Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-03-23 -- 1892.zenb

ENIGMA

Mila Beldarrain
EREIN

254 orrialde
18 euro



ARMADA NAZIAK FRANTZIA HARTU ZUENEKOA

Hirugarren Reicheko indarrak Frantzia bereganatu zuenean dago kokaturik «Enigma», Mila Beldarrainek benetako gertaera batzuetan oinarriturik idatzi duen nobela. Alemaniarren mezuak deszifratzeko erresistentziak erabiltzen zituen makinei deitzen zitzaien enigma, eta haiei esker irabazi omen zitzaien gerra bera ere naziei. Jakina, halako makina baliotsuak ezin ziren etsaien esku erortzen utzi, eta bereak eta bost pasa beharrean aurkitu ziren Bertrand koronela eta deskodetze lanetan aritzeko osatu zuen kriptografo espainiarren eta poloniarren taldea. Arazorik larriena armada alemaniarra Parisen sartu zenean planteatu zitzaien, garai hartan Frantziako hiriburuan kolaborazionista askotxo bizi zelako, eta erresistentziak oso indar ahula zuen. Gauzak horrela, Irun eta Donostia ingurutik abiatuko dira makinen bila «Enigma» nobelako protagonista nagusiak: ingeles espioi bat, eta Irungo prostituzio etxe batean lanean ari diren Mumely ijitoa eta Pedro zomorroena, beti ere Izar kontrabandista lagun dutela. Narrazioari, Hitler eta Franco Hendaiako geltokian bildu zirenean ematen zaio amaiera.

ANEXIÑUA OÑATIARREZ. MAKALENAREN HERRI ANTZERKIXA
Iñazio Irizar
OÑATIKO UDALA
173 orrialde
9 euro


OÑATIKO HISTORIAREN ANTZERKI LANA

Hogeita bost urte bete dira Oñatiko zenbait talde elkartu eta Herri Eguna ospatzea erabaki zutenetik. Euskal jaia izateko asmoarekin antolatutako data horretan, Makalena elkarteak herri antzerkia egiteko ardura hartu zuen, eta baita sei alditan bere zeregina ederki bete ere. Zilarrezko ezteiak gainean zituztenean, beren ekitaldia berriro martxan jartzea erabaki zuten Makalenakoek, «Anexiñua oñatiarrez» antzeztuz. Eta horren guztiaren berri ematen du Iñazio Irizarrek liburu honetan, aipatu antzezlana erdia oñatiarrez eta beste erdia batuaz jasoz, eta Oñatiko esamolde jator batzuk eskainiz. Antzerkian, Gebarako jaun-kondeen menpean XIII. mendetik aurrera egon ondoren, 1845ean Oñati Gipuzkoarekin elkartu zenekoa azaltzen dute.

BELDURRA BERA ZALDI. UHALIK GABEKO ASKATASUNA
Bixente Serrano Izko
PAMIELA
116 orrialde
10 euro


ASKATASUN EGARRI ASE EZINARI BURUZ

Askatasuna du hizpide Bixente Serrano Izkok Pamiela argitaletxearen bidez plazaratu duen «Beldurra bera zaldi. Uhalik gabeko askatasuna» liburuan. Ez da hau arnas batean irakurtzeko lana, apurka-apurka hausnartzeko gai asko baitu. Bere egileak ez duelako beharrez ezer izan nahi, ezta libre ere. Eta haren aburuz, ez dago askatasun absoluturik, askatasun egarri aseezina baizik, askatasunak ez duelako helmugarik. Eta askatasunak beldurra eman badezake ere, askatasunaren instrumentalizazioagatik eta faltagatik gertatzen da hori. Eta dena den, hain gurea den beldurrak sortzen duen ihes egiteko senetik ere abia gintezke libre izate aldera...

MARKOS KANTINERA
Patxi Zubizarreta/
Mikel Valverde
ELKAR
49 orrialde
6,20 euro



MUTIKO BAT KANTINERA ATERA ZENEKOA

Heldu zein txikientzat eredugarri izan daitekeen istorioa kontatzen du Patxi Zubizarretak, Mikel Valverderen marrazkiz horniturik kaleratu duen «Markos kantinera» liburuxkan. Mutiko batek kantinera bezala danborradan ateratzeko duen nahia bete ahal izateko egin behar izango duen borrokaz dihardu. Zur eta lur uzten ditu denak mutikoak, bere nahia azaltzean. Baita eskolako zuzendaria ere. Hainbeste, psikologoa ere ekartzen diola Markosi. Baina mutikoaren arrazoiak entzunda, psikologoari ez zaio batere gaizki iruditzen haren ideia. Ezta Markosen gurasoei ere, azken batean. Nolanahi ere, laguntzarik handiena amonaren aldetik etorriko zaio, aurreko inauterietan aitona emakume jantzita irten zela gogoratzen duenean.

LEIZARRAGA HAUTATUA

Joannes Leizarraga
HIRIA

131 orrialde
11,50 euro


LEIZARRAGAREN EUSKARA MODU ERRAZEAN

Joannes Leizarragaren obrarik ezagunena bere «Testamentu Berria» bada ere, urte berean, 1571n, «Kalendera» eta «ABC edo Christinoen instructionea» liburuak kaleratu zituen, eta hain zuzen hirugarren lan honetako pasarteak aukeratu dituzte Hiriakoek «Leizarraga hautatua»n azaltzeko, katixima horretan elkarrizketa moduan Leizarragaren euskararik biziena agertzen delako, eta beraien xede bakarra Leizarragaren zenbait testu gaurko irakurleari modu errazean eskaintzea izan delako. Horregatik ez dute «Testamentu Berria» ematen, ezta nekezago irakur daitezkeen Leizarragaren beste zenbait pasarte ere; Leizarragaren euskara modu erakargarri eta errazean egokitzea baino ez zutelako nahi. Eta horixe aurkituko du irakurleak «Leizarraga hautatua»n.

MARKESGAIAK/
DIRUA JAINKO

Salbador Zapirain «Ataño»
AUSPOA
310 orrialde
18,03 euro



«ATAÑO»REN BI NOBELA LIBURU BEREAN

Idazle oparoa izan zen Salbador Zapirain «Ataño», 1913an Errenteriako Bordaxar baserrian jaio eta 2000n Iruñean hil zen gizona. Antonio Zavalak «Markesgaiak» eta «Dirua jainko» nobelak biltzen dituen liburuaren hitzaurrean gogoratzen duen bezala, seminarioan filosofia ikasketak bukatu eta teologiakoak hasi behar zituenean, Gerra piztu eta Ondarretako eta San Kristobaleko «unibertsitateetara» eraman zuten gizarajoa. Nolanahi ere, jarraitu zuen irakurtzen eta idazten, eta horren froga ditugu Auspoa argitaletxeak oraingoan eskaintzen dizkigunak: antzinako kontaeran oinarritutako «Markesgaiak» lana eta Gerra ondoko giro latza eta nagusi-langileen arteko harreman eztabaidatsuak azaltzen dituen «Dirua Jainko» narrazioa.

ROMAN SUDUPEK EMANDAKO HITZALDIAK POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDAN

Roman Sudupe
ITXAROPENA

288 orrialde


DIPUTATU NAGUSIAREN EKARPENAK

Gipuzkoako diputatu nagusiak 1999-2003 legealdian bertako Batzar Nagusien aurrean egindako ekarpenak, euskaraz eta gazteleraz eskaintzen dituen liburu honen izenburu zehatza «Roman Sudupe Gipuzkoako diputatu nagusiak Batzar Nagusiaren aurrean emandako hitzaldiak politika orokorreko eztabaidetan» da. ETAren su-eten garaian ekin zion Roman Sudupek bere agintaldiari, eta 1999ko urriaren 1ean Gipuzkoaren etorkizunari buruz eginiko hausnarketa eskaini zuen. 2000ko urriaren 2an, berriz, ETAren ekintzak izan zituen hizpide. 2001eko urriaren 5ean, legealdiko aurreko bi urteen argi-itzalak aipatu zituen, eta 2002ko urriaren 4an garapen ekonomikoa eta gizarte kohesioa izan zituen bere gogoetaren abiapuntu.

EUSKADI GAZTEAREN AURTENGO SARIAK


EUSKADI GAZTEA 12. MAKETA LEHIAKETA
Batzuen artean
EUSKADI GAZTEA

8 kanta


Euskadi Gaztea Maketa Lehiaketaren hamabigarren edizioan sariak jaso ahal izan dituztenen lanak daude bildurik CD honetan. Oraingoan, Seiurte deitu taldea gertatu da txapeldun, eta noski, Jokin Elortzak, Iñaki Elortzak, Ekain Elortzak eta Julen Oarbeaskoak osaturik dagoen talde honen «Zu» eta «Bapatean» kantak entzun ahal daitezke CDan. Horrez gain, Euskadi Gazteko entzuleek aukeratutakoen kantak ere bertan daude jasorik, hau da, Ibon, Aitor, Unai, Julen eta Imanol kide dituen Biok taldearen «Segada» eta «Dekoratuari erantsiak»; Ion Montantxezek, Yurgi Latxak, Iñigo Rozasek eta Asier Martinezek osatutako Ehiztari Beltzak taldearen «Zu gabe» eta «Jabe barik»; eta Igor eta Ekhi musikari dituen Delorean-en «The portrait» eta «Just get out».

hemeroteka

1891. zenbakia | 2003-03-16
1890. zenbakia | 2003-03-09
1889. zenbakia | 2003-03-02
1888. zenbakia | 2003-02-23
1887. zenbakia | 2003-02-16

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan