Urruñatik Azkainerako bidean dagoen Olheta auzoko ermitaren ondoan hasi gara oinez, errepidearen ondoan bertan (44 m). Neguko eguzki atsegina dugu gaur lagun eta laino mazkal batzuk daude hemendik ederki ikusten den Larrunen gailurrari erantsita. Mendirantz zuzen-zuzen doan pista bakarretik abiatu gara eta berehala Urtubienborda baserriaren ondotik pasa gara, zakurrak zaunka bizian jarriz. Asfaltoa bukatu denean bide hau zen galtzadaren harriak ikusi ahal izan ditugu. Bera alderantz zihoan galtzada honek eramango gaitu, ibilaldiaren puska handi batean, mugaren inguruan dauden bentetaraino. Bidearen ezkerrean "Gîte d'etape" dioen seinale bat ikusi dugu ezkerrerantz xenda txiki bat adieraziz; hortik bueltatuko gara gero. Galtzadari segituz, erreka beti ezkerrean dugula joan gara zuhaitz artean konglomeratuzko bloke handi bitxiei begira. Bidea laua da eta oso erabilia. Bidegurutze batera heldu gara: eskuinera eta gora doana da galtzadaren jarraipena, hemendik joanez gero ongi kontserbatutako tarte ederrak ikusi ahal izango ditugu; ezkerrekoa hartuz gero, minutu gutxiren buruan berriro eskuinekoarekin elkartuko gara eta leku berera iritsiko, erreka ondoan dauden haritz eder batzuetara (115 m).
Borda ondotik abiatzen den pistatik joan daiteke galerarik gabe Larruneraino, baina luzea eta aspergarria litzateke. Yasola gainean dagoen Subizia tontorrera igo, eta gailurreria ederra jarraituko dugu guk, Larruneraino. Oso ikusmira ederreko ibilbidea da. Subizia zorrotza hegomendebaldetik inguratu dugu, ezkerrean mendia eta eskuinean basoa dugula, eta belardietatik muinoz muino, Larrun Ttipiaren parera heldu. Arrokazko hormak erakutsi dizkigu; guk eskuinetik ekin diogu, bide errazena hortik baita. Larrunen beste ikuspegi bat gozatu ahal izan dugu gailurretik (700 m). Larrun Ttipia aurrean dugunean, berau igo gabe posible da Zizkuitzeko lepora zuzenean bidexka batetik joatea.
Larrun mendia "antolatzeko" proiektua 1996an hasi zen gauzatzen, herritar askoren haserrearekin. Baina, Larrun gune babestua izanik, lanak geldiarazi behar izan zituzten orduan. Garai hartan, Azkaineko auzapezak publiko adintsuarentzat mendiaren igotzea erraztu behar zela adierazi zuen. Eraikin berriak, otoiztegi bat eta beste instalazio batzuk eraikitzea da proiektua. Udalaren arabera, baserritarrak laguntzeko ona litzateke egitasmoa, aterpeak izateko eta bazka lekuak antolatzeko. Baina proiektu turistiko hutsa besterik ez ote den susmoa ezin dute saihetsi asmo honen aurkakoek. 300.000 lagunek igotzen dute urtero mendi hau, eta oraindik jende gehiago ekartzea erokeria litzatekeela iritzi dute. Ekologistek uste zuten Larrun gune babestu izendatzerakoan legeak ondare naturala babestea ziurtatuko zuela, baina ez da horrela. Laster, Larrun parke urbano antolatu bat izan daiteke
Larrun mendiaren oinetan dago Sara herri txikia, urte luzeetan kontrabandoaren gune nagusia izan bide zena. Saran idatzi zuen Pedro Agirre, "Axular" apaizak, 1643an, "Gero" euskal obra garrantzitsua. Halaber, hementxe pasa zituen Joxe Migel Barandiaranek erbesteko urteak, eta Atauna itzultzean, dakigunez, herri honen izenaz deitu zuen bere baserria. Gainera, hemendik pasa dira beste hainbat pertsonaia ezagun, Winston Churchill, Luis Mariano, Napoleon hirugarrena...
Montijo-ko Eugenia, Napoleon III.aren emaztea, Miarritzeko giroan aspertu egiten omen zen, kokoteraino zegoen printze eta bestelako pertsonaien festetaz. 1859ko irailaren 30ean, bere gortea bildu eta Larruneko gailurrera ibilaldi bat antolatu zuen. Batek baino gehiagok beren gona zatiak utzi zituzten sastraketan trabatuta... Eugenia liluratuta gelditu omen zen mendiari itsasten zitzaizkion lainoei begira. Nanou Saint Lèbe-k "Viajeras por los Pirineos" liburuan kontatzen duenez, enperatriza eta bere segizioak Hiru Iturrietako lepoan geldiunea egin zuten bazkaltzeko. Gero, oinez egin zuten gailurreraino heltzeko falta zitzaien tarte maldatsua, eta goian, meza izan zen. Azkenik, bertan bildu zen nonzeberri ikusle andanak lagunduta, gorte inperiala Azkaine aldera jaitsi zen. Eugenia gona beltz motz batekin eta franelazko alkandora gorri batekin jantzita igo omen zen Larrunera; eta buruan kapela bat zeraman. Horrela jantzita dantzatu omen zuen fandangoa Hiru Iturrietako lepoko belazean, Berako dantzari eta musikariek lagunduta.
Montijo-ko Eugeniak ospea eman zion Miarritze herriari, horrela hartu zuen orain arte gorde duen itxura turistiko-aristokratikoa. Frantziako enperatriza hain gustura egoten omen zen Miarritzen, udak pasatzeko etxe bat eraikitzea bururatu zitzaiola. Honela eraiki zen "Villa Eugénie" Miarritzeko itsasertzean, eta han hartzen zituzten politiko, ministro edo erregeak. Miarritze printze, printzesa, erregin eta antzeko pertsonaietara ohitu zen honela, uda pasatzeko modako lekua bihurtu baitzen. Ingalaterrako Eduardo VII.a erregeak eta Victoria erreginak denboraldi luzeak igaro zituzten hemen. Itsasoan bainuak hartzea modan jartzen hasi zen, kanpotarrak herri hau bisitatzen hasi ziren, eta lehen arrantzale portu txiki bat zena, turismorako gune garrantzitsua izatera iritsi zen
![]() |
|
||||
1891 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa