Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-03-02 -- 1889.zenb

Daniel Udalaitz

Mario Conderen edo Javier de la Rosaren kasuan bezala, duela bi urte inork askok ez zuen pentsatuko euskal oligarkia finantzarioko kide kualifikatuenetako bat, Ybarra familiaren gisako dinastia boteretsu bateko kide bat, Entzutegi Nazionaleko akusatuen aulkian ikustea. Ordea, Emilio Ybarra Churruca, BBVAko lehendakari ohia, luze gabe eseriko da aulki horretan, bidegabeko eskuratzea leporatu diote-eta. Ziur aski, gainera, gurutze-bide judizial larri baten hastapena izango da lehen epaiketa. Jaun horrek gehiagotan ere aurkeztu beharko du Auzitegi Gorenera, zeren oraindik abian baitaude beste ikerketa judizial batzuk Hego Ameriketako hainbat herrialdetan. Jakina den bezala, Euskal Herriko banku horrek hedapen handia izan zuen kontinente hartan, eta pixkanaka merkatua konkistatzeaz gainera, beste banketxe batzuk ere erosi zituen.

Gurutze-bide judiziala arras mingarria eta ondorio jakinik gabea da, izan, baina, hala eta guztiz, ez da orain arte bederen BBVAko akzionista handiena izan den Emilio Ybarra pairatzen ari den bakarra. Gaur egun, Aznarren lagunek kontrolatzen dute bankua, hain zuzen ere lehen Argentarian kolokatuak zeuden berek, eta, ondorioz, gurutze-bide judiziala bezain larria ari zaio gertatzen gurutze-bide familiarra, zeren mendekua ere heldu baita Ybarra familiaren dinastiara. Familiako kideek Emilio Ybarra eraitsi nahi dute, eta honetan datza gorabehera. Duela urte batzuk Javier Ybarra, lehendakari ohiaren osaba, bahitu eta exekutatu zuen ETAk, eta familiako hainbati ez zitzaien gustatu Emilioren orduko jokabidea. Halatan, familia horretako zenbait lagunek zabaldu zuten BBVA bankuak paradisu fiskaletan zeuzkan kontu sekretuen afera: konprometitzeko moduko hainbat datu helarazi zuten prentsara. Orain, berriz, kide horietako batek, ETAk bahitu eta hil zuenaren semeak hain zuzen, dinastia familiarraren beste hainbat gorabehera zabaltzea erabaki du, eta trilogia bat idazten hasi da. Dagoeneko argitaratu du lehena, "Nosotros los Ybarra" izenburua duena. Haren mamia hurrengo orrian jaso dugu.


URIARTE ETA BESTE 18 KONTSEILARI KARGU BARIK.

David Martinez ustelkeriaren kontrako fiskalak eskatu ez bezala, zeinek BBVAko kupula guztiak eraman nahi baitzituen aulkira, Garzon epaileak ondoko lau lagun hauek bakarrik jo ditu errudun: Emilio Ybarra, BBVAko lehendakari ohia, haren oso hurbileko hiru kolaboratzaile eta kontseilari bat. Paradisu fiskaletan zabaldu zituzten kontu sekretuak direla kausa, bidegabeko eskuratzea leporatu die guztiei; hau da, zehazkiago esanda, kontuetako gordailuak BBVtik BBVAra igarotako kontseilariei pentsio planak kontratatzeko baliatzen zituztelako. Garzonek, bada, errugabe jo du Pedro Luis Uriarte, BBVAko kontseilari delegatua eta lehendakariorde izandakoa, eta errugabe jo ditu, halaber, banku bereko beste 18 kontseilari, irizten diolako ez zutela egitateen berri jakin.
Garzonen aburuz, Emilio Ybarrak bere gain hartu zuen erantzukizun osoa, zeren inbertsioko funtsen eraketan zuzenean eta berak bakarrik hartu zuela parte egiaztatu baitzuen: 19 milioi dolarretik gorako zifra omen zen, guztia bere eta gainerako kontseilarien alde sortua eta berak haiei komunikatua. Epaile horrek uste du Ybarrak, ezinbestez, guztiz konfiantzazko hiru pertsonen laguntza behar izan zuela, eta, azken batean, parte-hartze aktiboa izan zutenak soilik jo daitezkeela errudun, hau da, beren firmekin eta lanarekin funtsak eratzen aritu zirenak eta dirua baliatu zutenak. Horrenbestez, ondoko hiru pertsona hauei leporatu die parte-hartzea: Jose Maria Concejo kontseiluko idazkari ohiari eta Luis Bastida eta Rodolfo Molinuevo finantzetako departamenduko arduradun ohiei. Funtsen erabiltzaile, berriz, Juan Urrutia izan omen zen.


ESKANDALUAREN HISTORIA.

BBV bankuak 1987tik 2000 arte mantendu zuen kontabilitate ezkutukoa eta paraleloa Jersey, Liechtenstein eta Caiman irletako paradisu fiskaletan. Gero, Argentariarekin fusionatu behar zuela-eta, 2001ean legeztatu zuen. Emilio Ybarra BBVko lehendakariak jakinarazi zion Francisco Gonzalez Argentariako lehendakariari kontu sekretu horien izana. Hark, orduan, erregularizatzeko eskatu zion, eta hala egin zuten 2001. urtean, lehenbizikoz kontabilitate bakarra egin behar izan zutenean. Kontularitza hura Espainiako Bankuan aurkeztu zuten, eta, ondoren erakunde horrek berak egin zuen ikerketa luze bat. Hain zuzen ere, eskandalua prentsan azaldu zenean jakin zen azterketen berri.
Azaldura publiko horren ondorioz hasi zen afera horretan esku hartzen Garzon epailea, zein, bestalde, ordurako ari baitzen BBV ikertzen Hego Ameriketako irregulartasun batzuk tarteko (oraindik ere ikertzen jarraitzen dute). Garzonek pentsio planen onuradun izandako 22 kontseilari eta kontu horiekin zerikusia zuten beste bost pertsona inputatu zituen 2002ko apirilean. Orduan, ondoko delitu hauek egozten zizkien: bidegabeko eskuratzea, dokumentuen faltsifikazioa, dirua zuritzea eta funtzionarioak erosi izana. Inputazio judizial horien ondotik, bata bestearen atzetik etorri ziren orduko BBVAko hainbat kontseilariren dimisioak, zein Neguriko familia handietako kideak baitziren. Hala Neguriko oligarkiaren kontroletik Argentariaren eskuetara pasatu zen bankua, eta banku horretako lehendakaria izendatu zuen kargurako Aznar Espainiako Gobernuko presidenteak: lagunak laguna jarri zuen karguan, alegia. Egungo egunean, BBVAko kontseiluan ez da Neguriko familien aztarnarik, zeren, harrigarria bada ere, banku txikiak jan baitzuen handia! Azkenean, Garzonek errugabe jo zituen 19 kontseilari, baina mantendu egin zuen Ybarra, Urrutia, Concejo eta Molinuevoren kontrako akusazioa, bidegabeko eskuratzea egozten ziela.


ORAINDIK EZ DIRA BUKATU HEGO AMERIKETAKO BESTE IKERKETA BATZUK.

Garzonen ikerketaren ondorioz, ahozko epaiketa izango dute aurki Emilio Ybarrak BBVAko lehendakari ohiak eta beste lau kolaboratzailek, ustez 20 milioi dolare bidegabe eskuratu zituztelako, kontseilarientzako inbertsio funtsen bidez. Horrez gainera, ordea, Garzon epailea BBV bankuak Perun, Kolonbian, Venezuelan eta Mexikon zituen kontu sekretuetako irregulartasunak ikertzen ari da.

Dirudienez, BBVren Puerto Ricoko filialaren bidez egin ziren operazioak, euskal bankua eremu hartan finkatzeko. Perun, esaterako, 1999an lehendakari zegoen Alberto Fujimorik irregularki saldu zuen lur batean BBV bankuak zer esku-hartze izan zuen ikertzen ari dira. Era berean, milioi askoko ordainketa batzuk aztertzen ere badihardute: itxura denez, Vladimiro Montesinos ministroa izan zen onuradunetako bat, eta litekeena da diru hori 1995ean Banco Continentala eskuratzeko erabili izana. Venezuelan, Hugo Chavez oraingo presidentearen kanpaina finantzatu ote zuten aztertzen ari dira: leku horretan, Banco Provincialaren interesak babestea izan omen zen estalkia.
Kolonbian, berriz, diru zuritzea eta 1997 eta 1998 bitartean Banco Ganadero erakundea kontrolpean hartu izana ari dira ikertzen. Mexikon, Bancomer eskuratu zuen BBV bankuak 2000. urtean, hots, Mexikoko bankuen rankingeko bigarrena. Orduko operazio hura justifikatzeko, Emilio Ybarrak pentsio fondoen existentzia eta eskuratze hori lotu zituen Banco de España erakunderen aurrean, baina dirua ez zen inoiz erabili Mexikoko operaziorako. Funts horien onuradun izan diren kontseilari askok honela azaltzen dute gorabehera: Argentariarekin fusionatzeak soldatak jaistea ekarri omen zuen, eta funtsak omen ziren konpentsazio sistema. FBIk, bestalde, aitortu du badituela frogak Mexikoko Bancomer banketxearen erosketa eta narkotrafikotiko diruaren zuritzea erlazionatzen dituenak

Mattin Irigoien

Begi bistakoa da, euskarak, komunikazio hizkuntza denaren aldetik, egiten ahal zuen gain behera egina duela mugaz eskualde huntan. Aldiz, ber mementoan, sekulako sasoinean datorkigu bere aldeko atxikimendua, denbora bateko tabu guziak gainditurik, eskuinetik ezkerrera, abertzale ustez "gogorretik" frantses zinez "gogorrera", arteko mardo guziak bere gelatina eztiaz perdukatuz.

Sexu kontuetan askaturik agertzea in den bezala, hemengo bakoitzak hizkuntzaren konplexa, aitzineko belaunalditik jaso trauma izanki, zauria sendaturik eta barne gatazka gainditurik agertzea da konsigna, nortasunaren ahalgea baikorki asumituz jendeen aitzinean, eta nork bere euskal erroak mahain gainean ezarriz ahal den oroz.

Airosteko moldekoa liteke, ez balitz taka bat horren gibelean, zuzen pixa egiten uzten ez duen zerbait. Dena frantsesez pasatzen da, euskaraz segurki (de l'euskara), baina frantsesez (en français).
Hemen gaindiko identitate krisiak, krisi identitateak bilakatzen ahal dira, eta arrunt zifonatua agertzen zira plazara, zure jin eta jan ezin junik, zehar kalte izigarriekin harreman sarean, dela errebelde, artista, drogatu, ohol-bat-ments-dun, intelektual edo inutila baitzira orduan. Baina, agian zorionez, gutarteko gehienek ongi kudeatuko dute gauza eta identitate krisi soila izaten jarraikiko du, baikorki bideraturik, artalde baten itzalpean, sosegu eta konpentsazio aurkituz merke, giro epelean.

Gure identitate krisia hizkuntza krisi bat bada, konkurrentzia biziki azkarra bizitzen du beste krisi baten ganik, jendarte krisia, sozial zedarrien aldaketaren krisia. Gure nortasun zedarriak sortu gineneko herriaren mailako harreman sareen baitan kokatuak dakuskigulakotz daukat esku muturrez hunki dezakegun harreman sare baten eraikitzeko xahutzen dugula hainbeste indar. Cluba, bandoa da bilatzen duguna, izan alderdia, elkartea edo protesta mugimendua.
Eta euskararen gaia, minaren minean delarik, harreman sarearen konponketa horren estakuru bilakatzen da. Nolaz hori?

Departamenduaren alde, autonomiaren alde, sei probintzietako herri eraikuntzaren alde aritzea elgar ezagutza kontua izaten ahal da, etsaia goxo da elgar hobeki lotzeko. Beraz ixtant batez iraun dezakeen ixtorioa da hau, hortan baitugu interesa, elgarren artean sortu habi beroak irautea segurtatzen baitigu aldarrikapenen doia lorpen ez ukaiteak berak.
Bigarrenik galdegitea ez da gosta. Ematen ez duenak du errua, biktima gu gira, injustuak, inkoherenteak, intoleranteak, besteak. Botere tresna edo deliberoak besteeri eskatzeak ez digu duda handirik ezartzen egun oroztako bizian. Aktibismo batean ezartzen gaitu, solas kurutzegune batean, kutzukeria frangoren pasabidean eta gauza interesentak bizitzen diren gune eta jendeen artean girelako itxura itzultzen digu mirailean. Biktimismoa da aspalditik lantzen dugun leloa eskualde pseudo-post-arkaiko-baina-baserritar-halaere huntan. Euskararen gaian koherente izan nahi bada besterik da. Ez da jarraipen kontua, jarraipena galtzea ekarri duen mekanismoen luzatzea baita, baina hausturaren beharrorduaren kontzientzia izatearena. Euskaraz bizitzeko gure baitan haustura beharrezkoa da, euskaraz (en basque) egin nahi bada.

Hegoalde hortan, batzuetan miresten gaituzte hemen politika egiteko dugun moldearentzat. Egia da, bada hemen molde bat aldeko ez denarekin elakatzeko, eta besoz beso bide puska bat egiteko, doi bat Monzonek erran zuenaren haritik. Kultura mailan badu ainitz urte politika hori aplikatzen dugula. Hein handi batean, azalezko euskararen aldeko gesailtze hori hortik eraman lan handiaren ondorio dakusat.

Euskal Kultur Erakundea lehen lorpen bezala aurkezten ahal dugu, zeinetan euskararen aldeko kultur munduak, hemengo hautetsieria eta administrazio frantsesek topo egin baitute. Zeinek du diskurtsoa adaptatu? Kultur munduak bistan dena. Frantses ikuspundutik hemengo gaia ondare sailekoa da, arazoa idekidura eskasa eta sor-seinalea amateurismo inkontrolatua. Gure kultur munduak ondare hitza baliatu du geroztik besatraka, dirua hortik baitzetorren. Bigarren hitz magikoa mestizaia izan da eta idekidura, gurea ez dugularik egina ere. Profesionalismoa badator trostan orain. Maiz ikusgarriak egiten dira zeinetan hizkuntza beste hainbat (dirua berriz ere) efektuen arteko bat gehiago den, soinu bat, kolore bat, begi keinu bat gehiago denik ere. Debate faltsu bat sortu da tradizio eta modernismoaren artean, biak direlarik sos bereko kutx eta pila, zinezko debatea kreazioarena delarik, erran nahi baita sentsuarena. Saltzen zaizkigu moderno, profesional, diruztatu, nihungo konzeptu kitch eta klitxez beteak diren pizukeria infantilak, baina gorago nion iragan babesle eta ustez sozialisatu haren errepikapenak dira, eta lasaigarri anestesiante horrek gaitu interesatzen, oraino norbait girela uste izan nahi baitugu. Kreazioa aldiz haustura liteke, sentsuaren bilatzea, hitzaren hartzea, puskatzea eta birmuntatzea. Marginala gure ekinetan.
Euskara komunikazio hizkuntza gisa lantzea marginala den bezala gure artean, eta hori, euskaraz aritzen girenean ere

Maider Zapirain

Mikrobio edo mikroorganismoak alde guztietan daude, erabat eraso gaituzte; airean, uretan, lurrean, janarian eta baita guregan ere! Mikrobioa definitzeko garaian, banaka hartuta, begi bistaz ikus ezin daitezkeen organismo txikiak direla esango dugu, mikroskopioa behar dugu beraiek ikusteko. Talde zabal honetan sartuko dira: bakterioak, onddo eta alga mikroskopikoak, protozooak, birusak... Gure gorputza milioika eta milioika mikrobioren bizilekua da. Esku bakar batean munduko pertsona guztiak baino mikrobio gehiago topa ditzakegu. Doministiku bakarrean milaka mikrobio kanporatzen ditugu. Gure azalean, ahoan, mihian, hesteetan... Nahiz eta guk begi hutsez ez ikusi, hor daude zorionez. Bai, zorionez diogu, guretzat, animalientzat eta landareentzako ere oso garrantzitsuak direlako. Esaterako, landareek hazteko behar dituzten elikagaien asimilazioan parte hartzen dute eta hainbat animaliatan, gizakia barne, liseriketa prozesuetan ezinbestekoak dira. Mikrobioek ingurumen arazoetan puntako garrantzia dute, gizakiak sortutako zabor piloak deskonposatzen baitituzte. Baina arazoa hor dago, kantitateaz gain, gizakiak, deskonposatzen zailak edo ezinezkoak diren materialak sortu dituela, plastikoak, produktu kimiko berriak... lan gehiegi mikrobio gaixoentzat! Beraz, materiaren zikloan pauso klabea ematen dute, hau da, materia organiko guztia degradatzeko mikrobioak behar ditugu, ondorioz sortzen den materia inorganikoa, landareen elikagai da, ondoren belarjaleak datoz eta atzetik haragijaleak. Ikusten dugunez, bizidun guztiok, mikroorganismo hauekiko mendekotasun osoa dugu. Zer egingo ote genuke beraiek gabe! Mikrobioek ekartzen dizkiguten onurak asko dira, gero aipatuko dugu adibide sorta luzeagoa.

Zoritxarrez, badira patogeno edo gaixotasun sortzaileak diren mikrobio batzuk, baztanga, elgorri edota eztarriko infekzioak sortzen dituztenak adibidez, gainontzeko guztiei ospe txarra eman dietenak.

Mikrobio kaltegarrien hamaika adibide eman ditzakegu bakoitzak sorrarazten dituen gaixotasunak azalduz. Adibidez, Clostridium tetani, tetanoaren gaixotasuna sortzen duen bakterioa da, toxina berezi bat askatzen du, paralisi antzeko bat eragiten duena. Edota Mycobacterium tuberculosis, tuberkulosi gaixotasuna sortzen duena, birikak kaltetzen ditu. Legionella pneumophila izenekoak, legionarioen gaixotasuna deritzana sortzen du, pneumonia antzeko gaixotasuna. Horrela, ehunka adibide eman genitzake.

Askotan pentsatu izan dugu lurraren garapenean gizakiak arrakasta osoa izan duela, baina ongi pentsatuz gero mikrobioak dira jaun eta jabe. Lurraren lehen kolonizatzaileak izan ziren eta ordutik milioika urtetan iraun dute gaur egun arte. Ingurune berrietara egokitzeko gaitasun izugarria dutelako.

MIKROBIOAK GURE ONURARAKO.

Antzinatik gizakiak erabili ditu mikrobioak bere onerako, hasieran noski, euren existentzia ezagutu gabe. Ogi, ardo eta garagardoarekin gertatu da hori, adibidez. Azken hau Mesopotamia eta Egiptoko garai zaharrenetatik dator. Mikroorganismo kaltegarrien izenak eman ditugun bezala, ehunka eta ehunka izen eman ditzakegu gure onerako erabiltzen ditugun mikroorganismo edo mikrobioenak, ezagunenak aipatuko ditugu.
Has gaitezen ogiaren adibidea aipatzen. Aski ezaguna dugun legamia bati esker lortzen da, Saccharomyces cerevisiae izenekoari esker. Industria mailan protagonista nagusia dugu legamia hau, produktu asko lortzen baititugu honen bitartez. Barietate ezberdinak erabiltzen dira, askotan hobekuntza genetikoa jasandako legamiak izaten dira. Industria mailan izugarri erabiltzen dira, esaterako, hain ezagunak diren edari alkoholdunak egiteko: garagardoa, sagardoa, ardoa... Azken honen kasuan adibidez, mahats zukuan dagoen azukrea legamiak hartzitzen du alkoholean eraldatuz. Beste horrenbeste gertatzen da garagardoarekin. Prozesu luze eta konplexuak dira eta beste mikrobioen laguntza ere izaten dute.
Jarrai dezagun jogurtarekin. Zenbait esne bakterio da esnea hartzitzen dutenak. Esne hartzitzaile hauek Lactobacillus bulgaricus eta Streptococcus thermophilus dira. Jogurtaren inguruan azken aldi honetan asko eta asko entzun dugu bifidobakterioei buruz hitz egiten. Hauek ere beste bakterio batzuk dira, jogurtari gehitzen dizkietenak. Gure hesteetako flora bakterianoan, oreka mantentzen laguntzen omen dute, eta beste hainbat onura ere egozten zaizkio, baina zientifikoki oraindik ez daude frogatuta. Askotan merkatuan inoiz entzun ez ditugun izenak azaltzen dira, eta guk, erosleok, osasunarentzat onak direlakoan erosi egiten ditugu, nahiz eta gehienetan zer den ere ez dugun jakiten. "Esne honek omega A3 gantz azidoak eta azido oleikoa ditu", "beste krema honek berriz liposomak eta Q10 koentzimak ditu". Horrelakoak askotan entzuten ditugu, azken finean marketinga bultzatzeko izaten da eta funtzionatu egiten du, noski!
Mikrobioek badituzte industria mailan eginkizun garrantzitsuak ere, sendagaiak ekoizteko erabiltzen dira, adibidez antibiotikoak ekoizteko. Flemingek penizilinaren aurkikuntza egin zuenetik, beste hainbat aurkitu da zorioneko mikrobio hauen eskutik: tetraziklina, estreptomizina, eritromizina...
Ezin ditugu aipatu gabe utzi uren araztegietan erabiltzen diren mikrobio horiek, ezinbestekoak dira uren garbiketan. Zabortegietan askatzen den metano gasa kontsumitzen duten bakterioak ikertzen ari dira, oso arriskutsua gerta baitaiteke.
Pestizida natural modura ere erabili dira mikrobioak, edozein landaketa edo jardinetan erremedio natural bikaina dugu, inongo poluziorik gabe.
Prestige gogora ekarriz, egia da petroliontzi erraldoien isurialdiak garbitzeko ere mikrobio bereziak erabili izan direla. Exxon Valdez-en kasuan hala egin zen. Prestigeren isuria dela-eta, nahiko lan izango lukete bakterio gaixo horiek tona horiek guztiak garbitzen!

Pello Zubiria

Kenyako hauteskundeak pasa ziren, 24 urtez lehendakari egondako Daniel Moi-k agintea galdu du... eta apenas garrantzirik eman diogun Mendebaldean albiste horri. Afrikaz gure aurreiritziak ongi finkatuta dauzkagu eta horietan lehen mailako lekua duten gosea, gerrak edo gisaren bateko trajediarik jazo ez bada, kontinente beltzak interesik ez du guretzako.

Kenyatik kritika hori egin digu mendebaldeko kazetarioi Nairobiko «The Daily Nation» egunkarian Rasna Warah idazleak. «Mendebaldeko prentsak ikusi al gaitzake afrikarrok pertsona gisa?» galdetu du plazaratu berri duen artikuluan. Eta atzerriko kontuez interesaturik tarteka Afrikako errealitatea jorratzen dugunoi zer pentsatua jarri digu jatorri indiarra duen idazle kenyarrak.


AFRIKAN EZIN DA EZER NORMALIK GERTATU?

Salaketa gogor batetik abiatu daWarah: Kenyan urte luzez agintea eduki duen Kanu alderdiak agintea galdu berria du azken hauteskundeetan, eta hori posible izango ote zen garbi ez zegoelako espektatiba handia piztu zuten erreportariek triste ziruditen hala gertatu zenean. Zergatik? Ezer azpimarragarririk gertatu ez zelako, ez bortizkeria berezirik, ez hauteskude iruzurrik, ez estatu kolpe saiorik...
«Albisterik ez zeukaten, bada», ondorioztatu du garratz, Warahk. «Gauzak okerrago ipintzeko, gobernu berriak iragarri du, heriotza bakar bat gertatu gabe, lehendakari ohiak kexurik gabe utzi duela bere kargua. (...) Kenyak frogatu du, berriro ere, Mendebaldeko komunikabideek Afrikaz duten ikuspegiaren gainetik pasa beharra dagoela».
Mende luzez Afrika mitikoaren irudia landu dugu Medebaldeko jendeok, eta orain gure aurreiritzien gatibu gaudela pentsatzen dute hango gure lankideek. Kontinente zabal hura lurralde monolitiko bat bailitzan ikusten dugu eta hori okerragotzeko Afrikaz ditugun erreferentzia guztiak «begi ez afrikarrek» ikusitako errealitateak dira.
Guk haiena ez bezala haiek gure literatura eta kazetaritza ezagutzen dituztenez, Rasna Warahk bi autore eta obra oso ezberdin eta ospetsu aipatzen ditu, aurreiritzietatik inork eskapo egiten ez dugula frogatzeko.
Alde batetik gure artean prestigiorik handiena duen kazetaria hautatu du, Ryszard Kapuscinski poloniarra, «Eguzkiaren errainua» idatzi duena. Kapuscinski lehen aldikoz 1957an iritsi zen Afrikara, Ghana independentziara iritsi zen urtean, eta 40 urtez hemengo hainbat gertakizun kontatu ditu bertatik, Zanzibarko kolpetik hasi eta Rwandako genozidiora. Poloniarrak aitortzen du liburua ez dela Afrikaz, berak Afrikan ezagututako jendeei eta haiekin pasatako denborari buruz baizik.
Kapuscinskik idatzitakoetatik, denborari buruzko pasarte bat hautatu duWarahk. «Europarron mundu ikuspegian, denbora gizakiarengandik kanpo dagoen zerbait da, objektiboa, neurtzeko modukoa, eta izakera lineal bat duena. Europarra denboraren esklabu sentitzen da, bere mende. (...) Afrikarrak diferente ikusten du denbora, horren kontzeptu zabal, elastiko eta subjektiboagoa du. Gizakiak eragiten du denboran, bere joan eta erritmoan». Sinple itxura duela? Agian. Baina Warahk eskertzen dio Kapuscinskiri -ironia puska batekin, hori bai- Afrikako jendeengana hurbiltzeko ahalegina: «Gutxienez Kapuscinski saiatzen da ulertzen ea zein arrazoi metafisiko edo kulturazkorengatik afrikarrak beti berandu iristen diren».


Paradisu bila joan eta gizabere basatiak topatu.

Beste muturreko erreferentzia Keith Richburg kazetari iparramerikarrarena da. «Washington Post»eko gizon honek Afrika sailaren ardura eduki zuen 1991tik 1994ra, eta tartean egokitu zitzaizkion Somaliako gerra zibila eta Rwandako genozidioa. «Out of America» liburuan bildu ditu bere esperientzia eta iritziak, eta polemika bat baino gehiago piztu du argi eta garbi dioelako Afrika higuingarri zaiola eta bere larruazal beltza ez zaiola aski izan Afrika edo bere jendeekiko loturak sortzeko.
Kazetari amerikar beltz honen kronikak garratzak dira, eta aurreiritziz beteak. «Zenbait lider beltz argitsuk esan ziguten Amerika zuriak zerbait zor zigula gure arbasoak esklabo moduan eraman zituztelako. Eta Ama Afrika sarritan erakutsi zitzaigun paradisu beltz baten gisan, non esklaboen ondorengoak ondo hartuko gintuzten eta non gizon eta emakume zuriek duintasun osoz paseatu zezaketen. Sentitzen dut, baina izan naiz han. Ak-47 fusil bat eduki dut sudurraren aurrean ipinita, eta hitz egin dut beren azken biktimen odola kamisetaren gainean zipriztinduta zeramatzaten Hutu miliziano matxetelariekin». Afrikan ikusi dituen basakeria ugarien zerrenda luzea egin du ondoren Richburgek, eta honela bukatuko du: «Eskerrak Jainkoak nire arbasoak handik eraman zituela, bestela haietako bat izango bainintzen».
Kenyako idazleak oso garbi bereizten ditu Kapuscinski poloniarraren eta Richbur amerikarraren jarrerak. Beren liburuetan Rwandako genozidioa nola esplikatzen duten ikusi baizik ez baitago bien ikuspegiak bereizteko. Kapuscinski gertakizunen sustraien bila doa, eta hutu eta tutsien arteko gatazka tribuen arteko kontuetatik askoz urrunago iristen dela ohartzen da. Ez da lekurik denentzako, bizimodu prolema dago hasteko. Baina Belgika kolonialistak urtetan landu duen elkarrenganako gorrotoa ere hor da.
Richburgek aldiz Rwandako jendeak abere basati gisa deskribatzen ditu, gizatasunik gabekoak bailiran. Eta Rasna Warah bera horren zergatiak esplikatzen saiatuko da: beltz amerikarraren konplexuak egon daitezke tartean, edo oharkabean «Washington Post»eko bere kolegek edo irakurleek onartu nahia, agian enpresaren politika editoriala...


AFRIKARA DOAN KAZETARIA GERRARA DOA.

Kapuscinski eta Richburgen adibideetatik landa, Nairobiko «The Daily Nation»eko artikuluan Mendebaldeko kazetarioi buruz bere ondorioak atera ditu bukaeran. «Afrikara -edo Hirugarren Munduko herrialde batera- korrespontsal bat bidaltzen denean, berak bezala zuzendariek ulertzen dute lan horrek berekin daramala gerra kazetari izatea ere. Irakurleek, ikusleek, entzuleek, albiste onak nahiko dituzte agian baina gehiago liluratuko dira odol istorioekin: gerrak, masakreak, goseteak, iraultzak. Horrelako kontuekin betetzen dira nazioarteko orriak, ez Afrikako zientzilari baten aurkikuntzaren albiste batekin edo Maliko musika magikoarekin.
Azkenean, Kapuscinskik bezala Richburgek aurkezten dituzten Afrikako irudiak egiazkoak izan daitezke, baina ez dira egia osoa. Wilfred Biok psikoanalistak esan zuenez, gizakiok egia ez ezagutzeko desio handia dugu. Egia bilatuz, aurkitu nahi ez dugun zerbaitekin egin dezakegu-eta topo. Munduko erreportariek nekez pasatzen dute lerro hori, gerta bailiteke aurkitzea azken finean berek deskribatzen duten jendea berak bezain pertsonak direla, eta horrek bihurtuko luke arrunta... ez interesgarria»

http://www.argia.com/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Jon Garaño


Danimarkatik azken aldian Euskal Herrira etortzen zaizkigun "Dogma 95"eko postulatuetatik urrun dagoen film batek izan zuen arrakasta orain hilabete batzuk Danimarkan bertan. Ordu eta erdiko film publizitario batetaz ari gara, "Polle fiction", non Polle izeneko pertsonaia bitxiaren abenturak kontatzen diren.

Polle, telefonia enpresa batek sorturiko azken kanpaina publizitarioaren protagonista da. Anuntzioetan, inteligentzia maila normalera iristen ez den pertsonaiak telefono mugikorra nola erabili irakasten dio ikusleari. Pertsonaiak hainbesteko arrakasta izan zuen Danimarkan, telefonia mugikorren enpresako arduradunek pertsonaiarekin film bat egitea erabaki zutela.

Filman pertsonaiaren abenturak kontatzen dira. Fikzio bat sortu zaio pertsonaiari telefono mugikorren inguruan. Hau da, istorioa telefonoak saltzeko pentsatua izan dela eta hortaz ikusleak film arrunt bat ikusi beharrean film konbentzionalek duten hizkuntza zein iraupena duen film publizitario bat ikusten ari direla. Hau gutxi balitz, danimarkarrek film publizitario hau ikusteko ordaindu egin dutela gehitzekoa da. Nola gainera! Hollywoodeko filmak baino ikusle gehiago izatera iritsi da "Polle Fiction".

Publizitatea bere eremu logikoetatik kanpoko lekuetan atzaparra sartzen behin baino gehiagotan saiatu izan bada ere, Danimarkan gertatu dena orain artean pentsaezina zen, kontuan hartzen bada publizitatea saihesteko joera argia dagoela gizartean.

Zentzu honetan ulertzen da dagoeneko familiarra egin zaigun product placement delakoa. Hau da, espazio komertzialetatik at dagoen publizitatea, fikziozko programetan ematen dena. Ez da publizitate bezala aurkezten, fikziozko programetako protagonistek egiten duten produktuaren kontsumo "natural" bezala baizik. «Goenkale»ko pertsonaiek egunkari konkretu bat irakurtzeaz edota tabernan edaten den garagardoa zein den ikusteaz ari gara, adibide batzuk jartzearren.
Product placementa, zinema, telebista zein liburuetan ematen da. Zineman beti ere asko egin izan da, nahiz eta ez beharbada oraingo maiztasun berean. Kontuan hartzekoa da, Amerikako Estatu Batuetan product placementa mende honen erdialdean hasi zela Hollywoodeko produkzioetan. Honek zera esan nahi du: nahiz eta bertako zein Espainiako produkzioetan fenomeno berri samarra izan, euskal ikus-entzulea aspaldidanik dagoela publizitatea egiteko era honekin harremanetan, Hollywoodeko produkzioek gure artean duten arrakasta ukaezina baita.

Telebistan ere ez da atzoko kontua, amerikar produkzioak betidanik izan baitira telebistan. Dena den, Hego euskal herritarrak ez du orain artean behin ere, gaur ezagutzen ari den product placementaren inbasio hau jasan izan. Honen arrazoi nagusia, produkzio propioen arrakasta eta ondorengo ugaltzea da.

Telebistaren eta zinemaren kasuan, publikoa bere kabuz joan da hau ulertzen, instrumentuaren gehiegizko erabilpena gertatu den neurrian. Literaturan edota artean ordea, hauek hain masiboak ez direlako akaso, mezu hartzaileek ez dute hain garbi ikusi publizitatea inplizituki saltzen ari zitzaienik irakurtzen edota ikuskatzen ari ziren euskarrietan, idazle zein artista batek baino gehiagok onartu duen arren marka konkretuak sartu dituztela euren lanetan diru baten truke.

Ameriketako Estatu Batuetan 1950eko hamarkadan sortu zen fenomeno hau. Sortzeko arrazoia, Hollywoodeko izarrek sortzen zuten (eta oraindik sortzen duten) miresgarritasunaren inguruan dago. Hollywoodeko buru pribilegiaturen bati aktoreek sortzen zuten miresgarritasun horri probetxu atera behar zitzaiola otu zitzaion. Aktoreek pelikuletan ikuslearengan sortzen zuten mirespenak ez zuen mugarik eta horrela, ikusle kopuru handi batek aktoreek filmetan egiten zituzten gauzak eredu bezala hartu zituzten. Aktore horiek antzezten zituzten pertsonaien jokamoldeak eredu bezala hartzen hasi ziren, eta jokamolde hauetan produktu marka batzuk sartzen joan ziren.

Egun, product placementik gabeko produkziorik aurkitzea ez da batere erraza. Ikusten ditugun produkzio guztietan dago saltzeko produktuen kokapen bat. Zenbait produkzio, product placementaren gehiegizko erabilpena egitera iritsi da.

Publizitate teknika ezkutu honen neurriko produkzioak ere sortu dira. Honen adibiderik garbiena da Tele 5 Espainiako katean egunero ikusi ahal zen "El Super". Telesail hura auzoko supermerkatu batean oinarritzen zen, eta nola ez, supermerkatuko apalak erakutsi beharrekoak ziren produktuz beterik egon ohi ziren. Bizitza errealeko edozein supermerkatutan bezala, gauza bategatik ez balitz: konpetentziarik ez zegoen supermerkatu bat zela hura. Hots, "X" garagardoa saltzen bazuten, "Y" garagardoa ez zutela salduko.

Jendeak publizitatearekiko duen ikuspegi kaskarrari aurre egiteko sortu zen publizitatea egiteko modu hau telebistan, hau ikusten duen edonork eskura baitu telebistako mandoa gustukoa ez duen publizitatea saihesteko.

Publizitate espazioak hasten direnean zapping egiteko ohitura oso hedatua dago. Zentzu honetan egin diren azken ikerketen arabera, telebista ikusten duen %17ak baino ez dio telebistan agertzen diren espazio publizitarioei arreta jartzen.
Datu hauek, noski, produktuak merkatuan zabaldu nahi dituzten enpresek eskura dituzte eta hortaz, arazoak sortzen dira, etxe komertzialek hainbesteko diru kopuruak jartzearen truke emaitzarik ez jasotzearen beldur baitira. Horrela bada, irtenbideak bilatu behar zaizkio arazoari, telebista pribatuen diru sarrera bakarra publizitatea den heinean.

Product placementa zappinga ekiditeko tresna bezala uler daiteke. Pertsona batek produkzio bat gustuko badu, ez du zappingik egingo. Hortaz, printzipioz, zer hobeagorik publizitatea produkzioaren barnean sartzea baino? Erosle potentzialak mezua jasotzea da bilatzen den helburua nahiz eta honek mezua ekiditeko ahal duen guztia egin. Produktuak dekoratuaren parte bezala ager daitezke, fikzioan agertzen diren pertsonaiek merkatal produktua erabil dezakete edota merkatal produktua bera tramaren parte izan daiteke.


FIKZIOA PUBLIZITATEAREN GAINETIK.

Product placementa egiteko, etxe komertzialek ikus-entzunezko produkzioei diru kopuru bat ematen diote. Jakina, diru kopurua handiagoa izango da, produkzioak duen ikusle kopuruaren arabera. Agerpen moduak ere diru kopurua baldintzatuko du; hots, gehiago ordainduko dela pertsonaia produktuarekin harremanetan baldin badago, eta are gehiago ordainduko da produktua tramaren parte izatera iristen bada.

Merkatal produktuak produkzioan orekatua egon behar du bere funtzionamendu egokirako. Honekin zera esan nahi da, produktuek ezin izango diotela inoiz ere, fikziozko istorioaren inolako osagarriri protagonismoa kendu. Fikziozko produkzioa publizitateari gailendu behar zaiola, alegia. Ikuslea telebistan agertzen diren publizitate tarteetaz leporaino badago, akats handia litzateke fikziozko produkzioekin beste horrenbeste egitea, honek izan dezakeen sinesgarritasun puntuarekin bukatzea ekar baitezake.

Merkatal produktuen agerpena modu "natural" batean ematea bilatzen da. Fikziozko pertsonaia horrek produktuarekin duen harremana, egunerokoa, arrunta eta ez-artifiziala denaren inpresioa ematea. Pertsonaiak bere gogoz produktu hori kontsumitzen duela agerrarazten da eta ez dela kontsumo hori egiteagatik ordaindua izan.

Horretan datza, hain zuzen, product placementaren arrakasta. Produktuek, fikziozko telesailetan, berezko bizia hartzen baitute. Hots, mugitu egiten direla, erabiliak izaten direla eta guk horiekin geure etxean egin dezakegun erabilpen bera ematen zaiela jendeak hain sartuak dituen rol publizitario estereotipatuetatik kanpo.


LEGEAREN TRABAK.

Bestetik, product placementa gauzatzerakoan protagonistak diren bi agente nagusiek, produktoreek eta etxe komertzialetako arduradunek, produktuen kokapenagatik zerbait ordaintzen dela ukatzen dute sarritan, etxe komertzialei ematen zaien esker antzeko baten modura ikusarazi nahi dute.
Legedian bilatu behar da honen arrazoia, izan ere, publizitateak gainontzeko informaziotik argi bereizitua agertu behar duela esaten baitu legeak. Publizitate den orok publizitate bezala aurkeztu behar du bere burua, publizitate dela argi eta garbi utziz.

Zaila egiten da gaur egun product placementa publizitate bezala ez hartzea. Begi bistakoa da publizitatea dela. Gainera, esanguratsua da azken aldian Espainiako mailan product placementaren inguruan zenbait enpresa sortu dela ikustea.

Espainiako product placement operadoreek nolabaiteko arrazoi batzuk ematen dituzte honen normaltasuna justifikatzeko. Batetik, arrazoi deskriptiboak daude, hots, pertsona baten inguruan dauden marka komertzialak , fikziozko pertsonaiaren pertsonalitatea finkatzeko beharrezkoak izaten direla. Adibide sinple bat jartzearren: pertsonaia bat aberastasunarekin identifikatzen dugula Ferrari bat gidatzen ikusten badugu.

Errealitatearen eszenifikazioa da euren beste argumentu bat. Gure ingurunea publizitatez beterik dago. Telesaila eguneroko errealitatean oinarritua badago, marka komertzial horiek bere lekua beharko lukete telesailetan, errealitatearen errepresentazio egoki bat egin nahi bada behintzat. Marka komertzialik gabeko kokagune batek, irrealtzat hartzeko arriskua daukala diote beraz.

Legediak duen beste arazoa kanpoko produkzioen erregulazio eza da. Kexu lirateke bertako operadoreak, kanpoko produktuetan product placementa egiten dela ikusirik, eurek hau erabili ahal izango ez balukete. Beraz, kanpoko produktuek legedia errespetatzen ez badute eta gainera inongo trabarik ezartzen ez bazaie, zergatik jarri beharko litzaizkieke bertako produktuei?


Beraz, product placementa publizitatea egiteko beste era bat da; eta honek publizitate arruntak ez duen erregulazio berezia behar du. Dena den, hori etorri bitartean, telebista zein zineman product placementa ez dela desagertuko argi samar geratzen da.

Eraginkortasunari begira, iritzi desberdinak aurki daitezke, batzuk publizitate era honen defendatzaile sutsuak diren bitartean, beste batzuk berriz eragina izan dezakeen arren, lehenengoek ikusten duten miraririk ez dutela sumatzen esaten baitute.

Burt Reynoldsek "Smokey and the Bandit" filman gidatzen zuen Pontiac Trans Am-aren ezaugarri bereko 31.000 bat Pontiac saldu ziren AEBetan 1991.urtean. Pontiac etxea, inoiz ezagutu ez zuen arrakasta mailara iritsi zen eta beharbada meritu guztia product placementari atxikitu ezin bazaio ere, neurri handi batean bederen bai. Noski, hau kasu berezi bat baino ez da, baina teknika honek arrakasta izan dezakeela erakusteko balio digu.

Modu egoki batean telesailetan edota zinema produkzioetan agertzen diren produktuak milioika pertsonek ikus ditzakete. Zinema eta telebista produkzioak, beraz, produktu kopuru handi batentzat erakusleiho erraldoi bat dira. Gainera ez da ahaztu behar jendeak produktu horiekin duen harremana, telebista edo zinemarekiko partehartze aktibo bat dagoenean gauzatu ohi dela. Hots, ikusleak ikusten duena era kontzentratu batean egiten duela.

Publizitate era honek izan ditzakeen abantailez oharturik, merkatal produktu ugarik product placementa egitera salto egin du. Honek pantailan agertzen diren produktuen ugaltze bat ekarri du, marka batzuk besteekin nahastea, eta publizitateak fikziozko produkzioak inbaditzen dituenaren ustea, eta beraz ikuslea engainatua izaten ari denaren sentsazioa.

Product placementaren gehiegizko hedatzeak kalte egiten dio era honetako publizitateak dituen interesei. Izan ere, izan dezakeen arrakasta, neurri handi batean, jendeak honi buruz duen "publizitate ez denaren irudian" oinarritzen zen. Baina Danimarkan gertatu denak honekin guztiarekin bukatu du ikusleak argi baitzeukan publizitatea ikusten ari zela. Ikuslea, hiritarra, mezu publizitarioa baztertu eta interesekoak zaizkion beste mezu batzuen bila joan denaren ustea dago fenomeno honen aurrean. Nolabait onartu izango balu bezala publizitatea gizartearen esparru guztietan dagoela eta honek ez duela zertan esan nahi horregatik baztertua izan behar denik

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan