Hain agenda betea ipini didate, non lehen ministroa ematen baitut, ordu erdiz ere geratu gabe". Martxelo Otamendiri, «Egunkaria»ko zuzendariari, nabarmen ikusten zitzaion neke aurpegia joan den asteartean, goizeko hamaiketan, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Kazetaritzako Fakultatera heldu zenean. Automobilean, «La Vanguardia»ko Antoni Batista kazetaria zuen lagun. Atean zain, berriz, ikasleen batzarreko ordezkariak, hainbat irakasle eta VilaWebeko Vicent Partal zuzendaria, zein Otamendirekin eta Batistarekin mintzatzera joana baitzen, astearen buruan Katalunia osoan «Egunkaria»ri elkartasuna adierazteko antolatutako hainbat eta hainbat ekitaldiren artean beste bat baino ez zen horretara. Atea zeharkatzearekin bat, antolatzaileen arteko eztabaida bizi bat egokitu zitzaien aurrez aurre bisitariei: Areto Nagusiko ateak zabaldu zirenez geroztik, beste inortxo ere ez zen kabitzen barruan. Mukuru zegoen espazio posible guztia: besaulkiak, korridoreak, agertokia... baita fakultatearen kanpoko korridoreak ere. Kosta zitzaien agertokira iristea: ongi astiro heldu ziren. Behin jendartean aurrera egin nahirik Otamendiren aurpegia bistaratu zenean, txalo andana batek egin zion harrera. Presidentziako mahaiaren gainean, "Ongi etorri Martxelo, Egunkaria aurrera, Per la Llibertat d'Expressió" zioen pankarta ikaragarria. Ekitaldiko lehen hitzak oraindik espetxean dauden atxilotuak gogora ekartzeko izan ziren.
Kolektibo profesionalek ederki nabarmendu zuten alderdi hori. Astelehen goizean, Kazetarien Elkargoan izan zen lehen bilera. Hitzordu horretan, Montserrat Minobis elkargoko dekanoak, Antonio Francok («El Periódico»), Vicent Sanchisek («Avui») eta Joan Vallclarak (Comit taldea) gogor kondenatu zuten, hala «Egunkaria» itxi izana, nola atxilotu zenbaiti emandako tratu txarra. Ramon Barnils Kazetari Taldeak antolatu zuen ekitaldia, profesioa mugiarazten lehenengoetakoa izandakoak. Gironan, Kazetarien Elkargoko delegazioak Mosca sariaren ale berezi bat eman zien «Egunkaria»ko langileei adierazpen askatasunaren izenean (Mosca saria urteko kazetari onenei ematen zaien erakusgarria da). Asteko ekitaldi hunkigarrienetakoa gertatu zen horretan eman zioten saria Martxelori. Kultur etxean, ehunka lagunek batera altxatu zituzten beren eskuak Toni Strubellek "nork sinesten ditu Martxeloren salaketak?" galdetu zuenean. Ordea, esku bakar bat ere ez zen goratu galdera ondoko hau izan zenean: "Nork sinesten du Acebesen bertsioa?". Gironako eskualdeetan, beste ustekabeko bat ere izan zuen «Egunkaria»ko zuzendariak. Blanesera heldu zenean, «Egunero»n orrialde bateko publizitatea pagatzea onetsi izana eskertu nahi izan zion hango Udalari, eta, halatan, zer eskatuko, eta udalbatzaren ohorezko liburuan izenpetzeko galdegin zion alkateak. Martxelok, txantxetan, hotel gehiago eskatu zuen, "milaka euskaldun etorriko zaizkizue-eta oporrak igarotzera, zuen elkartasuna eskertzera".
VilaWeb-eko erredaktorea
![]() |
|
||||
1892 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa