2003-03-23 -- 1892.zenb
Ez naiz sekula izan loak berehala harrapatzen dutenetakoa. Gogoan dut, oraindik, nola gure amak, lokartzeko, esaten zidan: "jar zaitez Ibargurenera begira". Gelan etzanda Ibargurengo argiek baserria bertaratu egiten zuten leihoraino, iluntasunaren amildegiaren gainetik salto egiten lagunduz. Oso ilunak ziren orduko gaurik gehienak, artean, ez baitzegoen oraingo farolik eta Ibargurengo argien distirak kristalean pausatuta antzematen nituen, urrutiko izarrak baino beroago. Oso berandu zela adierazi nahi izaten zidan amak, eta argia seinalatuz esan ohi zidan: "Hara, hor arituko da Arantxa zure lagunaren aita ikuiluko lanetan" eta orduan errenditzen nintzen, lagunak lo egongo zirelakoan. Eta argi hura ez zen sekula itzaltzen ni loak hartu aurretik. Esnatzen nintzenerako, hori bai, Ibarguren, argiak itzalita, zuri eta luze agertzen zen, gauez baino atzeraxeago, aurrealdean, Albitxerriko Gregorio zenaren arta-soro ederra eta Estankoko Iņasioren baratza zituela.Esnatu berritan, kaleko biziek iragartzen zidaten ordua. Esnezaleen ahotsak entzuten nituen batzuetan. Aierdiko Rosita etortzen zen geure etxera, Dendaberrikoen atarian astoa lotuta. Etxe bakoitzera igo beharreko esnea neurtu eta marmita handienetatik ontzi txikiagoetara pasatzen, pertzen metal-soinuak adierazten zidan artean goiz samar zela. Beste batzuetan jaikieran Iņasio perratzailenetik gizonezkoen ahotsak iristen ziren: Elbarrengoak, Aiestaran errekakoak, Arru gainekoak, Saturdi aldekoak, Mendizabal edo Gorriņe aldekoak... Tarteka behiren baten marruren batekin ere nahasten ziren, eta Iņasiok horrelakoetan lan luzea izaten zuenez, eskolatik etxerakoan han biltzen ginen ume guztiak, behiei perrak nola jartzen zizkien ikusteko, Fabrika Handiko langileak bizikletan eguerdirako itzultzen hasi arte.
guztia irakurri© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa