HERRENKA, BAINA KORRIKA EGITEN DU NIKOLAK
Katixa Garate
Korrika Kulturalaren baitan, "Metxa" antzezlana estreinatu zuen Tentazioak taldeak euskara hutsean, otsailaren 21ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Biran da Koldo Izagirrek sortutako pertsonaia maitagarria Euskal Herrian barna.
Ba al dakizue nor diren agirretarrak? Seguru zuetako batzuek haien berri duzuela, beste batzuek ez duzue jakingo agian, baina zuengandik uste baino gertuago daude. Sudur eta belarri handiak izan ohi dituzte, horra hor pista bat. Haiek ondo arraio ezagutzen dituena AgirreÆtar Nikola dugu, lagunen artean «Metxa» deitua (su erraz hartzen duena, metxa motzekoa izaki), Tentazioak taldearen azken antzezlanaren protagonista. Metxa agure erretiratua da, baina ez du bizitzatik dimititu, adarjolea eta erretxina da, gerran ibilia, gogor itxurakoa baina minbera du barrena; memoria pertsonal ahulekoa da, baina memoria historiko handia du. Agirretarra dugu; izan ere, beti erorian dabiltzan gizarajoak dira agirretarrak. Eta oraindik ere min hartzeko prest da Metxa egoskor maitagarria. Haren bizipenak, gezurrak, tramankuluak ikusi ahal izango ditugu jokaleku gainean; hala nola, boza ematera doanekoa, euskaltegian izena ematen duenekoa, herriko ilunpe orokorra saboteatzen duenekoa... Ikuskizuna aurrera egin ahala, gero eta gertuago sentituko dugu Metxa, eta irribarrea aterako digu behin baino gehiagotan.
Koldo Izagirrek 1991n sortutako «Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak» narrazio liburuko protagonista dugu AgirreÆtar Nikola. Tentazioak taldeko kide eta obraren zuzendari den Eneko Olasagastiri asko gustatu zitzaion Metxaren istorioa liburua irakurri zuenean eta AEK-k eta Korrikak deitutako bekara aurkeztu zuen. «æMetxaÆ euskaldunei buruzko gogoeta da, ironia handiarekin egina, guretik egina eta autokonplazentzian erori gabe. Gainera, nahiko antzezgarria iruditu zitzaidan. Antzerkitik asko du liburuak, Izagirrek gezurrarekin jokatzen baitu. Agirretarren herriak badu alegitik eta fabulatik. Distantzia hartzen du hainbat gauza kontatu ahal izateko eta esateko».
Liburua egokitzerakoan, Izagirreren ahotsa mantentzea kosta egin zitzaion Olasagastiri; autorearen ahotsak, izan ere, badu garrantziarik istorioan eta horrek ekarri zion buruhauste gehien. Horri irteera emateko, agirretarrak asmatu zituen pertsonaia gisa. Eta agirretar horiek izango dira hain zuzen istorioa kokatzen, Metxarekiko distantzia eta hurbiltasuna jartzen lagunduko dutenak.
Jose Ramon Soroizek jokatzen du Metxaren rola. Harekin taula gainean izango diren adin guztietako agirretarrak, aldiz, honako aktoreek gorpuzten dituzte: Ramon Agirrek, Aitzpea Goenagak, Jose Cruz Gurrutxagak, antzerki kontuen berri orri hauetan idazten duen Ainara Gurrutxagak eta Xabier Sarasola gazteak. Aktoreei buruz zera esan digu Olasagastik: «Ainara eta Xabier izan ezik, beste aktoreak ezagunak dira. Xabier lau urtez Zurriola ikastolako antzerki taldean ibili da, zortzi urte zituenetik. Ez zuen oraino testu antzerkirik egin. Natural eta aske agertu da taula gainean eta oso irakurketa zentzuzkoa egin du; harrituta utzi nau. Ainara ikusita neukan Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean eta zuzenean frogarik egin gabe deitu nion».
PETO-PETOAK
Pertsonaiak herrenka ibiltzen dira; euskaldunen topikoei jarraiki, sudur eta belarri luzeak dituzte. Exageratu egin dituzte pertsonaien ezaugarri fisikoak, distantzia lortze aldera. Arropak, aldiz, gaur egungoak dira, gertutasuna islatu nahian. Liburua 80ko hamarkadan kokatua badago ere, gaur egunera ekarri dute lana.
Hainbat elementu oso garrantzitsuak dira ikuskarian: musika, txotxongiloak... Musikari dagokionez, Joseba Tapiak zuzenean jotzen ditu sei kantu eta aktoreek abestu egiten dituzte. Horietatik lau kanta Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek apailatutako «Agur Intxorta Maite»diskokoak dira. Iaz kaleratu zen disko horretan Gerra Zibileko hainbat kantu bildu zituzten eta musikatu. Metxarengan gerrak eragin handia izan duenez, abestiok bere bizipenen oihartzuna direla esan daiteke. Ikuskizunaren hasierako eta bukaerako abestia, «Agirretarren Bandera», Koldo Izagirrek idatzi zuen eta Oskorrik musikatu zuen duela urte batzuk. Okasiorako, musika berria jarri dio Tapiak.
Agirretarren mundu imaginarioa islatze aldera, modulo tolesgarriak dituen eszenografia osatu du Iñigo Altolagirrek. Metxaren gela urdinetik, haren mundu partikularretik miniaturazko agirretarren herria, Casablanca baserria... sortuko dira. Eskuinaldean Metxaren mundua daukagu, mundu onirikoa, urdinarekin sinbolizatua. Eta ezkerrean, mundu publikoa dago, eta hori gorriak irudikatzen du. Pastoraletik hartutako sinbolo horiekin jokatu dute, nahiz eta eszenaratzeak pastoralekin zerikusirik ez izan.
«EUSKALDUNON EGUNKARIA» EROSTEN DU METXAK
«Egunkaria» itxi eta hamar kulturgile atxilotu ondorengo egunean estreinatu zen «Metxa». Gertakari hori antzezlanean islatu nahi izan dute eta «Euskaldunon Egunkaria» bera fisikoki bi pasartetan gehitu zuten. Metxak ere egiten du komentario agirretarrik auziaren inguruan: «Debekatzen gaituzten bitartean libreak gaituk». Horrez gain, emanaldi bakoitza bukatu ostean, «Egunkaria»rekiko elkartasuna adierazten duen pankarta ateratzen dute taldekideek.
Mementoz, euskaraz ikus daiteke bakarrik antzezlana. Oraindik erabaki gabe du taldeak gaztelaniazko bertsioa prestatuko duen. Gainera, liburua bera gaztelaniara itzulita dago jada. Olasagastik adierazi digunez, «interesgarria litzateke euskaldunak ez direnak hor kontatzen dena eta ematen den ikuspegia ikusi eta entzutea. Hala ere, itzulpenarekin gauza gehiegi galduko direla uste dut. Alegia, oso euskalduna dela eta oso guretzat egina. Gainera, erdaldunontzat gauza erakargarriak euskaraz egitea lortu beharko genuke. Ikus dezaten zirikatu beharko genituzke».
Agirretarrak bertatik bertara ezagutzeko jakin-mina izanez gero, bada aukera franko. Besteak beste, martxoaren 13an Gasteizen izango dira, 14an Tolosan, 20an Iruñean eta 23an Bilbon
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.