Oraindik sinesgaitza egiten zaigun arren, guztiz egiazkoa da entzuten den notizia harrigarri hori, bai, otsoa berriz ere gure artean da! Amaitu dira artzainen lasaitasun gauak, otsoak euren lurraldeak berreskuratzeko asmoarekin itzuli baitira eta inoiz baino gosetiago daude ardi-taldeen usainean.
PREST AL GAUDE OTSOAREKIN ELKARBIZITZEKO?
AMERINDIOAK ETA OTSOA
Harrapakari eder eta galant hauek sozialki oso konplexuak dira, eboluzio maila altua azaltzen dute. Baina orokorrean, ez dira historian zehar ondo tratatuak izan, ez dira ulertuak izan azken finean. Bada kultura berezi bat ordea, gutxik bezala ulertu eta mirestu izan duena otsoa; amerindioen kultura, hain zuzen. Tribu nomada haietako ehiztariek anaia moduan hartzen zuten otsoa. Gainera, kondaira askoren arabera, amerindioen ehiza teknikak otsoarenean oinarrituta zeuden.
Otsoek denbora gehiena ehizari eskaintzen diote. Beti ere taldean burutzen dute ekintza eta taldekide bakoitzak zeregin propioa betetzen du. Ehizakia etsipenera arte jarraitzen dute eta ondoren, erasoa burutzen dute otsoek. Horixe da ehiza teknikaren funtsa. Zakurrak ez bezala, otsoak, isiltasunaren babesean jarduten du eta harrapakina lepotik heltzen saiatzen da. Otso ulua, ehiza ondorengo kokalekua finkatzeko egiten omen dute. Lurraldetasuna ere azpimarratzen dute uluaren laguntzaz. Otsoaren harrapakin izan daitezkeenei ezezik, gizakioi ere heldu zaigu otso ulua
Otsoa, kanidoen familiako ugaztun eder hau, itxura aldetik, zakur handi baten modukoa da, nahiz eta buru handiagoa eta borobilagoa duen. Zakurra baino belarri motzagoak ditu, beti erne, inguruan gertatzen denaz jabetzeko. Ikusmena ere modu berean oso garatua dauka eta begirada misteriotsua du, beharbada euren inteligentzia handiaren adierazle. Usaimenak ere, nola ez, puntako garapena du eta aurkari nagusia, gizakia, distantzia luzera nabarmentzen du. Ehiztari ona izateko ezaugarri bikainak ditu. Lepo sendo eta iletsua du, baita hankak ere, ehizakia harrapatu nahi badu behintzat beharrezkoak ditu.
160 cm-ko luzera har dezake, eta altuera 70 eta 80 cm bitartean. Arra 40 kg ingurukoa izaten da eta emea 30 kg ingurukoa.
Historiak ibiltari gautiarra izatera behartu du otsoa, nahiz eta neguan, inoiz, egunez ere ikusi ahal den. Egunsentian ere hor izango dugu zelatan, animalia goiztiarren bat erasotzeko gertu.
Bere lurraldetasuna ondo defendatzen du modu ezberdinetan: leku jakinetan gorozkiak utziz edo txiza eginez adibidez, lurra aztarrikatuz, uzki guruinen jarioen bidez edo bere burua landare eta arrokekin igurtziz, usaina uzteko moduan.
Otsoak harrapakari sena oso garatua dauka eta, nola ez, karniboroa da. Herbiboro handien ehiztaria da ordea. Orkatzak, azeriak, untxiak eta erbiak gustuko ditu. Eta guztiok dakigun bezala, elikatzeko modu errazagoak ere aukeratzen ditu etxe-azienda erasoz. Gosea badu inoiz sarraskijalea ere bihurtzen da. Harrigarria da nolako haragi zati handiak irensteko gaitasuna duen. Bere liseri aparatuak inongo zailtasunik gabe liseritzen ditu.
Izatez animalia soziala da, talde zalea, baina batzuetan bakarka ere bizi ohi da. Taldea hierarkizatua egoten da. Mailak ez dira soilik indarraren arabera ezartzen, otsoaren izaerak eta inteligentziak garrantzia handia baitute. Azken finean, liderraren ezaugarriak gainjartzen dira, ikertzaileentzat ere ulergaitza baldin bada ere.
Otsoaren araldia eta estalketak abendutik martxora bitartean izaten dira. Estalketa eta gero 10 asteren buruan emearen erditzea etorriko da. Horretarako txoko ezkutu eta lasaiak bilatu ohi dituzte. Hiru otso kumetik zortzira bitarteko kopurua izaten dute emeek. Ardura handiz esnez hornitzen ditu, era berean arrak emea zainduko du, emearentzako ehizatuz. Gurasoen zaintzapean otso kumeak azkar hazten dira, hilabete batzuk dituztela hasten dira ehizean ikasten. Eta segituan izango dira prest gurasoengandik banantzeko. Urtebetean lortzen dute heldutasun sexuala.
Otsoaren bizitzan ehiza oso garrantzitsua da eta ekintza honi esker lortu du otsoak halako garapen maila altua zentzu askotan, baina bereziki inteligentzian. Badu otsoak gaitasun berezia ahulezia detektatzeko, ehizean beti animalia ahulena erasotzen du, zaharrena, gaixo dagoena edo gaztetxoena. Borrokaldiak ere ez dira falta izaten beraien talde lanean eta inoiz nagusitasuna lortzeko ere izaten dituzte borrokak
![]() |
|
||||
1891 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa