Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-18 11:09:55
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-03-23 -- 1892.zenb

ETXEA LORATZEN

Maider Zapirain

Loregintzak gero eta arreta gehiago eskatzen du gure gizartean, etxe lorategien kultura gero eta zabalagoa da, mintegietan dabiltzan lorazainek bide honetan laguntzen dutelarik. Gutariko askok du balkoi edo terrazak landarez hornitzeko ohitura.

Etxeko lorategia eratzeko garaian ordea, baldintza asko hartu behar dira kontuan. Oso garrantzitsua da dokumentazio egokia izatea. Segidako lerroetan oinarrizko aholkuak ematen saiatuko gara, gure lorategitxoa eraikitzeko asmotan bagabiltza, ezustekorik ez dezagun izan. Gainera, askok hala uste badu ere, ez da beharrezkoa lur-sail handien jabe izatea lorategi eder batez gozatzeko, txoko asko dira aproposak landareak ezartzeko.
Lehenik eta behin, aukeratutako landareak landu behar dugun ingurunera ondo egokituko direla ziurtatu behar dugu, eta gero noski, dagokion zaintza berezitua burutu.

Beti ere, landareen beharrei erreparatu behar diegu: batzuk itzala behar dute, besteek gune eguzkitsua, haizea edo izozteak jasan ezin dituztenak ere badira. Lanean hasi aurretik liburuetan laguntza bilatzea komenigarria da eta lorazainek ere gustura aholkatuko gaituzte. Honek guztiak, antolaketa txiki bat egitea eskatzen du, ingurune harmoniko bat lortzeko asmo zehatzarekin abiatu behar dugu. Naturaren zatitxo bat etxe ondora ekarriko dugu.


LURRA.

Oinarrizkoa da landareentzat, euskarri izateaz gain, bertatik jasotzen baitituzte hazkuntzarako hain beharrezkoak diren elikagaiak. Jatorri organikoa (animalia edo landare hilen deskonposizioz sortuak) edo inorganikoa izan dezake (disolbatzeko errazak diren mineralak). Askotan gertatu ohi den bezala elikagaiak agortu daitezke lur horretan, batez ere, landareak lorontzietan badaude. Orduan, lurra berritu edo ongarriak gehitu behar dira.

Turba edo landare humusak dira komenigarrienak. Etxeko lorontzietan kafe hondarrak edo errautsak botatzeak landareen hazkuntza erraztuko du. Bestelako ezaugarriak ere oso baliagarriak dira landarearentzat, lurraren egitura eta trinkotasuna, adibidez. Horregatik landarearen arabera, uraren drainadura handiagoa behar izatekotan, hondarra edo bestelako harritxoak gehitu beharko dira.
Ur-hornidura garrantzitsua dela esan beharrik ez dago. Etxeko landareetan bereziki premia handiagoa da, lurrinketa ere handiagoa baita. Beraz, egunero loreak zaintzeaz arduratu beharko dugu, elikagaiak eta ura eguneroko beharrizanak baitira.


LANDARE PARASITOAK.

Hauen bisita ere izaten dute etxeko landareek. Hau gainditu beharreko beste oztopo bat da. Landarearen osasun egoeraren arabera, parasitoak errazago edo nekezago agertuko dira; zenbat eta landare ahulagoa, parasitoak agertzeko orduan eta erraztasun gehiago. Beraz, landareak osasun egoera onean mantentzeko zaintzak egokia izan behar du, bakoitzaren baldintza egokienak ondo ezagutu behar dira: argitasun maila, ongarriak, tenperatura, izozteekiko erresistentzia, noiz loratzen den... Eguneroko jarraipena ezinbestekoa da. Hostoak, kimuaką egunero begiratuz, landare ale bera eta albokoaren parasito bidezko erasoa eragotzi dezakegu, garbituz, erasoa pairatu duten atalak ebakizą Erasotzailea, onddo, bakterio, birus edo intsektu ziztrinen bat izan daiteke eta hauek eragingo dituzte gaixotasunak.

Oidio gaixotasuna onddo batek sortzen du eta ezaguna da gure landareen artean. Hauts zuri baten moduan azaltzen da hostoak estaliz. Lehenbailehen erauztea komeni da eta onddoen aurkako substantziaren bat erabiltzea ez litzateke txarrerako izango.
Intsektuek ere asko erasotzen dute landarea, plaga moduan azaltzen dira askotan. Landare zorriek, adibidez, landareen izerdia hurrupatzen dute. Erasoa larria bada, intsektizida erabil daiteke, bestela xaboidun ur pixka batekin garbituz konpondu dezakegu arazoa. Euli zuriaren erasoak ere ezagunak dira. Kaltea euli zuriaren larbek egiten dute hostoetan. Lehenengo susmoak izan orduko erabili behar da intsektizida eta kontu handia izan beste aleak ez kutsatzeko. Erasoa oso larria bada, inongo dudarik gabe, inausketak egin behar dira.


LANDARE BERRIEN HAZKUNTZA.

Ohikoena lorategietan landare ale berriak gehitu nahi izanez gero, mintegietara hauen bila gerturatzea da. Baina, lorategiaz bete-betean gozatu nahi badugu, guk egin ditzakegu hasierako prozesu horiek guztiak. Aukera bat baino gehiago dago. Haziak ereitea da ohikoena, adibidez urteko landareak badira. Erreboilo edo errizomak erabiliz, jatorrizko landarea kontu handiz erauzi behar da, sustrai lodi horiek kontu handiz ebaki behar dira laban zorrotz batekin. Aldaskak ebakiz ere lortu dezakegu landare ale berria, hauek berehala hasten baitira sustraiak botatzen. Edozein etxe balkoietako geranioarena da adibide garbia. Ale berria sortzeko azken prozesu honetan, hormonak erabil daitezke sustraiak errazago garatu ahal izateko. Beraz, aukera zabala eskaintzen digu naturak, espezie eta barietate piloa ezagutzeko aukera

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan