Dagoeneko mendea gailendua duen Tavex kotoi enpresa euskaldunak, ehun bakeroa edo "denim-a" produzitzen duen Bergarako enpresak, gaur egun merkatuan Europako liderra denak, aurrera jarraitzen du internazionalizatzeko prozesuan, eta, antzina ez dela, Atlantikoa igaro du, aspalditik desiratutako arras eremu garrantzizko batera zabaldu nahirik. Hau da, Nafta eremura heldu da, AEB, Mexiko eta Kanada biltzen dituen areara, alegia. Horretarako, lehenbizi enpresa misto bat ("joint-venture» bat) sortu du hango sozio batekin, eta, urrats horren ondotik, oraindik haratago iritsi da: sozio lokalarekin batera sortutako elkarteko kapitala handitu du, hots, Industria Textil de Puebla elkarteko kapitala, eta beste instalazio batzuk bereganatu ditu Mexikoko Puebla herrian. Horrenbestez, 2003-2006 Plan Estrategikoa egitamuko helburuetako bat bete du.
LIDERRA EHUN BAKEROAN
Enrique Garran da Tavex enpresako kontseilari ordezkaria, besteak beste, Papelera Española enpresan ibilitakoa. Arduradun horren eta beste batzuen iritziz, Mexikoko operazio horrek emaitza onak ekarriko dizkie. Iazko urtean, 13 milioi euro inguruko salmenta-edo izan zuen ITP enpresak, eta urte honetan 20 milioi eurora heltzeko asmotan dabiltza. Bestalde, eta ezbairik gabe, Bergarako Tavex Algodonera enpresa nagusiak azken urte hauetan izan duen eboluzio ona bera suertatu da erabakigarria Tavexek Atlantikoa igarotzeko ekinaldian. Izan ere, aspaldian ehun urte beteak dituen enpresa horrek uste du hamahiru milioi euro inguruko irabazia izan duela iazko ekitaldian, eta, kontuak horrela badira, %20ren batean gaindituko ditu 2001eko mozkinak. Bestalde, inbertsioen aurreikuspena ere ez da batere makala: 85 milioi euro ditu izendatuak 2003-2006 plan estrategikoan.
ASIAREN KONKURRENTZIARI AURRE EGIN BEHARRA
HARRITZEKO POSIZIOA BURTSAN
Tavex Algodonera enpresa 1846. urtean jaio zen Bergaran, eta, hortaz, 157 urteko historia du aldean. Garai hartan, ia Katalunian bakarrik zegoen ehungintzako industria. Hala, enpresaburu katalan batek eta beste bi merkatari ausartek Bergara jo zuten begiz, ehungintzako fabrika bat altxatzeko. Zergatik Bergara, ordea? Bada, hona hemen arrazoi bakarra: enpresaburu katalan horietako bat, Jose Julian Blanc, Beasaingo Martina Maiz andrearekin esposatua zegoen, eta, emakume horren jatorria ohoratzeko, Bergara hautatu zuten kotoizko ehungintzako enpresa moderno bat eraikitzeko. Emakume horrek garrantzi handia izan zuen enpresan senarra zendu eta gero, zeren zuzendaritzako kargua hartu baitzuen, nahiz eta orduan emakumea etxeko eta familiako lanetara mugatua bizi.
Tavex enpresa harritzeko moduan hazi zen. Sortu eta lau urtera, 1850ean, brontzezko domina eman zioten Madrilgo Feria Industrialean, bere kotoizko ehunen merezimenduagatik eta nagusitasunagatik. 1860an, jada, 501 langileko plantilla zeukan. 1891. urtean zendu zen Blancen alarguna, eta ordurako enpresa finkatua zegoen kotoizko ehunkien eta irunkien Gipuzkoako fabrika nagusi gisa. Garai hartan, bost soziok erosi zuten: Etxaide izeneko bat izan zuten buru, ekintzaile eta pragmatiko handi gisa ezagutua izan zena. Handik hamar urtera, 1901ean, elkarte anonimo egin zuten enpresa lehenbizikoz.
Euskal enpresa horren historia dakitenen iritziz, behin eta berriro asmatu omen zuen egoera politikoetara eta merkatuko beharretara moldatzen. Hala, Espainiako Gerra Zibilaren garaian, aldatu egin zuen produkzioko kolorea, ordura arte urdina izan zena, eta uniforme militarren kaki kolorea jarri zuen indarrean. Ondoren, harik eta 1950. urtea heldu arte, ez zuen produkzioa dibertsifikatu. Urte hura garapen industrialaren hastapen legez markatzen dute; Tavex moldatu egin zen egoera hartara, eta produkzioa dibertsifikatu zuen: kotoizko sarga kaki kolorekoak, urdinak eta grisak; laneko jantziak eta guardia zibilentzako uniformeak; hainbat erabileratako lonak; izarentzako oihalak eta burukoentzako azalak; eta Espainiako Marinako Ministerioarentzako beste oihal batzuk.
Hala eta guztiz, enpresaren historian 1970. urtea da erabakigarriena, zeren orduan bermatu baitzuen nolabait etorkizuna, baita gaur egunera arteko hedapena ere. Tavex enpresako Administrazio Kontseiluak "denim" ehuna fabrikatzen hastea deliberatu zuen, hots, oro har bakeroa esaten zaion oihala egiten hastea. Erabaki horrek bost urte geroago lortu zuen produkzioko abala, hain zuzen ere Levi Straussek 1975ean Espainiako Estatuan instalatzea deliberatu zuenean eta ehun bakeroaren hornitzaile bakar Tavex hautatu zuenean. Handik aurrera, kotoizko enpresa euskaldunak, pixkanaka, beste hainbat kontratu bikain lortu zituen, gainerako "jeans" firmak eta goi mailako joskintzakoak hornitzeko.
90eko hamarkadatik aurrera, beste produktu batzuk lantzera bultzatu du dibertsifikazioko politikak, hala nola, etxeko eta dekorazioko oihalak, eta, horrez gainera, atzerrian hedatzeko apustua egin du. Lehenbizi, Gironako eta Valentziako instalazioak gehitu zizkien Bergarakoei; hurrena, berriz, Marokoko Setta herrikoak, non instalazio modernoak baititu instalatuak. Oraingoz Mexikokoa da azken operazioa, hedatzeko politikaren barruan. Hala ere, geroan etorriko dira beste batzuk Estatu Batuetan eta Kanadan
![]() |
|
||||
1891 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa