Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-03-16 -- 1891.zenb

Muskilda Tellabide / Asier Agirresarobe

Urruņatik Azkainerako bidean dagoen Olheta auzoko ermitaren ondoan hasi gara oinez, errepidearen ondoan bertan (44 m). Neguko eguzki atsegina dugu gaur lagun eta laino mazkal batzuk daude hemendik ederki ikusten den Larrunen gailurrari erantsita. Mendirantz zuzen-zuzen doan pista bakarretik abiatu gara eta berehala Urtubienborda baserriaren ondotik pasa gara, zakurrak zaunka bizian jarriz. Asfaltoa bukatu denean bide hau zen galtzadaren harriak ikusi ahal izan ditugu. Bera alderantz zihoan galtzada honek eramango gaitu, ibilaldiaren puska handi batean, mugaren inguruan dauden bentetaraino. Bidearen ezkerrean "Gîte d'etape" dioen seinale bat ikusi dugu ezkerrerantz xenda txiki bat adieraziz; hortik bueltatuko gara gero. Galtzadari segituz, erreka beti ezkerrean dugula joan gara zuhaitz artean konglomeratuzko bloke handi bitxiei begira. Bidea laua da eta oso erabilia. Bidegurutze batera heldu gara: eskuinera eta gora doana da galtzadaren jarraipena, hemendik joanez gero ongi kontserbatutako tarte ederrak ikusi ahal izango ditugu; ezkerrekoa hartuz gero, minutu gutxiren buruan berriro eskuinekoarekin elkartuko gara eta leku berera iritsiko, erreka ondoan dauden haritz eder batzuetara (115 m).

Haritz hauetan geldiunea egin eta gero, ezkerrera egin dugu erreka gurutzatuz. Bide garbitik berehala heldu gara Intzolako bentara. Erreka zuloan kokatua, fatxadan letra handiz idatzita dauka "Souvenirs d'Espagne" lotsagabe bat. Frantsesak "sevillana"z jantzitako panpin txikiak oroigarri moduan erostera erakartzeko izango da... Tabernak terrazatxo bat dauka atarian, eta turistak dabiltza inguruan, hona kotxez irits baitaiteke Ibardin aldetik datorren pistatik. Benta Zahar ezagutzeagatik bakarrik, galtzadaren antzinako trazatua segitu dugu (orain hartxintxarrez estalia). Berehala heldu gara Benta Zaharrera, etxe berritu ederra, erreka ondo-ondoan hau ere, eta aurrekoak bezalako taberna-terraza batekin. Hemendik aurrera segitzen du galtzada zaharrak, erreka ezkerrean duela, zubia pasa gabe, Bera aldera. Intzolara itzuli gara eta etxe ondoan GR10 ibilbidearen seinale baten ondoan dagoen zubi txikitik beste aldera pasa.

Bukatu da tarte laua, eta bidexka maldatsuari heldu diogu honela, pintura zuri-gorriz markatua. Pirinioak estatu frantsesetik alderik alde igarotzen dituen GR10 ibilbidearen marka da honakoa. Ibilbide bera, baina mugaren beste aldetik egiteko beste bide bat dago, GR11. Biak interesgarriak bezain ilogikoak, mendiaren formek ez baitute mugarik ezagutzen... Zigi-zaga, Deskargahandiko leporaino iritsiko gara bidexka honetatik, Ziburu mendia eta Subizia mendien artera (273 m). Bazkan dagoen ganaduaren atzean, Larrunen gailurra agertu zaigu bat-batean harro-harro. Mendi handi garrantzitsu bat dirudi hemendik ikusita. Lepoan harrespila bat dago, pinturazko seinaleekin zikindua gaixoa, eta GR10 bidearen beste panel bat. Ezkerrerantz jaisten den bidea Mentto Baitara doa. Guk kontrako norabidea hartu dugu gorantz Yasola aldera. Yasolako benta Subiziaren mendebaldeko aldapetan kokatutako borda txiki bat da, udako hilabeteetan kanpoaldeko mahaiak jendez gainezka izaten dituena, bertan edozein edari hartu eta bazkaldu ere egin baitaiteke. Jendea oinez iristen da bertaraino. Bertakoek, benta hornitzeko, Bera aldetik datorren lurrezko pista erabiltzen dute. Urtarrileko asteburu honetan, irekita topatu dugu (395 m).

Borda ondotik abiatzen den pistatik joan daiteke galerarik gabe Larruneraino, baina luzea eta aspergarria litzateke. Yasola gainean dagoen Subizia tontorrera igo, eta gailurreria ederra jarraituko dugu guk, Larruneraino. Oso ikusmira ederreko ibilbidea da. Subizia zorrotza hegomendebaldetik inguratu dugu, ezkerrean mendia eta eskuinean basoa dugula, eta belardietatik muinoz muino, Larrun Ttipiaren parera heldu. Arrokazko hormak erakutsi dizkigu; guk eskuinetik ekin diogu, bide errazena hortik baita. Larrunen beste ikuspegi bat gozatu ahal izan dugu gailurretik (700 m). Larrun Ttipia aurrean dugunean, berau igo gabe posible da Zizkuitzeko lepora zuzenean bidexka batetik joatea.

Larrun Ttipitik malda leunetatik jaitsi gara Zizkuitzeko lepora (680 m). Hemen, pistari heldu edo zuzenean igo daiteke mugalerroa jarraituz. Gainean errepikagailu itzela eta eraikuntza erraldoiak ikusten dira. Gainera, tontorrean nafar mendi elkarte batzuen postontziak daude, benta handiak, San Ignazio lepotik datorren kremailera-trena eta bere geltokia, hemendik ikusten diren leku guztiak identifikatzen lagunduko digun orientazio-mahai bat... Udako Etxea benta handiak 150 lagunentzako jatetxea dauka, eta imajinatu ahal diren mota guztietako oroigarrien salmentarako denda handi bat. Udako egunetan, trena dabilenean, jendetzak pilatzen dira hemen; gaur, antza denez, haize hotzak uxatu ditu denak, ez dago trenik eta benta guztiak itxita daude (900 m).

Trenbidea gurutzatu eta berehala senda on bat hartu dugu beherantz, Hiru Iturrietako edo Hiru Iturri Ederren lepora jaisteko (593 m). Hemendik metro gutxira, harrespila multzo baten aztarnak ikus daitezke. Lepo zabaletik bide ona segitu dugu behera, Ihizelaia inguratuz, Mentto Baita deitu baserriraino, GR10 ibilbideko etapa-ostatua (90 m). Honen aparkalekutik, seinalatutako bidexka bat jaisten da gure abiapunturantz, baina lehengo pistara atera baino lehen, etzanda jarritako bi zuhaitz enborrez egindako zubitik pasa beharko dugu erreka

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan