«Hemengo idazleak lurrari atxikiak daude, ez zaie fantasia gehiegi interesatzen»
Idazle eleberrigile gisa azaldu zinen euskal literaturaren plazara «Itzalaren baitan» eleberriarekin. Ia 500 orrialde dituen nobela mardula. Testu moderno eta eleberri magikotzat joa...
Baiki, magia da «Itzalaren baitan» liburuaren gai nagusia. Betidanik gustatu zait nobela fantastikoa. Liburu honekin zerbait berria egin nahi izan nuen fantasiaren nobelaren munduan. Genero honetan topiko berberak agertzen dira ia beti, ezpatak eta dragoiak. Nik zerbait modernoa egin nahi nuen, eta batez ere, beste genero batzuetako elementuak sartu, hala nola, eleberri beltzaren mundukoak, beldurrezko kontakizunetatik ateratako gauzak, gaurkotasuneko gauza bat egin nahi nuen finean. Baina, hori lortu dudan irakurleak esan beharko du, noski.
Nola hartzen da genero hori euskal irakurleen artean?
Badirudi azken aldi honetan modan jarri dela, «Eraztunaren Jauna» eta «Harry Potter»ren liburuak horren lekuko dira. Magiaren gainean eraikitako fantasiazko istorioak dira. Baina, ez dakit euskal literaturaren munduan halako moda sartu den. Nik uste dut hemengo idazleak lurrari atxikiak daudela, ez zaie fantasia gehiegi interesatzen. Baina nire ustez beharrezkoa da.
Zure eleberri hau J.R.R Tolkienen literaturarekin lotu daiteke. Zer iruditzen zaizu «Eraztunaren Jauna» liburua eta egilea bera?
«Itzalaren baitan» liburua genero honekin lotzen ahal da, bai. Liburu honek betidanik liluratu nau. Bizpahiru aldiz irakurri dut, baita «The Hobbit» bere liburu ezaguna. Euskarara ere itzulia dago eta berriz ere irakurtzeko parada edo aitzakia ona da. Tolkienek mundu bat asmatu zuen eta, historian zehar, belaunaldiak eta belaunaldiak liluratuko dituen liburua sortu zuen, nire ustez. Badirudi gaur egun modan jarri dela, filmak direla-eta ospetsua egin dela. Baina, nire gustuko, filmak ere ondo daude. Zuzendaria Tolkienen jarraitzailea da eta ongi islatu du berak idatzitako mundua.
Literatur plazan modu onean sartu zinen. Bi sari irabazteko dohaina izan duzu.
Ni bezalako hasiberri batentzat, sariena bide bakarra da, edo bakarrenetarikoa.
Zerk harritu zaitu plazan agertze honetan?
Bada, agian, nire xumean izan dudan arrakastak. Uste baitut mundu honetan sartzea ni sartu naizen moduan sartzea baino zailagoa izan behar duela, hori zen behintzat nik nuen ideia.
Euskal literaturaren plaza edo beste gisa batez erranik, euskal literaturaren paisaia. Nola ikusten duzu berau?
Egia erran ez dut sobera ezagutzen paisaia hori. Ezagutzen dudan apurraren arabera, paisaia nahiko jendetsua ikusten dut, gero eta ńabardura handiagoko paisaia da, geroz eta kalitate handiagokoa.
Idazle gisa berriz, paisaia horretan zure burua?
Nik ez dakit paisaia horretan nire burua agertzen den ere, agertzekotan bigarren plano batean agertuko nintzateke
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.