio txepelekin entretenituko gaituzte, euren kulturan hazten gaituzten bitartean».
- Anjel Lertxundiren ustez, «nobela batean errazagoa da momentu konkretu batean pertsonaia batek huts egitea, baina ipuinean ezin da hori gertatu. Ipuinean dena perfektua ez bada ez du funtzionatzen». Hitzok «Euskonews & Media»n esan zituen.
CEIT Ikasketa eta Ikerketa Teknikoen Gipuzkoako Zentroa dugu (www.ceit.es/), Nafarroako Goi Ingeniaritza Eskolan sortutakoa. Zentroaren informazio ugari dakar web guneak: azken doktorego tesien informazioa, zentroaren langileriaren datuak, alorreko albisteak... Denak gaztelaniaz daude ordea.
Tijuana in blue talde nafarrak disko berria kaleratuko du. Udaberri honetan eskainiko dituen kontzertuetan grabatuko dute zuzeneko lana. Diskoa Gorren eskutik plazaratuko dute.
Estitxu Eizagirrek irabazi du Orixe bertso sariketa. ARGIAko kolaboratzaileak 358 puntu lortu zituen, eta bigarrenak, Andoni Otamendik, hiru gutxiago.
Silverspace Animation Studios izeneko 3 dimentsiotako animaziozko zinema lantzeko produkzio etxea sortu da Araban. Euskal Herrian sortzen den bigarrena da, Irungo Dibulitoon-en atzetik.
Iñaki Petxarromanen liburu berriak «Katearen begiak» izango du izenburutzat. Bertan, 1200 urtetik gaur arte Euskal Herriaren historian garrantzitsuak izan diren garaiak oinarri hartuz literatura historikoa jorratzen du Petxarromanek.
Aingeru Epaltzaren «RockÆnÆroll» liburua gaztelaniaz argitaratuko du laster Ttarttalo argitaletxeak.
Jose Luis Zumeta margolariaren hitzak dira hauek «Egunero»n eginiko elkarrizketan adierazitakoak:
« (...) Obra perfekturik ez dago. Gainera, existitzekotan pinturaren amaiera litzateke. Etengabeko bilakaera da pintura, ez du bukaerarik. Eredu bakarra ez dago, ezin da egon. Hala izatekotan, pinturak ez zuen hainbeste mendetan iraungo. Denborak eredu berriak eskaintzen dizkigu, horrela izan da orain arte, eta horrela jarraituko du izaten. (...) Artista oso indibidualista da. Jakina, inguruari loturik dago, baina bere helburua ez da inguru horrekin ados egotea. Berea egin beharra dauka; pasioa du artea, utopia ere bada askotan. Nire ustez, margolaria eta pertsona bereizi egin behar dira; batek nortasuna adierazten du, besteak lana. (...)
Azken hogei urte hauetan artea eta merkatua kontrako norabidean dabiltza. Lehen ez nuen ikusten hainbeste alderik bataren eta bestearen artean. Artea artea zen, abangoardia abangoardia, eta famatuak famatu ziren horixe merezi zutelako. Baina orain marketina sartu da tartean, eta badirudi dena dela artea. Oro da onargarria. Artearen mundua usteldu egin du diruak, eta giro faltsu horren erantzuleak amerikarrak dira. Modak agintzen du orain; abangoardiak ez du lehen zuen zentzua. (...) Sortzaileari ilusioa kentzen dio giro honek (...) ».