Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
  • Hasiera >
  • >
  • DEPARTAMENDU BERRIA: ZAHARKITUA? AHAZTUA?

2003-03-16 -- 1891.zenb

DEPARTAMENDU BERRIA: ZAHARKITUA? AHAZTUA?

Allande Boutin

Alde ziren batzuk epeltzen hasi dira... (kargu politiko berriak direla eta, edo neke politikoaren poderioz). Aurka zeuden beste batzuk, alde omen dira orain, baina publikoki ez dute deus erran nahi "ez baita mementoa". Alde ez izan arren beste zenbait politikari ez da arrunt kontra! Horrez gainera, alderdi politiko guzien baitan fraktura bada. Alderdi Sozialistan kasik geografikoki banantzen dira: Biarritzekoak, Angelukoak eta zuberotarrak kontra ditugu nagusiki. Baionakoak, Kostaldekoak, eta Baxenabarreko zenbait alde daude. UMPn, hots, Jacques Chirac presidentearen alderdian, berdin. Ofizialki aurka dago. Baina UMPko hainbat auzapez eta kontseilari nagusi alde daude. Gauza bera dugu UDF alderdi zentristan. «Berdeak» alde dira eta Alderdi komunista kontra. Mugimendu abertzalea berriro departamenduaren alde daukagu. Nahiz duela zenbat urte horrelako egitura baten beharraz elkarrizketatu genuen Ezker Mugimendu Abertzalearen (EMA) bozeramaile batek «departamenduak ez zuela euskararen egoera konponduko ez eta ekonomia lagunduko eta are guttiago presoen hurbilketa eta garaian aipatzen zen amnistia ekarriko» esan zigun. Eta, neurri batez, arrazoia zeukan. Baina gaur egun alde dago. Gainera soluzio posibilista bakarra da!

Euskal Herriko departamendua eskatzen da ala Euskal departamendua? Euskaraz aldarrikatzen delarik, kasu gehienetan «Euskal departamendua» erraiten da. Frantsesez aldiz «Euskal Herriko departamendua». «Euskal departamenduak» kutsu etnikoegi izanen zuelakoan (eta aurka direnei arrazoirik ez emateko) Iparraldeko «politikoki korrektoa» den horretan, Euskal Herriko departamendua aipatzen da.

Iparraldeko auzapez gehienek departamendu berriaren sortzea nahi dute. Lapurdiko kostaldekoak zein barnealdekoak eta Baxenabarrekoak dira gehien alde ari direnak. Zuberotarrak askoz epelagoak dira. Azpimarra daiteke Ipar Euskal Herriko «margenetan», Biarnorekin muga dagiten herrietan, alkateak departamendu berriaren aurka azaltzen direla. Bestalde, Baiona, Angelu nolaz Biarritzeko auzapezak kontra edo ez-alde dira (Baionako auzapezaren kasuan). Hor sortu da haustura politiko kezkagarri bat, guztiz agerian gelditu dena otsailaren 1eko manifestazioan. Alkate andana bat zera hasi da pentsatzen: BAB deitu mankomunitateko alkateek ez badute borrokatzen Euskal Herriko departamenduaren alde, zergatik segitu eskatzen Baionan Prefektura? Zergatik ez eskatu Prefektura Kanboko herrian? Hots, barnealdean. Baxenabarreri hurbilago? Lur antolaketa dagokionari ez zen gaizki izanen! Bukatzeko, Pirinio Atlantikoak departamenduko senatari eta diputatu oro departamendu berriaren kontra azaldu dira. Hautetsi «handi» eta «ttipien» arteko amildegi politikoa handituz doa departamenduko gai horrekin!

Orain arte «legitimista» samarra izan den Iparraldea, nolabait aldatzen hasi da. Ez pentsa iraultzaile bihurtu denik, ez! Baina zerbait bai, aldatu da. Otsaileko manifestaldia jendetsua izan da. Nahiz neguko euri zaparrada hotzak lagun izan larunbata hartan, 7.000 pertsona bildu ziren antolatzaileen arabera. (3.500 poliziaren arabera). Lehen datu honetaz ez irri egin! Demagun egia dela: Frantzia mailan halako jende biltze batek 700.000 lagun karriketan ibili zirela suposatuko zukeen! Arrakasta izugarria! (Baina Iparraldean salbu, hedabideek aipatu ez dutena!). Eta gainera, Frantziako lehen ministroak departamendua ez zuela sortuko esan eta bi asteren ondoren. Hori zen nire iritzi apalez elkarretaratze horren "inkognita magna". Frantziako goren autoritateak bere erabakia jakinarazi eta, jendea mobilizatuko ote zen? Balio ote zuen? Betirako galdua ote zen departamendua? Karrikako erantzuna argia izan da. Lau eskakizun bateratzeak arrakasta esplika dezake ere bai. Euskararen koofizialtasuna. Unibertsitatea. Euskal Laborantza Ganbera. Departamendua. Lau zutabe Ipar Euskal Herria garatzeko. «Batera» kolektiboak ongi asmatua, anitz jende bildu baitu, orain arte bakoitzak «bere xokoan» erdietsi nahi zuena, batera aldarrikatu duenez.
Pilota Frantziako Gobernuaren teilatu gainean da. Baina, Gobernuak deszentralizazio berria eta «beheko» Frantzia aipatzen dituen une honetan, ez du Herri horren boza entzuten. Dialogoaren alde dagoela adierazi berri die administrazioak Iparraldeko zinegotziei, Departamenduari zein Laborantza Ganberari berriro ere ezetz esan ondoren. Elkarrizketaren filosofia berria

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan