Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-03-02 -- 1889.zenb

Ainhoa Oiartzabal / Lierni Arrieta

Ibar honetan, ler gorriz osaturiko basoak, artadiak, ameztiak eta pagadiak garatzen dira. 1992an, zatirik isolatuena, aberastasun natural, kultural eta historikoa, ohiko garapen atzaparretatik babesteko helburuarekin, natur parke izendatu zuten: Valderejoko Natur Parkea. Hala ere, aste honetako txangoan natur parkearen albotik ibiliko gara eta ler gorri eta artez eraturiko baso sastrakaditan murgilduko.

Gaubeako herrian hasiko dugu ibilbidea, bertan ibilgailua utziz. Zubi aurrean dagoen iturrian gora doan bidea jarraituko dugu. Harrizko etxeen artean herria zeharkatu eta erreka eskuinean dugula, mendirantz abiatuko gara. Berehala, San Martingo arroiletara zuzentzen gaituen zutoina aurkituko dugu. Ezkerretara erreka ertzean landaturiko makal gazteak ikusten dira eta eskuinetara artadi bakandua. Konglomeratuzko harri-aman garatzen den lurzoru geruzaren arabera, bat edo bestea ugaltzen da. Ler gorri eta arteak lurrik sakonenetan, ezkaia eta izpilikuak, lur geruza meharretan eta otabera, ipuru eta sabina feniziarrak, tartekaturik.
Jarraian San Martingo arroiletara iritsiko gara eta gure aurrean errekak kareharria higatzean marraztu duen ibartxo polita ikusiko dugu. Arroilako paretak eskalatzeko erabiltzen diren txapez gain, soka eta tresnez josiak daude. Kareharriak izaten dituen zirrikituak iratze (Asplenium tricomanes eta Asplenium ruta-muraria) eta landareen (Alaquimola alpina, esate baterako) bizileku izaten dira. Baita, haitz enara, sugandila eta muskerrena ere.
Ibarreko lautadatxoan bi errekak bat egiten dute. Honela, lurzorua ureztatzen da eta belardi motz eta erosoa eratzen da. Bertan Plantina bitxiloreak eta antzeko landare belarkarak hazten dira. Eskuineko pista gorantz jarraituko dugu eta ler gorriz osatutako basoan barneratuko gara. Hemen ugalduko dira benetako basa pizti, azeri, azkonar eta basurdeak. Batzuetan, pistetako lohitan, beraien oinatzak uzten dituzte.
Uraren biltegira iritsi eta mama goxoaren adierazle diren uretako landareak agertu dira: ihia, azeri buztanak eta mendak. Guztien artean ihidia osatzen dute.
Beti ere eskuineko pistan jarraituz, pinudian gora egingo dugu. Hasierako ezkai eta izpilikuak desagertuz doaz eta txilar eta sasiak ugaldu dira. Txorien kantuak ere ugaldu dira. Hor dira txontak, pinu kaskabeltzak eta txinboak.
Horca eta Raso artean dagoen lepoko su ebakira iritsiko gara jarraian. Su ebaki hauek oso aproposak dira basa piztiak ikusteko; basoa zeharkatu nahi duenak bertatik igaro behar baitu eta distantzia luzean ikus daiteke. Hemen, azkeneko malda igo eta Rasoko gailurrera helduko gara. Bertatik, inguruko mendiak ikusten dira. Aurrean, ekialdera Gorbeia, iparraldera Urduņako mendatea, mendebaldera Karriako kareharri biziak eta hegoaldean Cueto eta Motoko mendizerra ageri dira, lainoek estaltzen ez badituzte behintzat. Bertako larreetan festukak, plantinak eta mantzanilak daude besteak beste. Orkatzen oinatzak ere ugari izaten dira hemen eta ortzian sai arreak hegoak zabaldu eta dantzan dabiltza. Gailurra utzi eta eskuinetara doan pista hartuko dugu berriro pinudian sartzeko. Mokokerrak dabiltza pinutik pinura pinaburuak janez. Arrak arrosa kolorekoak eta emeak gris horixkak dira. Bidegurutze berrira iritsi eta eskuineko pista hartuko dugu. Bat-batean pinudia artadi bihurtuko da eta arte txiki eta ipuru artean maldan behera eginez, putzu batera iritsiko gara. Hemen pista nagusia utzi eta eskuineko bidean behera egingo dugu. San Pedroko tontorraren magalean pinudi azidoa zeharkatuz, berriro ere eskalatzeko soka eta tresnez josia dagoen horma berri batera iritsiko gara. Pareta berri hauek gainera, bustiak daude eta inklinazio handia dute. Ba al dago inguruan horra igotzeko gaitasuna duen horrenbeste jende? Hainbeste Leire Agirre eta Josune Bereziartu al dago Euskal Herrian? Hormetako bizidunei ere zatitxoren bat utzi beharko diegu bada... Korrikalariek lasterka egin nahi duten leku guztietan pistak zabalduko balituzketeā
Bidea jarraitu eta hasierako pistara iritsiko gara. Bertatik Gaubeako herrira eta hemen horma zaharretan horma-belarrak (Parietaria judaica), txantxapota (Umbilicus pendilicus), huntza (Hedera helix) eta sasiak (Rubus sp.) hasten dira. Ibilbide hau ere amaitu dugu. Etxerako itzulera patxadatsua izan dezazuela

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan