Erredakzioa
Eurek eta euren familiarrek nola dauden kontatu digute.Testuak: Erredakzioa
guztia irakurri
Daniel Udalaitz
Dagoeneko mendea gailendua duen Tavex kotoi enpresa euskaldunak, ehun bakeroa edo "denim-a" produzitzen duen Bergarako enpresak, gaur egun merkatuan Europako liderra denak, aurrera jarraitzen du internazionalizatzeko prozesuan, eta, antzina ez dela, Atlantikoa igaro du, aspalditik desiratutako arras eremu garrantzizko batera zabaldu nahirik. Hau da, Nafta eremura heldu da, AEB, Mexiko eta Kanada biltzen dituen areara, alegia. Horretarako, lehenbizi enpresa misto bat ("joint-venture» bat) sortu du hango sozio batekin, eta, urrats horren ondotik, oraindik haratago iritsi da: sozio lokalarekin batera sortutako elkarteko kapitala handitu du, hots, Industria Textil de Puebla elkarteko kapitala, eta beste instalazio batzuk bereganatu ditu Mexikoko Puebla herrian. Horrenbestez, 2003-2006 Plan Estrategikoa egitamuko helburuetako bat bete du.
Ehungintzako enpresa hori, 1846. urtean Bergaran sortua, urratsez urrats joan da nazioartera hedatzeko filosofia aplikatzen eta etorkizuneko garaietara egokitzeko bidea egiten. Horrela, Tavex kotoi enpresa Valentziara, Gironara eta Marokoko Settara hedatu zen lehenbizi Gipuzkoako herri horretatik, eta azkenik Mexikora iritsi da. Prozesuak segitu egiten du, eta ez da harritzekoa izango etorkizunean Ipar Amerikako edo Kanadako elkarteren batekin aliatzea, sektorea berregituratzeko beharra sumatzen baita inguru hartan. Egungo egunean, 2.000 lagun inguruko plantilla dauka Tavexek, eta, itxura denez, 13.000 milioi euroko irabazia izan du 2002ko ekitaldian. Bestalde, badira hainbat urte burtsan kotizatzen ari dela.
LIDERRA EHUN BAKEROAN
Mexikon instalatzeko garaian, kanpora hedatzea deliberatu zueneko filosofia bera aplikatu du Tavexek. Hau da, Marokon egin zuen bezala, sozio lokal bat aurkitu du, elkarte konbinatu bat sortzeko ("joint-venture" bat sortzeko). Horrela, Mexikon ere pixkanaka eman ditu urratsak. Lehenik eta behin, Tamevex izeneko filial komertzial bat muntatu zuen, haren kapitalaren %51 berea zuela. Osterantzeko %49, berriz, hango sozio batena zen; hain zuzen ere, Industria Textil de Puebla (ITP) enpresaren jabeena. Duela zenbait aste, aurreko operazioa egin zuenetik urtebetera, beste urrats bat ematea deliberatu zuen Bergarako enpresak, bere negozioa Nafta eremura hedatzeko nahikundea betetze aldera. Horretarako, kapitalaren egitura bera mantenduta eta Tavemex enpresaren kapitala zabalduta, ITPren kontrola eskuratu zuten. Euskadiko enpresak zazpi milioi euro ipini zituen; hango sozioek, berriz, instalazio industrialak.
Bergarako enpresa Europako liderra da ehun bakeroaren merkatuan, eta nagusi izan nahi du, halaber, beste eremu horretan. Ehun bakeroetan, Mexiko da AEBen hornitzaile handiena, eta datu hori ez da hutsala. Oraingo operazio hori zeinen ardurakoa izan den jabetzeko eta ehungintzako euskal enpresari etorkizuneko zer ate zabaldu zaizkion ikusteko, hona hemen zifra bakar bat: oihal bakeroetan, 300.000 metro kontsumitzen dira Europan urteko; AEBetan, ordea, 600.000 metro gastatzen dira. Nolanahi ere, argibidetxo bat eman beharra dago: tradizioz, oihal bakeroarekin erlazionatu izan da denim-a; ordea, askotariko kalitateak daude ehun horren barruan. Euskal enpresa balio erantsiko produktua ekoizten espezializatu da, halako erakoa non zaila baita Asian produzitzea. Tavexen produktua moda-etxe handien esanekoa da, eta partida txikietan banatzen da, bezeroen beharrizanen funtzioan.
Enrique Garran da Tavex enpresako kontseilari ordezkaria, besteak beste, Papelera Espańola enpresan ibilitakoa. Arduradun horren eta beste batzuen iritziz, Mexikoko operazio horrek emaitza onak ekarriko dizkie. Iazko urtean, 13 milioi euro inguruko salmenta-edo izan zuen ITP enpresak, eta urte honetan 20 milioi eurora heltzeko asmotan dabiltza. Bestalde, eta ezbairik gabe, Bergarako Tavex Algodonera enpresa nagusiak azken urte hauetan izan duen eboluzio ona bera suertatu da erabakigarria Tavexek Atlantikoa igarotzeko ekinaldian. Izan ere, aspaldian ehun urte beteak dituen enpresa horrek uste du hamahiru milioi euro inguruko irabazia izan duela iazko ekitaldian, eta, kontuak horrela badira, %20ren batean gaindituko ditu 2001eko mozkinak. Bestalde, inbertsioen aurreikuspena ere ez da batere makala: 85 milioi euro ditu izendatuak 2003-2006 plan estrategikoan.
ASIAREN KONKURRENTZIARI AURRE EGIN BEHARRA
Elkartearen zuzendaritzako taldearen esku dago Tavexen akzioen pakete nagusia: %18, hain zuzen. Enpresako arduradunek, bestalde, konpromiso jakin bat dute: aurre egin behar diote Asiako konkurrentziari. Asiarrek erruzko produkzioak egiten dituzte oso prezio merkean; Tavexekoak, kontrara, nekez imita daitekeen oihala ekoizten saiatzen dira, balio erantsi handiagokoa, eta kalitate hobeko zerbitzuaren bidez banatzen ahalegintzen dira. Helburu horren agindura, modaren azken tendentzietara eta diseinatzaile nagusien beharretara egokitzen saiatzen dira. Eskakizun beraren esanera, produktuen akaberak lantzen edota sofistikatuagoak egiten ere jarduten dute. Azkenik, ez dute baztertu ehun teknikoak ekoizten hastea. Horrelako produktuek balio dezakete automobilentzat, eta, horrenbestez, posible da sukontrako oihalak produzitzen hastea.
HARRITZEKO POSIZIOA BURTSAN
Bergarako enpresak burtsan kotizatzen du. Adituek diotenez, haren balioa ez da normal jokatzen ari, beti dagokion balio errealetik behera omen dago eta. Artikulu honi erantsi diogun taulan ikus daitekeen moduan, onak dira enpresaren datuak. Gainera, azken lau urtekoak dira onenak, progresiboki gora egin dute eta. Dioguna frogatzeko, bistara dezagun aldi horretako daturen bat: 1999an, bost milioi eta erdi euroko irabazia izan zuen Tavexek; 2002an, aldiz, 13 milioi euroko etekina izan duela aurreikusi dute. Burtsako balioa, ordea, ez da nabarmentzen. Diotenez, kontularitzako balioa baino %20 bat beherago dago.
Tavexek bere kapitalaren %43,4 dauka burtsan. Osterantzekoa, berriz, honela dago banatua: %18 daukate enpresako zuzendaritzakoek, %19,5 beste zenbait enpresek eta pertsona pribatuk (Iberfomento, Rilafe, Errotalde eta beste batzuk) eta %19,1 aurrezki kutxek
Nagore Irazustabarrena
Garaia duk, motel, esaiok! Ez pentsa geiho, esaiok! Amodioaren aurrean egia lotsagabe esaten ikasi behar duk» zioen 1988ko Hertzainak-en abesti ezagunak. Garai hartan gazte asko identifikatu zen kantarekin, Euskal Herrian nekez ligatzen omen zelako. Eta ez dirudi kantak gaurkotasuna galdu duenik, euskaldunak ligatzen txarrak garela nahiko zabaldua dagoen iritzia baita. Euskaraz ligatzea, gainera, gaitzagoa gertatzen omen zaio askori. «Gauza batzuk euskaraz esatea oso ęhorteroĘ geratzen da» erantzun digu galdetutako gazte batek; «niri ez zait ateratzen ęgustatzen zatzaizkitĘ eta horrelakoak esatea» beste batek. Eta egia da bihotzeko kontuetan erdaratako erreferentzia ugari dugula. Bada, euskarazko erreferentziak zabaltzeko kezkarekin batzuk hasi dira lanean. Lasarte-Oriara hurbildu gara, bertako Ttakun Kultur Elkarteko Aisialdi Saileko buru den Ińaki Eizmendirekin hitz egitera.
2001eko udaberrian Nafarroako Gobernuko Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusiak deialdi bat egin zuen gazte hizkera ikastetxeetan lantzeko helburuarekin. Ttakun Kultur Elkarteak eta Urtxintxa Eskolak elkarrekin proiektu bat aurkeztu zuten eta huraxe izan zen Nafarroako HPZNk aukeratutakoa. Deialdiak ezaugarri zehatzeko proiektu bat eskatzen zuen: 10 bat orduko moduloa eskola orduetan emateko, adarra jotzea, haserretzea eta ligatzea gaitzat hartuta. «Gai hauen inguruko esamoldeak lantzeko, jolasean oinarritutako programa bat prestatu genuen» dio Ińaki Eizmendik. 2001eko udazkenean hasi ziren berau praktikan jartzen Nafarroako ikastetxeetan. Altsasu, Etxarri, Lizarra, Garralda, Elizondo edo Iruńea inguruko ikastetxeetako DBHko 2. eta 3. mailatan dagoeneko eskaini dute modulua. Lasarten ere, moldaketa batzuekin, martxan jarri da eta beste leku batzuetara ere zabaltzen ari dira eskaintza. Aretxabaletan esaterako saio batzuk eginak dituzte.
MAITE ZAITUT
Horrela du izena lagunarteko hizkeraren inguruko programan ligatzeari dagokion joko batek. Denak borobilean eseriko dira, bakar bat zutik geratuz. Zutik dagoenak, adibidez, «maite zaitut begi berdeak dauzkazulako» botako du. Eta ezaugarri hori betetzen duten guztiek lekuz aldatu beharko dute, zutik zegoena ere toki bat topatzen saiatuko delarik. Zutik geratu berri denak egitura bereko esaldia bota beharko du orduan: «Maite zaitut zure irribarrea txokolatea bezain goxoa delako», esaterako, eta jolasak modu horretan jarraituko du.
Beste joko bat hitzak lotzearen ariketa da. Bi kaxa hitzez beteko dira, bata adjektiboz eta bestea sustantiboz. Bi kaxatatik paper bana hartuta, ikasleek piropoak osatu beharko dituzte. «Begiak» eta «distiratsua» egokituz gero, ez dirudi lan zaila denik. Baina «ipurdia» eta «merkea» tokatuz gero?
LIGATZEKO ZERRENDA
«Ikasleek erabiltzen dituzten esamoldeak jasotzen eta, egokiak badira, haiekin jolasten saiatzen gara» dio Eizmendik. «Baina erdaratik hartuta badaude edo balore aldetik ez badira egokiak, guk bildutakoak eskaintzen dizkiegu edo haiek berriak sor ditzaten ahalegintzen gara». Ligatze kontuetako esamoldeen zerrenda egina dute, gaika sailkatua: hitz goxoak, kuttunkeriak, piropoak, masturbazioa, ligatzeko saiakera, larrua jotzea, sexurako gogoa... Esamoldearen oinarria ere kontuan hartzen da eta hizkuntza zein balore aldetik egokia ote den ere adierazten da. Hona hemen programa honek egokitzat jo dituen hainbat adibide:
Eiakulazioa: marmita hustu, olioa aldatu.
Hitz Goxoak: panpoxa, sorgintxu, laztana, zurrukutuna, kuttuna, txilipristina, bihotza, azukre-koxkorra.
Kondoia: langabetuaren zorroa.
Txolinduta egon: Gaztanberatu, txora-txora eginda ibili, eulia kaketan bezala egon, ur gaineko aparretan ibili.
Larrua jo: txortan egin, txorta jo, txotxoka egin, mok-mok, gainkatu, tiki-tiki, estali.
Ligatzen saiatu: nesketara/mutiletara joan, erasoa bota, katotan ibili.
Masturbatu: kanpaia jo, xagua klikatu, idiarena egin, partxisera jokatu.
Piropoak: neskamotza, larru onekoa, mutil/neska puska, mutil/neska katxarroa, hori gerribuelta!, popa-eder.
Sexu jolasean aritu: lardaskan aritu, txokolatinak izan, zirri egin, larrea aurkitu.
Musukatu: zopa-janean aritu, mukiak jan.
Ińaki Eizmendi ados dago «gustatzen zatzaizkit» ligatzeko orduan esamolderik egokiena ez dela esatean. «Beste formula batzuk bilatu behar dira, formula naturalak». Garbi utzi nahi du euren helburua ez dela gazteei ligatzen erakustea, «euskaraz ere horretarako esamoldeak badaudela eta hizkuntzarekin jolas egin daitekeela» adieraztea baizik. Garbi du horrelako programek eragina izan dezaketela euskara erabiltzeko ohitura duten gazteen artean. Baina hortik kanpo ordea, zaila ikusten du: «Berez euskara ezertarako erabiltzeko ohiturarik ez badute, ez dira bat-batean euskaraz ligatzen hasiko» Hasten direnean, erreferentzia batzuk izango dituzte behintzat
Katixa Garate
Korrika Kulturalaren baitan, "Metxa" antzezlana estreinatu zuen Tentazioak taldeak euskara hutsean, otsailaren 21ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Biran da Koldo Izagirrek sortutako pertsonaia maitagarria Euskal Herrian barna.
guztia irakurri
Maider Zapirain
Oraindik sinesgaitza egiten zaigun arren, guztiz egiazkoa da entzuten den notizia harrigarri hori, bai, otsoa berriz ere gure artean da! Amaitu dira artzainen lasaitasun gauak, otsoak euren lurraldeak berreskuratzeko asmoarekin itzuli baitira eta inoiz baino gosetiago daude ardi-taldeen usainean.
Baina, otsoaren itzulerak sentimendu kontrajarriak piztu ditu guztiongan, otsoak etxe-azienda erasotzen baitu. Eztabaida pil-pilean dago, itzulera hau dirudienez, ez da denon gustukoa eta gertatutako otso-erasoen aurrean hartutako neurriek, askoren haserrea piztu dute.
Euskal Herriko lurretatik otsoa desagertutzat jotzen zen orain urte gutxi arte, lehen otso-erasoak agertzen hasi ziren arte. Datu ofizialen arabera, 1923an Urbasan, Zunbeltzen, hil zuten azken otso alea. Baina geroztik tartekako agerpenak egin ditu. Bizkaia eta Arabako mugetatik sartzen dira Euskal Herriko lurretan, Burgos eta Kantabria aldetik. Zenbait gunetan otsoaren presentzia konstantea da, bertara egokitu da. Karrantza eta Gorbeia inguruetan dabil, adibidez. Foru Aldundien arabera, joan den urtean 79 otso eraso baino gehiago jasan ziren eta 43 abeltzain dira eraso hauek pairatu dituztenak.
Otsoak beste behin ere, ingurune berrietara egokitzeko gaitasuna erakutsi digu, egozten zaion moldagarritasuna erakutsi du. Leku baztertuagoetan bizi izan bada giza presioagatik izan da dudarik gabe. Otsoaren hedakuntzan lagungarri izan diren arrazoiak honakok dira: batetik, baso berritzeak ugariak izan dira joan den mendean, lehen nekazaritzarako lurrak izan zirenak baso bihurtu baititugu; bestetik, otsoentzako hain erakargarri diren orein eta orkatza bezalako basa fauna asko emendatu da.
PREST AL GAUDE OTSOAREKIN ELKARBIZITZEKO?
Abeltzainak haserre bizian daude emandako diru laguntzak nahikoak ez direlakoan. Foru Aldundiek emandako baimenen bitartez, kontrolatutako uxaldiak egin dira, beste behin ere otsoaren ehiza burutu da. Hau guztia dela eta, noski, hainbatek ezadostasun osoa azaldu du: otsoaren gupidagabeko jazarpenera itzuli behar ote dugu bada! Ez dirudi irtenbide erraza duenik.
Bestalde, otsoa ez da agertzen, Euskal Autonomia Erkidegoko espezie mehatxatuen zerrendan. Badirudi, desagertutzat jotzen dela animalia hau. Bestelako neurriren bat ere hartu beharko litzateke otsoa babesteko. Era berean, artzaintzaren bideragarritasuna ziurtatu behar da. Beraz, plangintza zorrotzak burutu beharko dira nahi eta behar desberdinak bete daitezen.
AMERINDIOAK ETA OTSOA
Gutxi dira mitologian hain tratamendu txarra jaso duten animaliak, eta duda izpirik gabe otsoa horietako bat izan da. Krudelkeriaren eredu, ume-umetatik erakutsi zaizkigu otsoaren aurkako jarrerak, ipuinak aztertzea besterik ez dugu horretaz jabetzeko.
Antzina-antzinatik izan du gizakiak otsoa inguruan, historiaurreko aztarnategietan jada baditugu horren erreferentziak. Gertutasun hori baliatuz, erraza izango zen otso kumeren bat jaso eta gizakiaren babesean heztea. Horrela lortu ziren lehen animalia etxekotuak. Honela, oso antzinatik azaltzen da zakurra gure artean, gizakiaren lagun fidel eta otzana. Baina arazoa, lehen ardiak etxekotu zirenean hasi zen, hemen hasi baitzen gizaki eta otsoaren arteko borroka amaigabea. Geroztik, otsoak jazarpen gogorra jasan behar izan du gizakiaren eskutik, herrialde askotan guztiz desagertzeraino. Espainiako Estatuan gutxi gorabehera 2.000 ale inguru daude. Mundu mailan, gehienak, Amerikako iparraldean, Europako ekialdean eta Asian daude.
Harrapakari eder eta galant hauek sozialki oso konplexuak dira, eboluzio maila altua azaltzen dute. Baina orokorrean, ez dira historian zehar ondo tratatuak izan, ez dira ulertuak izan azken finean. Bada kultura berezi bat ordea, gutxik bezala ulertu eta mirestu izan duena otsoa; amerindioen kultura, hain zuzen. Tribu nomada haietako ehiztariek anaia moduan hartzen zuten otsoa. Gainera, kondaira askoren arabera, amerindioen ehiza teknikak otsoarenean oinarrituta zeuden.
Otsoek denbora gehiena ehizari eskaintzen diote. Beti ere taldean burutzen dute ekintza eta taldekide bakoitzak zeregin propioa betetzen du. Ehizakia etsipenera arte jarraitzen dute eta ondoren, erasoa burutzen dute otsoek. Horixe da ehiza teknikaren funtsa. Zakurrak ez bezala, otsoak, isiltasunaren babesean jarduten du eta harrapakina lepotik heltzen saiatzen da. Otso ulua, ehiza ondorengo kokalekua finkatzeko egiten omen dute. Lurraldetasuna ere azpimarratzen dute uluaren laguntzaz. Otsoaren harrapakin izan daitezkeenei ezezik, gizakioi ere heldu zaigu otso ulua