Elisabeth Pombo
Merkatuaren legea nagusi den garai hauetan, lehiakorra izan beharra dago. Ideia hori abiapuntutzat harturik ARGIAk aurten Urtekaria behetik gora berritzea erabaki du. Gauzak horrela, «Euskal Kulturaren Urtekaria 2003»k diseinu berria dakar, kolorez beterik eta egitura argiagoz horniturik. Aldaketak gainera, bi ataletan izan dira. Bai urtean zehar jazo diren gertakariak, iritziak eta bestelakoak jasotzen dituen atalean, bai «Euskal Kulturaren Aurkibidea» izenarekin ezaguna den telefono eta helbide gida horretan ere.
Diseinu aldaketa orokorraz gain, berrikuntza aipagarrien artean bi sail berriren sorrera aipatu beharra dago, euskarri elektronikoei eta ARGIA astekarian urtean zehar argitaraturiko iritziei dagokiona. Internet eta teknologia berriek euskal gizartean gero eta presentzia gehiago dutela kontuan izanik, «Euskal Kulturaren Urtekaria»k ere lekua egin dio bere orrietan sail horri. Bestalde, ARGIAk astero-astero argitaratzen dituen iritziak eta gogoetak ere plazaratu ditu Urtekariak «Jakintza kulturala» izeneko sail berezi batean. Bertan, euskal kulturaren munduan mugitzen diren hainbaten hausnarketa zatiak jaso dira.
328 orri eta 8.500 erreferentzia.
Aurtengo Urtekariak 328 orri ditu, iaz baino zortzi gehiago. Horietatik 160 «Euskal Kulturaren Aurkibidea»renak dira, herritarren artean oso kontsultatua izan ohi den telefono eta helbide gidarenak alegia. Aurkibide honek 8.500 erreferentzi inguru biltzen ditu. Gainontzeko orriak berriz, urteko gertaerak biltzen dituzten hemezortzi sailetan banatuak daude: «Jakintza kulturala», «Administrazioa», «Antzerkia», «Artea», «Bertsolaritza», «Dantza», «Euskalduntze-alfabetatzea», «Euskarri elektronikoak», «Hizkuntzalaritza», «Irakaskuntza», «Kulturgintza», «Literatura», «Musika», «Normalizazioa», «Prentsa», «Telebista-irratia», «Unibertsitatea» eta «Zinema». Sail horietako bakoitzak bere kolorea du. Horrela, diseinatzaileak Urtekariak bere osotasunean ostadarraren koloreak hartzea nahi izan du.
Baina lehen aipatu bezala, berritze estetikoaz gain, egituraren aldaketa bat ere jasan du Urtekariak. Sail gehienak honako hiru zati hauetan banatzen dira: Urteko albisteen bilduma den «Kronologia», egunkari eta aldizkarietan argitaratzen joan diren gogoeta eta elkarrizketen aukeraketa den «Iritziak» eta «Datuak», dagokion sailari loturik dagoen gai baten edo batzuen inguruan garatutako infogramek osatua.
Euskal Kulturaren Aurkibidea» zatiari dagokionez ere, zenbait aldaketa izan dira. Egitura orokorra zertxobait txukuntzeaz gain, «Internet» atala gehitu da eta arreta berezia jarri zaio zaharkituak zeuden helbide eta telefonoak berritzeari. Horretaz gain, aipagarria da gainera, gero eta web gune eta posta elektroniko gehiago agertzen direla aurkibidean, lehen aipatu bezala, teknologia berriek euskal gizartean duten gero eta garrantzi handiagoaren adierazgarri dena.
Garai berrietara moldatzeko bilakaera. «Euskal Kulturaren Urtekaria»k azken lau urtetan itxura berdina erakutsi du. Hasiera batean zuri beltza zen, 1988tik aurrera berriz, bi koloretan kaleratu zen eta «Euskal Kulturaren Urtekaria 1998»tik aurrera berriz, lau koloretakoa bihurtu zen. Orduz geroztik itxura berdina izan du, baina orain aldaketa sakona ezagutu du, oro har kontsultagarriago bihurtuz. Esfortzu handi baten fruitu da hori. Izan ere, euskal kulturak egun sortzen duen albiste andanak hemeroteka eta aukeraketa lan handia eskatzen du Urtekaria osatzeko.
Edonola ere, hartzaileak epaitu beharko du eginiko lana eta horretarako, eginiko lanaren emaitza aurki kalean izango da
Daniel Udalaitz
Hego Euskal Herriko biztanleak gehiago kezkatzen ditu heriotzak etorkizuneko bizimodu erosoago batek baino. Datuek erakusten dutenez, %24k dauka heriotzako asegurua, %13,4k erretiroko planen bat eta %6,5ek bakarrik aurrezki asegurua. Hegoaldeko bizilagunetan, seme-alabak dituztenek daukate bizi aseguruen bidez aurrezteko joera handiena. Erretiroko aurrezkiei dagokienez, klase ertaineko jendea 25 bat urtez aritzen da, gehien jota, horrelako inbertsioak ordaintzen. Ondorio horiek ageri dira, antzina ez dela Intergallup España enpresak Agrupación de Vida y Pensiones de Union Española de Entidades Aseguradoras y Reaseguradoras (Unespa) taldearentzat egin duen ikerketa batean.
Inkestek eta azterlanek duten balioa dute. Tendentziak seinalatzen dituzte jeneralean, eta ezin zaie balio absoluturik eman. Hala eta guztiz, datuak emendatzen dituzte, zenbaitetan harrigarriak gainera, ikertutako herri edo sektoreari buruz. Arrazoitze hori guztia Unespak duela gutxi eginiko azterlan baten harira dator: lan hori Espainiako Estatuko biztanleen aurrezteko joerei buruzkoa da, eta guk oinarri gisa hartu dugu erreportaje hau lantzeko. Aipatu azterketa gauzatzeko, zenbait autonomia erkidegotan ere egin dituzte galderak, eta, horrenbestez, EAEko eta Nafarroako biztanleen aurrezteko ohituren gaineko argibide batzuk ere badira testuan. Bistan denez, guretzat aski mugatua da azterlana, ez baitakar Euskal Herri osoko biztanleei buruzko daturik. Horrez gainera, bereizirik daude EAEko eta Nafarroako datuak; dena den, aski antzekoak dira.
HERIOTZAKOAK ETA ERRETIROKOAK. EAEn, heriotzako asegurua da bizi aseguruetan hartzaile gehien duena, betiere Unesparen arabera. "Arriskukoa" izendatzen dute teknikoki, eta aseguratuaren heriotzagatik, baliaezintasunagatik eta abarrengatik indemnizazioa eskakizun duten aseguruak biltzen ditu. Eremu horretako hamar biztanletatik bik baino gehiagok (%22,7k) aitortzen du aurreikuspeneko formula hori erabiltzen duela. Nafarroan, berriz, are handiagoa da ehunekoa: nafarren %25ek dauka horrelako polizaren bat. Hurrena, erretiroko bizi aseguruek dute eskari handiena, hau da, arruntean "erretiroko planak" deritzenak: aurrezpen sistematikoko produktuak dira, jeneralean epe luzeko bermea dutenak eta, prestazioari dagokionez, lanetik gelditutakoan jasotzekoak. Kasu honetan, antzeko ehunekoa ageri da EAEn eta Nafarroan: Hego Euskal Herri osoan, %13,4k adierazi du horrelako asegururen bat kontratatua duela.
Besstalde, badirudi Hegoaldeko biztanleek bestelako bizi aseguruetan ere dezente kontratatzen dutela. EAEn, adibidez, biztanleen %7,6k omen dauka erretirokoa ez den aurrezki asegururen bat, baina aurrezpen sistematikokoa eta garantizatukoa dena. Nafarroan, ordea, %5,8ra jaisten da ehuneko hori. Beste bizi aseguru batzuetan, bezeroak hartzen du bere gain inbertsioaren arriskua. Bada, EAEn, biztanleen %5ak omen dauka mota horretako polizaren bat; Nafarroan, aldiz, %2,3k soilik.
31 URTETIK AURRERA.
Aipatu azterlanean azaltzen denez, 31 eta 40 urte bitartean sortzen da aseguratzeko kezka handiena. Alde horretatik, hala Hego Euskal Herriko biztanleak, nola Espainiako Estatukoak, Europako beste zenbait herritakoak baino adinez zaharxeago direla hasten dira aurrezten. Europako herri horietan askoz hedatuago omen dago etorkizuneko diru baliabideak bermatzeko kultura, eta, ondorioz, handia omen da bizi aseguruetako inbertsioa.
30 eta 40 urte bitartean, bizi aseguruen artean, heriotzakoa omen da kontratatuena. Erretirokoetan baino poliza gehiago egiten da heriotzakoetan. Bi dira, nonbait, horretarako arrazoiak: batetik, pertsona askok adin horretan urruti ikusten dute erretiroa; bestetik, guraso izateko, etxebizitza propioa erosteko... sasoia da hamarkada hori, eta faktore horiek pisuzkoak dira heriotzako edo baliaezintasunezko arriskuei aurre egiteko aseguruak aukeratzeko.
Erretiroari dagokionez, hurrengo hamarkadan azaltzen da kezka; 41 urtetik aurrera-edo. Horrek esan nahi du Hego Euskal Herriko biztanleen batez bestekoak, gehien jota, 25 urteko epea hartzen duela erretirorako aurrezteko (teorikoki 65 urterekin erretiratzen da jendea; hortaz, 41ekin aurrezten hasiz gero, 25 urte dira).
Azterketaren ondorioetan ageri denez, ezkondua izateak ere badu nolabaiteko zerikusia aseguruak kontratatzeko garaian, eta ez da harritzekoa. Aurrezki aseguruak epe luzeko errentagarritasuna bermatzen duenez, formula hori denboran ziurtatutako aurrezmodua da horrelako produktuak dituztenentzat. Familiaren erantzukizuna duten biztanleak, seme-alabak dituztenak batik bat, gerora zer gastu eta baliabide izango dituzten pentsatuz bizi dira sarritan. Ondorioz, aurrezteko formula aseguratuak lehenesten dituzte, arriskuak gutxitzeko.
AURREZKI PRIBATUAREN KONTZIENTZIA GUTXI.
Azterlanaren arabera, badirudi, nahiz eta Hegoaldeko biztanleak aurrezki pribatuaren garrantziaz eta aukerez kontzientzia hartzen aritu, oraindik ere oso gutxi jabetzen direla benetan. Dena dela, Espainiako biztanle gehienak ere epe luzeko aurrezkietan dauden hainbat eratako formulen hartzaile bihurtuko dira denbora gutxian; zehazkiago esanda, bizi aseguruen hartzaile, aukera-aukerako aurrezki osagarriak izateko diseinatuak baitaude.
Bestalde, eta burtsako testuinguruaren eraginez neurri batean, bizi aseguruak epe luzera aurrezteko benetako alternatiba dira, batez ere arriskuaren beldur direnentzat, denbora luzean eroso aurrezteko bidea ematen baitute. Hau da, nork bere diru baliabideen arabera inbertitzen du, eta, nahi izatera, beste arrisku batzuen kontrako aseguruekin konbinatuz gainera (baliaezintasuna, alarguntza...). Dena dela, epe luzea da bizi aseguruaren "berezko lurra"; balio erantsia, berriz, hainbat urtetan edo hamarkadetan interesak izateko garantia
Ainara Gurrutxaga
Fardela bizkarrean eta malkoak masailetan. 1937ko maiatzak 7. Irudi zuri-beltzak. Ehunka haurrek senideak agurtzen dituzte Santurtziko portuan. Haur euskaldun andana eramango du Habana itsasontziak erbestera, Gerrako bonbetatik urrun. Semea musukatu ostean beltzez jantzitako emakumearen espresioa ezin da berehalakoan ahantzi. Auskalo berriro ikusi ahal izango duten elkar.
Espainiako Gerra Zibilak Euskal Herrian eragin zituen milaka iheslari eta errefuxiatuen artean haur asko zegoen. Betirako markatuak gelditu dira, eta egun aiton-amonak direnean ere, gerrako umeak izaten jarraitzen dute.
Gerra ume haien gogoaren bidezidorretatik bidaiatzea proposatzen digu orain Kukai dantza taldeak, Tanttakarekin batera, Juan Mari Beltran musikariaren azken lana oinarri hartuta.
"Egunkarian irakurri nuen elkarrizketa batek eman zidan ideia", dio ikuskizunaren zuzendari Mireia Gabilondok, "Bertan Gerra garaian Bilbotik Errusiara eraman zuten gizon batek kontatzen zuen erbestean euskara galdu zuela, eta hona itzuli zenean ezin zituela gurasoak ulertu".
Tanttakak Beltranen «Arditurri» diskoarekin dantza ikuskizun bat egiteko gogoa zuen eta Jon Maya dantzari eta koreografoarekin harremanetan jarrita, hark beste sei lagunekin osatzen duen Kukai taldearen berri izan zuten. Mireia Gabilondori, gainera, euskal dantzarekin zerbait egiteko gogoa aspalditik datorkio: "Gaztetan ni neu dantzaria izan nintzen, Bergarako dantza taldean. Pauso eta teknika haiek beren ohiko lekutik atera eta zerbait kontatzeko gogoa nuen, duen hieratikotasunetik aldenduz".
Kontakizunak abiaburutzat egoera gogor bat duen arren, «1937» dantza ikuskizuna lan baikorra da, energiaz eta itxaropenez betetakoa. Izan ere, haurren ezaugarrietako bat horixe da: egoerarik krudelenak alaitasunez zipriztintzeko gaitasuna daukatela.
Zuzendariak garbi zuen ikuskizunak berak baikorra izan behar zuela: "Hasieratik pentsatu nuen egoera krudel horretatik abiatu arren, pertsonaiek berehala irten behar zutela zulo horretatik. Bizitza bera ere horrelakoxea baita. Kolpeak ematen ditu, baina aurrera egiten du beti". Beltranen musikak horretarako aukera eman zien.
Dantza tradizionala oinarri.
Jon Mayari ere «Arditurri» diskoko musika oso baliagarri izan zitzaion koreografia sortzeko: "Oso dantzagarria da. Beraz, musikarekin eta Mireiaren gidoiarekin jada ikuskizunaren giroa iradokita zegoen, oso modu naturalean sortu nuen koreografia".
Funtsean euskal dantza tradizionalean oinarritutako koreografia osatu du Mayak, "azken batean horixe baita Kukai taldeko kideek ongien egiten dakitena". Hala ere, aire berritzaileak ere nabari dira lan honetan, ikuskariari freskotasuna eskainiz.
Eszenategi atzealdean dagoen pantaila erraldoi batek kokatze lanak egiten ditu ikuskizun osoan zehar. Bertan Euskadiko Filmategitik eskuratutako irudi errealak eta Kukai dantza taldeko kideek grabatutako fikziozko kontakizunak tartekatzen dira. Hala, zazpi protagonisten arteko harremanek, haserreek eta maitasunek bidaia hunkigarri honetan barrena gidatzen dute ikuslea. "Bideoaren laguntzaz dantza nolabait biluzik utzi nahi nuen, eszenategian beste elementurik jarri gabe", dio zuzendariak. Mikel Laboa, «Basarri» eta Bitoriano Gandiagaren poemek indar handiz deskribatzen dituzte, gainera, zazpi protagonistek biziko dituzten egoera eta sentsazioak.Eneko Gil, Urko Mitxelena, Alain Maya, Ibon Uharte, Nerea Vesga, Vanesa Castaño eta Jon Mayak esperientzia handia dute jada taula gainean, eta urtetan elkarrekin aritu izana ere nabari da koreografia guztietan.
Kukai dantza talde sortu berriko kideentzat Tanttakarekin batera jorratutako bide berria oso interesgarria izan da, eurentzat berria den mundu bat ezagutzeko aukera izan baitute, Mayaren iritziz: "Askoz ere zurrunagoak ziren espresio moduetara ohituta gaude gu, eta hortaz, hainbat sentimendu azaleratzea kostatu zaigu. Dena dela, lana oso modu naturalean egin dugu eta denbora izan dugu bakoitzak bere rolaz jabetzeko. Lan dibertigarria izan da".
Euskal Herriko hiriburu eta antzoki nagusietan luxuzko laguntza izango dute Kukai eta Tanttakakoek, Juan Mari Beltran eta bere musika taldeko kideak zuzenean ariko baitira «Arditurri» diskoko doinuak jotzen. Iñigo Monreal, Felipe Ugarte, Iñigo Lurgain, Aitor Gabilondo eta Miriam Atxaerandio izango dira zuzeneko saio horietan Beltranek alboan izango dituen musikariak.
«1937. Gogoaren bidezidorretatik» dantza ikuskizuna Durangon ikusteko aukera izango da martxoaren 27an, eta apirilean ere Euskal Herrian zehar emanaldiak eskaintzea espero dute taldekideek
Xabier Telletxea
Barrabas, brageterre, drogoso, guarino, kanpoeder, kardai, mizkino, oskil, pisterre... Lekeitiar euskalkiak dituen irainak dira. Batzuk Euskal Herriko beste zenbait txokotan ere erabiltzen dira hala ere. Egun irain hauek ez dute indar handirik; izan ere, Lekeitioko euskalkiak antzinatik gordetzen dituen hitzak dira. Hauek berreskuratzeko xedez, liburuki batean bildu ditu Lekeitioko Udaleko Euskara Batzordeak. Bereziki gazteei zuzenduriko liburuxka honetan, galtzear diren irainen berri ematen da, bakoitzaren esanahiaren azalpen zehatza eginaz. Hitzari zentzua emateko eta testuinguru batetan kokatzeko, bakoitzak irudi bat du alboan.
Zenbaki berri honen aurretik, beste hiru ere kaleratu dituzte. Lehenengoak itsasoa du gaitzat. Lekeitioko kulturak arrantzarekin duen lotura izan zen gai hau aukeratzearen arrazoi nagusia. Bigarren zenbakiak eguraldia du ildo nagusi eta hirugarrenak, aldiz, onomatopeiak biltzen ditu. Laugarrena da plazaratu berri duten alea.
Lekeitioko berba hauek aurkitzeko informazio iturri nagusiak herriko pertsona helduak, "Sustraia" aldizkariak argitaraturiko ale monografiko bat eta Resurrección María Azkueren hiztegia izan dira. Era berean, Rufo Atxurrak lan garrantzitsua egin zuen; izan ere, bere ikuskaritzapean kaleratu baitira argitalpenok. Berriki hil denez, omenaldi txiki bat egin diote liburuan, ikuskaritzaz arduratzeaz gain liburua egin duen batzordearen zuzendari nagusi ere izan baitzen. Ikasketa akademikorik gabeko herritar honek, bere zaletasuna zela-eta, artxibo garrantzitsua zuen. Artxibo hori osatzen jardundako denboran bilduriko informazioari esker, bere jakintza maila handia zen.
Kontxi Altzibar, Marta Korrea, Judith Laka, Naroa Ogando, Nere Portillo, Arantza Retolaza, Jon Mikel Seijo eta Joseba Andoni Seijok osatzen dute Lekeitioko Berbak lantaldea. Zortziek euskararekiko interesa duten lagun taldea osatzen dute. Hain zuzen ere, Euskararen Azpibatzordean sorturiko lan talde honek editatzen ditu liburuok. Eurek ere ezagutzen ez dituzten berbak bildu, aztertu eta egiaztatzen dituzte. Lekeitioko Berbak lan taldeko partaide den Joseba Andoni Seijoren aburuz, "hizkuntzaren estandarizazioa ezinbestekoa izan bada ere, beharrezkoa da zintzilik geratu diren galeratxo horiei euskalkiek erantzutea".
Taldearen bilkurak bitxikeria ugariz inguraturik daude, gehienetan berreskuraturiko hitzaren inguruan kontatzeko pasadizoren bat izaten baita. "Zuzenketak egiterako garaian maizago elkartzen garen arren, hiru astetik behin biltzen garenean, luze aritzen gara berben inguruan mintzatzen. Lorturiko berba berriek sortzen duten harridura eta euren inguruko bitxikeriak anitzak dira. Oso ondo pasatzen dugu eta barre ugari egiten dugu", baieztatu digu Seijok.
Liburu bakoitzetik, mila ale argitaratu dituzte. Lehen argitalpenaren ale guztiak agortuta daude, baina epe laburrera, 200 ale gehiago argitaratuko dituzte. Lekeitioko Berbak lan taldearen laugarren liburukia plazaratu berri den arren, jada bosgarren liburukia prestatzen dihardute. Edizio berri hau, hirugarren edizioan landutako onomatopeien bigarren zatia izango da. Bestalde, seigarrena ere egiteko ideia buruan darabilten arren, ez da ziurra oraindik beronen argitaratzea, ordurako legegintzaldi aldaketa izango baita.
EZAGUTZEN ETA ERABILTZEN EZ DIREN BERBAK.
Argitalpen hauen helburua ez da izan tesi bat egitea, praktikotasuna bultzatzea baizik. Hori dela eta, Lekeitioko euskalkiak berba ugari dituen arren, euren lagin bat besterik ez dute bildu argitalpen hauetan. Ez dituzte ezagutzen diren baina erabiltzen ez diren berbak bildu, ezagutzen eta erabiltzen ez diren berbak baizik: hitz arinak eta errazak, nagusiek dakizkitenak.
Ekimen hau belaunaldi gazteei zuzendurikoa denez, liburuxkak herriko ikastetxeetara igorri dituzte. Udaletxean liburukiok eskatzeko aukera izateaz gain, 1,5 euroko prezioan herriko saltokietan lor daitezke.
Liburukiari so egiten dionak, jakingo du "barrabas" gauzak hankaz gora ipintzen dituen zaletuari deritzola ; "drogoso" endredo bila dabilenari esaten zaiola; etxearen kalte eta familiaren hondagarri ekintzak burutzen dituztenei "etxekalte" deritzela; gutxi garbitzen denari "koipesto" deritzola; pertsona altua eta ibiltzeko modu baldarrekoari "kankailu" esaten zaiola; kiroletan eta batez ere futbolean txarra denari "taket" deitzen zaiola; txikia denari "txatxar" deitzen zaiola; buru arina duenari "txotxin" deritzola; juiziorik ez duenari "gijabakoa" deritzola; tontoa izanda, bestela pentsatuta, asko dakiela uste duenari "tontoarroa" esaten zaiola...