www.sukaldeon.org helbidean sukaldaritzari buruzko web orrialde bat dago. Bertan jasota dauden errezeta, aholku eta azalpen guztiak euskara hutsean daude. Sukaldaritzaren esparruan, zoritxarrez, hain gutxi erabiltzen diren hitz eta esamoldeetan egindako ahalegina eskertzekoa da.
PIRATEO LEGALA
Pirateoari alternatiba bat. Horixe da martxoaren 21erako Holandan, Frantzian, Italian, Alemanian, Ingalaterran eta Espainian egingo den Deskarga Digitalaren Egunak eskaini nahi duena. Egun horren aurretik, Espainiari dagokionean los40.com helbidean, 5 euroren truk izena eman dutenek musika entzun, kopiatu edo grabatu ahal izango dute. 5 euro horiek gastatzeko nabigatzaileak hilabete izango du. Lehen aldiz eskainiko da Internetetik musika jaisteko aukera sei herrialdetan aldi berean. 21ean musika Internetetik jaistea legala izango da, eta doanekoa. Zera frogatu nahi da: Internetetik musika jaisten dutenen %40a prest egongo litzatekeela ordaintzeko, horren truk kalitatezko soinua eta segurtasuna bermatuz gero.
LAU UDALETIK HIRUK DU LIBURUTEGIA EAE-N
BI urtean behin egiten du Espainiako Estatistika Institutu Nazioanalak udal liburutegien datu bilketa. German Sanchez Ruperez Fundazioak jakinarazi berri duenez, Euskal Autonomi Erkidegoan, 2000. urtean, udal liburutegi bat zegoen 7.573 biztanleko. Guztira 264 udal liburutegi daude EAEn, biztanleen %97,7k du beraz, liburutegi publikoa bere udalerrian. Espainiako batez bestekoaren gainetik dago EAE udal liburutegiei dagokienez. Baina Europako egoeratik urrun dago. Dena den, EAEko liburutegi sareari dagokionez, datu baikorrak badaude ere, mailegu kopuru eta liburu bildumen gaurkotasuna hobetu beharrean daudela jakinarazi du Fundazioak.
VERBIGRACIA, ARGITALETXE BERRITZAILEA
LITERATURA eta Internet gero eta lotuagoak daude. Horren froga da, sortu berri den Verbigracia izeneko proiektu editoriala. Argitaletxe honek liburuak Internet bidez salduko ditu batetik, eta ohiko salmenta puntuetan zabalduko ditu bestetik. Lehenengo kasuan, sarearen bidez saltzen dituenean, liburuen egileek irabazien %50a eramango dute. Horrek idazle berriak eta liburu berritzaileak argitaratzeko aukera emango dio argitaletxeari. Izan ere, egilea eta irakurlearen arteko bitartekaritza kentzen dute sistema honekin, eta horrela argitaratutako lana komertziala den edo ez baztertuko dute. Argitaletxeak ideologia baten menpe edo masen menpe ez dagoen pentsatzeko era duten autore eta irakurleen komunitate bat sortu nahi du. Eta horretarako Interneten foroak ere sortu nahi ditu. Dagoeneko hiru liburu argitaratuak ditu: «La Conquista de Aquitania», «El Evangelio del Anticristo» eta «La Tumbade Lunete» izeneko «antinobela historikoak».
NAFARROAKO TXAPELKETA
HOGEITA hamabigarren edizioa du aurten Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Otsaileko Bertso Ligan parte hartu zuten hogei bertsolaritatik hemezortzi izan dira aukeratuak Txapelketan parte hartzeko. Lehen saioa joan den igandean egin zen Elizondon. Ondoren, igandez igande, Baigorri, Goizueta eta Lesaka izango dira eszenatokiak. Azken honetan, finala jokatuko delarik. Parte hartuko duten bertsolarien artean daude, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Xabier Silveira edo Estitxu Arozena. Baina ezusteko izenak ere badira, hala nola, Eskolartean parte hartzeko adinean dauden Miren Artetxe edo Eneritz Zabaleta.
IPARRALDEKO KULTURA
IPARRALDEKO kultura protagonista izango duten bi jaialdi burutzen ari dira hilabete honetan. Bata, Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertara, Mixel Arotze eta Maddi Oihenart kantariak eta JosAnton Artze olkerkariak hurbildu ziren lehengo astean. Martxoaren 13an berriz, «Lau neskato gazte kantari» emanaldia eskainiko da; 20an Iratzeder olerkiari omenaldia eskainiko zaio eta bide batez, KM-k berari buruzko liburuxka argitaratuko du; eta 27an berriz, Pier-Pol Berzaitzek kantatuko du, besteak beste, Luis Camino eta Carlos Jimenezek lagundurik. Bestalde, hilaren 11n hasi eta 15ean amaituko da Miarritzen Bi Harriz Lau Xori jaialdia. Aurtengo ekitaldian aipagarriena, Itoizeko gitarra jole izan zen Jean Marie Ecayren kontzertua izango da. Hilaren 14an eskainiko du Gare du Midin nazioarteko zenbait musikarirekin batera. Horrez gain, txotxongiloak eta musika izango dira aurtengo egitarauaren protagonistak.
- Miren Agur Meabe idazleak honakoa adierazi zuen «Gara»n: «Konplexua gaztelaniazko irakurleena dela iruditzen zait, euskaraz idaztea bitxikeriatzat baitute».
- Toti Martinez de Lezeak «Uk» aldizkarian: «Eleberri historikoak zeozer berri eman behar du, ez da nahikoa gertakari bat deskribatzea. Niri batek esan zidan eleberri historikoa idaztea data batzuk eta gertakari batzuk hartzea eta bete lana egitea baino ez zela. Ez, bada. Egongo da hori egiten duenik, baina nire ustez eleberri historikoaren idazleak ikuspuntu berri bat edo hipotesi bat eman behar du».
- Jabier Muguruza honela mintzo zen «Gara»n eginiko elkarrizketan euskal kulturaren egungo egoeraz: «Orain jende guztia ari da euskal prentsa erosten, eta gustatuko litzaidake hori beste esparruetara ere zabaltzea, adibidez, euskal musikara, edo literaturara: ez da nahikoa Durangora urtean behin joatea. Ea denok konturatzen garen oso gurea den hori -gure hizkuntza eta gure kultura-, baloratu egin behar dugula eta aurrera atera behar dugula».
Eroski taldeak berriki bereganatu duen Denok perfume denda katea "Eskaintza Berezia"rekin datorkigu postontzitan banatu duten azken iragarkian. Baina bere hizkuntz eskaintza ez zaigu bereziki gustatu, euskarazko titulu horren azpian, gainerako guztia erdara hutsean ipini baitute.
Jose Maria Satrustegi euskaltzainak burmuineko infartoa izan zuen joan den astean. Iruñeko Virgen del Camino ospitalera eraman zuten ondorioz. Ale hau ixterako bere osasun egoerak hobera egin zuela jakinarazi zuen osasun zentroak, nahiz eta gorputzaren eskuineko aldea indarrik gabe zuen.
Ambulance talde nafarrak bere lehen diskoa kaleratu du «Gaua iristen den momentuan» izenburupean. Horixe da Itoiz taldeak kaleratu zuen lehen maxiaren titulua. Boskote nafarrak 80ko hamarkadako pop estiloa landu du hamar abestietan, pop elektronikoaren ukituarekin.
Jon Mugartegi bertsolariaren bizitza eta bertsoak bildu ditu Joxemari Iriondok Sendoak plazaratu duen «Segi, Mugartegi» liburuan.
Sasibill Donostiako Elkarte Lirikoak «Don Manolito» izeneko zarzuela estreinatu zuen lehengo astean 37 urte ondoren. Parte hartzaile gehienak donostiarrak izan ziren.
Asier Altuna zinegileak honako adierazpenok egin zituen «Putz»en egin zioten elkarrizketan:
« (...) Oso samurra da ideia genialak edukitzea, baina hortik ideia gauzatzera bide luzea dago, eta bide luze horretan traba ugari egoten da; horregatik da oso inportantea zure istorioan sinistea eta istorio hori gauzatuta ikusi arte burugogorra izatea. Nire ustez lehenengo-lehenengo gidoi on bat eduki behar da esku artean, eta hori gauza zaila izaten da. (...)
Internetek ematen du zure lana zabaltzeko kristoren aukera. Gaur egun edozeinek irekitzen du orri bat eta laburrak ikusteko posibilitatea dauka. Beti ibili gara kexuka, laburrak ez direlako guk nahi genukeen beste zabaltzen; ba Internetek, alde horretatik, erabateko iraultza ekarriko du, izan ere, gero eta jende gehiago dago bere indarra horretara bideratzen ari dena, nahiz eta oraindik deskargatzeko-eta ordenagailuak astiroegi dabiltzan; (...) Euskal luzemetrai bat komertziala izateko, adibidez, 35 milioiko publiko potentziala, euskarak ez duena eta gaztelerak bai beharko litzateke. Hemen pentsatzen dugu diru publikoan bakarrik dagoela giltza eta hori ez da hola, ez duelako hainbesterako ematen eta gainera jendea oso nagia bihurtzen da. Euskal Herrian produktoreen hutsune nabarmena daukagu. Ez dago inor. Bueno, egon badaude, baina oso gutxi egiten da (...)».
EUSKAL UNIBERTSITATEA ERRONKA
Euskal Herriak Bere Eskola ekimenak hezkuntza sistema propio eta nazionala lortzeko lan arlo batzuk finkatuak ditu: haur eskola euskalduna eta herritarra, eskolak euskalduntzea, euskal curriculuma eta lanbide eskola euskaraz izatea. Erronka nagusitzat hartu dute ordea, euskal unibertsitatearen aldarrikapena. Horrela, sinadurak bildu, unibertsitatearen aldeko egunak (apirilak 3) antolatu eta herriz herri informazioa zabalduko dute.
ALTSASUKO TOPONIMIA BILDUTA
Altsasuko 246 leku izen bildu dituzte Xabi Martinez de Lezeak eta Iñaki Aldatzek, bertako Udalak emandako beka bati esker. Aurretik eginda zegoen beste lan baten segida da. Informazioa biltzeko, herriko jendea elkarrizketatu dute. Egindako lana CD-ROM batean jaso dute, edozeinek kontsultatu ahal izateko. Lanari jarraipena emateko asmoa agertu du Altsasuko Udalak eta berau liburu bihurtzeko xedea adierazi.
EZ ATZERA EZ AURRERA
Ostegun honetan, hilak 13, ikusiko da PSNk UPNren NUPerako euskara legea babesten duen. PSNk ikasgai solte batzuk euskaraz ikasi ahal izateko eskaerari baietza ematea eskatu dio UPNri, bere babesaren truke. Aipatu bi alderdiek eskuetan darabilten proiektuak kritika ugari jaso du. Horren adibide, martxoaren 1an Iruñean egindako manifestazioa UPN eta PSNren proiektuaren kontra.
«BERBETA BERUA»
Izenburu hori du Badihardugu Deba Ibarreko euskara elkarteak argitaratu duen liburuak. Herri hizkeren egoeraz kezkatuta, eskualdean nagusiek eta gazte jendeak erabiltzen dituzten esaerak jaso dituzte, eskualdeko argota alegia. Euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara atalak ditu.