Otsailaren 21etik goizero kalean da «Egunero», 16 orrialdeko zuri-beltzezko egunkaria. Otsailaren 21eko lehen ale hura monografikoa izan zen, «Egunkaria»ren itxiera operazioaren inguruan. Baita bigarrena ere, eta hirugarrena, laugarrena, bosgarrena... egunetik egunera, gaiaren larritasunak hala eskatu duelako, zoritxarrez.
Etorkizuneko egunkaria.
Nola esan?
«Egunero» egiten duten kazetariei oso gertutik ukitzen dituen gertakizun latzaz idaztea egokitu zaie. Makazagak esan digunez, «ćEguneroĆ sortu genuenean, produktu probisionala eta, neurri batean, erreibindikatiboa zela jakinda, gure artean hitz egin eta ćEgunkariaĆn erabilitako hizkuntza bera mantenduko genuela erabaki genuen». Andres Gostinek «Egunkaria»k hiru aldiz estilo liburua atera zuela gogorarazi du eta «estilo liburu hori Euskal Herritik kanpo ere eredugarria» dela gaineratu. «Eta hala ere», jarraitu du Makazagak, «ziur nago gure notiziak kutsatuta daudela, hori kontrolaezina da». «Baina irakurlea ere bai» erantzun dio Gostinek, «hartzaileak badaki zer ari den hartzen».
Makazagak dio idazkera pautak jarraitzeko baino, edukiak idazteko arazoak izan dituela berak. «Hainbeste ukitzen gaituzten gauzak izaki, pantaila aurrean jarri eta ezin idatzi ibili naiz».
Lanposturik gabe lanpetuak.
Lurrikara bat euskararen haragian, eta lurrikara horretan sortu da, astebeteko gau horretan.
Gure historiaren izen propioak dira euskara haragitu duten kazetariok, haragi horren hilduratzean sortu delako euskal kazetaritza.
Isilarazi nahi izan zutenean sortu da. Kalera irten ezinik zegoela bere irakurleek kalera irten behar izan dutenean sortu da. Irakurtzen ez zutenek ere irten direnean. Euskaraz ez zekitenek ere irten direnean, hitza hartu ahal izateko euskaldunduak.
Horrela sortu da euskal prentsa.
Astebeteko gaua, eta gero gaua berriz ere: "Hau eta hau gertatu da". Ondoren, deontologia klase bat: "Eta ez luke berriz gertatu behar". Kameraren aitzinean. Edo herritarren ongi etorrian. Edo ospital bateko ohetik. Torturatua izan ondoko lehen hitzak, askatasunaren adierazpen. Kazetariek eta kazetari egin ziren kudeatzaileek, laguntzaileek, sortzaileek. Hitz horietan sortu da euskal kazetaritza.
Beste maila bat hartu du gure prentsak.
Botereari min ematen dion kazetaritza bihurtu da gurea. Horixe, kazetaritza. Bere herriaren errealitatearen mailan egoten jakin izan duelako. Haragiz, hitzez
Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. aretoko Juan del Olmo epailearen autoaren arabera, honelako erabakiak hartu zituen Ministerio Fiskalak: Joan Mari Torrealdai, Ińaki Uria, Xabier Oleaga, Txema Auzmendi, Xabier Alegria eta Pello Zubiriarentzat baldintzarik gabeko espetxeratzea. Martxelo Otamendi, Fermin Lazkano, Inma Gomila eta Luis Goiarentzat aldiz, aske uztea bermea ezarrita. Hamar inputatuetatik bederatzik «Egunkaria»n ardura dute edo izan dute. Xabier Alegria, Udalbiltzako kidea, ardura ez duen bakarra izaki. Atxilotuak, konfiantzako abokatuarekin deklaratzea debekatuta, ofizioko abokatu batek defendatuak izan ziren Estatuko fiskalaren aurrean. Autoaren sarrera gertaerei dagokie, berean inputatuek fiskalaren aurrean beren arrazoiak eta argudioak alegatu ahal zituztela esaten da.
12 ORRIALDEKO AUTOA.
Autoak hiru atal ditu: gertaera, arrazonamendu juridikoak -bi ataletan emana- eta azken borondatea. Arrazonamendu juridikoen lehen atalean, ETA erakundeaz ari da: «Erakunde terrorista hau bortizkeria erabiliz gain, Espainiako errealitate sozial, juridikoa eta politikora egokitu dela», dio epaileak. ETA Espainiako marko demokratiko eta juridikoaz baliatu dela bere estrategia terrorista sendotzeko azpimarratzen du, halaber.
Autoak ETAren bilakabideari buruzko azalpen arinak eta bereziak egiten ditu: 1978ko «KAS Alternatiba»tik 1995ko «Alternatiba Demokratiko»ra doan bilakaeraz dihardu. Bilakaera honetan, ETAk bere egiturak «banatu» eta bere menpeko sareak sorrarazi dituela dio. Sare honetan KAS, EHAS, ESAN eta EKIN erakundeak lirateke, besteak beste. 1992an, Guardia Zibilak, Bidarten ETAren buruzagitza atxilotu ostean «Udaletxe proiektua» ezagutu omen zuen. ETA bere estrategia indartzeko «hedabideen eta kultur frontea»ren garrantziaz jabetu zela dio Juan del Olmok: Egunkaria Sortzen S.L. elkartea eta Egunkaria S.A. ETAren sare mediatikoak lirateke. Proiektu hau, orobat, ETAren sare informatiboan, sozialean eta ekonomiko finantzarian kokatzen duelarik.
Autoan «Egunkaria»ren proiektuan interesatuak eta parte hartu zuten pertsonak nahiz erakundeak agertzen dira. Eusko Jaurlaritza ere aipatua da, euskarazko egunkari bat bideratzeko burutu zuen inkesta soziologikoaren karietara. ARGIA aldizkari hau aipatua da ere, proiektuaren hasieran parte hartu zuen Joxemi Zumalabe tarteko, baita Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi ere, bestalde. Jarraian, Bidarten atxilotutako ETAko «aparatu politikoa»ren Jose Luis Alvarez Santacristina «Txelis» arduradunari harturiko dokumentu bat du hizpide. ETAren barne gogoeta omen da: ENAren sorrera, Andoain-Irurtzun autobiaren proiektua, Lurraldea Alternatiba eta Egunkaria Sortzen proiektua aipatzen dira berean. Epaileak garai berean sortzen hasi zen «Egunkaria»ri buruzko hainbat kudeaketa finantzaria aipatzen du eta Joseba Jaka eta Joxemi Zumalabe arduradun gisa ezarri.
Beste dokumentu bi aipatzen dira jarraian:«Egunkaria urriak 26» eta «10-4 Azaroak 12» izenekoak. Berauen jabetza ETAko «aparatu politikoa»ren Jose Domingo Aizpurua «Pitxas»i egozten zaizkio. «Egunkaria urriak 26» izeneko dokumentuan -autoaren arabera beti ere- «Egunkaria»ren sorreraren lehen urratsak agertzen dira: Ińaki Zabaleta, Joxerra Gartzia eta Pello Zubiria aipatuak dira. Epaileak, izen batzuk «klabea»n idatziak antzematen ditu. Hitz klabe hauen atzean, konparazione, EGIN, KAS eta ETA lirateke. «10-4 Azaroak 12» delakoan, berriz, «Información del 10» klabearen atzean KAS dagoela dio, eta «11»ren atzean ETA. Klabe hauen atzean ari direnek «Egunkaria»z ari omen dira, proiektuari buruzko interesa agertzen omen da berean. Autoak, garai berean «Egunkaria»k Gipuzkoako Merkataritza-erregistroan bere izena eman zuela dio eta Administrazio Kontseiluaren izenak aditzera eman ere.
UDALETXE PROIEKTUA.
Autoak, Bidarten atxilotutako ETAko buruzagiei atzemandako dokumentu bat aipatzen du berriz ere: «Reuniones de responsable de proyectos Udaletxe». Balizko dokumentu horretan erakundeak hala nola hedabideak aipatzen dira: «Egin», «Orain», «Argia», «Egunkaria», baita Foru Aldundia eta Udalak.
Bien bitartean, 1992ko martxoaren 29an ETAko «Batzorde Eragilea» atxilotua izan zela dio eta hilabete hartan «Egunkaria»ren arduradun guztiak nortzuk ziren berriro ere aipatzen ditu. «Egunkaria»k orain arte izan dituen hiru zuzendarien izenak azpimarratu ditu ere bai: Pello Zubiria, Ińaki Uria eta Martxelo Otamendi.
Autoan agertzen den hirugarren dokumentu-sortaren jabetza ETAko Jose Mari Dorronsoro ustezko buruzagiari egozten dio epaileak, bere ordenagailuan aurkitu omen zutena. Dokumentu hauek ordenagailuaren karpeten barruko labirinto bat osatzen dute. «Kode Berriak/93» izeneko karpetatik hasita, hainbat karpeten izenak agertzen dira:«A: Teknikoa», «A: Orokorra», «Azpi-karpeta Teknikoa»...
ETA hala nola ENAMen erakunde guztiak agertzen dira labirinto honetan. «Prentsa» izeneko dokumentu bati erreferentzia egiten dio, «P» klabez identifikatua. Hainbat hizki eta klabe hauen atzean: «Egin», «Egin Irratia», «Argia» edota «Txalaparta» ezkutatzen dira halaber. «Tekniko» deritzan azpi-karpetaren barruan «Handik» eta «Hara» azpi-karpetak daude. Epaileak euskal izen hauez eta geografiari buruzko deskribapen bat burutzen du. Espainia «han» izaki, hara doazen dokumentura KASera lihoazke. «Handik» azpi-karpetako dokumentuak berriz, Espainiatik Frantziara joan bide dira, ETAko zuzendaritzan ezkutatzen zen lekura. «Aqui» dio autoak, Frantzian, alegia. Autoak labirinto baten barnean garamatza eta bere deskribapenak molde poliziako-literarioaren itxurak hartzen ditu.
«Handik» deritzan azpi-karpetan hiru izen agertzen omen dira: Eneko, Garikoitz eta Hontza. Izen hauen atzean, klabean idatzitako izenak edo izen klabeak, norberaren idurimenaren arabera, «Handik» eta «Han» delakoan agertzen diren dokumentuen hartzaileak eta igortzaileak dira.
XABIER ALEGRIA EDO GARIKOITZ.
Autoak Ekinen gaineko «Sumario 18/98» aipatzen du orduan, eta berean «Garikoitz» Francisco Javier Alegria Loinaz bezala identifikatua izan dela, hots, Xabier Alegria. Bera omen da ETA eta KASen arteko komunikazioa bermatzen duena. Beste dokumentu batean egoera soziopolitikoari buruzko gogoeta agertzen da, HB, PSOE eta EAJ alderdiak aipatuak dira. Baita «P» klabea ere. Xabier Oleaga eta Imanol Murua aipatuak dira. Dokumentuaren hartzailea ETAko «Batzorde Eragilea» zatekeen, «Aparatu Politikoa» balizko igorlea izaki. Autoa behin eta berriz errepikatzen da. Juan del Olmo epailea atxilotuen aukako inputazioak argudiatu nahian beste dokumentu batera iristen da, «Hontza» izeneko karpetan agertzen denera, «Handik» delakotik datorrena. Espainiatik, beraz. ETAren ustezko dokumentuan «Egunkaria»ren zuzendari posibleak aipatzen dira. Martxelo Otamendi aipatua da, besteak beste.
AZKEN BORONDATEA.
Arrazonamendu juridikoen bigarren atalean, inputatuei delituzko ekintza bat burutu izanaren indizio arrazionalak daudela dio autoak, inputatuak ETAko sare mediatiko-finantzariaren eta erakundearen kideak izaki. Azkenik, epaileak bere azken borondatea diktatzen du: batzuk, justiziari itzuri egin diezaioketelakoan Soto del Real espetxera bidaltzen ditu, eta besteak, fidantzapeko behin-behineko askatasunean uzten ditu. Autoak ordea, ez du zehazten ez argudiatzen zeintzuk diren delituak
Ińaki Esnaola, Inma Gomilaren eta Pello Zubiriaren defentsako abokatua da. Honela laburbildu digu Auzitegi Nazionalak «Egunkaria»ren inguruan hartutako neurriak:«Prozesu hau prozesu politiko-poliziala moduan ulertu behar da. Juan del Olmo epailea 1990eko hasieran azalduriko ETAko ustezko dokumentuetan oinarritu da autoa gauzatzeko. Dokumentu horiengatik ARGIA aldizkariak kereila aurkeztu zuen ćEl MundoĆ egunkariaren aurka, Pello Zubiriak berak Auzitegi Gorenean jarria. Orduan, dokumentu hauek ETAk Pello Zubiria ćEgunkariaĆren zuzendaria izendatu zuela difamatzeko erabili ziren. Orain, berriz ere, dokumentu hauez eta beste batzuez baliatu dira ćEgunkariaĆren aurka jotzeko».
Juan del Olmok erabili aurretik Baltasar Garzonen esku egon omen ziren dokumentuak.
Nik dakidanez, polizia nazionalak 2001ean dokumentu hauek aurkeztu zizkion Garzoni. Garzonek ez zuen funtsezko akusaziorik burutzeko indiziorik ikusi eta bertan behera utzi zituen. Artean, Polizia Nazionalak txostena Guardia Zibilaren esku utzi zuen. Antza denez, Guardia Zibilak txostena Auzitegi Nazionaleko 6. aretoan aurkeztu zuen. Hau guardiako auzitegia da, Juan del Olmok zuzentzen duena. Honek baietza eman zuen edo auskalo, beharbada prozesua aurrera eramateko dena prest zegoen aldez aurretik.
Dokumentu horiek direla-eta «El Mundo»ren nahiz Joseba Egibarren aurkako kereilak aurkeztu zituen Pello Zubiriak. ETAk Pello Zubiria «Egunkaria»ko zuzendaria izendatu zuela esan baitzuen ere Egibarrek.
Egibarrek «El Mundo»n agertu zena benetakotzat jo zuen. Kereila ebatzia geratu zen ordea, Auzitegiak Egibarrek ez zuela Zubiria iraindu kontsideratu zuelako, Joseba Egibarrek egunkariak esandakoa errepikatu zuelakoan. Guk «El Mundo»ren aurkako kereila jarri genuen, egunkari honek berria zabaldu zuelako. «El Mundo» egunkariak, informazioa poliziaren txostenetatik atera zuela argudiatu zuen. Poliziaren informazioa egiazkoa dela alegatu zuen, baita Auzitegiak horrela onartu ere. Beraz, Espainiako hedabide nagusietako «egiazko» informazioa zentzu eta termino hauetan «ulertzen» da.
Botere judiziala botere eragilearen menpe dagoela ageri da beste behin ere.
Dudarik gabe. Juan del Olmo Espainiako Gobernuaren sokakoa da. Epaile batzuk Gobernuaren soka berekoak dira, finean, epaile hauek, poliziaren bidez, botere eragileak agindutakoa bete egiten dute. Aginduak politikoak dira, noski.
Inputatu batzuk kanpoan eta beste batzuk barruan geratu dira. Zergatik?
Zaila da hori jakiten. Itxura batez, Administrazio Kontseilua osatu eta «Egunkaria» hasiera-hasieratik aurrera atera zutenak barruan geratu dira. Auzitegi Nazionalak prozesua horretan oinarritu nahi du. Dokumentu horiek zaharrak dira eta «Egunkaria» ateratzeko aritu ziren pertsonak eraman dituzte barrura, goi-karguak sartu dituzte barrura.
Martxelo Otamendik torturak salatu ditu.
Prozesua funtsatu ahal izateko oinarri juridikoak bilatzen dituzte, eta badakizu, horretarako «interrogatorio edo itaunketa trebeak» egin ohi dituzte. Otamendiren hitza sinesgarria da, baina nola frogatzen duzu torturatua izan dela?
Angel Acebes barne ministroak kereila jarriko omen dio
PPren gobernua prest dago torturen salatzaileak auzitegietara eramateko. Honek tirabira politiko gogorrak ekarri beharko lituzke. Autoak inputatuak ETAko kideak direla dio eta gizarteak ez du hori onartzen, eta gainera torturatuak izan dira. PPren Espainiako Gobernua kontraerasora pasa da.
Tirabira horrek zer edo zer eragin al dezake EAEko Gobernuan eta EAJren baitan, zure ustez?
Hor dago koska! Eusko Jaurlaritzak «Egunkaria»ko langileen egoerari dagokionean badirudi esku hartu nahi duela. Baina galdera betikoa da: EAJ eta EAk hordago joko al dute? Hau da, Joseba Azkarraga justizia sailburuaren iritziz, egunkari bateko zuzendariak torturatua izan dela esaten badu, ezin da beste leku batera begiratu. Orduan, hartu ditzala leku konkretu batera begiratzeko neurriak. Eusko Jaurlaritzak aurre egingo ote dio Espainiako Gobernuari auzitegian aurkeztuko diren salaketak argitzeko hala nola prozesua bera Zuzenbidezko Estatu batean bezala garatu dadin? Askotxo iruditzen zait, baina tira, horixe nahi nuke
![]() |
|
||||
1890 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa