Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-03-23 -- 1892.zenb

GASTU SOZIALA MURRIZTUKO DU PFEZ ZERGAREN ERREFORMAK

Daniel Udalaitz

Hego Euskal Herriko biztanle zergadunek uda baino lehen egin beharko dute 2002ko ekitaldiari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) aitorpena. Aurtengo aitorpeneko eredua aldatu egingo da datorren urtetik aurrera, eta bestelako edukia izango du 2004an 2003ko aitorpena egiteko indarrean jarriko dutenak. Hego Euskal Herriko lau aldundi foralek erreformatu dute PFEZ zerga, eta, esan bezala, datorren urtean izango da indarrean.

Erreforma, funtsean, Espainiako PPren Gobernuak ezarri duenaren ildo berekoa da, eta, publizitatea bestelakoa izan arren, ohi bezala onura handiagoa izango dute kapitalaren errentek langileen mozkinek baino: oraingoan ere enplegatuek dute zama handiena diru biltze fiskalean. Erreformak, iruzur fiskalari ez erasateaz gainera, diru sarreren murrizte nabarmena ekarriko du (272 milioi euro inguruko jaitsiera; 185 milioi euro EAEn eta 87 milioi Nafarroan), eta, ondorioz, gutxiago inbertituko da gastu sozialean, batik bat osasunean, hezkuntzan eta esklusio sozialean. Hala salatu dute euskal sindikatuetako arduradunek (ELAk bereziki), azkeneko aste hauetan foru aldundien aurrean egin dituzten mobilizazioetan: informazio eza salatu dute batetik, eta PFEZ zergaren erreforman segitu den prozesu arrea bestetik.


ERREFORMAREN ALDERDI NAGUSIAK.

Arau berriaren arabera, eta laneko errentari gagozkiola, ez dute aitorpena egin beharrik izango urtean 8.500 euro baino gutxiago jasotzen dutenek (orain arte, 7.360 eurotan zegoen muga). Hobari orokor bat ezarri dute, tarte bakoitzean 325,75 euroko igoera lineala suposatzen duena, eta laneko errenten hartzaileei aplikatuko zaie. Zergen eskalan ere ageri da aldaketa bat: zerga-tasetan, %15 izango da minimoa eta %48 maximoa (orain arte, %17 eta %50 bitartekoa zen eskala).

Seme-alabengatiko kenketetan gertatu da aldaketa gehien. Araban, %15 inguruko igoera izango dute. Lehenbiziko seme-alabarengatik, 460 euro kenduko dituzte, 565 bigarrenagatik, 850 hirugarrenagatik eta 1.060 laugarrenagatik. Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, 415 euro kenduko dituzte lehenengoagatik, 505 bigarrenagatik, 765 hirugarrenagatik, 1.100 laugarrenagatik eta 1.500 bosgarrena edo hurrengoengatik. Horrez gainera, 225 euro gehitzen dira hiru urtez behetiko ondorengo bakoitzarengatik. Nafarroan, oraingo PFEZ ereduan bertan, 1.535 euroko kenketa egiten dute lehen hiru ondorengoengatik eta 2.455 laugarrena eta hurrengoengatik. Erreformako kantitateak debate politikoan erabakiko dituzte. Hirugarren adinekoen kasuan, 200 euroko kenketa izango dute, sortu berri duten kontzeptu bategatik. Hirurogeita hamabost urtetik gorakoentzat, berriz, 400 euro izendatu dituzte.


PENTSIO PLANAK, ETXEBIZITZA, GAINBALIOAK.

EPSV pentsio planen kasuan, goratu egin dute oinarria murrizteko limitea: 7.813,16 eurotik 8.000 eurora pasatuko da oro har. Era berean, goititu egin dituzte 52 urtez gorakoentzako limiteak, eta urteko 1.002 euro zena 1.250 euro izango da hurrena. Azkenik, aldatu egin dute, halaber, ezinduei aplikatzen zaiena: kasu horretan, 15.623 eurotik 24.250 eurora aldatu da limitea. Aurreikuspeneko plan aseguratuek EPSV-ek bezalakoxe abantailak izango dituzte: hamar urtetik aurrera utziko dute berreskuratze partzial bat egiten, eta kantitate hori %60ko oinarrian bakarrik integratuko da.

Gainbalioei dagokienez, honako hau jaso dute PFEZ zergaren erreforman: %15eko tasa bakarrean pagatuko dute zergadunek urtebetez gorako antzinatasuna duten aktiboak saltzetik izandako ondare-igoera, hau da, higiezinak, akzioak, inbertsio funtsetako partizipazioak eta abar saltzetik izandako ondare igoera. Erreforma honetan, kendu egin dute inbertsio-funtsen titularrek batetik bestera pasatzean pagatu behar izaten zuten "bidesari fiskala". Bestalde, langile autonomoek osorik deduzitu ahalko dituzte konpainia pribatuei pagatutako gaixotasuneko aseguruetako primak. Orain arte, enpresek pagatzen zutenean bakarrik egin zezaketen operazio hori.

Etxebizitzen kasuan, oraingo erreforman bost urtetik seira aldatu dute etxebizitzen kontuen indarraldia. Familia ugariek, berriz, %15 gehiago deduzitzeko modua izango dute etxebizitza erosten dutenean. Errentako etxebizitzen alokairuen kasuan, betiere muga batzuen barruan, ia zergadun guztiei aplikatuko zaie %20ko kenketa (%25ekoa 35 urtez beherakoei). Orain arte, 30.000 euroz behitiko sarrerak zituztenei bakarrik egiten zitzaizkien kenketak

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan