Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-03-23 -- 1892.zenb

- Xabier Arzalluz, AuB hauteskundeetara aurkezteari buruz: «Egoera hau ez zen behin ere eman behar, hauteskundeetara Batasunak aurkeztu beharko lukeelako, baina PPk bere zuzenbidezko estatuarekin nahi duena egiten duenez, plataformari zorte ona opa diot. Dena den, ez dut uste aritzeko aukerarik izango dutenik, PPk debekatuko duen beldur naiz, horiek dena debekatzen dutelako».
- «El Diario Vasco»n egindako elkarrizketan, Jean Haritxelhar Euskaltzaindiako lehendakariari Angel Lertxundik etorkizuneko euskarazko «Egunkaria» plurala eta zabala izan dadila eskatzen duela zehazten diote. Ados dagoela dio Haritxelharrek, baina zera zehazten du: «Ba al da egunkaririk guztiz zabala eta plurala denik? Egunkari guztiek lerrokatzen dira alde baterantz. Hori da demokraziak gauzatzen duena. Ez gaitezen horren aingerutxoak izan. Aniztasunak demokrazia aberasten du».
- Carlos Iturgaizek Torrealdairen aurkako keraila eskatu dio Angel Acebes barne ministroari, «Otamendik egin bezala, ETAren liburuxkaren aginduak jarraitzen dituelako».

Martin Ugalde auziperatzeko aukerari Juan del Olmo epaileak ateak zabalik uzteak oso kritika gogorrak jaso ditu euskal politika eta, batez ere, euskal kulturaren gune gehienetan. Martin Ugalderi ETArekiko kolaborazio salaketa egiteko aukera bera bakarrik aipatzea sinesgaitza edo txiste gisa har zitekeen duela urte batzuk; «Egunkaria»ren aurkako operazioaren ondoren, ordea, eta Martin Ugalderen diru kontuak blokeatzeko agindua eman ondoren, aukera zabalik geratu da. Martin Ugaldek 82 urte ditu, gaixo da gaur egun eta bere ibilbideagatik euskal kulturaren adierazle gorenetakotzat hartzen da.
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariak «gerrarik ez» esan izanak oihartzuna izan du nafar gizartean. Bere esanak, ordea, ez du sinesgarritasun handirik izan, batez ere UPNko hiru diputatuek PPko gainerakoekin batera George Bushen gerra politika babesterakoan.

Jakoba Errekondo

Aginaga asko zagok. Hagindun Aginaga gutxi, ordea. Hagindun aginagarrak konta ahala...

Hagina, urtez urte, ehundaka urtetan, milaka urtetan, ezpaltxoa ezpaltxoari erantsiz osatutako egurra...
Egur gorri eta beltza, trinkoa, astuna, iraunkorra.
Zurginaren eskuetan, leuna.
Zurginaren hitzetan, gozoa...
Egurra zurtzen, zura egiten baitu zurgin gorri egoskorrak.
Intxuspe eta Sarikolako errekak eta Oria errioaren arteko gure Aginagan egin izan dituk, ederki asko dakik, mundu honetako itsasontzi onenak, hagina erruz zegoen garai haietan... zurgin iaioa etxeero zen garai haietan.
Zurgin gozoaren hitzetan egur gorri eta beltza, trinkoa, astuna, iraunkorra. Eta pozoitsua...
Irauteko zerbait beharko...
Pozoia ere landuko zuten Aginagarrek, zurgina zeukaten etxe guztiek baitzuten iraun beharra.
Euskarazko hagina, hitza dek Euskara.
Zurginaren eskuetan leuna, hitzetan gozoa...
Iraunkorra eta itxura guztien arabera pozoitsua...

Jabier Agirre

Iruñeko Bideko Amaren ospitaleak teknika berri bat jarri du martxan, eta bertako iturriek adierazi dutenez, teknika horrek zesareen kopurua gutxitzeaz gain, jaioberrien osasuna ere hobetu egiten omen du.

Fetua oraindik ere amaren sabelean dagoela, bere masailean sentsore txiki bat jartzea nahikoa da medikuek erditzerik konplikatuenak ere garantia osoarekin egin ditzaten beharrezkoa den informazio biokimiko guztia lortzeko. Iruñeko ospitaleko erditze aretoan nahiko protokolizatua dago, honezkero, pultsi-oximetria izeneko teknika berri hau, Europako beste hainbat zentrotan bezalaxe. Nafarroako Osasun Sailak diruz lagundutako proiektu hori Iñigo Fernandez Andres eta Isabel Martinez Montero ginekologoen ardurapean ari da aurrera ateratzen.
Pultsi-oximetriak une bakoitzean oxigeno edukia zer-nolakoa den jakiteko modua ematen du, eta dagoeneko beste medikuntza espezialitate batzuetan erabiltzen da, anestesian edo zainketa intentsiboetan esaterako. Baina gurera etorriz, umetokiaren barruko fetuari masailean jarritako sentsore txiki-txikiak argi gorriak eta azpigorriak igortzen ditu, fotodetektore batek argi horien isla neurtzeko. Hartzaile horrek kalkulu matematiko bat egiten du, eta horren ondorioz fetuaren oxigenazio maila eta pultsua jakin daitezke. Horrela, aldi berean fetuaren bihotz erritmoa eta oxigenazio maila jakiteko modua ematen digun teknika horri esker, prebentzio gisa egiten diren zesarea asko ez egitea lortzen da, bai fetuari eta baita amari ere molestia ugari saihesteaz gain


AuB HAUTESKUNDEETARA

Bere lehen masa ekitaldia Bilbon egin du Autodeterminaziorako Biltzarrak eta bertan jakinarazitakoaren arabera, maiatzeko hauteskundeetan biltzar nagusietara eta foru legebiltzarrera aurkeztuko dira. Orain ikusi beharko da zer gertatzen den, Espainiako Gobernuak zer jarrera hartzen duen mugimendu politiko berriarekiko. AuBko ordezkariek ez datozela inor ordezkatzera azpimarratu dute, baina ez dago horren argi Espainiako Gobernuak eta botere judizialak zer jarrera hartuko duten. Apirileko azken asteak garrantzitsuak izango dira zer gertatzen den ikusteko, baina bizi den giro politikoarekin, hipotesiak egi bihurtzeko zantzuak baditu.


AUZMENDIK ETA TORREALDAIK BIZITAKO INFERNUA AIPATU DUTE

INFERNUA izan dela, horixe diote Txema Auzmendik eta Joan Mari Torrealdaik Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikaturik komisaldegian bizi izandako egunak deskribatzerakoan. Auzmendi hilaren 14an atera zen libre Soto del Realeko espetxetik eta Torrealdai 15ean, biak bermepean. Torrealdaik kolpeak jasan dituela salatu du, baina biek azpimarratu dute gogorrena jasan duten tratu txar psikologikoa izan dela, pertsona apurtzea bilatzen duena. Biek azpimarratu dute, halaber, Euskal Herrian izan den sostenguari begira bizi izan direla eta, bereziki, «Egunero»ri.


«EGUNKARIA»REN ALDE

EGUNKARIAren itxieraren aurkako operazioaren aurka eta «Egunkaria»ri sostengua emateko zortzi sindikatuk hilaren 20rako deitu zuten mobilizazio egunak oihartzen handia izan zuen Euskal Herri osoan. Katalunian ere bereziki sentitu izan da «Egunkaria»rekiko elkartasun eskaintza eta torturekiko protesta, salbuespen txikiren batzuk kenduta, Espainiako beste inon izan ez dena.


BERRIZ GERRAREN AURKA

GERRAREN aurka mundu mailan dagoen mugimendu zabalarekin bat eginez, euskal gizartea berriz agertu da gerraren aurkako jarrera erakutsiz, nagusiki hilaren 21eko 15 minutuko lanuztea eta 22ko manifestazioak medio. Gerraren blokearen -AEB, Erresuma Batua, Espainia- jarrera ikustea besterik ez dago gerra geldiaraztea oso zaila izango dela ikusteko. Ordaina, ordea, hurrengo hauteskundeetan etor daiteke, eta Espainiari dagokionez, PSOE saiatuko da gizarte espainiarrak gerrarekiko erakutsi duen arbuiatzea baliatzen.


EUSKARAREKIKO JAZARPENA

IRUÑEKO udalak ez dio eman baimenik AEKri aurten ospatuko den Korrikaren 13. edizioak bere festa bukaera Alde Zaharreko karriketan egin dezan. Udaletxetik jarritako aitzakia -festaren azpiegitura kentzeko denbora handia behar dela- ezin da merkeagoa izan eta euskararen usaina duen ia edozerrekiko jarrera gero eta lotsagabeagoa da. Euskalerria Irratiak ere foru parlamentarien aurrean salatu du 2002ko diru laguntza eskaeretatik kanpo uztea apropos egindakoa dela, eta horregatik 2002an lizentzia izatea baldintzatzat jarri zuela Gobernuak, nahiz eta, telebistei esate baterako, ez zaien lizentziarik eskatzen.


EPAITEGI KONSTITUZIONALA ETA ALDERDIEN LEGEA

ESPAINIAKO Auzitegi Konstituzionalak sei hilabeteko epean Jaurlaritzak Alderdien Legeari jarritako helegitea atzera bota ondoren, Jaurlaritzak Estrasburgeko Auzitegiaren aurrean helegiterik jartzen duen ala ez aztertu beharko du. Jaurlaritzako indarrek gogor kritikatu dute ebazpen hau. Europan helegiteak ez lirateke hain azkar erabakiko eta, kasurik onenean, bospasei urte behar izango lirateke Giza Eskubideen Auzitegiak erabaki aurretik. Oro har, euskal gizarteko oso sektore zabaletan gero eta indar handiagoa du, Euskal Herriari dagokionez bederen, botere exekutiboak gero eta gehiago baldintzatzen duela botere judiziala.


36KO FUSILATUAK NAFARROAN

NAFARROAKO 36ko fusilatuekiko ezagutza eta elkartasun adierazpenean, UPN Foru Legebiltzarrean abstenitu izanak eskandalua sortu du Nafarroako gizarte sektore zabaletan. Orduko zauriak guztiz itxiak ez direla erakusten du honek. Eta gaur egun, nor den nor ere bai.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan