ASTE BELTZA ETA-RENTZAT
Julen Zabalo ( EHUko irakaslea)
Euskaldunon Egunkaria» ixten zuten egunean, Madrileko irrati bateko esatari-aditu batek ondoko izenburua ipini zion aste horretan Euskal Herrian gertaturikoari: Aste beltza ETArentzat. Astearen hasieran ustez etakide izatera hel zitezkeen pertsona batzuk harrapatu eta astearen erdian «Egunkaria» itxi eta jende gehiago atxilotu zituztelako. Esan beharrik ez dago Madrileko esatariak asmatu egin zuela izenburuarekin, astea beltza izango baitzen ETArentzat, harrapaketengatik, batetik; eta, bestetik, «Egunkaria»rekin batera euskara bera irteten zelako kalteturik, eta ETAren ikurretako bat euskara da, jakina denez. Euskarari erasotzea, beraz, ETAri erasotzea da.
Era horretara aztertzen du, hain zuzen ere, Espainiak Euskal Herrian duen arazoa: ETArekin amaitzeko, ETAk defendatzen duen guztiarekin amaitu behar da, ETAk, berez, ideia okerrak baino ezin baititu aldarrikatu. Euskara, horrela, bere helburu okerrak lortzeko tresna bat baino ez da ETAren eskuetan. Halako diskurtsoarekin, eta urte batzuetan jokaera selektiboa erabili ondoren, ETA apur batzuen kontua zela islatzeko, Espainiako Gobernuak amaitutzat ematen du fase hori, eta frankismopekoa berreskuratzen du, bete-betean, ETA eta bere ingurua helburutzat joz. Eta ingurua ETAk begi onez ikus dezakeen guztia da, euskara barne.
HORREN aurrean, bitxiak iruditu zaizkit egunokaz plazaratu diren iritzi ildo bi: batzuek erasotzaileak markatutako dianari begiratu diote soilik; eta besteek erasotzaileari berari. Lehenentzat, erruduna ETA da, eta ETA egongo ez balitz ez litzateke halakorik gertatuko eta gaur egun Espainian handitzen ari den euskararen kontrako sukar hori ez zen existituko. Barrez hartuko luke argudio hori atxilotuetako batek, berak bildutako «Euskararen liburu beltzean» kontaezinak baitira ETA sortu aurreko urteetan eta mendeetan euskarak jasotako irainak.
Bigarrenak, bestalde, ahalegin guztiak egiten ari dira euskara eta biolentzia bereizteko, Espainia, nonbait argudiorik gabe uzteko. Defentsiba hartu dute jokaeratzat, «Ez da egia» teknikaz lagundurik: ez da egia Euskal Herrian erdaldunak baztertuta daudenik, ez da egia euskara eta ETA gauza bera direnik, ez da egiaŕ Erasotzaileak nahiko lukeen jarrera berbera, hain zuzen ere, euskal nazionalismoa azalpenak ematera mugatzen baitu, espainiar nazionalismoa ezertarako ere kuestionatu gabe.
IZAN ere, urte batzuetan isilik eta lotsaturik egon ondoren, espainiar nazionalismoa berriro piztu da, eta euskal nazionalismoaren kontrako ofentsiba zabal bat ireki du, horretarako estatu baten euskarri osoa atzean duela. Horrela planteatuta, berdin dio euskara eta biolentzia bereizten ibiltzea, behin eta berriro errepikatuko baitute ideia hori, ezeztatzen edo gezurtatzen den aldi bakoitzari batere jaramonik egin barik, ez baitute egia bilatzen, euskal nazionalismoaren oinarri teorikoei erasotzea baizik. Hori dela eta, euskarari eraso egitea ETAri eraso egitea dela esaten dutenean, arrazoi dute, ETAren kontrako abertzalekeria sutan jarri arren, ETAren oinarrietako bat, abertzale guztiena bezala, euskara da-eta.
Horiexek dira batailaren terminoak, eta horien aurrean ezin diogu dianari bakarrik erreparatu, edo erasotzaileari begira geratu. Erasoa zergatik datorren ere hausnartu beharko da. Euskara liskar politikoetatik at geratu beharko litzateke, baina kontua da gaur eguneko euskaltzale gehienak abertzale ere badirela. Espainiar nazionalismoarentzat, beraz, jokaldi erraz eta oparoa da euskarari erasotzea: politikoki ez du ezer galtzen; eta, ideologikoki, Euskal Herrian espainiarzaleek jasaten duten jazarpena islatzen laguntzen du.
Zelan erantzun behar dute espainiar nazionalismoaren erasoak jasaten dituztenek: euskararen atsekabeak ETAri leporatuz, euskara eta biolentzia bereizten saiatuz, edo erasotzailea eta erasoaren helburuak, behingoz, ondo identifikatuz eta aurre egiteko deliberamendu argia hartuz?
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.