EROTISMO LITERARIOAZ
Askotan aipatu da euskal literaturan erotismo eta sexu eszenen gabezia dagoela. Gauzak aldatzen doaz. Argitaratutako hainbat liburuk, argitaletxe zenbaiten saiakerek eta aldizkari eta literatur lehiaketa askoren edukiek frogatzen dute hori.
Oraingoan Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik dator saiakera. Bertan, hilaren 10etik 14ra egingo den Literatura Asteak «Literatura eta Erotismoa» jorratuko du. Juan Martin Elexpuruk «Testu erotikoen gatza eta berakatza»z hitz egingo du. Jasone Osoro, Paddy Rekalde eta Juanjo Olasagarrek mahai-ingurua egingo dute. Pako Aristik eta Mikel Markezek «Poema eta Kantu Erotikoak» eskainiko dituzte eta HUHEZIko ikasleek «Hitzak biluzten» errezitaldia emango dute.
INAUGURAZIO ATZERATUAK
NAFARROAKO Artxibo Orokorrak hil honen bukaeran irekiko ditu bere ateak. 2001erako zegoen aurreikusita honen inaugurazioa baina atzeratu egin da. Guztira, 17,6 milioi euroko aurrekontua izan du Iruńeko alde zaharrean kokatuko den edifizioak. Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilariak jakinarazi zuen lehengo astean Artxibo Orokorraren inaugurazio data. Bestalde, Alzuzako Jorge Oteiza Museoa apirilean irekiko dela ere esan zuen. Honen inaugurazioa 1999rako zegoen aurreikusita. Baina egun eraikuntza lanekin jarraitzen dute bertan.
EIBARKO JARDUNALDIAK
GUZTIRA 22 emanaldi ikusi ahal izango dira martxoaren 6an hasi eta apirilaren 4a arte luzatuko diren Eibarko Antzerki Jardunaldietan. Saio horietatik 11 estreinaldiak izango dira, 8 talde profesionalenak eta gainerakoak unibertsitateetako taldeenak. Izan ere, urtero bezala, unibertsitateetako taldeei lekua gorde diete. Oraingoan, lau talde izango dira taula gainean: La Ortiga t.d.s., Grupo Maricastańa, Madrileko Unibertsitate Politeknikoak eta RESADek eskainitako koprodukzioa, eta azkenik aurten 30 urte egiten dituen Narruzko Zezen Eibarko taldeak jaialdi guztian eskainiko den erabateko estreinaldi bakarra taularatuko du. Egitarau osotik, hiru izango dira soilik euskaraz eskainiko diren obrak: Ados Teatroaren «John Wayneren laguna», Maskaradaren «Kontenedore baten istorioak» eta Vaiven Produkzioaken «Murphy gainetik kendu ezinda».
BERTSO ESKOLEN INGURUAN
ZENBAKI berezia plazaratu berri du «Bertsolari» aldizkariak, «Euskal Herriko bertso eskolak» izenekoa. Ainhoa Agirreazaldegik prestatu du lana eta 500 orrialdeetan zehar, bertso eskolen zerrenda osatzeaz gain, eskola horietan lan egiten duten ikasle, irakasle, eragile eta laguntzaileen berri jaso du. Guztira, 80 bertso eskola inguru daude 72 herritan. Eta ikasleak 900 inguru dira. Agirreazaldegik nabarmendu du azken urteotan eskoletan didaktika, metodologia eta antolakuntza mailan egiten ari diren aurrerakuntzak, eta Ipar Euskal Herrian, Araban eta Nafarroan bertso eskolek izan duten gorakada.
RAMIRO ARRUEREN LANAK
DANTZARIAK, pelotariak, arrantzaleak ageri dira Ramiro Arruek margotu eta apirilaren 6a arte Arabako Arte Ederretako Museoan ikusgai egongo diren lanetan. Donibane Lohizuneko bildumatik ekarriak izan dira eta Euskal Herria eta bere biztanleak ageri dira bertan. Bere lanekin batera, Alberto, Jose eta Ricardo Arrue bere anaienak ere ikusgai daude Arte Eder Museoan.
BLUES-A ZABALTZEKO
THE Basque Country Blues Association izeneko blues elkartea sortu berri da. Blues zaleen, komunikabide espezializatuen eta J.L. Longfingers Dj bilbotarraren ekimenez sortu da elkartea. Xede nagusia blues musika Euskal Herrian zabaltzea da. Eta horretarako lehen ekitaldia antolatu dute Bilbon. Izan ere, Kafe Antzokian Elvin Bishop gitarjole ospetsuak kontzertua eskainiko du.
- Luis de Pablo musikariak «El Cultural»en: «Musikariak euren kontrako izan daitezkeen giroetan bizi dira. Euren izaera indartsua bada, zailtasunak gainditzen dituzte. Baina asko ez dira horrelakoak eta gizarteak irentsi egiten ditu».
- Xabier Silbeirak «Bertsozale» aldizkarian eginiko adierazpenak dira hauek Bertso Egunari buruz: «Azken urteetan gehiago ikusten dut oihartzun mediatikoaren bila egiten dela. Bertsolaritza gizartean erabat integratuta dagoela erakusteko modu gisa. Uste dut egiazko bertsozaleentzat egin behar dela».
- Jean François Sauré argitaratzaileak honakoa esan zuen «The Balde»n eginiko elkarrizketan: «Euskal herrian ez dago komiki kultura, ghetto moduan behintzat Espainiar estatuan edo AEBetan bezalaxe, baina bai orokorki, euskal kulturaren barruan. Akaso noizbait banatuko balitz, hasiko lirateke arazoak».
- Mikel Insaustik honakoa idatzi zuen «Gara»n: «Ez dago krisi garaiak bezalakorik, beharrezkoa den agitazio kulturalera bueltatzeko».
Asiako Museoa Biarritzen dago. Bertan Txina, Tibet, Nepal eta Indiako 1.000tik gora pieza daude. Euskarari errespetu gutxi diote ordea. Horren adibide da Interneten duten web gunea (http://www.museeasiatica.com/). Informazioa frantsesez, ingelesez, alemanez eta gaztelaniaz dago soilik.
eR3MU4K izeneko ekimena jarri berri dute martxan Jon Benitok, Xabier Gantzarainek, Patxi Gaztelumendik, Ibon Egańak eta Tseznek. Literatura, irudiak, musika elektronikoa eta beste arte espresio batzuk biltzen ditu eta hainbat ekitaldi eskainiko dituzte martxotik aurrera.
Manu Arregik «On my own» lan indibiduala paratu du Bilboko BilboArte aretoan. Bere lana taldekako proiektuetan egin da ezagun, baina hauxe da bere bakarkako erakustaldirik garrantzitsuena. «On my own» proiekzio hirukoitz batez osatutako instalazio bat da.
Glu-Glu Produccionesek «Se busca impotente para convivir» estreinatuko du martxoaren 13an Barakaldo Antzokian. Esteve Ferrerrek zuzendutako lan honetan, besteak beste, Esther Uriak, Carmen Conesak edota Miguel Forondak parte hartuko dute.
Ken Zazpik «Bidean» izeneko diskoa plazaratuko du hil honetan Gorren eskutik.
Jon Kortazarek literatura promozio berriei buruz honakoa zioen«El Pais»en:
«Literatura-sistema gaztelu gotor baten antzera deskribatu dugu maiz. Gunean kontsakratu diren idazleak daude, inguruetan eta barruan sartu nahian hasberriak eta plazara heldutakoak, eta barruan dagoenak ez du handik irten nahi eta kanpokoek, aldiz, sartu nahi dute. Gurean baina, ez omen da horrelakorik gertatu. Errespetu handiz, tratatu behar genituen gure aurreko idazleak eta pazientziaz jokatu, txikiak ginen eta haserrerako beta handiegirik ere ez. (...) Ez dago debaterik, edo ez da egon behintzat, 1987. urtetik hona. Baina 90. hamarkadan idazle gazte eta berri falta nabaritu izan zen bezala, gaur ez da horrelakorik gertatzen, (...). Lehen egon bazeuden, baina orain ikusi egiten ditugu, haietaz hitz egin eta haiek irakurri. Hasi dira gazteluan sartzen. Zergatik gertatu da aldaketa hori? (...) Ikusgai egiteko promozio batek beste dohain batzuk ere izan behar ditu. Argitalpen kopuruan nagusi izatea adibidez. (...) Bada hirugarren zio bat ere protagonismoarentzako (...): promozioa hain zuzen ere, edo ćbelaunaldi markaĆ dei dezakeguna. (...) Talde baten eraketan egiten diren ekintzek ere bere pisua dute, eta XXI. mendeko idazleak izenburupean egin den erakusketak bere eragina izango du idazle talde bat ikusten laguntzeko lanean. Literaturaren partida ez baita beti literatura liburuetan jokatzen, gizartean jokatzen da nagusiki».
Pasaia-Lezo lizeoak «Ama, aita, esan nahi dizuet» liburua kaleratu du. Haur Hezkuntzako irakasleek egindako liburua irakasle eta familien arteko lankidetza sustatzeko Elkarrekin proiektuaren lehen fruitua da. Liburuan familiak haurrari idatzizko irakaskuntza prozesuan nola lagundu diezaiokeen ageri da.
SOZIOLINGUISTIKA APLIKATUAZ
SEI elkarteak soziolinguistika aplikatuari buruzko ikastaroa antolatu du, Hiznet ikastaroarekin eta UEUko Soziolinguistika sailarekin elkarlanean eta Tolosako Udalaren laguntzaz. Azken urteotan egin diren ikerketak, jasotako datuak eta garatutako planak hurbiletik ezagutzeko aukera izango da martxoarren 22tik maiatzaren 17a arte. Ikastaroa Tolosan izango da, larunbat goizetan, eta izen emateko epea martxoaren 14an amaitzen da. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.sortu.org helbidera jo.
IA-REN HIZKUNTZA ESKUBIDEEN EGUNA
Ikasle Abertzaleak taldearen ekimenez, mobilizazio ugari egin ziren Hegoaldean joan den asteko asteazkenean (hilak 26). Hizkuntza eskubideen eguna izendatu zuten eta «Euskaldunon Egunkaria» ren itxiera eta NUPeko eta EHUko euskararen egoera salatu zituzten, besteak beste. IAk adierazi duenez, Ertzaintzak pilotak jaurti zituen EHUko Gazteizko campusaren barruan egindako manifestazioan.
KAZETARITZA ESPEZIALIZATUAN SAKONTZEKO
EHUko Kazetaritza Sailak hitzaldi sorta bat antolatu du «Kazetaritza espezializatuaren erronka berriak» lelopean. Martxoaren 14tik maiatzaren 19a bitartean 5 hitzaldi izango dira Leioan, kazetari lanaren eguneroko praktika ikasgeletara hurbildu nahian. Komunikazio kabineteak, elkarrizketa generoa, telebistako albistegiak... izango dituzte hizpide. Besteak beste, Julio Ibarra, Hasier Etxeberria eta Ana Urkiza arituko dira hizlari. Pello Zubiria eta Xabier Oleaga ere hitzaldiak ematekoak ziren.
EUSKALDUNTZE HITZARMENA LEKEITION
Lekeitioko Udalak eta Euskaraz Kooperatiba Elkarteak (orain arteko AEK-k) hitzarmena sinatu dute, datozen hamar urtetarako. Udalak lokala lagako dio EKEri eta baita diru laguntza eman. Euskaltegiko ikasleek asistentzia ziurtagiria aurkeztuz gero, Udalak matrikularen prezioaren erdia itzuliko die. Aipatzekoa da euskaltegiak osasun arloko hiztegi bat osatu duela, osasun etxean egindako proiektu baten barne.