Astekaria

 Erreportajeak 

O, PELLO, PELLO!

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


1892. alea
2003-03-23
alde 0    kontra 0

Sirena eta tiro hotsak. Guardia Zibil bat eszenatokira igo eta "se sienten, coño!" bortitzak eman zion hasiera ekitaldiari. Tricornioaren azpian eta betaurreko beltzen atzean Iñaki Mendiguren itzultzaile eta idazlea zegoela ikustean hautsi zen isiltasuna. Jendearen txalo artean hitza hartu zuen: "Pello gaixo dago, bai. Baina Pello gizagaixoaren lepotik beren indarra eta handitasuna erakutsi beharrean dauden estatu eta gobernu hori ez daude askoz osasuntsuago...".

Eta Pello Zubiriak hain gustuko duen Asterixi erreferentzia eginez, "burutik eginda daude erromatar horiek" esanda, Mendigurenek Juanma Zaldua aurkeztu zuen. Esku soinuaz "O Pello, Pello"ren doinuak jotzen hasi eta Olatz Korta eta Mikel Garikoitz lankideek jarri zioten ahotsa kantu ezagunari.

Erreleboa Jakoba Errekondok hartu eta, bakoitzak berea eskaintzen zuen ekitaldi horretan, hark landare bat eskaini zuen, hagina, bere hitzetan "Pelloren Aginagako hagina". Honen atzetik Tere Irastortza idazleak hartu zuen hitza. Euskalduna Sisiforekin konparatu ohi garela esan zuen, behin eta berriro mendian gora beti harri bera bizkarrean hartuta gabiltzalako. Baina berak itsasoarekin konparatu zuen Euskal Herria.

Metaforen ondoren, errealitate gordinak hartu zuen txanda, Pelloren gaixotasunak. Horren inguruan Jabier Agirre eta Emilio Lopez Adan medikuak aritu ziren. Espondilitis ankilopoietikoaren nondik norakoak azaldu ostean, gogor salatu zuten Pellok atxilotua izan ondoren sendagileengandik jasotako tratua. Kode etiko eta deontologikoaren kontra jokatu omen dute. Horregatik, hau ere esan zuten bi medikuek: "Prest gaude Espainia gaixoa tratatzeko; mediku bezala dugun kode etiko eta deontologikoak behartzen gaitu".

Xabier, Piter eta Txema igo ziren ondoren. Xabier, Piter eta Txemaz jantzita zeuden behintzat, berehala Txirri, Mirri eta Txiribitonen eskularru, ileorde eta sudur gorriak ipini bazituzten ere. Garai hauetan zaila den lana tokatu zitzaion hirukoteari: han bildutakoak barrez jartzea. Baina saiatu, ederki saiatu ziren; baita azkenean lortu ere, laguntza txiki batekin, ordea: "Ya hemos escuchado como algunos han manifestado que se trata de una operación contra la cultura o contra la lengua vasca. Se equivocan. Es exactamente todo lo contrario...". Acebes Barne ministroaren deklarazioa negargarri/barregarriak ipinita lortu zen publikoak barre egitea.

Oholtzara Arantxa Iturbe eta Jon Alonso igo ziren ondoren. Lehena Bernardo Atxagak bidalitako testua irakurtzen hasi zen: "Gaixotu zen Adan paradisua utzi eta aurreneko neguan. Eta eztulka, buruko minez, 39ko sukarraz, negarrari eman zion, Magdalenak gerora emango bezala. Eta Evagana zuzenduz 'hil egingo naiz' esan zion...". Eta Jon Alonsok, besteak beste, Bretchen hitz hauek ekarri zituen gogora: "Harro dabil gaur egun zentzugabekeria, menperatzaileek 10.000 urte dituzte atzetik, indarkeriak zin egiten du, berdin iraungo du denak".

Andoni Egaña eta Iñaki Murua bertsolariak igo ziren hurrengo. Hona hemen eskainitako sortatik lehen bertsoa:

Uso txuria joan zaigu

Madrilek dauka gatibu

Madrilek dauka gatibu

Pellok zenbat lan, zenbat ahalegin

egin duen badakigu

hark utzi duen zirrikitutik

haize hotza datorkigu

Pellok berak Malores emazteari aipatu zion berari gertatutakoa ederki deskribatzen zuela Julen Lekuonaren "Hiltzaile bat bezala" abestiak. Bada Lekuona bera eta bere seme Aritzek hartu zieten erreleboa bertsolariei...

Hiltzaile bat bezala

hemen naramate

bi eskuak loturik

mundutik aparte

errurik ez dudala

azaldu nahi nuke

egia nahi dunantzat

emana dut merke

Ekitaldiari amaiera emateko parte hartutako guztiak oholtzara hurbildu eta Malores Etxeberriari ere igotzeko deia luzatu zitzaion. Antton Mendizabal eskultoreak duela 12 urte Argia sarietarako prestatutako lehen alea eman zion emazteari. Malores Etxeberriak Pelloren partez han bildutako guztiei muxu bana helarazi zien. Amaitzeko agurra dantzatu eta bertsolariek azken bertso bat bota zuten, Pellori eskainia, baina egun hartako berri pozgarria ahaztu gabe: handik ordu gutxitara Txema Auzmendi eta Joan Mari Torrealdai kalean izango ziren.

Lagunari olesta

lankideai omen

Joan Mari eta Txema

kalerako omen

Pello hire lagunak

bildu gaituk hemen

bihurtu nahi genduke

mina itxaropen

Pello hire lagunak

bildu gaituk hemen

berriz ere gurekin

nahi haugu lehenbailehen

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1891
 
azala1890

1892 zenbakia.
2003ko martxoaren 23a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza