YBARRAREN GURUTZE-BIDE JUDIZIAL ETA FAMILIARRA
Daniel Udalaitz
Mario Conderen edo Javier de la Rosaren kasuan bezala, duela bi urte inork askok ez zuen pentsatuko euskal oligarkia finantzarioko kide kualifikatuenetako bat, Ybarra familiaren gisako dinastia boteretsu bateko kide bat, Entzutegi Nazionaleko akusatuen aulkian ikustea. Ordea, Emilio Ybarra Churruca, BBVAko lehendakari ohia, luze gabe eseriko da aulki horretan, bidegabeko eskuratzea leporatu diote-eta. Ziur aski, gainera, gurutze-bide judizial larri baten hastapena izango da lehen epaiketa. Jaun horrek gehiagotan ere aurkeztu beharko du Auzitegi Gorenera, zeren oraindik abian baitaude beste ikerketa judizial batzuk Hego Ameriketako hainbat herrialdetan. Jakina den bezala, Euskal Herriko banku horrek hedapen handia izan zuen kontinente hartan, eta pixkanaka merkatua konkistatzeaz gainera, beste banketxe batzuk ere erosi zituen.
Gurutze-bide judiziala arras mingarria eta ondorio jakinik gabea da, izan, baina, hala eta guztiz, ez da orain arte bederen BBVAko akzionista handiena izan den Emilio Ybarra pairatzen ari den bakarra. Gaur egun, Aznarren lagunek kontrolatzen dute bankua, hain zuzen ere lehen Argentarian kolokatuak zeuden berek, eta, ondorioz, gurutze-bide judiziala bezain larria ari zaio gertatzen gurutze-bide familiarra, zeren mendekua ere heldu baita Ybarra familiaren dinastiara. Familiako kideek Emilio Ybarra eraitsi nahi dute, eta honetan datza gorabehera. Duela urte batzuk Javier Ybarra, lehendakari ohiaren osaba, bahitu eta exekutatu zuen ETAk, eta familiako hainbati ez zitzaien gustatu Emilioren orduko jokabidea. Halatan, familia horretako zenbait lagunek zabaldu zuten BBVA bankuak paradisu fiskaletan zeuzkan kontu sekretuen afera: konprometitzeko moduko hainbat datu helarazi zuten prentsara. Orain, berriz, kide horietako batek, ETAk bahitu eta hil zuenaren semeak hain zuzen, dinastia familiarraren beste hainbat gorabehera zabaltzea erabaki du, eta trilogia bat idazten hasi da. Dagoeneko argitaratu du lehena, "Nosotros los Ybarra" izenburua duena. Haren mamia hurrengo orrian jaso dugu.
URIARTE ETA BESTE 18 KONTSEILARI KARGU BARIK.
David Martinez ustelkeriaren kontrako fiskalak eskatu ez bezala, zeinek BBVAko kupula guztiak eraman nahi baitzituen aulkira, Garzon epaileak ondoko lau lagun hauek bakarrik jo ditu errudun: Emilio Ybarra, BBVAko lehendakari ohia, haren oso hurbileko hiru kolaboratzaile eta kontseilari bat. Paradisu fiskaletan zabaldu zituzten kontu sekretuak direla kausa, bidegabeko eskuratzea leporatu die guztiei; hau da, zehazkiago esanda, kontuetako gordailuak BBVtik BBVAra igarotako kontseilariei pentsio planak kontratatzeko baliatzen zituztelako. Garzonek, bada, errugabe jo du Pedro Luis Uriarte, BBVAko kontseilari delegatua eta lehendakariorde izandakoa, eta errugabe jo ditu, halaber, banku bereko beste 18 kontseilari, irizten diolako ez zutela egitateen berri jakin.
Garzonen aburuz, Emilio Ybarrak bere gain hartu zuen erantzukizun osoa, zeren inbertsioko funtsen eraketan zuzenean eta berak bakarrik hartu zuela parte egiaztatu baitzuen: 19 milioi dolarretik gorako zifra omen zen, guztia bere eta gainerako kontseilarien alde sortua eta berak haiei komunikatua. Epaile horrek uste du Ybarrak, ezinbestez, guztiz konfiantzazko hiru pertsonen laguntza behar izan zuela, eta, azken batean, parte-hartze aktiboa izan zutenak soilik jo daitezkeela errudun, hau da, beren firmekin eta lanarekin funtsak eratzen aritu zirenak eta dirua baliatu zutenak. Horrenbestez, ondoko hiru pertsona hauei leporatu die parte-hartzea: Jose Maria Concejo kontseiluko idazkari ohiari eta Luis Bastida eta Rodolfo Molinuevo finantzetako departamenduko arduradun ohiei. Funtsen erabiltzaile, berriz, Juan Urrutia izan omen zen.
ESKANDALUAREN HISTORIA.
BBV bankuak 1987tik 2000 arte mantendu zuen kontabilitate ezkutukoa eta paraleloa Jersey, Liechtenstein eta Caiman irletako paradisu fiskaletan. Gero, Argentariarekin fusionatu behar zuela-eta, 2001ean legeztatu zuen. Emilio Ybarra BBVko lehendakariak jakinarazi zion Francisco Gonzalez Argentariako lehendakariari kontu sekretu horien izana. Hark, orduan, erregularizatzeko eskatu zion, eta hala egin zuten 2001. urtean, lehenbizikoz kontabilitate bakarra egin behar izan zutenean. Kontularitza hura Espainiako Bankuan aurkeztu zuten, eta, ondoren erakunde horrek berak egin zuen ikerketa luze bat. Hain zuzen ere, eskandalua prentsan azaldu zenean jakin zen azterketen berri.
Azaldura publiko horren ondorioz hasi zen afera horretan esku hartzen Garzon epailea, zein, bestalde, ordurako ari baitzen BBV ikertzen Hego Ameriketako irregulartasun batzuk tarteko (oraindik ere ikertzen jarraitzen dute). Garzonek pentsio planen onuradun izandako 22 kontseilari eta kontu horiekin zerikusia zuten beste bost pertsona inputatu zituen 2002ko apirilean. Orduan, ondoko delitu hauek egozten zizkien: bidegabeko eskuratzea, dokumentuen faltsifikazioa, dirua zuritzea eta funtzionarioak erosi izana. Inputazio judizial horien ondotik, bata bestearen atzetik etorri ziren orduko BBVAko hainbat kontseilariren dimisioak, zein Neguriko familia handietako kideak baitziren. Hala Neguriko oligarkiaren kontroletik Argentariaren eskuetara pasatu zen bankua, eta banku horretako lehendakaria izendatu zuen kargurako Aznar Espainiako Gobernuko presidenteak: lagunak laguna jarri zuen karguan, alegia. Egungo egunean, BBVAko kontseiluan ez da Neguriko familien aztarnarik, zeren, harrigarria bada ere, banku txikiak jan baitzuen handia! Azkenean, Garzonek errugabe jo zituen 19 kontseilari, baina mantendu egin zuen Ybarra, Urrutia, Concejo eta Molinuevoren kontrako akusazioa, bidegabeko eskuratzea egozten ziela.
ORAINDIK EZ DIRA BUKATU HEGO AMERIKETAKO BESTE IKERKETA BATZUK.
Garzonen ikerketaren ondorioz, ahozko epaiketa izango dute aurki Emilio Ybarrak BBVAko lehendakari ohiak eta beste lau kolaboratzailek, ustez 20 milioi dolare bidegabe eskuratu zituztelako, kontseilarientzako inbertsio funtsen bidez. Horrez gainera, ordea, Garzon epailea BBV bankuak Perun, Kolonbian, Venezuelan eta Mexikon zituen kontu sekretuetako irregulartasunak ikertzen ari da.
Dirudienez, BBVren Puerto Ricoko filialaren bidez egin ziren operazioak, euskal bankua eremu hartan finkatzeko. Perun, esaterako, 1999an lehendakari zegoen Alberto Fujimorik irregularki saldu zuen lur batean BBV bankuak zer esku-hartze izan zuen ikertzen ari dira. Era berean, milioi askoko ordainketa batzuk aztertzen ere badihardute: itxura denez, Vladimiro Montesinos ministroa izan zen onuradunetako bat, eta litekeena da diru hori 1995ean Banco Continentala eskuratzeko erabili izana. Venezuelan, Hugo Chavez oraingo presidentearen kanpaina finantzatu ote zuten aztertzen ari dira: leku horretan, Banco Provincialaren interesak babestea izan omen zen estalkia.
Kolonbian, berriz, diru zuritzea eta 1997 eta 1998 bitartean Banco Ganadero erakundea kontrolpean hartu izana ari dira ikertzen. Mexikon, Bancomer eskuratu zuen BBV bankuak 2000. urtean, hots, Mexikoko bankuen rankingeko bigarrena. Orduko operazio hura justifikatzeko, Emilio Ybarrak pentsio fondoen existentzia eta eskuratze hori lotu zituen Banco de Espaņa erakunderen aurrean, baina dirua ez zen inoiz erabili Mexikoko operaziorako. Funts horien onuradun izan diren kontseilari askok honela azaltzen dute gorabehera: Argentariarekin fusionatzeak soldatak jaistea ekarri omen zuen, eta funtsak omen ziren konpentsazio sistema. FBIk, bestalde, aitortu du badituela frogak Mexikoko Bancomer banketxearen erosketa eta narkotrafikotiko diruaren zuritzea erlazionatzen dituenak
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.