JOANES ETA BIOLETAREN BIHOTZA
Miren Agur Meabe/ Manuel Ortega
ELKAR
22 orrialde
3,85 euro
TRAPUZKO PANPINA BATEN ISTRIPUA
Miren Agur Meabek idatzi eta Manuel Ortegak marraztutako kontakizun honen protagonista mutiko txiki bat da, Joanes. Edo mutiko horrek gustukoen duen jostailua, bere trapuzko panpina. Begi berdeak ditu, soineko arrosa eta oso ondo daki kantatzen, tripa barruan pila bat daukalako. Kantuan egin dezan, birritan sakatu behar zaio tripan. Panpinak kantatzen duenean, Joanesek xirula jotzen du. Eta Joanesen gurasoak, musika entzunda, korrika joaten dira haren gelara, eta dantzan egiten dute eta barre handiak ere bai. Baina Joanesen aitonak ez du oso ondo ikusten, eta halako batean, trapuzko panpin hori bainuontzian sartu du... Joanes zelakoan! Panpin gaixoa begirik gabe, soinekoa txiki-txiki eginda eta bihotzik gabe gelditu da. Zer egin?
VARIACIONES SOBRE UN CUADRO DE PAUL KLEE
Julia Otxoa
HIRU
74 orrialde
8 euro
JULIA OTXOAREN NARRAZIO BEREZIAK
Literatur generoen sailkapen itxiarekin hautsi nahi izan du Julia Otxoak Hiru argitalatxearen eskutik plazaratu duen «Variaciones sobre un cuadro de Paul Klee» liburuan agertzen diren hogeita zortzi narrazioetan, beti ere umorea erabiliz. Horrela, bere kontakizun hauetako batzuk hiperlaburrak dira, beste batzuk luzeagoak, eta badira fikziozko mikroidazlan bat osatzera iristen direnak ere. Gaiei dagokienean, denetarik dago bertan: balizko hiru bukaera ezberdinen artean aukeratzeko beta ematen duen ipuina, hiltzaile bilakatzea erabakitzen duen familiaren istorioa, «Emakume basatia» izenburua duen liburua bere postontzian aurkitzen duen emakumeari gertatzen zaizkionak...
NARRAZIOAK ETA OLERKIAK 2001.
R. M. AZKUE SARIA
Batzuen artean
EUSKALTZAINDIA/ BBK
112 orrialde
RESURRECCION MARIA AZKUE SARIAK
Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak urtero antolatzen duten Resurreccion Maria Azkue literatur lehiaketan 2001ean irabazle gertatu ziren gaztetxoen lanak daude bildurik liburu honetan. Hau da, Eneko Bovedaren «IÆm zorri», Itxaso Munarrizen «Ametsa egia bihurtuko ote da?», Oihana Ciaurrizen «Lagunen mesfidantza», Leire Agerreren «Zeruko zubia», Ibai Karegaren «Negu hotza», Ander Esnaolaren «Irrifarra», Ihintza Erremendeguyren «Arantzen usaina», Estibalitz Lizasoren «Treneko gogoetak», Iñigo Galarzaren «Berezitasunaren lehia», Maite Mendikuteren «Zeru gorriak», Miren Ibarluzearen «Hotsik gabeko negarra», eta Irati Goikoetxea, Odei Arregi, Xabier Perez de Mendiola eta Maite Uriarteren olerkiak.
BORROKAREN BAITAN
Iñaki Irasizabal
HIRIA
117 orrialde
10,75 euro
ETA-KO MILITANTE BATEN BIHOZMINA
Iñaki Irasizabalen lehen nobela honetako protagonista eta narratzailea ETAko militante gazte bat da. Madrilen ekintza batzuk burutu ondoren, Bilboko etxebizitza batean ezkutatzeko agindua jasotzen du bere erakundearen partetik. Etxebizitza horretan berak baino urte gehiago militante izaten daraman emakumea ezagutuko du, eta berataz maitemindu egingo da, baina zoritxarrez emakumeari ez zaio berarekin gauza bera gertatuko; are okerrago, bere komandoko kide batekin harremanak izaten hasiko baita. Eta hain zuzen ere egun horietan ETAk su-etena aldarrikatua duenez, bertan geldi egon beharra izango dute denek. Eta denbora horretan gertatzen zaizkionak eta pentsatzen dituenak paperean jartzen ahaleginduko da militante gaztea.
IKUS-ENTZUNEZKO INFORMAZIOA-REN TEKNOLOGIA
Iñaki Zabaleta Urkiola
UEU
505 orrialde
30 euro
INFORMAZIO-TEKNOLOGIA ESKU-ESKURA
Udako Euskal Unibertsitateak plazaratu duen lan honen izenburu zehatza «Ikus-entzunezko informazioaren teknologia. Kable satelite eta lurreko irrati eta telebistaren sistemak, zerbitzuak eta garapena» da, eta bereziki unibertsitako ikasle eta irakasleei zein irrati-telebistako profesionalei dago zuzendua. UPV-EHUko Kazetaritza saileko irakaslea den Iñaki Zabaleta Urkiolak burutu du, ikus-entzunezko teknologiaren alderdi guztiak jasoz. Oinarri tekniko eta teorikoak, sareak, telebista eta irrati analogikoa eta digitala -honi buruzko azken arauak barne-, Internet bidezko telebista eta beste zenbait gai azaltzeaz gainera, horien inguruko legeriak eta garapenak ere aztertzen ditu, Europako Batasuneko herrialdeetako datuak eskainiz.
EUSKAL HERRIA
Batzuen artean
SUA
128 orrialde
5 euro
«EUSKAL HERRIA»REN BIGARRENA KALEAN
Suak plazaratzen duen «Euskal Herria» aldizkariak dagoeneko kalean du bere bigarren zenbakia. Mendia, kultura, natura eta bidaiak oinarri ditu beti ere argazki ederrez hornitua agertzen den aldizkari honek. Oraingoan aurkezten dituen lanen artean, Euskal Herrian lehenago trenbide zirenak eta egun oinezkoentzako eta bizikleta zaleentzako bidezidorrak bilakatu diren horiek osatzen duten sarea dago. Baita gure baso eta oihanetan bizi diren animalien begiradak jasotzen dituen Juan Carlos Muñozen argazki erreportajea ere. Jabier Muguruzak, berriz, Euskal Herriko kafe xarmangarrienak bisitatzeko aukera eskaintzen digu, eta horrez gain, Araba eta Bizkaiko mendietara egin daitezkeen hainbat ibilaldirako proposamenak ere bertan aurki daitezke.
BASQUE ELECTRONIC DIASPORA # 3
Batzuen artean
METAK
26 kanta
18,90 euro
MUSIKA ELEKTRONIKOKO CD BIKOITZA
Bixente Iriart garaztarraren ahaleginaren ondorioz sortu zen Basque Electronic Diaspora kolektiboa, musika elektronikoaren esparruan aritzen diren Euskal Herriko artisten eta Euskal Herriarekin kultur loturak dituztenen artean osatutako bilgunea. 2002ko martxoan zoritxar batek eraman zuen betiko Bixente Iriart, ordea, eta hari eskainia dago Metak diskoetxeak aurkezten duen «Basque electronic diaspora # 3» CD bikoitza, non, besteak beste, Heletako K-ahba, Biarritzeko Voodoo Muzak eta Jimmy Arrabit, Gasteizko Herf eta Cubo, Urrunako Emc eta Xano, Baionako J-ro, Toulouseko Cabb, Itsasuko Nutcase, Buenos Aireseko Estupendos, Londreseko Fds, Edinburgoko Miaouw, Parisko Dub Mission eta Madrilgo M.A.O. entzuteko parada eskaintzen den.