Fardela bizkarrean eta malkoak masailetan. 1937ko maiatzak 7. Irudi zuri-beltzak. Ehunka haurrek senideak agurtzen dituzte Santurtziko portuan. Haur euskaldun andana eramango du Habana itsasontziak erbestera, Gerrako bonbetatik urrun. Semea musukatu ostean beltzez jantzitako emakumearen espresioa ezin da berehalakoan ahantzi. Auskalo berriro ikusi ahal izango duten elkar.
Dantza tradizionala oinarri.
Kukai dantza talde sortu berriko kideentzat Tanttakarekin batera jorratutako bide berria oso interesgarria izan da, eurentzat berria den mundu bat ezagutzeko aukera izan baitute, Mayaren iritziz: "Askoz ere zurrunagoak ziren espresio moduetara ohituta gaude gu, eta hortaz, hainbat sentimendu azaleratzea kostatu zaigu. Dena dela, lana oso modu naturalean egin dugu eta denbora izan dugu bakoitzak bere rolaz jabetzeko. Lan dibertigarria izan da".
Futbolerako baloia baino espartinak nahiago izan ditu txikitatik Jon Mayak. Errenteriako Ereintza dantza taldean eman zituen lehen urratsak eta gaur egun ere bertan jarraitzen du. Gipuzkoar erako Euskadiko Aurresku txapelketa bost aldiz irabazi du. Euskal dantzarekiko duen grinak hainbat ekimen berrietan parte hartzera bultzatu du. Laxok taldearekin, esaterako, dantza, bertsolaritza eta musika uztartzen zituen «Upeletan erronka» ikuskizuna atondu zuen. Egun, dantza irakaskuntza eta kazetaritza ditu ogibide.
Dantza tradizionalean berrikuntza beharrezkoa al da?
Lehenik eta behin gaur arte iritsi zaigun hori mantendu beharko genuke, nolabait aberastuz eta hornituz. Euskal dantza tradizionalak bizirik iraun badu zerbaitegatik izango da. Dantzari baten hezkuntzak tradiziozko dantza horri lotuta egon behar duela uste dut. Ondoren, oinarri horretatik abiatuta, pertsona bakoitzak bere ekarpenak egitea edo garaiko joera berriak aplikatzea oso aberasgarria da.
Beste dantza estiloen eragina ere izango dute zure koreografiek...
Egia da nik dantza klasikoa ere egin izan dudala, baina ez dut uste dantza klasikoak zuzenki isla duenik koreografietan. Egin eta ikusten duzun guztitik gelditzen dira gauzak: beste ikuskizunetatik, dantza taldeetatik, atzerriko dantzariengandik... Hori guztia zuregan gelditzen da eta nahi gabe ere atera egiten da.
Dantzak egoera zaila bizi du gaur egun Euskal Herrian.
Bai oso. Noraezean dabil. Dantza beti oso lotuta egon da dantza taldeen egoerarekin eta gaur egun taldeek emanaldiak egiteko oso aukera gutxi izaten dute. Emanaldiak baldintza oso kaxkarretan egin behar izaten dira maiz. Taldeek gustura jarraituko lukete jardun horretan, baina ez dituzte programatzen eta gero eta emanaldi gutxiago antolatzen da.
Oro har euskal dantza tradizionalari buruz ere ez dakigu gehiegi.
Dantzari buruz jendeari informazioa falta zaio eta askotan ikuspuntu okerra du honen inguruan. Denon erruz gertatzen da hori, guk ere gure buruari ospea kendu izan baitiogu. Gero jendearen mentalitatea aldatzea oso zaila da. Nik zalantza egoeran ikusten dut dantza, bakoitza bere kabuz ari da lanean. Falta dena da denen artean bide batzuk finkatzea, bai dantza mundukoek, bai ikusleek eta bai erakundeek ere.
Zu dantza eskola bateko irakasle zara. Nola dago egoera?
Dantza eskolena ere leku bakoitzean mundu bat da. Nire ustez hezkuntza da epe laburrean gehien lotu beharreko alderdietako bat. Gaur egun ez dago irakasleak hezteko planik ez eta ikasketa planik ere. Hori guztia ondo lotu beharko litzateke, baldin eta dantzaren etorkizuna bermatu nahi bada
Arditurri» (Elkarlanean) Juan Mari Beltranen lehen bakarkako diskoa da. Bertan, Maddi Oihenart, Joseba Tapia, Miriam Atxaerandio, Oihana Irastortza eta Joxan Goikoetxea musikarien laguntzaz, ondare tradizionalean oinarritutako 14 kantuko lana osatu du.
Musika tradizioa ikertzen, lantzen eta zabaltzen bide sendoa egina du Etxarri-Aranatzen jaiotako musikariak, baina beti ere honen berrikuntzan ahalegin berezia eginaz. Argia talde folklorikoko kide izan zen oso gaztetan eta ondoren txalapartaren berreskurapenean lan handia egin zuen Bixente anaia eta Artze anaiekin batera. Hernaniko Musika Kontserbatorioan txistua, alboka, dultzaina eta txalaparta irakasle da 1985etik eta Txalaparta Eskolaren zuzendari ere bada.
Urte luzetan munduan barrena bildutako musika tresna guztiekin Oiartzungo Ergoien auzoan dagoen Herri Musikaren Txokoa sortu zuen, egun museo gisa funtzionatzen duen gunea
![]() |
|
||||
1890 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa