Korrika Kulturalaren baitan, "Metxa" antzezlana estreinatu zuen Tentazioak taldeak euskara hutsean, otsailaren 21ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Biran da Koldo Izagirrek sortutako pertsonaia maitagarria Euskal Herrian barna.
Ba al dakizue nor diren agirretarrak? Seguru zuetako batzuek haien berri duzuela, beste batzuek ez duzue jakingo agian, baina zuengandik uste baino gertuago daude. Sudur eta belarri handiak izan ohi dituzte, horra hor pista bat. Haiek ondo arraio ezagutzen dituena AgirreÆtar Nikola dugu, lagunen artean «Metxa» deitua (su erraz hartzen duena, metxa motzekoa izaki), Tentazioak taldearen azken antzezlanaren protagonista. Metxa agure erretiratua da, baina ez du bizitzatik dimititu, adarjolea eta erretxina da, gerran ibilia, gogor itxurakoa baina minbera du barrena; memoria pertsonal ahulekoa da, baina memoria historiko handia du. Agirretarra dugu; izan ere, beti erorian dabiltzan gizarajoak dira agirretarrak. Eta oraindik ere min hartzeko prest da Metxa egoskor maitagarria. Haren bizipenak, gezurrak, tramankuluak ikusi ahal izango ditugu jokaleku gainean; hala nola, boza ematera doanekoa, euskaltegian izena ematen duenekoa, herriko ilunpe orokorra saboteatzen duenekoa... Ikuskizuna aurrera egin ahala, gero eta gertuago sentituko dugu Metxa, eta irribarrea aterako digu behin baino gehiagotan.
PETO-PETOAK
Hainbat elementu oso garrantzitsuak dira ikuskarian: musika, txotxongiloak... Musikari dagokionez, Joseba Tapiak zuzenean jotzen ditu sei kantu eta aktoreek abestu egiten dituzte. Horietatik lau kanta Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek apailatutako «Agur Intxorta Maite»diskokoak dira. Iaz kaleratu zen disko horretan Gerra Zibileko hainbat kantu bildu zituzten eta musikatu. Metxarengan gerrak eragin handia izan duenez, abestiok bere bizipenen oihartzuna direla esan daiteke. Ikuskizunaren hasierako eta bukaerako abestia, «Agirretarren Bandera», Koldo Izagirrek idatzi zuen eta Oskorrik musikatu zuen duela urte batzuk. Okasiorako, musika berria jarri dio Tapiak.
«EUSKALDUNON EGUNKARIA» EROSTEN DU METXAK
Antzezle, zuzendari, gidoilari... gisa urte andana jardun du Eneko Olasgasti donostiarrak antzerkian, zineman nahiz telebistan. Korrika Kulturalaren habeetako bat den «Metxa» antzezlanean zuzendari lanetan aritu da.
Korrika-AEK bekari esker egin du «Metxa» Tentazioak taldeak. Ez da ohikoa Euskal Herrian halako sorkuntza bekarik egotea, ordea.
AEK-k adierazi izan du Korrika egiten denean, herriari asko eskatzen zaiola, eta nolabait itzuli egin nahi zitzaiola hori, kultur produktu baten bidez. Ohikotik kanpo eta egunero egin ezin den zerbait kaleratuz, alegia. Filosofia hori gustuko genuen eta horregatik aurkeztu ginen beka deialdira. Gainera, aurretik ere, nahiz eta enkarguzkoa izan, «Komeriaka» egin genuen AEKrentzat eta oso gustura aritu ginen. «Metxa» moduko espektakulo bat euskara hutsean eta euskaldunontzat planteatzea ezinezkoa litzateke erabat, halako bekarik gabe. Diru publiko pila bat beharko litzateke. Azken finean hori da AEK-k egin duena: dirua jarri. Ez da nahikoa izan hala ere, AEK-k 60.000 euro jarri baititu produkziorako eta 10 emanalditarako eta ekoizpena 85.000 euro ingurukoa izan da. Alabaina, errazagoa izan da lau horiek lortzea eta egin ahal izatea.
Badirudi azkenaldian euskal antzerki taldeek batik bat nobelak aukeratzen dituztela eszenaratzeko: «Kutxidazu bidea, Ixabel», «Metxa» bera, «Ai ama!»à Bertako antzerki autoreen lanek ez dute zuen arreta pizten?
Hori ez da hemen bakarrik gertatzen, nahiko orokorra da. Dramaturgia klasikoarekin edo egitura klasikoarekin du zerikusia beste ezerekin baino. 70eko hamarkadan iraultza bat egon zen eszenan, eta hor beste modu batera sortzen hasi zen. Ez zeuden, ordura arte bezala, autorea, zuzendaria eta abar, lan egiteko modu libreagoak, zabalagoak sortu ziren. Gaur egun testu bat edozein lekutan bilatzen duzu; jakina irakurtzen ditugu ere antzerkiko testuak. Irakurzaletasunak berak ere beste gauzak irakurtzera eta antzezpen posibleak ikustera eramaten zaitu. Azkenean, guztiak iturriak dira. Beharbada idazleek gehiago asmatzen dute liburuetan, hunkitzen, interesatzen, emozionatzen gaituzten gaiak idazterakoan, antzerki autoreek baino.
Zu kide zaren Tentazioak produkzio etxeak Komarekin batera Irrikitan telebista saioa egin du ETB1erako. Jarraituko du pantailan?
Aste honetan bertan esango digute ea saioak jarraituko duen, audientziaren araberakoa izaten baita hori. Saio piloto bat eta sei atal grabatu genituen eta oraindik bi geratzen dira emititzeko.
Kuriosoa izan zen, ez baitzen guk proposatutako proiektua. ETBtik esan ziguten produktora batzuk elkarlanean jarri nahi zituztela eta «stand up» saio bat nahi zutela. Argi genuen nahiz eta monologo saioa izan, ez genuela «El Club de la Comedia» edo «Más Humor»ren antzekorik nahi. Haiek eskatzen zituzten beste elementu batzuk sartu genituen: istorio laburragoak, bestelako pertsonaiak, baina batez ere Patxo Telleria eta Mikel Martinezen umorea. Umore mota asko sartzea bilatu dugu, barietatea, kritikotasuna lantzea, aktualitatetik gertu... «Irrikitan» aurkeztu genuen eta aurrera atera zen. Egia esan, telebistan bizi diren mementoak ikusita, pixka bat harrituta gaude programak jarraitu izanarekin. Programa ez da oraindik erabat erregularra, horrez gain izan ditugun baldintzak ez dira onak izan, beti presarekin egin behar duzu lan telebistanà Baina nahiko kontentu gaude emaitzarekin eta horrelako espazio bat izatearekin. Ez da programa erosoa, prime timerako eta zaila da astelehen gauetan dauden gauza guztiekin borrokatzea, baina ea eusten diogun
Tentazioak taldeak I. Korrika AEK bekari esker ekoitzi ahal izan du «Metxa» ikuskizuna. AEK-k eta Korrikak ekarpen bat egin nahi izan diote euskal kulturari eta beka hau sortu dute bertoko sortzaileen alde egiteko eta euskal kulturatik sortutako ikuskizun propioak bultzatzeko. Askotariko hamar lan aurkeztu ziren: antzerki hutsezkoak, antzerkia eta beste arloak nahasten zituztenak, zinema egitasmoak... Herrialde guztietatik gainera. Zentzu horretan oso pozik daude bekaren antolatzaileak. Edurne Brouard Korrika 13ko arduradunak adierazi digunez, «Oso oinarri sendoko obra da æMetxaÆ, Izagirreren liburuan oinarritutakoa, zuzendari on eta ezaguna du, talde sendo batek egin du eta primerako aktoreak ditu. Jarritako helburuekin bete-betean asmatu dugu». Produkziorako beka izateaz gain, 10 emanaldi zituzten lotuta Korrika Kulturalaren baitan (azkenean 11 suertatu dira), eta azken horixe, obra zabaltzea gertatzen zaie zailen taldeei. Gainera taldeak bere kabuz gehiago lotu ditu.
Korrika bukatzean egingo dute balantzea eta orduan erabakiko dute bekarekin jarraituko dutenentz
![]() |
|
||||
1891 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa