Evohe, bakarrik utzi nauzu saguzarrekin. Mugaz bestalde ere maiteko ninduzula esan zenidan, larrua joko genuela... eta bakarrik utzi nauzu". Yuri Sam 2000. urteko neguan hil zen bihotz haustura eta zorotasuna diagnostikatuta. Bizidunon pribilegioak galdu zituen orduan. Hala ere, bere izpiritu shamanikoak kosmosetik bidaiatzeko aukera ematen dio, eta bidenabar, mugaz bestalde gauden gizakiak bisitatzeko ere bai. Yuri Samek bere munduan barrena gidatuko gaitu, errito-buru gisa. Baina heriotza ez da ederra, eta ez da sekula izango. Bizitzaren meandro bitxiak goza ditzagun eskatzen digu Yuri Samek, izaki izateko, bekatari izateko. Eta aspaldi fedea galdu bazuen ere, otoi egiten du.
Arrazionaltasunetik ihesi
Aitor Agiriano, Paola Ruizen biolinaren laguntzaz, unibertsalak diren doinuak sortzen saiatu da, erreferente kultural asko uztartuz: "Antzezlanean erabilitako musikak maputxeak, euskaldunak, zeltak, indioak...izan daitezke. Horiek guztiek oinarrian duten musika hori aurkitzea izan da zailena", dio Agirianok. Izan ere, mundu guztiko kulturatan aurki daitezkeen elementu komunak biltzen ahalegindu dira lan honekin. Horretarako energiak lanabes bilakatu dituzte. Indiako Khatakali antzerki-dantzak aukera asko ematen ditu arlo honetan. "Nik energia kodifikatu batzuk sartzen ditut obran", azaltzen du Lipusek, "batzuk Khatakaliaren bidez ikasitakoak, baina Arratiako jotan edo Baliko dantzetan erabiltzen diren energiak ere baliatzen ditut. Azken batean, muina berbera da, formak dira aldatzen direnak. Tira, lan egiteko metodoa bat da, batzuk galaiarenak egiteko Humphrey Bogarten fijatzen dira, ni, aldiz, dantzetan".
Oinarriak ez ahazteko
Antzerkiola Imaginarioa etengabeko sormen prozesuan dabilen taldea da. «Yuri Sam» estreinatu berri dutela, jada badituzte beste bi egitasmo mahai gainean. "Arrevoire triunfadoreak" izeneko muntaia ari dira prestatzen dagoeneko. Gabriel Ocinak zuzenduko duen komedia surrealista zubi batera beren buruaz beste egitera joandako lau pertsonaia absurdo izango ditu protagonista. Eugene Ionesco eta Samuel Beckett antzerkigileek jorratutako Absurduaren Antzerkia landuko dute honetan.
Bestalde, aspalditik buruan bueltaka dabilkion muntaia gauzatu nahi du Ander Lipusek: "Makari, azkeneko ama" izeneko antzezlana. "Jada nahiko egituratuta dago. Indiako nire guruak pertsonaia bat gorpuztuko du, eta bera da koreografiaz arduratuko dena. Ekoizpen aldetik esfortzu handiko egitasmoa da", dio
Antzerkiola Imaginarioa taldearen sortzaileetako bat da Aitor Agiriano bilbotarra. Sortu zenetik taldeak egin dituen ekoizpen guztien musikak egin ditu. Drama Laborategiko eta Peace Monkyes musika taldeko partaide ere bada gaur egun.
Teknologia berriek musika sortzeko aukerak zabaldu al dituzte?
a sekulako tresna da, baina dudarik gabe ezin zara horretan erabat oinarritu, makinak ez ditu mirariak egiten. Zuk zentzua eta muina eman behar diozu. Jakina da 120 pultsazio minutuko jarrita, eta soinu grabe bat jarri eta gero kontra-denboran beste bat agudoa ipiniz erritmo bat sortzean ari zarela, eta modu determinatuan funtzionatzen duela, baina horri guztiari muina jarri behar zaio. Gaur egun makinen esklabo garela uste dut. Entzuten diren musika elektroniko asko oso antzekoak dira, muin gutxi eta erabilera bera ematen zaiolako makinari etengabe.
Zein da antzerkirako sortzen den musika baten funtzioa?
Nik antzerkirako musikaren baitan bi sailkapen egiten ditut: batetik, antzerki laneko energia edo abiadurei laguntzeko sortutakoa, musika funtzionala, alegia. Honek metodologia konkretua du. Bigarrena, aldiz, dramaturgia bat sortzen duena da, aberastu egiten du testua, narratiba propioa du. Musika hori gidoiarengandik independente ere izan daiteke. Antzerki lan bateko musikak bi ezaugarriak uztartu behar ditu.
Musikan konbentzio asko dago, beharrezkoak al dira?
Musikak ondorio fisiko oso argiak ditu. Disonantzia bat beti akzioarekin lotzen dugu eta kontsonantzia, aldiz, lasaitasunarekin. Hori fisikoa da eta ezin da horren kontra borrokatu. Gure alde erabili behar dugu. Musikaren historiak erakusten diguna da, era berean, sortzaile gehienen obsesioa izan dela disonantzia hori menderatzea, efektu fisiko hori ezagutzea. Autoreari disonantzia kenduz gero, dena kentzen diozu, dena oso aspergarria litzateke.
Nola ikusten duzu musika sorkuntzaren egoera antzerkian?
Oso garestia da musika egitea, musikariari ordaindu egin behar zaio. Gainera, badago beste musika industria bat, diskoena, eta hortik edaten da askotan, askoz merkeagoa delako. Logikoa da. Oso etekin gutxi ematen duen jarduera da, gainera
![]() |
|
||||
1893 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa